ad elta stelpur
Ad elta stelpur (nesken atzetik) jokoa taulak jokoaren familiako taula batean jokatzen da, baina fitxak ibilbide osatu beharrean, fitxak harrapatu behar dira. Badirudi oraindik jokatzen dela urruneko herrietan jokalariek beraiek egindako tauletan; tauletako laukiak edo posizioak taula batean iltzatutako egurrezko oholtxoak besterik ez dira; horrela taulek erromatarraren azken garaiko tabula jokoaren taularen antz handia dute.
Robert Charles Bell-en arabera, Islandiako joko hau erromatarren azken garaikoa izan daiteke. Jean-Louis Cazaux-k, ordea, uste du ahaidetasuna Eskandinaviako beste joko batzuen aldean bilatu behar dela, hala nola daldos (Danimarka) edo sahkku (Laponia). Gerta liteke ad elta stelpur jokoa horrelako joko bat hogeita lau laukiko taula klasiko batean egokitzearen emaitza izatea.
Jón Árnason-ek, Ólafur Davíðsson-ek eta Finnur Jónsson-ek jokoaren deskribapena eman zuten Íslenzkar gátur, skemtanir, vikivakar og þulur (Islandiako igarkizunak, txantxak, jagoleak eta mantrak) liburuan, 1888an.
1905ean, Willard Fiske-k ere jokoa aipatu zuen Chess in Iceland and in Icelandic literature liburuan.
Osagaiak eta hasiera
Taula hamabi laukizuzeneko bi ilarek osatzen dute, bien artean korridore bat egonik eta alde bakoitzeko hamabi laukizuzenak sei laukizuzeneko bi multzotan banaturik.
Bi jokalarik hartzen dute parte, eta bakoitzak sei fitxa ditu.
Bi dado erabiltzen dira.
Partida hasieran, fitxak jokalarien aldeko ezkerreko sei laukietan daude.
Jokoaren helburua aurkariaren fitxak harrapatzea da.
Arauak
Lehen fasea
Jokalariek dado bat jaurtitzen dute eta puntuazio txikiena lortzen duen jokalaria hasiko da.
Dadoen erabilera
Bi dadoak jaurtiko dira, baina 1ekoa, 6koa eta edozein bikoitz besterik ez da erabiltzen fitxak mugitzeko. Puntuazio bikoitzek beste jaurtiketa bat egiteko aukera ematen dute.
Jokalari batek 6-6 jaurtitzen badu, bikoitzen bikoitz gisa hartzen da eta jokalariak lau fitxa mugitu ahal izango ditu sei lauki aurrera. Jokalariak beste jaurtiketa bat izango du.
Beste edozein jaurtiketa bikoitzek bi fitxa mugitzeko aukera ematen du dado baten puntuazioa adina lauki. Jokalariak beste jaurtiketa bat izango du.
6ko edo 1eko puntuazioek fitxa bat horrenbeste lauki aurreratzeko aukera ematen dute. Harold James Ruthven Murray-k 6ko puntuazioarekin bi fitxa aurreratzeko aukera ematen du. Tom Keith-ek zehazten du 6-1eko jaurtiketako bi puntuazioak fitxa batekin erabil daitezkeela.
Jaurtiketen beste puntuazioak ez dira erabiliko fitxak mugitzeko.
Oro har, testuek ez dute zehazten bi dadoen bi puntuazio erabilgarriak (1-1, 2-2, …, 5-5, 6-6 eta 6-1) fitxa bakar batekin erabil daitezkeen. Baina hori ondoriozta daiteke testuek di fitxa mugitzeko ahalezko adizkiak erabiltzen dituztelako.
Mugimenduak
Fitxak erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan mugituko dira eta taulari birak ematen jarraituko dute jokalari batek bere fitxa guztiak galdu arte.
Ezin dira jokalari baten bi fitxa lauki berean egon.
Jaurtiketa batek fitxa bat jokalariaren beste fitxa bat dagoen laukira eramaten badu, mugitzen den fitxa lauki huts gertuenera eramango da aurrera. Arau honek ez du argi uzten, esaterako hasierako posizioan, 6-1eko jaurtiketarekin 1 laukiko fitxa, 1ekoarekin, 7 laukira joan daitekeen, hutsik dagoen lehenengo laukia delako, eta ondoren 6koarekin, 13 laukira.
