bote luzea
Jokoa, ideia eta diseinua, Daniel Carballo Ostolazak sortu zuen, 2013an.
Osagaiak eta hasiera
Joko-taularen antolaketa
- Pilota-plaza osatzeko, jokalariek nahi duten erako plaza osa dezakete. Pilota-plazarako herri desberdinetako plazen ereduak erabil daitezke.
- Jokalariak bi taldetan banatuko dira, 4 jokalari alde bakoitzean. Sakarri aldetik (1etik 4ra bitartean), sakea duen taldea izango da, errebote aldetik, errestoa egingo duen taldea (5etik 8ra bitartean).
- Sakalariak abantaila izan dezake, bi dadoekin 9a lortuz gero zuzenean kintzea lor dezakeelako; beraz, sakalaria aukeratzeko dadoekin erabaki daiteke, edo jokalari gazteenari sakea eskaini.
- Jokalariak nahi den eran jar daitezke bakoitzaren eremuan, baina ezin dute elkarrekin lauki berean egon. Jokalarien kokapenerako kontuan izan, pilota beste aldera bidaltzeko, pilotariak ahalik eta banatuen egon behar dutela, dagokion eremua defendatzeko.
- Pilota sakarrian jarri (0).
- Bosgarren jokalaria markagailuan jarri 0 gainean, alde bakoitzean.
Arauak
Helburua
Kintzeak lortzeko: sakalariak 9 lortu behar ditu zehazki, horrela pilota errebote atzean jartzeko; sakean baino ezin dira bi dado erabili. Errestokoek pilota sakearen lerroaren atzean, 0an, jarri behar dute; horretarako dado bakarra erabiliko dute. Hau da jokoaren helburu nagusia aurkariaren azken lerroa gainditzea da.
- Jokoan kintzea lortzen ez denean, arraia erdiets daiteke, pilota eremutik kanpo bidalita edo aurkariek errestoa bideratzen ez dutenean, dadoarekin puntu nahiko lortu ez dutelako pilotaraino jokalariarekin heltzeko eta pilota jaurtitzeko.
Mugimenduak: pilota
- Pilota aurrera edo ezker-eskuin mugi daiteke, dadoekin lortutako zenbakiak ahalbidetzen badu behintzat. Esker-eskuin behin bakarrik egin daiteke, arraia lortzeko pilota kanpora bidaltzeko bada ere.
- Pilota pilotari baten laukira heltzen bada, laukitik mugitu gabe errestoa egin dezake. Hori errestoa besagain jotzea izango litzateke.
- Pilotari batek pilota mugitzen badu, ezin du bere taldekide baten laukian jarri pilota; hala eginez gero, kintzea beste taldearena izango litzateke (galdu egiten da).
- Pilotariak, arraia lortzeko, pilota zelaitik kanpora bota dezake jo ondoren gutxienez lauki batean bote egiten badu. Hau da, gutxienez 2 puntu beharko lituzke eta besagain jo ondoren. Arraia beste taldearen eremuan lortzen bada, hobeto.
- Errebotean pilota ezker-eskuin mugi daiteke nahierara, horrek ez du kontatuko aldeko mugimendu bezala. Hori sakean 9 baino puntu gehiagorekin gerta daiteke (10, 11 edo 12 bi dadoekin). Pilota errebotearen ondoren sake eremurantz mugituko da, dadoekin lortutako puntu adina lauki 9+3, 9+2 edo 9+1.
Mugimenduak: pilotaria
- Pilotaria aurrera, atzera, ezkerrera edo eskuinera mugi daiteke, dadoekin lortutako zenbakiak ahalbidetzen badu behintzat. Diagonalean ezin da mugitu.
- Pilotaria (pilotatik hurbilen dagoena) pilota dagoen laukira heltzeko adina puntu lortu ez badu, arraia izango da pilota dagoen laukiaren aurrean.
- Pilotaria dadoekin lortutako puntuekin pilota dagoen laukira heltzen bada, baina ez bazaio punturik gelditzen pilota mugitzeko, arraia izango da pilota dagoen laukiaren aurrean.
- Saketik sakera, jokoaren mugimenduekin pilotariek ordura arte lortutako laukietan egon beharko dute. Arraia jokatzeko eremu-aldaketan baino ezin dira birkokatu.
Sakea eta jokoa
- Bi dadoak jaurtiko ditu sakea duen taldeak, eta lortutako puntuazioarekin mugituko du pilota.
- Sakalariak eskas-lerroa, 4 eta 5 artean dagoena, pasa behar du. Hau da, gutxienez 5 puntu lortu behar ditu bi dadoekin.
