barrikadak
Alemanian, 1890en inguruan, Das Malefiz (Galgarria) izenarekin sortutako jokoa da. Joko honen hainbat bertsio argitaratu dira, esaterako, Gold rush (Urrearen sukarra) izenekoa. Izen horrek jendearen arreta erakarri nahi zuen, garai hartan mundu osoan urre-meatzeak ari baitziren ustiatzen.
Zoria eta estrategia erabiltzen dituen jokoa da.
Osagaiak eta hasiera
Triangelu antzeko ibilbidea duen lasterketa-jokoa da. Bidean oztopo batzuk daude aurrera egiteko, barrikadak. Bertsioaren arabera barrikaden kopurua ere aldatzen da.
Bi eta lau arteko jokalarirentzako jokoa da. Jokalari bakoitzak 4 peoi ditu (5 peoi bertsio batzuetan).
Helburua goiko erpinera peoi bat eramatea da.
Arauak
1. Partida hasieran, peoiak abiatzeko eremuan daude triangeluaren oinarrian, eta barrikadak beren posizioetan.
2. Dadoaren puntuazio altuena lortzen duen jokalaria hasiko da bere peoiak mugitzen. Ondoren, txanda ezkerretik eskuinera igaroko da.
3. Jokalariek peoiak aurreratuko dituzte dadoarekin lortu dituzten puntuak adina zulo, nahi duten norabidean, aurrera edo atzera, beti lerroen gainetik. Txanda berean, peoia ezin da aurrera eta atzera mugitu.
Eskuineko irudian ikus daiteke peoi horiak zer mugimendu egin ditzakeen dadoaren jaurtiketaren emaitzen arabera. Kontuan izan barrikada batera iristen denean ezin dela aurrerago mugitu.
4. Peoiek ezin dituzte barrikadak gainditu, baina bai beste jokalarien peoiak.
5. Barrikadak gainditzeko, barrikadara iristeko behar den puntuazio zehatza lortu behar da. Kasu horretan, peoiak barrikadaren posizioa beteko du eta jokalariak barrikada nahi duen zulo hutsean jar dezake txanda berean. Barrikada ezin da ibilbidearen lehenengo errenkadan jarri.
6. Zulo bakoitzean peoi bat baino ezin da egon. Peoi bat beste jokalari baten peoi bat dagoen zulora iristen bada, horren posizioa beteko du eta bertan zegoen peoia abiatzeko eremura joango da.
7. Ibilbidearen bukaerara, triangeluaren goiko erpineko zulora, puntuazio zehatzarekin iritsi behar da.
8. Peoi bat triangeluaren goiko erpinera eramaten duen lehen jokalariak irabaziko du.
Aldaerak:
Peoi guztiak triangeluaren goiko erpinera eramatea.
Barrikadak kentzen direnean, gorde daitezke eta jokoaren beste une batean erabili.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell: The Boardgame book, Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
El Mundo de los juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
Eskuko arauak.