Carrom jokoaren jatorria ez da argia joko askorekin gertatzen den bezala. Jokoa lurrean jaio zen, ez taula batean, Asiako Hego-ekialdean. Beiraz egindako carrom-taula bat ikus daiteke Patiala-ko (India) jauregi batean.
Idazkera aldetik, herrien eta idazkien arabera carom hitzari r bat tartean eta s bat bukaeran eransten zaizkio, carrom edota carroms emanez. Ingelesezko itzulpenaren arabera, bi hitz horiek bolen elkar jotzea edo karanbola adierazten dute, baina ñabardura hau dute: r bakarra duen carom hitzak punpa esan nahi du, eta bi r dituen carrom hitzak kolpe esan nahi du. Azken arrazoi horrengatik hobe da carrom hartzea, nahiz eta punparen nozioa zentzugabea ez izan, sarritan gertatzen baita fitxa bat zeharkako talkaz jotzea. Plurala erabiltzea, caroms, kolpeak pluralean emateko joeratik etor daiteke.
Kaleko joko bat da eta haurrek zein helduek jokatzen dute. Carromak lurreko billarretik edo pall-mail-etik mahaiko billarrerako aldaketa antzekoa izan zuela ematen du.
1880. urte inguruan, Estatu Batuetan, Henry Haskell-ek mahai-itxurako bertsioa merkaturatu zuen, zulo handiz eta lerro batzuez hornitua. Haskellen taulak oraindik ikus daitezke gizarte-jokoen dendetan.
Oso ezaguna egin zen Lehen Mundu Gerraren ondoren. Estatu mailako lehiaketak egiten ziren Indiako estatuetan XX. mendearen lehen zatian. Sri Lankan 1935ean hasi ziren carrom txapelketa garrantzitsuak. Ordutik asko zabaldu da munduan, indiarren komunitateak zabaltzearekin batera.
All India Carrom Federation (AICF) (India osoko carrom federazioa) 1956ko martxoaren 4an eratu zen garai hartako Madrasen (Chennai gaur egun), orduko Madras, Saurashtra, Bombay, Delhi, Madhya Pradesh eta Hyderabad afiliatuekin. M. Chenna Reddy, orduan Hyderabad estatuko Nekazaritza eta Elikadura, Plangintza eta Berreginen ministroa, Federazioko lehen lehendakari hautatu zuten. 1958an, Sri Lankak carrom-kluben federazio ofiziala osatu zuen, txapelketak babestuz eta sariak emanez. Carrom-taldeen sailkapenak 1956an hasi ziren. Eskualdeko lehiaketak antolatu dira Pakistan, Maldivak, Malaysia eta Afganistanen artean. Mendebaldeko herriak 60ko eta 70eko urteetan iritsi ziren carromera, etxeetan zein klubetan.
Nazioarteko Carrom Federazioa (ICF ingelesez) 1988an eratu zen Chennain, Indian. 1988an bertan argitaratu ziren jokoaren indiar bertsiorako arau formalak. Urte horretan bertan, ICF-k ofizialki kodetu zituen arauak.
Joko hau Indian, Myanmarren, Nepalen, Pakistanen eta Yemenen jokatzen da. Baina badirudi egiptoarrek edo etiopiarrek ere jokatu izan dutela.
Hona India osoko Carrom Federazioak (AICF) ematen dituen arauak dakartzagu.
I. Osagai estandarrak
Carrom-taula
A |
73,50 – 74 cm |
F |
10,15 cm |
J |
5 cm |
B |
6,35 – 7,60 cm |
G |
3,18 cm dia. |
K |
3,18 cm dia. |
C |
4,45 cm dia. |
H |
2,45 cm dia. |
L |
17 cm dia. |
D |
47 cm |
I |
26,70 cm max |
M |
6,35 cm dia. |
E |
0,50 – 0,65 cm lodi |
|
0,15 cm lodi |
N |
1,27 cm |
Carrom-taularen joko-eremua zur kontratxapatuzkoa edo beste edozein zur leunekoa izango da, gutxienez 8 mm lodi; karratua izango da, gutxienez 73,50 cm eta gehienez 74 cm zabal, gainazala erabat leuna duela. Carrom-taulak normalean 15 gm-ko pisua duen jaurtigailu baten hiru lasterketa eta erdi izango ditu, gutxienez, indar handiarekin jotzen denean, oinarri-lerro batetik carrom-taularen aurkako markoraino.
Carrom-taularen joko-eremuaren ondoan, zurezko markoak egongo dira barneko izkina kurbatuekin, palisandroz edo erresistentzia oneko beste edozein zur gogorrez eginak, gutxienez 1,90 cm eta gehienez 2,54 cm garai joko-eremutik. Markoaren zabalera ez da 6,35 cm baino txikiagoa izanen, ezta 7,60 cm baino handiagoa ere. Joko-eremuaren azpian euskarri egokiak jarriko dira eta markoarekin lotuko dira.
Carrom-taularen lau izkinetako zuloak biribilak izango dira barrurantz eta ez kanporantz, eta 4,45 cm-ko diametroa izango dute, gehienez ere 0,15 cm-ko aldaketa onargarriarekin. Markoaren izkinen ondoan kontratxapatutako zurezko pieza moztuko da.
Joko-eremuaren lau aldeetako bakoitzean 47 cm-ko luzera duten bi lerro zuzen marraztuko dira, 0,30 cm-ko aldaketa onargarriarekin, alde guztietan berdin banatuak, beltz kolorekoak eta markoarekiko paraleloak. Bi linea horien behekoak 0,50 cm eta 0,65 cm arteko lodiera izan beharko du, eta markotik 10,15 cm-ra egongo da; bestea, berriz, oinarrizko linearen beheko aldetik 3,18 cm-ra.
Oinarrizko lerro horiek 3,18 cm-ko diametroko zirkuluetan itxiko dira bi muturretan. Zirkulu horren barruan, 2,54 cm-ko diametroa duen zati bat gorria izango da. Zirkulu horiei oinarrizko zirkulu deritze. Horiek oinarrizko lerroak nahiz alboko aldeko goiko lerroak ukitzeko moduan marraztu behar dira, irudimenez luzatzen direnean. Alde bateko eta besteko oinarrizko zirkuluen arteko distantzia 1,27 cm ingurukoa izan daiteke.
Carrom-taularen izkina bakoitzean lau gezi marraztuko dira, beltzak, 0,15 cm baino lodiagoak ez direnak, eta inguruko edozein aldetatik 45 graduko angelua izango dute. Bakoitza bi oinarrizko zirkuluen arteko tartetik igaroko da, eta zuloaren zentrorantz begiratuko du, zuloaren ertzetik 5,00 cm-ko distantzia utzita. Gezien luzera ez da 26,70 cm baino handiagoa izango. 6,35 cm-ko diametroa duen arku apaingarri bat onartzen da, bi muturretan gezi-punta bat duena, zulora eramaten duten gezien abiapuntuan marraztua.
Carrom-taularen erdian, 3,18 cm-ko diametroko zirkunferentzia beltz bat egongo da, 0,16 cm-ko aldaketa onargarriarekin marraztuta. Erdiko zirkulu deituko da eta gorriz margotuko da.
17,00 cm-ko diametroa duen zirkunferentzia, carrom-taularen erdiko puntua zentrotzat duena, beltza izango da, 0,30 cm-ko aldaketa onargarriarekin. Kanpoko zirkulu deituko da. Edozein diseinu apaingarri onartzen da zirkuluan.
