abalone
Abalone jokoa Laurent Lévi-k eta Michel Lalet-ek asmatu zuten 1987an.
Jokoak Urrezko Godaleta irabazi zuen 1988an Boulogne-Billancourt-eko Jokoen Sortzaileen Sarian, Sumito izenarekin. Beste sari hauek ere lortu ditu: Festival International des Jeux-en Super As d’Or (Bateko urre handia) 1989an, Cannes, Frantzia; Mensa Select saria 1990eko Mensa Mind Games lehiaketan, AEB.
Mind Sports Olympiad-ek 1997az geroztik egin ditu pertsonen arteko lehiaketak. 2015-19 arteko txapelduna Vincent Frochot izan da.
Osagaiak eta hasiera
Taula 61 zuloz osatutako hexagonoa da, bederatzi lerrotan banaturik: 5-6-7-8-9-8-7-6-5.
Bi jokalariek 14na bola dituzte eta aurrez aurre kokatuko dira.
Hasierako posizioan, bolek jokalarien aldeko lehen bi lerroak beteko dituzte, 5-6, baita hirugarren lerroko erdialdeko hiru posizioak ere, 3.
Helburua aurkariaren bolak hexagono edo taulatik kanporatzea. Aurkariaren 6 bola, banan-banan, kanporatzen dituen lehen jokalaria da irabazlea.
Arauak
Bi jokalarirentzako arauak
Koloreak zoriz egokitzen zaizkie jokalariei. Beltzak hasiko dira mugitzen. Jokaldi bat egin eta gero, ezin da aldatu.
Bolen mugimendua:
Jokalari bakoitzak, txanda dagokionean eta jokaldi bakar batez, bat, bi edo hiru bola mugitu ahal izango ditu.
Bola bat aldameneko zulo huts batera mugitu daiteke.
Kolore bereko bi edo hiru bola, lerroan daudenean, aldameneko tokietara mugitu daitezke batera lerroan (aurrera edo atzera) edo zeharka, beti ere taldearen lerroa hautsi gabe.
Ezin da mugitu kolore bereko hiru bola baino gehiago jokaldi batean. Kolore bereko hiru bola baino gehiago badaude lerroan, jokalariak aukeratuko du mugitu nahi duen taldearen hiru bolako zatia, hiru bolak jarraian egonik.
Bultzadak (sumitoa):
Aurkariaren bolak bultzatu egin daitezke, hiru nagusitasun-posizio hauetako bat (sumitoa) gertatzen denean: bi bola baten aurka, hiru bola baten aurka edo hiru bola bi bolaren aurka.
Bultzada lerro batean bakarrik gerta daiteke.
Bultzada egin ahal izateko, bultzatuko diren bolen atzealdean hutsune bat izan behar da.
Bultzada egitea ez da derrigorrezkoa.
Ezinezko bultzada batzuk: bolak ez badaude lerro berean; kolore desberdineko bolen artean hutsune bat badago; aurkariaren bolak jokalariaren bolen artean harrapatuta badaude.
Indar-berdinketa (pac):
Lerro batean indarrak berdinduta daude bola kopuru bera elkarren aurka daudenean: bola bat beste baten aurka; bi bola beste biren aurka; hiru bola beste hiruren aurka.
Indar-neurketarako ez dira kontuan hartzen hiru bola baino gehiagoko taldeak.
Pac-posizioan ezin du inork bultzatu, a-b lerroan. Pac-posizio hori hautsi beharko da beste lerro batetik, c-d lerrotik.
Bolak kanporatu: bola bat kanpoan geldituko da bultzada batek taulatik ateratzen duenean.
Irabazlea aurkariaren sei bola kanporatzen dituena da.
Hiru jokalarirentzako arauak
Jokalari bakoitzak 11 bola ditu, taula hexagonaleko hiru aldetan eta lehenengo bi lerroetan kokaturik, 5-6.
Helburua aurkakoen bolak kanporatzea da.
Partida jokalari batek besteen sei bola kanporatzen dituenean bukatzen da.
Jokalarien txandak erloju-orratzen noranzkoan aldatzen dira.
Kolore bereko 3 bolako taldeak aurkakoen bi bola, berdinak ala ez, bultza ditzake.
Kanporatutako bolak atera dituen jokalariaren aldean kokatuko dira zenbaketa errazteko.
Jokoaren beste arauak berdin mantentzen dira.
Partidak orekatzeko, hirunaka joka daitezke; partida bakoitza jokalari desberdinak hasiko du, eta hiru partiden emaitza guztiak (bakoitzak kanporatu dituen bola kopuruak) batuko dira irabazlea lortzeko.
Jokoa denbora mugatuan
Jokoa denbora mugatuan izatea erabaki daiteke, adibidez, hamar edo hamabost minutu jokalari eta partida bakoitzeko.
Lehiaketa ofizialak beti jokatzen dira denbora mugatuan.
Hiztegia
Mugimendua: bola bat, bi edo hiruren mugimendua, aurkakoarenak bultzatu gabe.
Sumito: kopuruzko nagusitasuna.
Bultzada: bola bat edo bi bultzatzea edo bultzatuak izatea, sumito gertatzen denean.
Lerroan: bi edo hiru bolen mugimendua bolek osatzen duten lerroaren gainean.
Zeharka: bi edo hiru bolen mugimendua lerro batetik beste batera.
PAC: indar-berdinketa gertatzen denean lerro batean.
Kanporatu: bola bat taulatik kanpora bultzatu.
Ganbito: bola baten aproposeko sakrifizioa gerorako etekinak lortzeko asmoz.
Setio: bola baten setio-posizioa, aurkariaren bolez inguratutako bola.
DET: taulatik kanporatua izateko dagoen bola, ihes egiteko aukerarik gabe, det-bola.
Iturriak
Wikipedia
Eskuko arauak: DISET, S.A.