alkerke
Joko honen taula bat bukatu gabe dago, diseinuaren akats batengatik, antza, gutxi gora-behera o.a.a. 1400. urtean eraikitako Kurna tenpluan, Tebas inguruan, Egipton. Beste taula laukoitz bat ere ikus daiteke tenplu berean. Sabaiko harlauzetan grabaturik daude, beste joko-taula batzuen artean. Egipton eta Ekialde Hurbilean milaka urtean jokatu bada ere, ez dago hango biztanleek jarraitutako arauen erregistrorik. Arabiarrek Iberiar penintsulara iritsi zirenean haiekin eraman zuten. Arabieraz quirkat deitzen zen eta Abu al-Faraj al-Isfahani-k X. mendeko Kitab-al-Aghani (Abestien liburua) lanean aipatu zuen. Geroago, Iberiar penintsulan, el-quirkat izena hartu zuen eta, azkenik, alquerque izena hartu zuen gaztelaniaz.
Izen horrekin agertu zen Alfontso X.aren, Jakitunaren, izenean 1283an egindako Juegos diversos de Axedrez, dados e tablas liburuan. Bertan jokoaren aldaera desberdinak agertzen ziren: hamabiko alkerkea, fitxa guztiekin jokatzen dena; erbia inguratu; bederatziko alkerkea, dadoekin; bederatziko alkerkea, dadorik gabe; eta hiruko alkerkea. Gure sailkapenean, lehen jokoa, hamabiko alkerkea, Taula-jokoak / Aurrez aurreko jokoak / Indar berdineko jokoak / Fitxa berdineko jokoak atalean sartu dugu. Bigarrena, erbia inguratu, ordea, Taula-jokoak / Aurrez aurreko jokoak / Indar desberdineko jokoak atalean sartu dugu. Azken hirurak, errota-jokoak baino ez dira eta haien multzoan sartu ditugu gure sailkapenean, Taula-jokoak / Egituraketa-jokoak / Lerrokadurak atalean.
Horietako bat, hamabiko alkerkea, duela gutxi arte jokatu da Espainian. Egileek hamabiko alkerkea xakearekin, tablasekin eta dadoekin parekatzen dute.
Ell Acedrex ha en ell parte por que se iuega con seso, e ell Alquerque otrossi, e los trebeios con que se iuega semeian a los peones dell Acedrex.
Xakeak parte du horretan adimenarekin jokatzen delako, eta alkerkea ere bai, eta jokatzeko erabiltzen diren piezak xakeko peoien antzekoak dira.
E a las tablas por el mannar, que se mannan el iuego segundo el suyo, e por las sennales o ponen los trebeios.
Eta tablas jokoek…, eta peoiak jartzen diren markengatik.
E han y parte los dados por la uentura, ca assi como lançan en auentura los dados en el tablero a qui haya la mano, assi echan en ell Alquerque suertes otrossi en auentura qui iuegue primero.
Eta dadoek parte dute zoriagatik, taulan dadoak zoriz jaurtitzen diren bezala eskua izateko, horrela jaurtitzen da zoria alkerkean ere, lehena jokatzeko.
Liburuak bigarren mugimendua egiten duen jokalariaren abantaila aipatzen du.
E el que ha la mano tiene peoria, por que ha de iogar por fuerça en aquel logar (por fuerça) uacio. Et pon ell otro iogador el su trebeio en aque mismo logar ondel salio, e lieua aquel que mouio primero, passando sobrel duna casa a otra en derecho, segunt ua la raya derecha dell Alquerque.
Eta eskua duenak okerrago du, leku huts hartan (derrigorrez) jokatu behar duelako. Eta besteak bere peoia jartzen du hura atera zen lekuan, eta lehen mugitu zena eramaten du, haren gainetik leku batetik bestera zuzen pasatuz, alkerkeko lerro zuzen baten arabera.
Baita bi jokalariek ondo jokatuz gero par egingo dutela ere.
Et si amos los iogadores lo sopieren iogar communalmientre puede se mannar.
Eta bi jokalariek komunean jokatzen badakite, berdindu daiteke.
Testuak ez dio fitxek atzera egin dezaketen jauzirik egiten ez dutenean. Hortaz, ez dakigu zer egin behar den fitxa bat taularen aurreko aldera iristen denean. Ez dakigu fitxa hori goratu behar den, dama-jokoan bezala. Bestalde, testuak ez du zehazten harrapatzea derrigorrezkoa den.