Carrom-fitxak
Jokoan erabiltzen den carrom-fitxak kalitate oneko egurrezkoak eta zirkularrak izango dira. Carrom-fitxa baten diametroa ez da 3,18 cm baino handiagoa izango, ezta 3,02 cm baino txikiagoa ere. Carrom-fitxaren lodiera ez da 0,70 cm baino txikiagoa izango eta ez 0,90 cm baino handiagoa. Ertza biribila eta laua izango da. Carrom-fitxa baten pisua ez da 5,25 gramotik beherakoa izango, ezta 5,50 gramotik gorakoa ere. Horrela, bederatzi fitxa zuri, bederatzi beltz eta gorri bat egongo dira, eta uniformeak izango dira. Carrom-fitxak mugimendu leuna izango du, posizio lauan, carrom-taularen joko-eremuan, zehaztapen estandarreko jaurtigailu batek jotzen duenean.
Jaurtigailua
Jaurtigailuak laua eta biribila izan behar du, 4,13 cm baino diametro txikiagoa eta 15,00 g baino pisu gutxiagoa. Jaurtigailu bat erabili ahalko da, bolia eta metala ez den beste edozein materialez egina, aurretik ezarritako zehaztapenekin. Ez da onartuko metala finkatuta eta ikusteko moduan duen jaurtigailurik. Jaurtigailuan grabatutako diseinu duinak onargarriak dira.
Euskarria edo mahaia
Carrom-taula jarri behar den euskarriak edo mahaiak ezin du izan 63,00 cm baino gutxiago eta 70,00 cm baino gehiago zabal. Carrom-taula, gainean jartzen denean, ezin da ez irregularra ez dardaratsua izan. Dena den, carrom-taularen eta/edo euskarriaren edo mahaiaren azpian betegarria erabil daiteke, ahal den neurrian, carrom-taularen joko-eremua orekatu eta irmo bihurtzeko.
Eserlekua
Jokalaria jokatzeko eserlekua edo aulkia ez da 40,00 cm baino txikiagoa izango, ezta 50,00 cm baino handiagoa ere. Erabiltzen bada, aulkiak ez du besorik izango.
Hautsa
Erabilitako hautsa kalitate handikoa izango da, joko-eremua leuna eta lehorra mantentzeko. Hautsa ez da busti behar. Hautsez betetako poltsak/ontziak erabiliko dira hautsa uniformeki banatzeko joko-eremuan.
Sareak
Zuloak behetik estalita egongo dira carrom-taularen azpian finkatutako sareekin. Sare bakoitzak gutxienez 10 carrom-fitxa gordetzeko gaitasuna izango du.
Argia
Argia carrom-taularen gainean altuera egokian jarri/doitu behar da, eta, hala, pantaila konikoa edo karratua erabiltzen denean (ahal dela metalezkoa), argia carrom-taularen gainean baino ez da eroriko, markoa barne. Pantaila erabat elur-zurikoa izango da, barrualdean. Erabiltzen den bonbilla, zuri-gardena, 60 eta 100 watt bitartekoa izango da. Dena dela, argiaren altuera aldatu egin daiteke, jokalari batek eskaturik, halako moldez non argi zuzenak ez dituen jokalariaren/en begiak joko.
II. Interpretazioak
(1.) Arau hauetan, gaiaren edo testuinguruaren aurkako ezer ez badago, ondoko terminoek interpretazio hauek izango dituzte:
(2.) «Arauak» carromen arauak dira.
a) «egokia»: arauen arabera.
b) «desegokia»: arauen aurkakoa.
(3.) «C/T»: carrom-taula da.
(4.) «C/f»: carrom-fitxa da.
(5.) «Esku»: arbitroak “jokatu” esaten duenetik edozein jokalarik azken C/f zuloan sartu arte.
(6.) «Hasiera»: esku baten lehen jaurtiketa da.
(7.) «Bukaera»: eskuaren amaiera da.
(8.) «Jokalaria»: carrom-jokalari bat da.
(9.) «Kokatzea»: zigorra eta/edo dagokion C/f kanpoko zirkuluaren barruko joko-eremuan posizio lauan jartzea, arauekin bat egiteko baimena duen jokalariak bakarrik. Anderea eta/edo jauzitako C/f-k arbitroak kokatuko ditu beti erdiko zirkuluan, arauen arabera.
(10.) «Zuloratu» C/f-k eta/edo anderea zuloan sartu jaurtiketa egoki edo desegoki baten bidez.
(11.) «Bultzada»: jokalariaren ukondoaren bat-bateko mugimendua edo astindua, hatzarekin jaurtigailua jo beharrean.
(12.) «Anderea»: C/f gorria.
(13.) «Zorra»: jaurtigailua zuloratzea, C/f-ekin eta/edo anderearekin edo gabe, eta/edo jokalariaren aurkako edozein zigor ordaindu gabe eta/edo zor den zigorra, kasuaren arabera.
(14.) «Zehapena»: arau-hausteagatiko edo urratzeagatiko zigorra.
(15.) «Estaltzea»: jokalari batek bere C/f bat zuloratzea anderea zuloratu den jaurtiketa berean edo hurrengoan.
(16.) «Jaurtiketa»: parea edo kanoia esan nahi du.
(17.) a) «Parea»: bi C/f edo C/f bat eta anderea zulorako norabidean, bien artean tarte bat utzita.
b) «Kanoia»: bi C/f edo C/f bat eta anderea zulorako norabidean, tarterik gabe bien artean.
(18.) «Erpuruz jo»: jaurtiketa erpuruarekin egin.
(19.) «Txanda»: jokatzeko eskubidea izatea.
(20.) «Arbitro nagusia» funtzionario bat da, partida batean bidaltzen zaizkion auzi guztiak administratu, gainbegiratu, kontrolatu eta erabakiak hartzeko izendatua.
(21.) «Arbitroa»: partida bat gainbegiratzeko edo kontrolatzeko izendatutako funtzionarioa.
(22.) a) «Aurkaria» banakakoetan: unean jokatzeko txandarik ez duen jokalaria.
b) «Aurkaria» binakakoetan: unean jokatzeko txanda duen jokalariaren ezkerreko eta/edo eskuineko aldean eserita dagoen jokalaria.
(23.) «Eskua»: hatzetatik eskumuturreraino dagoen esku-zatia da.
(24.) «Hatza»: azazkalaren aldeko hatz zatia, bigarren artikulaziora arte.
(25.) «Irudizko lerroak»: oinarrizko zirkuluen arteko gezien luzapenean marraztutako lerroak.
(26.) «Jaurtiketa»: C/f bat jaurtigailuarekin jotzea, zuzenean edo zeharka.
(27.) a) «Talka zuria» bederatzi C/f zuriak eta anderea jokatzeko lehen txandan sartzea da, arauen arabera. Hasi bukatzeko ere dei daiteke.
b) «Talka beltza» geratzen diren C/f beltz guztiak, anderearekin edo gabe lehen txandan sartzea da, arauen arabera.
III. Esertzeko jarrera
(28.) Banakakoetan, jokalariak bata bestearen aurrean eseriko dira.
(29.) Binakakoetan, taldekideak bata bestearen aurrean eseriko dira, eta lau aldeak beteko dituzte.
(30.) Jotzeko txanda hartu aurretik jokalariak esertzeko hartutako jarrera edozein unetan alda daiteke, baldin eta aulkia edo eserlekua ez badira altxatzen, mugitzen edo trabatzen bere jokatzeko txandan.
(31.) a) «Eskuan», jokalari baten gorputz-atalen batek ere, jokatzeko erabiltzen duen besoa izan ezik, ez du ukituko carrom-taula, C/T ezarrita dagoen euskarria edo mahaia.
b) Hala ere, jokalari batek erabilitako arropa, eraztuna, besokoa eta/edo erlojua salbuetsita daude jokatzeko txandan, baina horiek ez dute joko-eremua ukitu behar.
