crokinole
Lehenengo crokinole-taula Eckhardt Wettlaufer-ek egin zuen 1876an, Ontarioko Perth County-n, Kanada. Garai berean egindako taula gehiago aurkitu dira 1990etik.
Crokinole izena frantsesezko croquignole hitzetik dator. Horrekin adierazten da hatzekin ematen den koskorrekoa, eta horrek dirudi jokoaren izenaren jatorria.
Munduko Crokinole Txapelketa (WCC) urtero egiten da ekainaren lehen larunbatean, Tavistock-en, Ontario.
Osagaiak eta hasiera
Taula zirkular bat, 77 cm-ko diametrokoa.
Hamabi fitxa argi eta hamabi fitxa ilun
Jokoaren helburua 100 puntu lortzea, hainbat partidatan behar izanez gero.
Arauak
Jokalariak aurrez aurre jarriko dira jaurtiketa-sektore baten (zirkulu-laurden baten) aurrean.
Oharra: txapelketa ofizialetan, jokalariek eserita egon behar dute; bere txandan, debekatuta dago joko taula, mahaia edo bere aulkia mugitzea; egoera deserosoa bada ... zoritxarra, horrela egin behar da! Zure aulkitik mugi zaitezke, baina partzialki eserita egon behar duzu.
Jokalari bakoitzak bere hamabi fitxa hartuko ditu eta taularen alboan jarriko ditu.
Lehen jokalaria zoriz aukeratzen da.
Bere txandan, jokalari batek fitxa bat jarriko du bere jaurtiketa-sektoreko kanpoko lerroaren gainean. Ondoren, jaurti egingo du koskorreko batez. Bi kasu gerta daitezke:
- Aurkariaren fitxarik ez dago taulan
Jokalaria saiatuko da bere fitxa erdiko zuloan jartzen:
- Lortzen badu, fitxa taulatik berehala kenduko du, eta partidaren bukaeran 20 puntu jasoko ditu.
- Ez badu lortzen, 15 puntuko eremuan gelditu behar da (lerroa ukituz baino ez bada ere) jokoan egoteko, bestela taulatik kendu eta erretenean kokatuko da.
Bidean bere fitxaren bat edo gehiago jotzen badu, gutxienez, mugitutako fitxa batek 15 puntuko eremuan amaitu beharko du mugimendua baliozkoa izan dadin (bestela, jaurtitako fitxa eta jotako fitxa guztiak taulatik kendu eta erretenean jarriko dira).
- Gutxienez, aurkariaren fitxa bat dago taulan
Jokalariak bere fitxarekin derrigorrez jo beharko du aurkariaren fitxa bat. Bere fitxak jo ditzake, betiere bere fitxa batek aurkako fitxa bat ukitzen duen bitartean.
Jaurtitako fitxak ez badu aurkariaren fitxarik ukitzen, taulatik kenduko da eta erretenean jarriko da.
Jaurtitako fitxak bere fitxa bat edo gehiago jotzen badu taulan, baina ez badu aurkariaren fitxarik ukitzen, jaurtitako fitxa eta ukitutako bere fitxa guztiak taulatik kenduko dira eta erretenean jarriko dira.
Oharra: fitxa batek errebotez aurkariaren fitxa bat erdiko zuloan sartzen badu, azken hori taulatik aterako da eta 20 puntuak aurkariak irabaziko ditu.
Taulatik egotzitako fitxa oro, norberarena edo aurkariarena, erretenean geratuko da.
Era berean, bere mugimenduaren amaieran 5 puntuko eremuaren kanpoko marra ukitzen duen edozein fitxa taulatik atera behar da eta erretenean jarri.
Jokalariak txandaka arituko dira, 24 fitxak jokoan jarri arte.
Puntuen zenbaketa
Jokalari bakoitzak erdiko zuloan sartu diren bere fitxen puntuak (20 puntu bakoitzeko) batuko ditu, baita taulan geratzen zaizkion fitxenak ere (bi zona banatzen dituen lerroaren gaineen dagoen fitxa batek puntu gutxien duen zonaren puntuak lortzen ditu; adibidez, 10 eta 15 zonen arteko lerroan badago, 10 puntu jasoko ditu).
Ondoren, lortutako bi puntuazioen arteko aldea kalkulatzen da. Adibidez, Lehen jokalariak, guztira, 45 puntu lortu baditu, eta bigarrenak 25, lehen jokalariak 20 puntu jarriko ditu bere kontagailuan.
Behar adina partida jokatuko dira jokalari batek 100 puntu edo gehiago lortu arte.
Lau jokalarirentzako arauak
Bi jokalariko bi talde jokatuko dute.
Talde bereko jokalariak aurrez aurre jarriko dira, eta seina fitxarekin hasiko dira.
Erlojuaren orratzen noranzkoan jokatzen da.
Gainerako arauak berdin mantentzen dira.
Iturriak
Eskuko arauak.