Jokoaren taula hainbat lekutan aurkitu bada ere, Murtziako Cieza herriko hiri musulmaneko alde zaharrean, XII. mendeko Norwich-eko katedraleko klaustroan, XIV.-XV. mendeko Lleidako katedral zaharreko klaustroan eta XVI. mendeko Suitzako joko-kutxa eta Hohenrain-eko Dorre gorrian, Bartzelona-ko Sant Lu plazan, eta abarretan, ez dirudi oso zabalduta egon zenik Europan eta laster baztertuta geratuko zen dama-jokoak ordezkatuta. Hala ere, Afrika iparraldean, Kanaria uharteetatik, Ekialde Ertainean, Indian eta Hego Ekialdeko Asian, Indonesiaraino, jokatu izan da. Alkerke jokoa hainbat diseinu eta pieza kopuru desberdinak biltzen dituzten ehunka aldaeretako bat baino ez da. Kanariar uharteetan jokoak dama izena du eta hainbat aldaera ditu. Badirudi hara iritsi zela gaztelauen konkista baino lehen, Saharatik. Uharte guztietan aurkitu dira alkerke-taulak.
Alkerke izena, gaur egun, ez da joko baten izena soilik, aldaera askoren familia baten izena baizik. Alkerke-taulak, lau bider lau laukikoak, mundu osoan antzeko lerroetan garatu diren beste aurrez aurreko joko askoren oinarrizko egitura ematen du, hala nola Saharako zamma jokoarena. Izan ere, zamma jokoaren taula hamabiko alkerkearen lau taula elkartuz lortzen da, 2×2 matrizea osatuz.
Harold James Ruthven Murray-k Gerra-jokoak / Jauzi-harrapaketa eta tauletan markatutako lerroetako mugimenduak dituzten jokoak izena eman zion joko hauen atalari. Atal horretan 43 jokoren berri ematen du. Joko batzuk aipatzearren: alquerque de doze, castro, Gaztela; bara-guti, India; marro, Katalunia; fanorona, Madagaskar; damma, zamma, Sahara; riga, Sizilia; perali kotuma, Sri Lanka; awithlaknanai, Zuni herria. Robert Charles Bell-ek Gerra-jokoak / Alkerkearen taldea atalean sailkatu zituen joko hauek. Atal horretan lau joko eman zituen lehen liburuan, alquerque, Gaztela; harrizko gudarien jokoa eta sugeak borrokan, Ipar Amerikako herriak; hamasei soldaduak, Sri Lanka; eta joko bat bigarren liburuan, fanorona, Madagaskar. David Parlett-ek, ordea, Mugitze-jokoak saila sortu du; eta horren barnean, Hartu hori! atalean sartu du. Atala bi familiatan banatzen du, alkerkearena eta dama-jokoena.
Alkerkea dama-jokoaren aurrekaritzat hartzen da; ziur asko, aurkariaren fitxak harrapatzeko metodoagatik. Jauzi laburreko harrapaketa-modua erabiltzen duen lehen joko ezaguna da, eta mahai-joko ezagun askoren aurrekaria da, dama-jokoa barne.
Osagaiak eta hasiera
Joko-taula 4×4 laukiko karratua da, non diagonal nagusiak eta aldeetako erdiko puntuak lotzen dituen karratua marrazturik baitaude (1. irudia)
Bestela, bost zuzen bertikalek eta bost zuzen horizontalek elkar gurutzatzen dutenean sortzen dituzten hogeita bost ebaki-puntuek osatutako taula da, diagonal nagusiekin eta aldeetako erdiko puntuak lotzen dituen karratuarekin osatua.
Edo hiruko errotaren lau diagrama elkarturik lortzen den karratua da, diagonalekin.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Bakoitzak 12 fitxa ditu, zuriak eta beltzak.
Fitxak lerroen arteko bidegurutzetan kokatuko dira, zentrokoa libre utziz. Jokalari bakoitzaren fitxak bere aldeko lehen bi errenkadetako bidegurutzetan (10) eta erdiko errenkadako eskuinekoetan (2) jarriko dira.
Helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea da.
Arauak
Zoriz aukeratuko zein hasiko den.
Fitxak txandaka mugituko dituzte jokalariek.
Fitxa bat aldameneko bidegurutze hutsera mugitu ahal izango da lerroen gainetik. Mugimendu hori ezker-eskuin, aurrera-atzera eta diagonaletan egin daiteke.
Fitxa baten ondoan aurkariaren fitxa bat badago eta bere atzean, lerro berean, bidegurutze huts bat badago, lehenengo fitxak aurkako fitxaren gainetik jauzi egin dezake eta aurkako fitxa harrapatu, taulatik kanporatuz. Horrelako jauzi bat baino gehiago egin daiteke segidan eta jauziaren norabidea aldatuz. Jauzi bakoitza aurkariaren fitxa baten gainetik eta bidegurutze hutsera egingo da.
Aukera izanez gero, aurkariaren fitxak harrapatu egin beharko dira. Eta aurkako fitxak harrapatzeko aukera bat baino gehiago egonez gero, fitxa gehien harrapatzen duen aukera hartu behar da. Jokalari batek aukeran duen harrapaketarik egin ez badu gauzatzen, aurkariak aukera izan duen fitxa ostu eta taulatik aterako dio. Aurkariaren fitxa ez jateagatik ostea ez da jokaldi bat.
Irabazlea aurkariaren fitxa guztiak harrapatzen dituena izango da.