(32.) Eserlekuaren altuera igo eta/edo doitzeko edozein material eskuaren bukaeraren ondoren soilik erabil daiteke, baldin eta horrela egindako eserlekuaren altuera 50 cm baino handiagoa ez bada.
(32.) Gorputz-atalek, jokalariaren ‘eskuak’ izan ezik, ez dituzte gezien irudizko lerroak gaindituko.
IV. Nola jo
(33.) Jaurtigailua jo behar da, eta ez bultzatu.
(34.) Jaurtiketa hatz batekin egin behar da, gainerako hatzen laguntzarekin edo gabe.
(35.) Jokatzeko edozein esku erabil daiteke.
(36.) Jaurtiketa bat egiten duen bitartean, ‘eskuak’ joko-eremua uki dezake.
(37.) a) Jaurtiketa bat egiten duen bitartean, jokatzen duen eskuaren ukondoa ez da joko-eremuaren barruan egongo, eta ez da gezien irudizko lerroetatik haratago zabalduko.
b) Hala ere, «eskuak» gezia gurutzatu dezake.
(38.) a) Jokalariak jaurtiketa egiten duen bitartean ez dago baimenduta eserlekuan edo aulkian, C/T-ren euskarrian edo mahai gainean bermatzea, ez eta/edo hankak euskarriaren/mahaiaren ertzean jartzea.
b) Hala ere, eskuak gorputzean berma daitezke, eta hankak eserlekuaren edo aulkiaren ertzean berma daitezke.
V. Zozketa
(39.) a) Partida bakoitzaren hasieran zozketa bat egingo du arbitroak, txanpona jaurtiz edo C/f deiaren bidez. Zozketa irabazten duen jokalariak/bikoteak taularen aldea hartzeko edo lehen jaurtiketa egiteko aukera izango du. Irabazleak taularen aldea aukeratzea erabakitzen badu, arbitroari jakinaraziko dio, eta horrek galtzaileari lehenago esertzeko aginduko dio.
b) Binakakoetan, zozketa irabazten duen bikoteak goiko aukera bera izango du.
c) Hala ere, irabazleak hastea aukeratzen badu, galtzaileak taularen aldea aukeratuko du, eta irabazlea lehenengoa eseriko da.
d) Galtzaileak eseri ondoren, ezin dute lekua trukatu. Esertzeko ordena hori partida osoan gordeko da.
VI. Entsegu-eskuak
(40.) Zozketa egin ondoren eta partida hasi aurretik, bi entsegu-esku baino ez dira egongo, bat jokalari edo bikote bakoitzarentzat.
VII. Hasiera
(41.) a) Hasi baino lehen, C/f guztiak taulan ipini behar dira, etzanda, halako moldez non andereak erdiko zirkulua beteko baitu eta gainerako C/f-k anderearen inguruan kokatzen baitira, C/f beltzak eta zuriak txandaka mantenduz lehen lerroan. Bigarren lerroan, hiru C/f zurik lehenengo lerroko C/f zuriekin, “Y” itxura eratzen dute. Gainerako espazioak betetzeko, C/f beltzak eta zuriak txandaka kokatu behar dira. Horrela konpondutako C/f guztiek biribilean egon behar dute, elkar ukituz, kanpoko zirkuluaren barruan. Jokalari batek bere hatzak edo jaurtigailua erabil ditzake C/f-k ukigabe mantentzeko.
b) C/f-k ahalik eta denbora gutxien galduz antolatu behar dira hasteko, esku bakoitzaren ondoren.
(42.) Lehena hastea aukeratu duen jokalaria hasiko da.
(43.) Hasiko den jokalariak esku horretan C/f zuriak izango ditu, eta aurkariari C/f beltzak utziko dizkio. Anderea C/f amankomuna izango da.
(44.) Hasiera gauzatutzat hartzen da, jaurtigailuak C/f-ren bat ukitzen badu, baita pixka bat ere.
(45.) a) Ez da hasierarik egin jaurtigailuak bere ohiko ibilaldian C/f bat ere ukitzen ez badu edo kanporantz jauzi egiten badu. Kasu horretan, bi aukera gehiago onartuko dira gehienez.
b) Aukera kopuru onargarriaren ondoren C/f bat ere ukitzen ez bada, hasteko eskubidea galduko da, eta jokatzeko txanda aurkariari pasatuko zaio. Aurkariak C/f beltzak izango ditu jokatzeko, baina ez da C/f-en berrantolaketarik onartuko. Baldintza hori hasiera gertatu arte indarrean dago.
c) Hasten saiatzen den jokalari batek jaurtiketa desegoki bat egiten badu edo bere jaurtigailua zuloratzen badu, C/f bat ere jo gabe, txanda galduko du. Hala ere, behar diren zigorrak ez dira aplikatuko.
(46.) Hasiera arbitroak «jokatu» dei egin ondoren egingo da, eta jaurtiketa dei horren hurrengo 15 segundoetan egingo da. Arbitroak jokatu deitzen duen unetik hasi dela ulertuko da.
(47.) Hasiera arbitroak «jokatu» deitu baino lehen egiten bada, zuloratutako bere C/f guztiak eta/edo anderea aterako dira kokatzeko, eta falta bat dagoela adieraziko da. Jokalariak txanda galduko du.
VIII. Jokatzeko txanda
(48.) Jokalari batek bere C/f-k eta/edo anderea arauen arabera zuloratzen dituen bitartean, bere txanda gordeko du. Bestela, aurkariari pasatuko dio.
(49.) a) i) Lehenengo jokoan, lehenengo eskua hastea erabakitzen duen jokalariak C/f zuriak izango ditu. Hasteko txanda aldizkatuko da jokoan zehar.
ii) Bigarren jokoan, hasteko lehen txanda izan ez zuen jokalariak lehenengo txanda izango du.
iii) Hirugarren jokoan, hasteko txanda lehen jokalariari dagokio.
b) Binakakoetan, ordea, txanda zuen jokalariaren eskuineko aldean eserita dagoen jokalariari pasatuko zaio txanda.
(50.) Jokalari batek ez ditu 15 segundo baino gehiago hartuko jaurtiketa bat egiteko, C/f-ak, anderea eta jaurtigailua gelditu direnetik eta aurkariak jaurtigailua jaso eta/edo C/f-k eta/edo anderea kokatzeko eta/edo, balego, zorreko C/f-k kokatzeko denbora-muga ikusi ondoren.
(51.) Txanda ez dagokion jokalari batek jokatzen badu, arbitroak kontrolatu ahal izan baino lehen, eskua galduko du, txandaz kanpo lehen jaurtiketa egin duenean C/T-n zeuden C/f-en eta anderearen kopuruaz. Arbitroak edo aurkariak aurrekoaz ez badira konturatzen hurrengo jaurtiketa egin arte, txanda jokatu ahal izango da eta hurrengo txanda arauekin bat etorriko da.
IX. Nola puntuatu
(52.) a) Bere C/f guztiak zuloratzen dituen lehen jokalariak eskua irabazten du.
b) Hauek dira balioa/puntuak:
i) Anderea: 3 puntu eta 21 puntu bitarte, biak barne.
ii) C/f-k: puntu bana.
(53.) a) Aurkariak C/T-n dituen C/f kopurua jokalari horrek esku horretan lortutako puntuak izango dira.
b) Jokalariak anderearen balioarekin kreditatzeko eskubidea du, eskua irabazten badu bakarrik.
c) Eskua galtzen duen jokalariari ez zaio anderearen balioa esleitzen, baita anderea zuloratu eta estali badu ere.
