denborazup-historia
2019 urtean Denborazup S.L. enpresak argitaratutako jokoa.
Joko honen bidez Euskal Herriko zenbait gertakari historiko ezagutu eta une egokian kokatzen ikasiko duzu. Izan ere, jokoan gertakariak denboran zehar kokatu beharko dituzu, une batetik abiatuta, txanponak adierazten duen noranzkoan, gora edo behera.
Osagaiak eta hasiera
Ehun eta hamar karta, ehun eta hamar gertakariekin. Txanpon bat, GORA eta BEHERA aukerekin.
Nahi adina jokalarik har dezakete parte.
Kartak pilo batean jartzen dira mahai-erdian, gertakarien data ahoz behera daudela.
Helburua kartarik gabe geratzea da.
Arauak
Jokalariek pilotik karta bana hartuko dute eta data gaur egunetik gertuen duena hasiko da. Kartak pilora itzuliko dira eta nahasiko dira.
Jokalari bakoitzak bost karta hartuko ditu, dataren aldea ikusi gabe, eta bere aurrean jarriko ditu, data behera dutela.
Jokoa hasteko piloaren gainetik karta hartu eta data ahoz gora jarri, hori da abiapuntua.
Jokalariek txandaka botako dute txanpona airera.
Lehen jokalariak txanpona botatzen duenean, jokalariek hiru aukera izango dituzte jokatzeko:
- Txanponak GORA adierazten badu, jokalari guztiek mahai gainean dagoen dataren ondoren duen gertakari bat jarri beharko dute.
- Txanponak BEHERA adierazten badu, jokalari guztiek mahai gainean dagoen dataren aurretik duen gertakari bat jarri beharko dute.
- Ez badu edo uste badu hori beteko duen gertakaririk ez duela, paso egingo du.
Jokalariek kartak mahai gainean jarri eta gero, biratu egingo dira gertakariaren data agerian utziz. Orduan, gertakariak ondo kokatuta dauden egiaztatuko dute:
- Gertakari bat egoki kokatu bada, gertakaria baztertuko da pilo batean, erabiliko ez diren karten piloan.
- Gertakari bat ez bada egokiro kokatu, erabiliko ez diren karten pilora baztertuko da eta karta oker jarri duen jokalariak bi karta hartuko ditu pilotik eta bere aurrean jarri hasieran bezala.
- Jokalari guztiek paso egin badute eta ados badaude, erdiko karta alda daiteke piloko lehenengo kartagatik. Piloko kartaren data ezin da begiratu erabaki baino lehen. Jokalari bat aldaketaren kontra badago, ezingo da erdiko karta aldatu.
Ondoren, hurrengo jokalariaren txanda izango da; aurreko jokalariaren eskuinekoak txanpona botako du eta berdin jokatuko dute.
Jokalari bat azken kartarekin geratzen denean, azken-aurrekoa jartzen duen momentutik DENBORAZUP esan behar du ozen. Ez badu esaten eta beste jokalariren bat konturatzen bada, beste karta bat hartu beharko du pilotik. DENBORAZUP garaiz esaten badu, ez da ezer gertatuko.
Jokalari bat kartarik gabe geratzen bada, irabaziko du. Bi jokalari edo gehiago kartarik gabe geratzen badira aldi berean, hiruna karta hartuko dituzte pilotik, horietako bat aukeratuko du bakoitzak eta mahaian utziko du; erdiko kartaren datatik gertuen dagoen gertakari duena, azpitik edo goitik, izango da irabazlea.
Partidan zehar bi gertakarik data bera izan dezakete. Kasu horretan ontzat emango da jarritako gertakaria.
Karta batzuk bereziak dira goiko eskuin aldean izar bat dutelako. Jokalari batek karta hori erabiltzen badu txandan, eta ondo jartzen badu, jokalariak bi aukera izango ditu:
- Erdiko karta alda dezake, pilotik beste bat ateraz eta zegoena alboratuz.
- Pilotik karta bat hartu eta nahi duen jokalariari eman karta bat gehiago izan dezan.
Erdikoa bada karta berezia, ez du eraginik izango.
Txanda berean jokalari batek baino gehiagok karta bereziak erabiltzen badituzte, ordenan hasiko dira jokatzen, txanpona bota duen jokalaria eta hortik eskuinera.
Aldaerak
Bakar-joko gisa ere erabil daiteke. Horretarako, karta bat jarriko da mahai gainean eta lau hartuko ditu jokalariak. Txanpona bota eta horren arabera gertakari bat jarriko du gainetik edo azpitik. Horrela segituko du, txanpona botatzen eta gertakariak kokatzen, kartarik gabe geratu arte. Arau bereziek ez dute eraginik izango. Bukaerako emaitza ezagutzeko, azpiko taula begiratu:
4 karta erabiliz | Bikain |
5 karta erabiliz | Oso ondo |
6 karta erabiliz | Ondo |
7 karta erabiliz | Saiatu da |
8 karta erabiliz | Ikasi pixka bat gehiago |
9 karta erabiliz | Segi jolasten |
Gertakari guztiak, urtearen arabera ordenaturik, jartzen badituzu Euskal Herriko historiaren kronograma bisual bat lortuko duzu.
Jatorrizko arauetan, txanda bakoitzean erdiko gertakariaren ondoan jokalariek jartzen dituzten gertakariak pilo batera baztertzen dira. Hortaz, txanda bakoitzaren hasieran erdiko gertakaria baino ez dago. Gure ustez, jokoak irabaziko luke txanda bakoitzean jartzen diren gertakariak bertan uzten badira hurrengo txandarako, segida luzea osatuz. Horrek partida batean erabiltzen diren gertakari guztiak denboran zehar kokatzeko aukera ematen du. Kontuan izan, gainera, txanda batean jartzen diren gertakari berriak erdiko gertakariarekiko ez ezik, gainerako gertakariekiko ere ondo kokatu behar direla, jokoari zailtasun maila altuagoa emanez.
Iturriak
Eskuko arauak: DenboraZup SL, www.denborazup.eus (2021-02-23)