duodecim scripta
Kondairak dio pessoi (fitxak) jokoa dela Palamedes Argoskoak gizateriari emandako oparietako bat, zenbakiekin, taktikekin eta alfabetoarekin batera. Kondaira o.a.a. V. mendean zabaldu zen eta bere jatorria VI. mendean izan lezake.
Baina, zer dakigu greziarren jokoei buruz? Homerok ezkongaiak aipatu zituen fitxetan jokatzen, Atenaren begien azpian. Hala ere, Homerok ez zuen hitzik Egiptoko hilobietako dadoak izendatzeko. Ordea, Platonen garaian bertan zeuden eta berak kuboi zeritzen. Beraz, badirudi Homeroren mendearen eta Platonen mendearen artean agertu zirela Grezian, hots, VII. eta IV. mendeen artean. VI. mendeko greziarrak hiru jokotan aritzen ziren: dadoetan, petteia-n eta hiriaren jokoan. Platonek bi taula-joko aipatzen ditu: petteia harri-koskorrekin taula karratu batean jokatzen zen; kubeia edo kuboi dadoekin lotuta dago, eta dado-jokoak orokorrean edo dadoekin jokatzen zen joko bat izan daiteke. Greziarren dadoen jokoak, kuboi izen orokorrarekin, zoria eta beharra lotzen zituen. Platonek, o.a.a. 380 urtean, prozesu hori aipatu zuen esaten zuenean arrazoiak mina lagundu behar zuela:
- Zeri buruz ari zara zu? - Iritsi zaigun honi buruzko hausnarketaz. Dadoen jaurtiketa batean bezala, egokitu zaigun patuaren arabera, gure arazoak zuzendu behar ditugu, arrazoiak hoberen gisa aholkatzen dituen moduan.
Ideia hori bera aurki dezakegu karta-jokoetan, dominoan, eta abarretan. Joko hau bizitzaren gertakarien moldaketa batetik etor zitekeen, edo kalkulu-tresna baten garapenetik, edo kanpotik etorritako joko baten egokitzapen batetik. Edozein kasutan, jokoaren mekanismoa oso ona zen; izan ere, aukera ematen zion jokalariari pentsatzeko bere patuaren jabea zela.
Adituak ez datoz bat ezta greziarrek beren jokoei ematen zieten izenetan. Filemon-ek (o.a.a. IV.-III. mende artean) honela zioen: “zurrutean dabil, diagrammismos-ean aritzen da, dadoetan aritzen da”. Baina, garai berean, Platonek baieztatzen du bere jatorri egiptoarra eta kuboi, dadoak, hitza erabiltzen du. Polux-ek, o.a. II. mendeko idazleak, dio diagrammismos jokoari lehenago grammai edo marren jokoa deitzen ziotela eta errota motako jokoetatik gertuago zaukan lasterketa-jokoetatik baino. Austin-ek iradoki zuen diagrammismos lasterketa-joko bat zela; eta Murray-k dio, arrazoia emanez, grezierazko grammai hitza bat datorrela Erromako scripta hitzaren erabilerarekin.
Ez dago idatzizko deskribapenik, baina Palestrinan aurkitutako o.a.a. III. edo II. mendeko ispilu baten atzealdeko irudian horrelako joko bat agertzen dela dirudi. Irudian bi gazte ikusten dira jokoan. Taulan hamabi marrak baino ez dira agertzen. Badirudi mutila dadoak jaurtitzera doala eta ezin itzulizko ofeinod esaten duela; neskak devincamted erantzuten dio, hots, “uste dut irabazi dizudala”. Froga arkeologiko gehiagorik gabe, ezin da ziurtatu joko honek hamabi marra izan zituenik Grezian. Baina, aurreko joko egiptoarren eta hurrengo joko erromatarren arteko antzak hori iradokitzen du.
Beranduago zabalduko zen jokoa erromatarren artean ludus duodecim scriptorum edo duodecim scripta izenpean; XX. mendearen hasieran 200 taula baino gehiago zeuden erroldatuta, o.a. 150 eta 400 urteen artean, 100 baino gehiago Erroman bertan. Gehienak katakonbetako horma-hilobiak ixteko marmol berrerabiliak ziren, baita beste erabileretako marmolak ere. Ludeme datu-basean ia ehun taula daude Mediterraneo inguruan, eta baten bat gehiago Suitzan, Alemanian, Danimarkan eta Galesen. Guztiak o.a.a. 100 eta o.a. 699 urteen artean datatuta daude.