(54.) Jokalariak anderea estaltzeagatik 3 puntu gehiago lortzeko abantaila galdu egiten du 22 puntu lortu ondoren.
(55.) Esku batean gehienez ere 12 puntu lor daitezke. Zor eta/edo zehapen guztiak automatikoki ezeztatuko dira.
(56.) a) Joko bat 25 puntukoa edo zortzi eskukoa izango da. Lehen 25 puntuak lortzen dituen edo zortzigarren eskuaren amaieran puntu gehien dituen jokalariak irabaziko du jokoa.
b) Final-laurdenak eta aurreko errondak, joko bakoitza zortzi eskutan erabakiko da. Puntuazioa zortzigarren eskuaren amaieraren berdina bada, beste esku bat erabiliko da irabazlea aukeratzeko. Esku gehigarriaren aurretik zozketa egongo da hasiera bakarrik aukeratzeko.
(57.) Partida guztiak hiru jokoetako onenaren arabera erabakiko dira.
X. Aldeen aldaketa
(58.) Banakakoetan, jokalariek aldeak aldatzen badituzte, joko bakoitzaren bukaeran aldatuko da aurkako norabidean.
(59.) Binakakoetan, jokalariek eskuineko hurrengo aldera aldatuko dituzte aldeak, joko bakoitzaren bukaeran.
(60.) a) Final-laurdenak baino lehenagoko partidetan, hirugarren jokoan, aldeen aldaketa laugarren eskuaren ondoren edo edozein jokalarik/bikotek 13 puntu eskuratu ondoren egingo da, lehenago gertatzen dena.
b) Final-laurdenetatik aurrera, jokalari/bikote batek 13 puntu lortu ondoren soilik aldatuko dira aldeak.
c) Aldeen aldaketa, arbitroa edo edozein jokalari ohartu gabe, igartzen denean egingo da, baina esku hori bukatu ondoren.
(61.) Jokalariek ez dute bi minutu baino gehiago beharko aldeak aldatzeko
XI. Falta
(62.) Oro har, arauak urratzeko egintza oro, edo arau hauetan berariaz edo inplizituki (eskuarki ulertzen den bezala) ezarritakoaren aurkako egintza oro, honela sailkatuko da:
A. FALTA TEKNIKOA
B. FALTA.
(63.) A. FALTA TEKNIKOA
a) Jokalariak bere txandako lehen jaurtiketa aurretik egindako arau-haustea akats teknikotzat hartuko da. Falta tekniko batek aurkariak kokatuko duen arauaren hauslearen C/f bat dakar ondorioz, eta haren txandak aurrera jarraituko du.
b) Txanda ez duen jokalariak arauak urratzea ere falta teknikotzat hartuko da. Zehapena jarriko da 63. artikuluko a) letraren arabera.
(64.) B. FALTA
a) Jokalariak bere txandako lehen jaurtiketan edo haren ondoren egindako arau-haustea faltatzat joko da. Falta bat eginez gero, jokalari arau-hauslearen C/f bat aterako da aurkaria kokatzeko, eta jokatzeko txanda galduko da.
b) Falta bat egiten bada C/f-ren bat eta/edo anderea zuloratzen den bitartean, zuloratutako C/f-k eta/edo anderea eta C/f gehigarri bat aterako dira kokatzeko, eta jokalariaren txanda galduko da.
XII. Taulatik kanpo
(65.) a) C/f batek edo andereak joko-eremutik jauzi egiten badute, arbitroak erdiko zirkuluan kokatuko du C/f edo anderea, espazioak horretarako aukera ematen badu, eta osorik edo eskuragarri dagoen zirkuluaren zati handiena estaliko du.
b) Bai andereak, bai C/f batek jaurtiketa berean egindako jauzi egiten badute, lehentasuna emango zaio andereari lehenago kokatzeko, eta jauzitako C/f anderea ukituz kokatuko da, txanda duen jokalariaren kontrako aldean.
c) Jaurtiketa berean C/f beltz batek eta C/f zuri batek jauzia eginez gero, lehentasuna emango zaio jaurtiketa egin duen jokalariaren C/f kokatzeko, eta beste C/f aurreko C/f ukituz kokatuko da, 65. b) arauan azaldutako moduan.
d) Bi C/f-k baino gehiagok jauzi egiten badute jaurtiketa berean, lehenengo bi C/f-k 65. b) eta c) arauetan bezala kokatuko dira. Gainerako C/f-k, ahal den neurrian, lehenengo bi C/f-k ukituz kokatuko dira.
(66.) a) C/f batek eta/edo andereak jauzi egiten badute eta joko-eremuan berriz erortzen badira, Arbitroak erdiko zirkuluan kokatuko ditu, arauen arabera. Arbitroak bere irizpidearen arabera zuzenduko du, ahal den neurrian, C/f aldatuen posizioa, hala badaude.
b) Hala ere, C/f batek eta/edo andereak jauzi egiten badute eta joko-eremuan berriz erortzen badira, pantaila, bonbilla edo argi-osagarriak jo ondoren, bidaia naturaltzat joko da. Hala badagokio, C/f aldatuen posizioa ez da berrantolatuko.
XIII. Errodatzea eta gainjartzea
(67.) C/f-k eta/edo anderea beren ertz gainean badaude, dagoen bezala egoten utziko zaie.
(68.) Bi C/f eta/edo anderea elkarren artean gainjartzen badira, dauden bezala utziko dira.
(69.) a) Jaurtigailua C/f-en eta/edo andere gainean badago, jaurtigailua C/f-k eta/edo anderea mugitu gabe kenduko du arbitroak. Mugituz gero, arbitroak, ahal den neurrian, C/f-en eta/edo andereren jatorrizko posizioa berrezarriko du.
b) Hori zuloaren ahoan gertatzen bada eta jaurtigailua kentzerakoan, C/f-k eta/edo andereak grabitate-zentroa galdu eta zuloan erortzen badira, zuloratutzat joko dira.
(70.) a) C/f-k eta/edo anderea jaurtigailuaren gainean badaude, arbitroak C/f-k eta/edo anderea altxatuz jaurtigailua kenduko du, eta, ahal den neurrian, jatorrizko posizioan utziko ditu, jaurtigailua han egon ez balitz bezala.
b) Ordea, hori zuloaren ahoan eta C/f-k eta/edo anderea altxatzeko prozesuan jaurtigailuak grabitate-zentroa galdu eta poltsikoan erortzen bada, zuloratu egin dutela ulertuko da. Zor bat ezarriko da arauen arabera.
(71.) C/f bat arriskuan badago zuloaren ahoan eta edozein arrazoirengatik zuloan erortzen bada, behar bezala zuloratu dela ulertuko da.
XIV. Zorra eta/edo zehapena
(72.) a) Jaurtiketa egoki batean, jokalari batek bere jaurtigailua bakarrik zuloratzen badu, bere txanda galduko du, eta C/f bateko zehapena izango du aurkariak koka dezan. Zehapeneko C/f horri zor deituko zaio.
b) Jaurtiketa desegoki batean jokalari batek bere jaurtigailua bakarrik zuloratzen badu, bere txanda galduko du, eta C/f biko zehapena izango du aurkariak koka ditzan. Zehapeneko C/f horiei zor eta falta deituko zaie.
c) Edozein C/f zuloratu baino lehen gertatzen bada hori, zehapena eta zorra ordaindu gabe egongo dira, eta eskuragarri dauden bezain laster hartuko dira.