Aldaerak
Kanariar uharteetan, fitxa bat taularen aurreko erpin batera iristen bada, goratu egiten da eta dama bihurtzen da. Damak taularen erpin batetik bestera jauzi egin dezake diagonal nagusien gainetik edo taularen kanpoko aldeen gainetik, eta horien konbinazioetan.
Beste aldaera batean, arau orokorretan aldaketa hauek egiten dira: fitxak ezin dira atzera mugitu. Horrez gain, fitxa bat ezin da posizio berean jarri ondoz ondoko bi jokalditan (joan eta etorri egin). Fitxa bat azken lerrora iristen denean ezin da mugitu, baina aurkariaren fitxaren bat harrapatzeko aukera dauka. Partida jokalari batek bere fitxa guztiak galtzen dituenean edo bere fitxak mugitu ezin dituenean bukatuko da.
Robert Charles Bell-ek beste arau hauek iradokitzen ditu:
- Fitxak ezin dira atzera mugitu, aurrera , aurrera diagonalean edo aldeetara baino ez.
- Fitxak ezin dira mugitu (aurreko mugimenduan ?) egondako posizioetara.
- Aurkariaren atzeko errenkadara iristen den fitxa bat ezin da mugitu, aurkako fitxa baten gainean jauzi txiki bat eginez harrapatzeko izan ezik.
- Jokoa bukatuko da:
- Jokalari batek bere fitxa guztiak galtzen dituenean. Orduan, taula gainean geratzen den irabazlearen fitxa bakoitzeko bi puntu eta beste bi puntu galtzeagatik ordainduko dizkio.
- Jokalari batek ezin dituenean bere fitxak mugitu. Orduan, irabazleari bi puntu jokoa galtzeagatik eta irabazleak taulan duen fitxa gehiago bakoitzeko beste puntu bat ordainduko dizkio. Galtzaileak taulan irabazleak baino fitxa gehiago baditu, galtzeagatik bi puntu ordainduko dizkio, baina puntu bat gutxiago taulan duen fitxa gehiago bakoitzeko.
Catherine Breyer-ek Bellen lehenengo bukaerari garaipen handia deitzen dio, eta bigarrenari garaipen txikia. Azken horretan, gainera, irabazlea taula gainean fitxa gehien dituen jokalaria da, hau da, fitxak mugitu ezin dituen jokalaria ere irabazlea izan daiteke. Bestalde, proposatzen duen aldaeran fitxak ezin dira atzera mugitu aurkako fitxaren bat harrapatzeko ez bada.
Bestelakoak
Fitxa bateko abantaila nahikoa izaten da irabazi ahal izateko. Fitxak harrapa daitezke bi baten kontra geratu arte, esaterako bi fitxa ilun fitxa argi baten kontra. Fitxa argi bakarra duen jokalaria taularen erpin batera eramaten saiatuko da fitxa babestearren. Bi fitxa ilunak dituen jokalariak posizio irabazlea du: fitxa argia 21 posiziora iritsi da; fitxa ilun bat 11 posizioan dago eta beste fitxa iluna 12, 13 edo 18 posizioan egon daiteke; fitxa argiaren txanda da.
Fitxa argia 22 posiziora mugitu behar da, derrigorrez, 16 edo 17 posiziora mugituz gero galduko baitzuen. Orduan, 2 zenbakidun fitxa iluna 17 posiziora mugituko da amu gisa, fitxa argiak harrapa dezan.
Iturriak
Alfontso X.a, Jakituna: Juegos diversos de Axedrez, dados y tablas. Vicent García editores S.A. eta Ediciones Poniente, Valentzia, 1987.
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Jesús Basulto Santos eta José Antonio Camúñez Ruiz: Libro del Alquerque. Alfonso X El Sabio. Libro de los Juegos de Ajedrez, Dados y Tablas (Azterketen liburua), 431. orr. Scriptorium - Patrimonio Nacional, Godella - Valentzia, 2009.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Robert Charles Bell: The Boardgame book. Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
Catherine Breyer: Jeux et jouets à travers les âges. Éditions Safran, Brusela, 2010.
José Manuel Espinel Cejas eta Francisco García-Talavera Casañas: Juegos guanches inéditos. Inscripciones geométricas en Canarias. Centro de la cultura popular canaria, Tenerife, 2009.
Frederic V. Grunfeld: Juegos de todo el Mundo. UNICEF Edilan, Madril, 1978.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 2018.
David Pritchard: The family book of games. Brockhampton press, Leicester, 1994.
Govert Westerveld: Los diferentes tableros del juego de alquerque de doce hallados en Siyāsa (Cieza), Actas II Jornadas de Investigación y Divulgación sobre Abarán y el Valle de Ricote. Murtzia, 2014.
El Mundo de los Juegos (2). Altaya, Bartzelona, 1999.
Jocari: http://www.jocari.be/search.php?scat=314&sman=1&pg=1&nobox=true
Wikipedia (en)