Taulak hamabi espazioko hiru errenkadek osatzen dituzte; espazioak erditik daude banaturik etenune bertikal batez. Espazioak zirkuluak, laukiak, zuloak, hostoak edo letrak izan daitezke; eta etenunean lerroak, gurutzeak, zirkulu handiak edo beste irudi geometriko batzuk ager daitezke. Galesko Holt-en, XX. legioko soldadu erromatar batena omen den o.a. II. mendeko taula bat aurkitu zen. Hamabi irudiko hiru lerro ditu, irudi geometrikoz bitan banaturik; kanpoko lerroetan, irudiak huntz hostoak dira eta zirkuluerdi batez banaturik daude; erdiko lerroan, hamabi bikote babarrun daude zirkulu batez banaturik. Palamedes-ek zenbakiak eta letrak asmatu zituen, kondairaren arabera; alea jokoak edo dado-jokoak zenbaki-jokoak ziren eta greziarrek zenbakiak letren bidez idazten zituzten; ez da harritzekoa, beraz, taula askok letrak izatea marka gisa; are gehiago, egileek moduren bat aurkitzen zuten 36 letrako esaldiak asmatzeko, 12 letrako hiru lerroan. Letra bakoitza jokoaren lauki bat da. Esanahia argia da, zoriz, asturuz, jokalariz… hitz egiten dute. Testuetan hiru gai zabal aurki daitezke: zori ona edo txarra; zirkua eta koadriga-lasterketa; eta garaipen militarrak.
Erromako Via Volturno eta Via Montebello artean aurkitutako duodecim scriptaren taulak (Museo della Civiltà Romana, MCR 3574) taberna baten menua ematen du:
A | B | E | M | U | S | I | N | C | E | N | A | |
P | U | L | L | U | M | P | I | S | C | E | M | |
P | E | R | N | A | M | P | A | O | M | E | N |
eta esan nahi du:
daukagu | afaltzeko | |
oilaskoa | arraia | |
urdaiazpikoa | pauma |
Taula batzuk Erromatik urrun aurkitu dira, legioak ibili ziren eskualdeetan; hainbat inskripziok baieztatzen dute taula horiek jokatzeko erabiltzen zirela. Adibidez, Alemaniako Treveris herrian aurkitutako taulak honela dio:
V | I | R | T | U | S | I | M | P | E | R | I | |
H | O | S | T | E | S | V | I | N | C | T | I | |
L | U | D | A | N | T | R | O | M | A | N | I |
eta esan nahi du:
indarra | inperioarena | |
etsaiak | garaituak | |
jokatu | erromatarrek |
Aljeriako Timgad herrian aurkitutakoak honela dio:
V | E | N | A | R | I | L | A | V | A | R | I | |
L | U | D | E | R | E | R | I | D | E | R | E | |
O | C | C | E | S | T | V | I | V | E | R | E |
eta esan nahi du:
ehizatu | bainatu | |
jokatu | barre egin | |
hori da | bizitzea |
British Museum-ean (1892,0121.1) dagoen Erromako Porta Portese-ko marmolezko duodecim scripta taulak, I.-III. mende artekoak, hauxe dio:
C | I | R | C | U | S | P | L | E | N | U | S | |
C | L | A | M | O | R | I | N | G | E | N | S | |
I | A | N | U | A | E | T | E |
eta esan nahi du:
zirkua | beteta | |
aldarri | itzela | |
ateak | itxita |
G. Gatti-k iradokitzen du azken lekuan TECTAE irakurri zitekeela, ikuskizunak egiten ziren bitartean zirkuko ateak itxita edo estalita zeudelakoan.
Erromako Ostia kaian taula bat aurkitu da, orain Museo Archeologico Ostiense-n gordeta. Taula horretako espazioak letrez adierazi dira honela:
C | C | C | C | C | C | B | B | B | B | B | B | |
A | A | A | A | A | A | A | A | A | A | A | A | |
D | D | D | D | D | D | E | E | E | E | E | E |
Letren ordenari esker fitxak taulan nola mugitu behar diren susma dezakegu: A laukietatik B laukietara eta, ondoren, C, D eta E laukietara, azken horietatik taulatik ateratzeko.
Beste honek jokoari berari egiten dio aipamena:
I | N | V | I | D | A | P | U | N | C | T | A | |
J | U | B | E | N | T | F | E | L | I | C | E | |
A | U | D | E | R | E | D | O | C | T | U | M |
honela itzul liteke: puntu txarrek jokalari abila maisuki jokatzera behartzen dute.