(73.) Jokalari batek jaurtigailua bere C/f batzuekin zuloratzen baditu jaurtiketa egoki baten ondorioz, zuloratutako C/f kopurua eta zorreko C/f bat aterako dira aurkariak koka ditzan, eta jokalariak bere txandari eutsiko dio.
(74.) Jokalari batek jaurtigailua eta aurkariaren C/f-k zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, zuloratutakoak ontzat joko dira. 72. a) arauaren araberako zor hori aterako da, eta jokalariak txanda galduko du.
(75.) Jokalari batek jaurtigailua, bere C/f-k eta aurkariaren C/f-k zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, zuloratutako bere C/f kopurua eta zorreko C/f bat aterako dira aurkariak koka ditzan, eta jokalariak bere txandari eutsiko dio.
(76.) Jokalari batek aurkariaren C/f-k zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, zuloratutakoak ontzat joko dira. Zehapeneko C/f aterako da aurkariak koka dezan, eta jokalariak txanda galduko du.
(77.) a) Jokalari batek bere C/f-k zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, zuloratutako C/f-k aterako dira aurkariak koka ditzan, eta jokalariak txanda galduko du.
b) Jokalari batek bere C/f-k eta jaurtigailua zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, C/f-k eta bi C/f, bata zor gisa eta bestea zehapen gisa, aterako dira aurkariak koka ditzan, eta jokalariak txanda galduko du.
(78.) a) Zorreko edo zehapeneko C/f-k erabilgarri egon eta berehala aterako dira, baina soilik jaurtiketa amaitu ondoren, nahiz eta jokalari beraren txandan izan.
b) i) Binakakoetan, zorreko eta/edo zehapeneko C/f-k beti aterako ditu txanda duen jokalariaren eskuineko aldean eserita dagoen jokalariak, C/f-k erabilgarri daudenean.
ii) Hala ere, jokalari baten txandan aurkariaren C/f-k zuloratzen baditu, bere C/f-ekin edo gabe, eta zorreko eta/edo zehapeneko C/f-k erabilgarri badaude, jokalariak berak aterako ditu C/f-k kolokatzeko.
(79.) a) Zorreko edo zehapeneko C/f erabilgarri badaude, baina nahikoa leku ez badago, C/f jarri behar dituen jokalariak lekua erabilgarri egon eta berehala egin ahal izango du.
b) Binakakoetan, ordea, zorreko eta/edo zehapeneko C/f kokatzeko egokitasuna taldekideari pasatu bazaio, taldekideak baino ez du izango C/f atera eta kokatzeko eskubidea.
(80.) Zorreko edo zehapeneko C/f kokatzeko lekurik badago, baina C/f jarri behar duen jokalariak ez badu falta bat arriskatu nahi, kokatzeko aukera galduko du eta bere kokatzeko erreklamazioa bertan behera geratuko da.
(81.) Zorreko edo zehapeneko C/f kokatzeko espazioa erabilgarri geratzen bada jokalariaren txanda irauten duen bitartean, kokapena berehala egingo da.
(82.) a) Zorreko edo zehapeneko C/f kokatzerakoan, jokalari batek bere C/f-ren bat jartzen badu akats baten ondorioz, zuzendu egin behar du arbitroak edo aurkariak hala adierazten badiote. Falta deklaratuko da arauen arabera.
b) Arbitroa edo aurkaria ez badira konturatzen hurrengo jaurtiketa egin aurretik, horrela kokatutako C/f balioko du.
(83.) Jokalari batek C/f bat baino gehiago kokatu behar baditu zor eta/edo zehapen gisa, erabilgarri dauden C/f-k berehala kokatuko dira, eta gainerako C/f-k erabilgarri dauden bezain laster kokatuko dira. Erabilgarri egonez gero, interesa duen jokalariak ez baditu gainerako C/f-k kokatzen hurrengo jaurtiketa gertatu baino lehen, eta aurkaria/arbitroa ez badira horretaz konturatu, zorra kitatutzat onartuko da.
(84.) a) Kokatzea bukatutzat emango da hatza C/f-tik kendutakoan, baldin eta kokatutako C/f kanpoko zirkuluaren barruan badago.
b) Hala ere, zorreko edo zehapeneko C/f kokatzean, ez da onartzen beste C/f baten edo jaurtigailuaren gainean eustea.
(85.) Jokalari batek zorreko edo zehapeneko C/f kanpoko zirkulutik kanpo kokatzen edo mugitzen badu, kanpoko zirkuluaren barruan C/f kokatzeko eskatuko zaio. Falta deklaratuko da arauen arabera.
(86.) Zorreko edo zehapeneko C/f kokatzerakoan, jokalariak ez ditu beste C/f-k eta/edo anderea mugitu behar. Kokatutako C/f-k ez du beste C/f bat ere eragotzi behar. Horrela gertatzen bada, arbitroak birkokatuko du jatorrizko posizioan, ahal den neurrian. Falta bat deklaratuko da arau-hauslearen kontra, arauen arabera.
(87.) a) Jokalari batek aukera du zorreko edo zehapeneko C/f guztiei batera aurre egiteko, eta ez partzialki. Erabaki hori arbitroari jakinaraziko zaio 15 segundoko epean; hala egin ezean, zorreko edo zehapeneko C/f kokatzeko eskubidea galduko da.
b) Eskua bukatzeko dauden puntu gehigarriak osorik edo zati batean eskatu ahal izango dira, onuradunaren aukeran.
(88.) a) Zorreko edo zehapeneko C/f-k kokatzeko epea 15 segundokoa izango da, arbitroak zigorra iragarri eta gero.
b) Zorreko edo zehapeneko C/f-en kokapena ezarritako epean ez bada gauzatzen, kokatutako C/f-k kentzeko agindua eman daiteke eta arau-hauslearen aurka falta bat deklaratu.
(89.) a) Zorreko edo zehapeneko C/f-k ezin dira elkarren aurka kokatu.
b) Zorreko edo zehapeneko C/f-k ez dira kokatuko erdiko zirkulua osorik edo zati batean estaliz. Kokatzen badira, jokalariari zuzentzeko eskatuko zaio. Falta bat deklaratuko da arau-hauslearen kontra, arauen arabera.
(90.) Binakakoetan, jokalari batek ez du bikotekidearen zorreko edo zehapeneko C/f-k aterako, bikotekideak kokatu behar ditu. Haren bikotekideak bere ondoko zuloetan behar diren C/f-k aurkitzen ez baditu, arbitroari eskatuko dio eman diezazkiola, zehaztuz kokatu behar dituen C/f kopurua eta kolorea.
(91.) Eskuan zehar, jokalariren bat bere txandan edo aurkariaren txandan eserlekutik altxatzen bada, edozein arrazoirengatik, eskua galduko du taulan dauden bere C/f kopuruaz eta/edo andereaz. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, eskua C/f adina puntuz bakarrik galduko du.
XV. Anderea
(92.) Jokalari batek anderea zuloratzeko eta hura estaltzeko eskubidea du, baldin eta bere C/f bat zuloratu badu.
(93.) Anderea arbitroak bakarrik kokatuko du erdiko zirkuluan. Hala kokatu bitartean, ordea, jaurtiketa bat automatikoki sortzen bada, ezin da aldatu.
(94.) Beste C/f batek erdiko zirkuluaren zati bat edo osoa estaltzen badu, anderea agerian dagoen zatirik handiena hartzeko moduan jarriko da, edo erdiko zirkuluaren ondoko edozein posiziotan, txanda duen jokalariarentzat zuloratzea erraza izan ez dadin. Egoera horretan, arbitroak egiten duen anderearen kokapena behin betikoa izanen da.
