caminos
Caminos Stefan Kögl-ek 2010ean sortutako jokoa da, eta Murmel Spielwerkstatt und Verlag enpresak ekoitzi du. Egituraketa-jokoen artean, lerrokadura-jokoa da; izan ere, jokoaren helburua irteera eta helmugaren artean bide bat eraikitzea da. Joko honen kasuan, hala ere, bidea hiru dimentsiokoa da, hau da, bidea ez da plano batera mugatzen, espazioan gora eta behera ere egin dezake bideak.
Osagaiak eta hasiera
Jokoak lau taula ditu: 8×8 karratua, diamante itxurakoa, 4ko aldeko oktogonoa eta eraztun itxurakoa. Taularen arabera, aurrez aurreko ertzek itxura desberdina dute, zuzena edo sigi-sagakoa.
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
| Karratua. | Diamantea. | Oktogonoa. | Eraztuna. |
Jokalari bakoitzak 14 pieza ditu, berdeak edo horiak: 2×2 karratua bi aldiz, L itxurakoa, Z itxurakoa eta T itxurakoa launa aldiz. Azkenik, I itxurako bi pieza neutral urdin daude.
![]() |
| Jokalarien piezak. |
Bi jokalarik har dezakete parte, edo lau jokalarik bi taldetan bilduta.
Helburua taularen aurrez aurreko bi ertz norberaren piezekin lotzea da.
Arauak
Jokalariek kolore bateko piezak hartuko dituzte. Lau jokalari badira, talde berekoak aurrez aurre eseriko dira; kasu horretan, jokalari bakoitzak zazpi pieza hartuko ditu, bi jokalariek fitxa berdinak izanik.
Tauletako bat aukeratuko dute jokatzeko. Lehen aldian taula karratua gomendatzen da.
Jokalariek txandaka jarriko dituzte piezak taulan.
Piezen azpian ezin da zulorik utzi.
![]() |
![]() |
| Fitxa berdeak ez daude zuzen jarrita; fitxa horia bai. | Fitxa horia ez dago ondo, ez duelako taula ukitzen. |
Piezak nahi den tokian jar daitezke, baita beste pieza batzuk ukituz ere. Nahi bada, beste piezen gainean ere jar daitezke. Nolanahi ere, piezek taula ukitu behar dute beti. Horrek esan nahi du, gehienez hiru pieza jar daitezkeela bata bestearen gainean.
Aurrez aurreko bi ertz lotu behar duen bidean, kolore bereko piezek etenik gabeko bidea osatu behar dute. Hau da, kolore bereko aldeen segida bat sortzen saiatu behar da, eta segida horrek ikusgarria izan behar du goitik begiratuta.
Taulako erpinetako laukiek bina ertz ukitzen dutenez, bi aukera ematen dute bidea osatzeko.
Bideak, etenik gabea izateko, baldintza hauek bete behar ditu:
![]() |
| Eskuinean, pieza horien arteko lotura ez da baliozkoa. |
Piezen bitartez laukiz lauki mugitzeko gai izan behar da, kolore bakarraren gainean, taularen ertz batetik bestera. Ertz bertikalaren edo erpinaren bitartezko loturek ez dute balio.
![]() |
| Pieza horien artean ez dago loturarik, jauzi bat dago eta. |
Kolore bereko aurpegiek bata bestearen ondoan egon behar dute goitik begiratuta, eta bertikalki ere lotuta egon behar dute.
![]() |
| Horiek irabazi dute, puntu zuriekin adierazitako segidarekin (puntu bat ez da ikusten). |
Bidearen hasieratik bukaerara, aurpegi batek bestearen ondoan jarrita egon beha du, goitik begiratuta. Ez da beharrezkoa piezek fisikoki taularen ertza ukitzea.
Partida hiru modutan buka daiteke: jokalari (edo talde) batek taularen aurrez aurreko bi ertz lotzen dituenean; pieza guztiak erabili dituztenean; edo pieza gehiago jarri ezin denean.
Lehenengo kasuan, jokalariak (edo taldeak) irabaziko du.
Besteetan, jokalari bakar batek ere ez badu lortzen aurrez aurreko ertzak lotzea, berdinketarekin bukatuko da partida, azken pieza jartzearekin batera.
Jokalari batek ezin badu piezarik jarri, partida bukatuko da harentzat, nahiz eta teorikoki geroago piezaren bat jar lezakeen. Beste jokalariak/ek jokatzen segituko du/te irabazi arte edo piezarik jartzeko aukerarik izan ez arte.
![]() |
| Pieza neutral urdinak taulan kokatuta. |
Aldaerak
Pieza neutralak
Jokoaren aldaera honetan jokalari edo talde bakoitzak pieza neutral bat izango du, beste piezez gain.
Partidaren hasieran, jokalariek pieza neutrala taulan jarri behar dute, nahi duten lekuan. Ondoren, jokoak ohi bezala jarraituko du.
Pieza neutralak oztopoak dira. Horizontalean jartzen direnean, estali egin daitezke beste edozein pieza balira bezala.
![]() |
| Berdeek zenbatzeko moduko 4 pieza dituzte taularen ertza ukitzen; horiek, ordea, 3 pieza dituzte (ikusten diren bi aldeetan). Gurutze batekin adierazitako fitxa berdea eta horia ez dira zenbatzen, ez baitituzte taularen ertzak ukitzen. |
Puntuak
Behin baino gehiagotan jokatuz gero, puntuak zenbat daitezke. Partiden irabazleek bakarrik jasotzen dituzte puntuak, honela:
- Aurrez aurreko ertzak lotzen badira, bidea osatzen duten aurpegi horizontalak eta bertikalak zenbatuko dira, ertzen arteko biderik motzenean. Goiko irudian, beraz, horiek 13 puntu jasoko lituzkete (bat ez da ikusten).
- Partida aurrez aurreko ertzak lotu gabe bukatzen bada, taularen ertzak ukitzen dituzten pieza gutxien dituen jokalariak edo taldeak irabaziko du. Halakoetan, puntu bat jasoko dute taularen ertzak ukitzen dituzten aurkariaren pieza (ez aurpegi) bakoitzeko. Berdinketa izan bada, inork ere ez du punturik jasoko.
![]() |
| Oktogonoko loturen balioak. |
Taula oktogonala
Taula oktogonalekin jokatzean (oktogonoa edo eraztuna), loturak baliozkoak dira ertz bat aurkako ertzaren ondoko ertzekin lotzen denean ere (irudian, A eta C ertzak lotu daitezke).
Puntuak zenbatzeko orduan, lotura hori lehen azaldu bezala zenbatuko da. Lotura aurrez aurreko ertzen artekoa denean (A eta B ertzen artekoa), ordea, puntu kopurua bikoiztu egingo da.
Iturriak
Eskuko arauak: Stefan Kögl, Murmel Spielwerkstatt und Verlag.