Egiptoko Qustul-en aurkitu zen, Asuango presa egin baino lehen, o.a. 350 inguruko joko bat, osoa dirudienez: taula, bolizko 15 peoi eta ebanozko 15 peoi eta bolizko 5 dado eta dadoak jaurtitzeko kutxa bat. Batzuek uste dute Nilo bailaran bizi izandako kultura baten azkeneko aztarnak direla; eta, beraz, joko hau gertuago dagoela erromatarren lasterketa-jokoetatik senet jokotik baino.
Senetetik duodecim scriptara bidea honela azal liteke: senetak 3×10 laukiko taula behar du; maiz, seneta eta hogei laukiko jokoa kutxa batean agertu dira, alde batean seneta eta beste aldean hogei laukiko jokoa. Hogei laukiko jokoak 3×12 tamainako taula beharko luke, non alde batean 3×4 laukiko blokea dagoen eta, bestean, erdiko errenkadan, 1×8 laukiko ilara dagoen; ilara horren gainean eta azpian 1×8 tamainako espazio hutsak egongo lirateke. Orain, bi jokoetarako, seneterako eta hogei laukiko jokorako, taula bakar bat egin nahiko bagenu, bietan jokatu ahal izateko, 3×12 tamainako taula beharko genuke. Hor agertzen dira 36 laukiko taulak.
Duodecim scriptan fitxak erabiltzen dira, berrikuntza bat Egiptoko jokoekin erkatuz gero; hori lotuta egon daiteke arau batekin, lauki batean nahi adina fitxa biltzeko aukera ematen duen arauarekin hain zuzen; arau horrek eragingo zuen Egipton erabiltzen ziren peoietatik fitxetarako aldaketa.
Aurkitutako taulen kopurua ikusita, pentsa daiteke jokoa oso zabaldurik zegoela. Zorizko eta apustuzko jokoak, ordea, gaizki ikusita zeuden eta debekatu ziren garai guztietan, Saturnoren jaien garaian onartzen baziren ere. Badakigu jendeak tabernetan eta etxe pribatuetan jokatzen zuela urte osoan. Iritzia jokalariaren jarreran oinarritzen zen askotan. Hala, Suetoniok Augusto zuritzen zuen esku zabala eta xaloa zelako, baina Kaligula gaitzesten zuen ez-morala zelako. Kristau agintariek jarrera negatiboa zuten jokoen aurrean. Iturriek erakusten dute o.a. I. mendean jokalariaren izaera jokoan islatzen zela; beranduago, aldiz, jokoak jokalariari eragiten ziola uste zuten.
Bellek adierazi du duodecim scripta I. mendean zehar desagertu zela, eta haren ordez tabula izeneko aldaera bat jokatzen hasi zela; tabulak sei laukiko lau multzo zituen, sei laukiko sei multzoren ordez.
Hainbat egilek aipatu dute jokoa, besteen artean Ovidio; baina tamalez, ez dituzte arauak deskribatu. Dio Ovidiok Ars Amatoria (Maitatzeko artea) lanean:
Badago joko bat, zeina lerro meheek azkar joan den urtean hilak adina zatitan banatzen duten. Taula txiki batek hiru harri koskor ditu alde bakoitzean, zure fitxak batera jartzea konkistatzea da.
Duodecim scripta multzo luze eta zabal baten jokoa da: erromatarren tabula, Persiako nard, Japoniako ban-sugoroku, Alfontso X.a Jakitunaren tablas, Grezian jokatzen den tabli, Siriako taule, Turkian jokatzen den tavla, Frantzia aldeko tric-trac eta backgammon ingelesa multzo berekoak dira. Joko horiek, gaur egun, hainbat modutan jokatzen dira Iraken, Libanon, Egipton, Sirian, Jordanian eta mundu arabiar osoan, baita Grezian eta Turkian ere.
Osagaiak eta hasiera
Taulak 12 laukiko hiru errenkadek osatzen dute.
Jokalari bakoitzak 15 fitxa ditu.
Jokalariek hiru tesserae, dado kubiko, erabiltzen dituzte, eta hiruak batera jaurtiko dituzte. Dadoak dorre huts batetik jaurtitzen ziren, godalet gisa, marroak ekiditeko. Dorre horiei fritillus, turricula edo pyrgus zeritzen eta dorre baten antza zuten.
Arauak
Fitxa guztiak taulatik kanpo daude.
Lehenengo fasean, fitxa guztiak taulako sarreran (A) sartu behar dira, jokalari batak ezkerrekoetan eta besteak eskuinekoetan; bigarrenean, fitxak irteerara (B-C-D-E) eraman behar dira; hirugarrenean, irteeratik (E) taulatik atera behar dira.