(95.) a) Jokalariaren edozein C/f zuloratu baino lehen anderea zuloratzen badu, anderea aterako da hura kokatzeko, eta jokalariak txanda galduko du.
b) Jokalari batek anderea zuloratzen badu, haren kontra zor bat dagoenean, anderea aterako da hura kokatzeko, eta jokalariak txanda galduko du.
c) Hala ere, zorra eta/edo zehapena atera ondoren, bederatzi C/f guztiak C/T-n badaude, jokalari batek anderea zuloratzeko eta hura estaltzeko eskubidea izango du.
d) Hasieran edo ondoko jaurtiketa batean, bere bederatzi C/f guztiak C/T-n daudenean, anderea eta jaurtigailua batera zuloratzen badira, anderea aterako da hura kokatzeko, eta zor bat deklaratuko da. Jokalariak txanda galduko du.
(96.) Anderea jaurtiketa batean zuloratzen bada eta ez bada estaltzen, anderea aterako da hura kokatzeko. Arbitroak edo aurkariak nabaritzen ez badute, hurrengo jaurtiketa egin baino lehen, anderea egokiro estalita bezala hartuko da.
(97.) a) Anderea eta jokalari baten C/f-k jaurtiketa bakar batean zuloratzen badira, anderea estalitzat joko da.
b) Hala ere, hasieran eta/edo ondoko edozein jaurtiketatan, jokalariaren bederatzi C/f-k C/T-n daudenean, anderea eta C/f bat batera zuloratzen badira, anderea estali egin behar da. C/f bat baino gehiago eta anderea batera zuloratzen badira, anderea estalitzat joko da.
(98.) a) Anderea, jokalari baten C/f-k eta jaurtigailua batera zuloratzen badira jaurtiketa egoki batean, anderea eta horrela zuloratutako C/f-k, eta bat gehiago zor gisa aterako dira kokatzeko, eta jokalariak bere txandari jarraituko dio.
b) Anderea, jokalari baten C/f-k eta jaurtigailua batera zuloratzen badira jaurtiketa desegoki batean, anderea eta horrela zuloratutako C/f-k, eta bi gehiago zor gisa eta zehapen gisa aterako dira kokatzeko, eta jokalariak txanda galduko du.
(99.) a) Anderea eta jaurtigailua batera zuloratzen badira jaurtiketa egoki batean, arbitroak anderea aterako du kokatzeko. Aurkariak C/f bat aterako du hura kokatzeko, eta jokalariak bere txandari jarraituko dio.
b) Anderea eta jaurtigailua batera zuloratzen badira jaurtiketa desegoki batean, arbitroak anderea aterako du kokatzeko. Aurkariak bi C/f aterako ditu kokatzeko, eta jokalariak txanda galduko du.
(100.) a) Anderea estaltzerakoan, jaurtigailua soilik zuloratzen bada jaurtiketa egoki batean, anderea aterako da kokatzeko. Jokalari arau-hauslearen C/f bat zor gisa aterako du aurkariak, eta jokalariak txanda galduko du.
b) Anderea estaltzerakoan, jaurtigailua soilik zuloratzen bada jaurtiketa desegoki batean, anderea aterako da kokatzeko. Jokalari arau-hauslearen bi C/f zor eta zehapen gisa aterako ditu aurkariak, eta jokalariak txanda galduko du.
(101.) a) Anderea estaltzerakoan jaurtiketa egoki batean, jokalari batek jaurtigailua eta bere C/f-k zuloratzen baditu, aurkariak horrela zuloratutako C/f-k gehi bat, zor gisa, aterako ditu kokatzeko. Hala ere, jokalariak bere txandari jarraituko dio. Hurrengo jaurtiketa horretan C/f-rik ez badu zuloratzen, anderea ez da estalitzat joko, eta atera egingo da kokatzeko.
b) Anderea estaltzerakoan, jokalari batek bere jaurtigailua eta bere C/f-k zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, aurkariak horrela zuloratutako C/f-k gehi bi, zor eta zehapen gisa, aterako ditu kokatzeko, eta jokalariak txanda galduko du. Arbitroak anderea aterako du kokatzeko.
(102.) a) Anderea estaltzerakoan, jokalari batek bere azken C/f eta aurkariaren azken C/f zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, 3 puntu emango zaizkio. Puntuazioa 22 edo gehiagokoa bada, puntu 1 irabaziko du.
b) Anderea estaltzerakoan, jokalari batek bere azken C/f eta aurkariaren azken C/f zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, aurkariak 3 puntu irabaziko ditu. Puntuazioa 22 edo gehiagokoa bada, puntu 1 irabaziko du. Eskatzen bada, aurkariari puntu gehigarri bat emango zaio jaurtiketa desegokiagatik.
(103.) a) Anderea estaltzerakoan, jokalari batek aurkariaren azken C/f zuloratzen badu jaurtiketa egoki batean, eskua galduko du C/T-n geratzen zaizkion C/f-k adina puntuz, anderearen puntuekin batera. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, C/f-k adina puntuz baino ez du galduko.
b) Anderea estaltzerakoan, jokalari batek aurkariaren azken C/f zuloratzen badu jaurtiketa desegoki batean, eskua galduko du C/T-n geratzen zaizkion C/f-k adina puntuz, anderearen puntuekin batera. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, C/f-k adina puntu baino ez du galduko. Eskatzen bada, aurkariari puntu bat gehiago emango zaio.
(104.) a) Jokalari batek anderea bere azken C/f-rekin eta aurkariaren azken C/f-rekin batera zuloratzen badu jaurtiketa egoki batean, jokalariak 3 puntuz irabaziko du eskua. Puntuazioa 22 edo gehiagokoa bada, puntu 1ez irabaziko du.
b) Jokalari batek anderea bere azken C/f-rekin eta aurkariaren azken C/f-rekin batera zuloratzen badu jaurtiketa desegoki batean, aurkariak 3 puntuz irabaziko du eskua. Puntuazioa 22 edo gehiagokoa bada, puntu 1ez irabaziko du. Eskatuz gero, puntu gehigarri bat emango zaio.
(105.) a) Jokalari batek bere eta aurkariaren azken C/f-k zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, anderea C/T-n dagoen bitartean, aurkariak 3 puntu jasoko ditu. Puntuazioa 22 edo gehiagokoa bada, puntu bakarra emanen zaio.
b) Jokalari batek bere eta aurkariaren azken C/f-k zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, anderea C/T-n dagoen bitartean, aurkariak 3 puntu jasoko ditu. Puntuazioa 22 edo gehiagokoa bada, puntu bakarra emanen zaio. Eskatzen bada, aurkariak puntu gehigarri bat jasoko du.
(106.) a) Jokalari batek aurkariaren azken C/f zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, anderea C/T-n dagoen bitartean, eskua galduko du C/T-n geratzen zaizkion C/f-k adina puntuz, anderearen puntuekin batera. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, C/f-k adina puntuz baino ez du galduko.
b) Jokalari batek aurkariaren azken C/f zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, anderea C/T-n dagoen bitartean, eskua galduko du C/T-n geratzen zaizkion C/f-k adina puntuz, anderearen puntuekin batera. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, C/f-k adina puntuz baino ez du galduko eskua. Eskatzen bada, aurkariak puntu gehigarri bat jasoko du.
(107.) a) Jokalari batek bere azken C/f zuloratzen badu jaurtiketa egoki batean, anderea C/T-n utzita, eskua 3 puntuz galduko du. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, puntu batez galduko du.
b) Jokalari batek bere azken C/f zuloratzen badu jaurtiketa desegoki batean, anderea C/T-n utzita, eskua 3 puntuz galduko du. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, puntu batez galduko du. Eskatzen bada, aurkariak puntu gehigarri bat jasoko du.
