dai hasami shōgi
Dai hasami shōgi hasami sōghi jokoaren aldaera 9×9 laukiko taula batean jokatzen den joko japoniarra da.
Joko honetan, jokalariak 18 fitxarekin hasten du jokoa, eta hurbileneko bi lerroak hartzen ditu. Shōgi joko gehienek alde bakoitzean 9 peoi baino ez dituztenez, joko hau i-go jokoaren harri beltzak eta zuriak erabiliz egiten da. Gainera, i-go-taula bateko laurden bat (9×9 sarea) erabil daiteke shōgi-taula baten ordez.
Estrategia nabarmen aldatzen da fitxen lerrokatze diagonala onartzen bada.
Osagaiak eta hasiera
9×9 laukiko taula batean jokatzen da.
Bi jokalariek hamazortzina fitxa dituzte, zuriak eta beltzak.
Hasieran, fitxak norberaren lehenengo bi errenkadetan daude.
Jokalari batek bost fitxako lerro etengabea eraikiko du horizontalki edo bertikalki, eta fitxa horiek guztiak jokalari horren lehenengo bi lerroetatik kanpo egongo dira.
Arauak
Beltza mugitu egiten da lehenik, eta jokalariak txandaka aritzen dira gero.
Fitxa bat ezin da mugitu beste fitxa bat dagoen laukira.
Mugimenduak
Fitxak ortogonaletan mugitzen dira, bertikalean edo horizontalean, aurrera edo atzera, ezkerrera edo eskuinera, baina ez diagonalean; bidean fitxaren bat topatu arte mugi daitezke.
Fitxa batek jauzi egin dezake ondoko lauki batean, norabide ortogonaletan, edozein koloretako fitxa baten gainetik atzean dagoen lauki hutsera. Jauzitako pieza ez da harrapatzen. Ez dira onartuko txanda bereko jauzi anizkunak. Eta ezin da jauzi egin lauki huts eta fitxa baten gainetik mugimendu berean. Ezin da jauzi egin diagonalean.
Harrapaketak
Harrapaketa aurkariaren fitxa bat norberaren bi fitxen tartean sartuz egiten da, mugimendua harrapatzaileak egiten badu.
Harrapaketa aurkariaren fitxa bat taularen erpin batean bi aldetatik blokeatuz ere egin daiteke.
Mugimendu bakar batean hainbat fitxa harrapa daitezke, baldin eta aurkako fitxek jokalari harrapatzailearen bi fitxen artean lauki hutsik ez badute uzten.
Harrapatzea ez da derrigorrezkoa eta harrapatutako fitxak taulatik kentzen dira.
Jokalari batek segurtasunez mugi dezake fitxa bat aurkako bi fitxaren arteko lauki batera, harrapatua izan gabe. Era berean, fitxa bat aurkako bi fitxaz inguratutako fitxa lagunen katea osatzeko mugitzea segurua da; kate osoko fitxa bat ere ez da harrapatzen.
Fitxa batekin aurkako fitxen multzo desberdinak harrapa daitezke, bertikalean, horizontalean edo bietan aldi berean.
Helburua bost fitxa lerrokatzea da, bertikalean edo horizontalean, baina bost fitxek jokalariaren hasierako bi errenkadetatik kanpo egon behar dute.
Berdinketa gertatzen da jokalarietako bat lau fitxarekin geratzen bada.
Aldaerak
Irabazteko osatu behar den bost fitxako lerroa diagonalean ere onar daiteke.
Xakeko dorreak bezala mugitu beharrean, fitxek urrats bakar bat mugi dezakete ondoko lauki huts batera. Jokalari batek diagonalean bost fitxako lerroa eraikiz irabaz dezake (ortogonalez gain).
Jokalariek hainbat partida jokatzea ados dezakete. Kasu horretan, partida baten galtzaileak bakarrik jokatzen segituko du bost fitxako lerro bat osatu arte; orduan, lerroa osatzeko erabili behar izan duen mugimendu kopurua izango da bere puntuazioa. Partida guztiak jokatu eta gero, puntu gutxien dituen jokalariak irabaziko du.
Iturriak
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations, 1. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
H. L. Fourie: Board Games of the World. Amazon, 2009.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
David Pritchard: The family book of games. Brockhampton press, Leicester, 1994.
El Mundo de los juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
Wikipedia (en)
Digital Ludeme Project Database: https://ludii.games/details.php?keyword=Dai%20Hasami%20Shogi
https://brainking.com/es/GameRules?tp=73