- Sakalariak dadoekin 5 baino puntu gutxiago ateraz gero, kintzea galduko luke; hau da kintzea errestoko taldeak lortuko luke.
- Sakalariak dadoekin 9 puntu lortzen baditu, bere taldeak kintzea lor dezake, pilotarekin zeharkako mugimendu bat egiten ez badu behintzat.
- Sakalariak dadoekin 10, 11 edo 12 puntu lortzen baditu, pilotak errebotea egin dezake. Erreboterekin pilota 8, 7 edo 6 laukira bidal dezake, puntuazioaren arabera eta zeharkako mugimendurik egiten duen.
- Sakalariak bi dadoekin 5 eta 8 edo 10 eta 12 bitarteko puntuazioa lortzen badu, errestoko taldeak dado batekin mugitu beharko ditu pilotaria eta pilota. Hortik aurrera, taldeek dado banarekin jarraituko dute jokoan, pilota eta pilotariak mugitzeko.
- Sake ondoren pilota mugitzeko, lehendabizi hurbilen dagoen pilotaria pilotaraino mugitu behar da, eta puntuazio nahiko badago, pilota mugi daiteke, pilotaria mugitu ondoren geratzen zaizkigun puntuak adina lauki.
Arraia lortzeko
- Pilota mugituta azken botea pilota-plaza (pilotasoro) barruan lortuz gero, eta aurretik ez badugu alborako mugimendurik egin pilotarekin, pilota-plazatik atera daiteke arraia lortzeko.
- Pilota beste aldera bueltatzeko aukerarik ez dagoenean, dadoekin nahiko punturik lortu ez dugulako, arraia pilota dagoen laukiaren aurrean jarriko da.
Arraia irabazteko
- Arraia lortzean, ez da kintzea kontatuko. Arraia jokatu behar da. Arraia eskas-lerro bihurtuko da, eta bi zelaiak, sakalariarena eta errestoa, banatuko ditu. Kintzea lortzeko, sakez edo errestoarekin arraia gainditu behar da, eta pilota aurkariaren eremuan gelditzea lortu; hori lortu ezean, pilota 9an (sakalariak) edo 0an (errestoak) uztea lortu behar dute, kintzea lortzeko.
- Arraia jokatzeko, taldeek jokalekuak trukatuko dituzte; horrela, sakalari zenak arraia eta errebote arteko eremua defendatu beharko du eta errebotea defendatzen zuenak arraia eta sakarri arteko eremua defendatu beharko du.
- Arraia jokatzeko, jokalariak berriro ere nahierara koka daitezke, ahal bada, defendatu behar duten eremuan. Bi pilotari ezin dira lauki berean egon.
- Arraia 1 eta 2 artean edo 7 eta 8 artean lortu bada, bi jokalari 1 edo 8ko bi laukietan eta beste biak 2 edo 7ko bi laukietan koka daitezke.
- Arraian, sakalariak arraia gainditu beharko du bi dadoekin.
- Arraia jokatzean, sakean arraia gainditzen ez bada, errestoko taldeak kintzea lortuko du.
- Arraia jokatzean, sakean 9 puntu lortuz gero, sakalariak kintzea lortuko du.
- Arraia jokatzean, kintzea lortzen denean, arraia jokatuta dagoenez, arraia kenduko da eta jokalariak dauden laukietan utzita, jokoan jarraituko dute, hurrengo arraia bideratu arte.
- Kintzea lortzeko, pilotak arraia, edo 0ko edo 9ko muga gainditu behar du. Hala ez bada, kintzea beste taldeak lortuko luke.
- Sakalariak errebotea egitea lortzen badu (10 edo 12 arteko zenbakia lortuaz) eta errebotearekin pilotak arraia gainditzen badu atzera, pilota sakalariaren eremuan jarriz, errestoko taldeak gutxienez pilotaraino heldu behar du dado batekin, errestoa bideratzeko. Lortzen ez badu, sakalariaren taldeak kintzea lortuko du.
Kontaketa jokoa irabazteko
- 0, 15, 30, 40 (edo 45) eta JOKOA!
- 30etik jokoa lortzeko, bi kintze jarraian lortu behar dira.
- Talde batek 40 (edo 45) lortu duenean (3 kintze lortu dituelako) eta beste taldeak 30 izanda (2 kintze lortuta) hirugarren kintzea lortzen badu, A DOS jaun-andreak A DOS!! esango du eta bi taldeek 30era jaitsiko dute kontagailua, jokoa irabazteko bi kintzeko aldea lortu arte.
Iturriak
Daniel Carballo Ostolaza
Demo bat ikusteko: You tube 140302boteluzeaDEMO02
https://www.youtube.com/watch?v=YWy2jVfKMag