(108.) a) Jokalari batek bere azken C/f jaurtigailuarekin batera zuloratzen badu jaurtiketa egoki batean, anderea C/T-n utzita, eskua 3 puntuz galduko du. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, puntu batez galduko du. Puntu gehigarri bat esleituko zaio zuloratutako jaurtigailuagatik, aurkariak hala eskatzen badu.
b) Jokalari batek bere azken C/f jaurtigailuarekin batera zuloratzen badu jaurtiketa desegoki batean, anderea C/T-n utzita, eskua 3 puntuz galduko du. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, puntu batez galduko du. Eskatzen bada, aurkariak bi puntu gehiago jasoko ditu.
(109.) a) Jokalari batek anderea, bere azken C/f, aurkariaren azken C/f eta jaurtigailua batera zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, jokalariak 3 puntuz galduko du eskua. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, puntu batez galduko du. Puntu gehigarri bat esleituko zaio zuloratutako jaurtigailuagatik, aurkariak hala eskatzen badu.
b) Jokalari batek anderea, bere azken C/f, aurkariaren azken C/f eta jaurtigailua batera zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, jokalariak 3 puntuz galduko du eskua. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, puntu batez galduko du. Eskatzen bada, aurkariak bi puntu gehigarri lortuko ditu.
(110.) a) Jokalari batek bere eta aurkariaren azken C/f-k eta jaurtigailua batera zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, eskua puntu batez galduko du, anderea berak estali badu. Puntu gehigarri bat emango zaio zuloratutako jaurtigailuagatik, aurkariak hala eskatzen badu.
b) Jokalari batek bere eta aurkariaren azken C/f-k eta jaurtigailua batera zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, eskua puntu batez galduko du, anderea berak estali badu. Bi puntu gehigarri emango zaizkio, aurkariak hala eskatzen badu.
(111.) a) Jokalari batek bere aurkariaren azken C/f eta jaurtigailua batera zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, anderea C/T-n utzita, eskua galduko du C/T-n dituen C/f kopuruaz gehi anderearen balioaz. Puntuazioa 22 edo gehiagokoa bada, C/f kopuruaz bakarrik galduko du. Puntu gehigarri bat emango zaio zuloratutako jaurtigailuagatik, aurkariak hala eskatzen badu.
b) Jokalari batek bere aurkariaren azken C/f eta jaurtigailua batera zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, anderea C/T-n utzita, eskua galduko du C/T-n dituen C/f kopuruaz gehi anderearen balioaz. Puntuazioa 22 edo gehiagokoa bada, C/f kopuruaz bakarrik galduko du. Eskatuz gero, aurkariak bi puntu gehiago jasoko ditu.
(112.) a) Jokalari batek bere eta aurkariaren azken C/f-k eta jaurtigailua batera zuloratzen baditu jaurtiketa egoki batean, eskua 3 puntuz galduko du, anderea aurkariak estali badu. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, puntu bat lortuko du. Puntu gehigarri bat emango da, aurkariak hala eskatzen badu.
b) Jokalari batek bere eta aurkariaren azken C/f-k eta jaurtigailua batera zuloratzen baditu jaurtiketa desegoki batean, eskua 3 puntuz galduko du, anderea aurkariak estali badu. Aurkariak 22 puntu edo gehiago baditu, puntu bat lortuko du. Bi puntu gehigarri emango dira, aurkariak hala eskatzen badu.
(113.) Anderea zuloaren ahoan arriskuz badago eta edozein arrazoirengatik zulora erortzen bada, (behar bezala) zuloratu egin dutela ulertuko da.
(114.) Jokalari batek ez du zorreko eta/edo zehapeneko C/f erabiliko anderearekin jaurtiketa egiteko. Erabiltzen badu, arbitroak zuzentzeko eskatuko dio. Falta bat deklaratuko da arauen arabera.
XVI. Orokorra
(115.) Jaurtiketa bat jaurtigailu baten bidez baino ez da egingo. Jokalariak ekarriko du jaurtigailua, eta arbitro nagusiak/arbitroak egiaztatuko du, jokatu aurretik.
(116.) Jaurtiketa batean, jaurtigailuak C/T-ren gainetik jauzi egiten badu, jokalariaren txandak aurrera egingo du baldin eta bere C/f-ren bat eta/edo anderea zuloratu baditu jaurtiketa horretan.
(117.) Beste jaurtigailu bat onartuko da partida batean, arbitro nagusiak/arbitroak behar bezala onetsia, orduko eskua bukatu ondoren. Hala ere, eskuaren erdian jaurtigailua kaltetzen bada, alda daiteke jaurtiketa hori bukatu ondoren.
(118.) a) Ezarri ondoren, C/T-ren posizioa ez da aldatuko partida erdian.
b) Hala ere, aztertu ondoren edozein aldaketa egiteko autoritate bakarra, edozein jokalarik eskatuta, arbitroa da.
(119.) Partida baterako esleitzen den C/T, C/T ezartzen den euskarria edo mahaia eskua bukatutakoan bakarrik aldatu ahal izango da. C/T, euskarria edo mahaiaren egoera erabakitzeko eskumen bakarra arbitroaren esku dago.
(120.) Kaltetutako C/f guztiak, ordezkatzea eskatzen bada, arbitroak ordezkatuko ditu kaltetutako C/f-ren jatorrizko posizioan, ahal den neurrian.
(121.) a) Denbora gelditu egiten da, jokaldian zehar, jokalari batek arbitroari eskaera bat egiten dionean. Jokaldiak ez du jarraituko, ez badu arbitroak 'jokatu' agindu.
b) Hori hausten duen jokalariak eskua galduko du, C/T-n geratzen zaizkion C/f kopuruaz, anderearen puntuekin C/T-n badago, arauen arabera.
(122.) a) Txanda duen jokalariak uniformeki aplikatuko du hautsa, joko-eremuan hasi baino lehen. Hautsa ez da gehiegi edo gutxiegi erabiliko.
b) i) Hautsa ez da aplikatuko eta ez da ezabatuko arbitroak 'jokatu' iragarri ondoren.
ii) Ez da baimenik emango joko-eremuko hautsa kentzeko edo garbitzeko.
iii) Ezin izango da hautsik kendu joko-eremutik, puztuta, garbituta edo beste edozein modutan. 122. arauko b) letrako i), ii) eta iii) atalen arau-haustearen kasuan, falta deklaratuko da arau-hauslearen kontra, arauekin bat etorriz.
c) Hala ere, jokalari batek bere aldeko oinarrizko lerroetan eta oinarrizko zirkuluetan gehiegizko hautsa ezaba dezake jokatzeko txandan, jaurtigailuaren laguntzaz soilik.
d) Arbitroak joko-eremuan hautsaren aplikazio uniformea kontrolatzeko eskubidea izango du.
e) Jokatzen ari direla, C/T-ko hautsa, intsektuak eta abar kentzeko eskatu behar zaio arbitroari.
(123.) Jaurtiketa bat amaitutzat jotzen da jaurtigailua eta jaurtigailuak mugiarazitako C/f-k eta/edo anderea gelditu ondoren. Jokalariak jaurtigailua jaurtiketa amaitu eta berehala kenduko du C/T-tik. Arbitroak lagun dezake, eskatuz gero.
(124.) a) Jokalari batek bere C/f-k eta/edo anderea zuloratu bitartean, jaurtiketa amaitu bezain laster hasiko da denbora-kontaketa.
b) Hala ere, jaurtiketa batean, jokalari batek ez badu bere C/f-rik eta/edo anderea zuloratzen, aurkariarentzako denbora-kontaketa jaurtigailua C/T-tik kendu ondoren hasiko da.
c) Jokalari batek ez du jaurtiketa egingo aurkariak jaurtigailua C/T-tik jaso baino lehen.
