dablot prejjesne
Dablot prejjesne joko samia da. Robert Charles Bell-ek Nils Keyland-en artikulu batetik jaso zuen joko honi buruzko informazioa eta, bere ustez, ingelesezko lehen deskribapena eman zuen 1973ko Discovering old board games liburuan. Frostviken (Suedia) herriko samiak aritzen ziren jokoan eta alkerke eta tablut jokoen nahasketa dirudi. Jokoaren hainbat aldaera jokatu dira hainbat lekutan samien herrian.
Jokoari ematen zaion beste izen bat dablo da. Dablo hitza sami ez den saiakera bat da hegoaldeko samizko daabloe hitza eta lule samizko dábllo hitza emateko. Hitz horrek “taula-joko” edo “joko-taula” besterik ez du esan nahi. Hegoaldeko samizko daabloe hitzak "sare-eredu" ere esan nahi du.
Dablot prejjesne izenak, Bellen arabera, “taula batean dabloan aritzea” esan nahiko luke. Dablot hitza tablut hitzarekin, eta hori tabula hitzarekin, lotuta dago eta prejjesne hitza “taula” gisa ematen da.
Finlandiarrak 1000. Urte inguruan iritsi ziren samien lurraldera eta samiak hegoaldetik, herrialdearen zati emankorrenetik, irtetera behartu zituzten. Gatazka saihestezina izan zen finlandiarren nekazaritzaren bizimodu finkatuaren eta samien talde nomaden artean. Dablot prejjesne jokoak gatazka hori islatzen du. Jokalari baten piezek sami nomaden tribu bat islatzen dute, eta bestearenek lur-eremu batean finkatutako nekazariak.
Keylandek ikusi bide zuen taula izei-ohol bat izan zen, non hogeita hamar karratu, beren diagonalekin, marraturik baitzeuden, eta hirurogeita hamabi posizio sortzen zituzten, bidegurutze guztiak. Joko honetako lehiakideak sami tribu nomada bat eta lurra lantzen duen jende egonkorra dira.
Piezak zur landuzkoak ziren. Jokalari batek zortzi gerlari sami zituen, horiz pintatuak, eta hazbeteko altuera ingurukoak, kasko puntazorrotzekin. Gainera, printze samia zuen, gudariak baino handixeagoa eta bi eraztunekin markatua, eta errege samia, handiagoa eta hiru eraztunekin. Errege samiak eta haren semeak ez zuten kolorerik.
Beste jokalariak hazbete bateko zortzi maizter nekazari zituen, gorriz margotuta eta adardun kaskoekin zeramatzaten. Handiagoa den lurjabearen semea bi xingolaz bereizten zen, eta are handiagoa zen haren aita lurjabea hiru xingolarekin. Lurjabea eta haren semea marroiak ziren, kaskoak eta eraztunak izan ezik, gorriz jaso baitziren.
Kontsultatutako iturriak ez datoz bat bi pieza nagusien posizioetan, biak trukatuta agertzen dira iturriaren arabera.
James J. Bond-ek jokoaren bi aldaera aipatzen ditu. Vilhelmina (Suedia) herriko dablot dåres aldaerak 6×6 laukiko taula erabiltzen du eta ez dauka printze/seme izeneko pieza; horrez gain, joko horren hasierako bi posizio ematen ditu. Åsele (Suedia) herriko dablot åsele aldaerak 4×4 laukiko taula erabiltzen du eta ez du printze/seme izeneko pieza.
Osagaiak eta hasiera
6×5 laukiko taula batean jokatzen da, lauki guztien diagonal guztiekin.
Bi jokalariek hogeita hamarna pieza dituzte, gorriak eta horiak, hogeita zortzi gerlari/maizter, printze/seme bat eta errege/lurjabe bat.
Hasieran, hogeita zortzi gerlari/maizter lehenengo bi ilarako bidegurutze guztietan daude, diagonalen artekoak barne, eta printzea/semea eta erregea/lurjabea eskuineko lehen bi bidegurutzetan.
Helburua aurkariaren piezak harrapatzea edo ibilgetzea da.
Arauak
Jokalariek erabakiko dute zein hasten den.
Pieza guztiak aldameneko posizio huts batera mugi daitezke norabide guztietan, ezker-eskuin, aurrera eta atzera edo diagonaletan, lerroen gainetik.
Harrapaketak
Pieza batek aurkako pieza bat harrapa dezake harrapatu nahi duen piezaren gainetik atzean dagoen posizio huts batera jauzi eginez, eta harrapaketak katea ditzake. Harrapatutako piezak harrapatu ahala taulatik kanporatuko dira.
Harrapaketak ez dira derrigorrezkoak. Eta, mugimendu batean, harrapaketa batzuk egin badaitezke ere, ez da derrigorrezkoa guztiak gauzatzea.
Pieza bakoitzak bere mailako edo maila beheragoko piezak besterik ezin du harrapatu. Gerlari samiak eta maizter nekazariak maila berekoak dira, eta elkar harrapa dezakete, baina ez aurkariaren liderrak. Printze samiak eta lurjabearen semeak elkar harrapa dezakete, baita maizterrak eta gerlariak ere, baina ez aurkariaren liderra. Errege samiak eta lurjabeak elkar harrapa dezakete, baita beste pieza guztiak ere.
Jokoa jokalari bat suntsitzen denean edo amore ematen duenean bukatuko da.
Jokalari batek pieza nagusi bakarra badu eta besteak maila beheko pieza batzuk baditu, azkenak irabaz dezake lehena inguratuz eta mugimendu-ahalmenaz gabetuz. Hori ibilgetzez irabaztea da.
Bi jokalariak ahalmen bereko pieza bakar batekin geratzen badira, horietako batek “buruz buruko borroka” eska dezake, eta beste jokalariak derrigorrez onartu behar du. Piezak, orduan, elkarren kontra mugituko dira zuzeneko norgehiagokan, hau da, bide motzenetik, eta bi piezak ondoz ondo daudenean, hurrengo mugimendua duen jokalariak beste jokalariaren pieza harrapatu eta jokoa irabaziko du.
Aurreko araua ez da aplikatzen taulan errege samia eta lurjabea bakarrik geratzen badira, eta kasu horretan jokoa berdinketan bukatzen da.
Fitxa gehien harrapatzen dituen jokalariak irabaziko du. Azkenean, baliteke irabazteko irtenbide bakarra ibilgetzea izatea: ordezkaria edo kapitaina fitxen bidez ibilgetu.
Aldaerak
Mats Winther-ek hiru arau-aldaketa hauek proposatzen ditu: gerlariak/maizterrak aurrera baino ezin dira mugitu; gerlariek/maizterrek derrigorrez egin behar dituzte harrapaketak; nahikoa da erregea/lurjabea harrapatzea partida irabazteko.
Iturriak
Robert Charles Bell: Discovering old board games. Shire Publications Ltd, Botley, Oxford, 2008.
Robert Charles Bell: The Boardgame book. Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
H. L. Fourie: Board Games of the World. Amazon, 2009.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 1999.
El Mundo de los juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
Wikipedia (en)
Digital Ludeme Project Database: https://ludii.games/details.php?keyword=Dablot%20Prejjesne
Mats Winther: http://mlwi.magix.net/bg/dablot.htm
James J. Bond: Board and Pieces, Dablot Prejjesne: https://sites.google.com/site/boardandpieces/list-of-games/dablot-prejjesne