Harrapaketak
Fitxa bat aurkariaren fitxa bat dagoen laukira iristen bada, azken fitxa hori taulatik kanporatuko da.
Bigarren fasea
Jokalari bati fitxa bakar bat, hornaskella (izkinetako zarata), geratzen zaionetik jokatzeko modua aldatzen da:
- Hornaskella taularen lau laurdenen izkinetako laukietan baino ezin da mugitu; hau da, 1, 6, 7, 12, 13, 18, 19 eta 24 laukietan.
- 1eko jaurtiketarekin hurrengo izkinako laukira mugituko du.
- 6ko jaurtiketarekin bigarren izkinako laukira mugituko du.
- 1-1eko eta 6-6ko jaurtiketak zenbaki horien jaurtiketa bikoitz gisa erabiliko dira. Beraz, 6-6ko jaurtiketak hornaskella lauki berean utziko luke. Gainerako jaurtiketa bikoitzak ez dira erabiliko, baina jaurtiketa berri bat egiteko aukera ematen dute.
- Hornaskellak izkinako laukietan bakarrik harrapa ditzake bertan dauden aurkako fitxak, eta lauki horietan bakarrik izan daiteke harrapatua.
- Hornaskella ezin da harrapatu aurkariaren bi fitxaren artean badago.
Adibidez, hornaskella 16 laukian badago eta
- jokalariak 6-1 jaurtitzen badu, 18 laukira mugituko du 1ekoaren arabera, eta 24 laukira, 6koaren arabera.
- Jokalariak 2-2 jaurtiz gero, ezingo luke mugitu, baina beste jaurtiketa bat izango luke. Hori 5-1 balitz, hornaskella 1 laukira mugituko litzateke.
Adibidez, gorriek 17, 18 eta 19 laukietan fitxak badituzte, eta urdinek hornaskella 13 laukian badute, eta urdinek 3-1 jaurtitzen badute, hornaskella 18 laukira mugituko da eta lauki horretan dagoen fitxa gorria harrapatuko du.
- Gorriek, orduan, 1-2 jaurtitzen badute, 17 laukiko fitxa gorria ezin da 18ra mugitu eta hornaskella harrapatu, aurkako bi fitxaren artean dagoelako. Beraz, gorriek 19 laukiko fitxa 20 laukira edo 17 laukiko fitxa 20 laukira, hutsik dagoen hurrengo laukira, soilik mugi dezakete (eskuinean, berdez).
- Gorriek 1-6 jaurtitzen badu, ordea, 19 laukiko fitxa gorria 1 laukira mugi daiteke 6koarekin eta, gero, 17 laukiko fitxa gorria 18 laukira mugitu eta urdinen hornaskella harrapatu, eta jokoa irabazi (eskuinean, fuksiaz).
Bi jokalariak hornaskellarekin gera daitezke, jokoa jazarpen luzeko joko bihurtuz, eta horietako bat nagusitu arte denbora dezente joan daiteke.
Iturriak
Robert Charles Bell: Discovering old board games. Shire Publications Ltd, Botley, Oxford, 2008.
Jean-Louis Cazaux: Du senet au backgammon. Les jeux de parcours. Chiron editeur, Paris, 2003.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 1999.
El Mundo de los Juegos (2). Altaya, Bartzelona, 1999.
Eskuko arauak
Ludeme proiektu digitalaren datu basea: https://ludii.games/details.php?keyword=Ad%20elta%20stelpur (2023-10-27).
Willard Fiske: https://archive.org/details/chessinicelandin00fiskuoft/page/354/mode/2up
Jón Árnason, Ólafur Davíðsson eta Finnur Jónsson: https://baekur.is/bok/09823197-c2c7-4436-9413-5335cd371cba/2/2/Islenzkar_gatur__skemtanir_#page/n1/mode/2up
Tom Keith: https://www.bkgm.com/variants/ChasingTheGirls.html