(125.) a) Jokalari batek bere aurkariaren C/f-k nahita edo jakin gabe zuloratzen dituenean, arbitroak eragotziko du jokalariak jokatzen jarraitzea.
b) Arbitroa edo aurkaria ez badira konturatzen, zuloratutako C/f-k behar bezala zuloratu dela ulertuko da. Jokalariaren txanda nabaritzen denean galduko da.
(126.) a) Jokalariak ez du C/T nahita edo bestela jo, astindu edo aztoratuko. Egiten bada, arau-hauslearen kontrako falta deklaratuko da, arauen arabera.
b) Hala ere, jokalariak hori egiten badu C/f-k berriro antolatzea ezinezkoa egiteko moduan, eskua galduko du, C/T-n dituen C/f kopuruaz gehi anderearen puntuekin, arauen arabera.
(127.) a) Jaurtiketa bat gertatu dela ulertuko da jaurtigailua irristatzen bada, edozein oinarrizko lerro edo oinarrizko zirkulu utzita, C/f-ren bat ukitu duen edo ez kontuan hartu gabe.
b) Hala ere, jaurtigailua irristatu egiten bada eta oinarrizko lerrorik edo zirkulurik uzten ez badu edo C/f-rik mugitzen ez badu, ez da jaurtiketa gertatu dela ulertuko.
(128.) Jokalari batek bere txandan bakarrik jakin dezake arbitroaren puntuazioa.
(129.) Jokalari batek ez du aurkaria distraituko, inola ere ez.
(130.) a) Jaurtiketa batean, jaurtigailuak bi oinarrizko lerroak ukitu behar ditu.
b) jaurtiketa oinarrizko zirkulutik egiten bada, jaurtigailuak oinarrizko zirkulua erabat estali behar du, baina ez du gezirik ukituko.
(131.) Binakakoetan, esku batean zehar, taldekideei ez zaie uzten mintzatzen edo keinuen bidez hitz egiten. Horren aurkako edozein arau-hauste falta batekin zigortuko da, arauen arabera.
(132.) Jokalariek ez dute ikusleekin hitz egingo joko batean, arbitroaren baimenik gabe.
(133.) Jokalariak, bere txandan, ez du inongo material solidorik izango eskuetan, jaurtigailua izan ezik.
(134.) C/f-k eta/edo anderea ez dira mugituko edo aldatuko hasiera ondoren, jaurtiketa baten bidez izan ezik. Ukituz gero, mugituz gero edo aldatuz gero, arbitroak jatorrizko posizioan kokatuko ditu, ahal den neurrian, eta arau-hauslearen aurkako falta deklaratuko da, arauekin bat.
(135.) Jaurtigailuaren funtzionamendua ez da probatuko joko-eremuan esku batean zehar.
(136.) a) Jokalariak ez du bere jaurtigailua markoan edo C/T-ko zuloan gordeko eskuan zehar.
b) Hala ere, jokalariari baimena emango zaio jaurtigailua eta/edo C/f C/T-ren joko-eremuan jartzeko, bere oinarrizko lerroetatik gertu bakarrik, zorreko edo zehapeneko C/f kokatzen duen bitartean.
(137.) Jokalariek hiru aldiz jarraian pasatzen badute txanda, esku hori bertan behera utzi eta berriz jokatuko da.
(138.) 10 minutuko tartea egongo da bigarren eta hirugarren jokoen artean.
(139.) Jokalari batek jokoa eta/edo partida eman dezake edozein fasetan.
(140.) Arbitroaren kontroletik kanpo ustekabekoren bat gertatuz gero, eskua berriz jokatuko da.
(141.) Eskuak dirauen bitartean jaurtiketa baten ondorioz C/f bat kaltetzen bada, kaltetutako C/f-ren zati handienaren kokapena hartuko da kontuan ondorio guztietarako, eta arbitroaren erabakia behin betikoa izango da.
(142.) C/f oinarrizko lerroetan/oinarrizko zirkuluetan badago, jokalariari jaurtiketa bat egitea eragotziz bere jaurtigailua kokatzeko lekurik ez duelako, esku hori berriz jokatuko da.
XVII. Partida osoa galtzea
(143.) Jokalariak partida osoa galdu ahal izango du diziplinarik gabeko edozein ekintzarengatik eta/edo ondoko edozein egintzarengatik:
a) Partida-taularen eremua (3,05 metro) uztea jokoan zehar, arbitroaren baimenik gabe.
b) Joko erabakigarrian, gainerakoei emandako denbora-muga ez betetzea partida batean.
c) Ez onartzea arbitroaren edo arbitro nagusiaren erabakia.
d) Iruzkin iraingarriak egitea arbitroaren, arbitro nagusiaren eta/edo agintarien kontra partidaren aurretik edo bertan edo ondoren.
e) Erretzea edo gaizki usaintzea jokatzen duenean, edari intoxikatzaileen ondorioz eta/edo drogen eraginpean.
f) Egiaztatu gabeko jaurtigailu batekin jokatzea.
g) Partida batean zehar jokaldia etetea, arbitroaren baimenik gabe.
h) Jokatzen ari den bitartean, aurkariaren arreta bi aldiz baino gehiagotan distraitzea, arbitroak ohartarazi arren.
i) Arbitroari partidaren berri ez ematea partida iragarri eta 15 minutuko epean.
XVIII. Kexak
(144.) Kexa guztiak txapelketako idazkariari idatziko zaizkio, eta arbitro nagusiaren/arbitroaren bidez aurkeztuko dira, jokalariak/kapitainak edo taldeko zuzendariak behar bezala sinatuta.
(145.) Ahozko kexaren berri emanen zaio arbitroari, intzidentea gertatu eta berehala, eta ezarritako azterketa-kuotarekin batera. Ez da kexarik kontuan hartuko azterketa-kuota ordaindu gabe.
(146.) Kexa idatzia 15 minutuko epean aurkeztuko da, eskua bukatzen denetik.
(147.) Kexak gertaerak besterik ez du jasoko, gertatu ziren bezala, arbitro nagusiaren/arbitroaren erabakia eta kaltetutako alderdiak errekurritutako puntua.
(148.) Hizkuntza zakar eta larrizko kexa modu laburtuan errefusatuko da, eta diziplina-neurriak eskatuko dira.
(149.) Behin kexa aurkeztuta, ezin izango da atzera egin.
(150.) Kexa bat erregistratu eta entregatu ondoren, jokoak gelditu zen unetik jarraituko du. Partidaren emaitza ez da iragarriko kexa aztertu arte.
(151.) a) Kexa berresten bada, partidak kexa aurkeztu zen eskuaren hasieratik jarraituko du, eta azterketa-kuota itzuliko da.
b) Kexa ezeztatuz gero, lortutako emaitzari eutsiko zaio, eta azterketa-kuota gauzatuko da.
c) Txapelketako agintarien erabakia alderdi interesdunei jakinarazi behar zaie ordubeteko epean, kexa aurkeztu zenetik.
Iturriak
Frederic V. Grunfeld: Juegos de todo el Mundo. UNICEF Edilan, Madril, 1978.
Richard Lablée: Le Carrom ou Billard indien. Bornemann, Paris, 2003.
Eskuko arauak: A P Publishers.
All India Carrom Federazioa (AICF): http://www.indiancarrom.co.in/laws-of-carrom/ (2022-04-01)
Wikipedia