Jokalariek adostasunez edo zozketaz erabakitzen dute nor hasiko den.
Dadoen puntuazio bakoitzeko, jokalari batek mugimendu hauetako bat egin dezake:
- fitxa berri bat sartu taulan dagokion aldean, ezkerreko edo eskuineko A laukietan, puntuen arabera.
- Taulan dagoeneko dagoen fitxa bat mugitu, puntuen arabera.
- Jokalariaren fitxa guztiak E laukietan badaude, fitxa bat taulatik atera dezake puntuazio zehatzarekin.
- Aurkariak fitxa bat taulatik atera badio, A laukietan sartu behar du berriro, puntuen arabera.
Jokalariek aukera dute hiru dadoen puntuazioekin fitxa bat, bi fitxa edo hiru fitxa mugitzeko. Dado baten puntuak ezin dira bitan banatu eta bi fitxa desberdinekin erabili. Jaurtiketa baten zatikako mugimendu guztiek zilegi izan behar dute. Esaterako, fitxa bat hiru dadoen 1, 4, 5 puntuazioekin mugitu behar bada, posible izan behar da, ordenaren batean, hiru urrats horiek ematea, ez 10 puntuko urratsa bakarrik.
Ezkerreko irudian, beltzek 3, 4 eta 5 lortu dituzte dadoetan. A2ko fitxa ezin dute B1era eraman, bi fitxa laranja daudelako; A5eko fitxak 4koarekin B3ko fitxa laranja harrapatu du, taulatik kanporatuz; A1eko fitxa A6ra joan da, eta A2ko fitxa A5era. Jokaldi horretan, fitxa bakar bat utzi dute B3 laukian.
Ondoren, Laranjek 4, 3 eta 1 lortu dituzte. Taulako fitxak mugitu baino lehen, kanporatutako fitxa taulan sartu dute 3koarekin; C2ko fitxa bat C6ra joan da; eta azkenik, B2ko fitxak B3 laukian beltzek utzi berri duten fitxa soila harrapatu du. Orain, laranjek fitxa bakarra utzi dute B2 laukian.
Puntuazio bikoitzek edo hirukoitzek ez dute aukera ematen berriro jokatzeko.
Hiru dadoen puntuazioak derrigorrez jokatu behar dira, posiblea bada. Jokalari batek ezin badu bere jaurtiketaren puntuazio bat edo gehiago erabili, aurkariak hartuko du txanda.
Jokalari batek nahi adina fitxa jar ditzake lauki berean.
Lauki batean bi edo fitxa gehiago badaude, salbu daude; aurkariaren fitxak ezin dira bertan sartu.
Fitxa bat mugi daiteke aurkariaren fitxa bakar bat duen lauki batera; azkena taulatik aterako du.
Jokalari batek fitxa bat taulatik kanpo badu aurkariak harrapatu diolako, berriro sartu beharko du taulan, A laukietan, beste fitxak mugitu baino lehen.
Jokalariek 15 fitxak norberaren sarrerako sei laukietan (A) sartu behar dituzte, aurrera mugitu baino lehen.
Jokalariek 15 fitxak irteerako sei laukietan (E) sartu behar dituzte, taulatik ateratzen hasi baino lehen.
Bere 15 fitxak taulatik ateratzen dituen lehen jokalariak irabaziko du.
Aldaera
Testu batzuetan bi jokalariek erdialdeko ezkerreko Atik hasi behar dute ibilbidea, hasierako posizioak jokalarien artean banatu gabe.
Fitxak ateratzeko azkeneko sei laukietan daudenean, hiru dado erabili beharrean bat bakarra erabiltzea proposatzen dute egile batzuek. Baina, horietako bat harrapatua bada eta ibilbide osoa berriro egin beharko balu, hiru dadoekin egingo luke berriro.
Iturriak
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1960.
Jean-Louis Cazaux: Du senet au backgammon. Les jeux de parcours. Chiron editeur, Paris, 2003.
Irving L. Finkel: Ancient Board Games in perspective. The British Museum Press, Londres, 2007.
Eli Gurevich: Ancient Games, https://www.ancientgames.org/ludus-duodecim-scriptorum-duodecim-scripta-the-game-of-twelve-inscriptions/
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
Ovidio: Ars Amatoria. o.a.a. II - o.a. II. https://la.wikisource.org/wiki/Ars_amatoria/Liber_I
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, oxford, 1951.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 2018.
Platon: Errepublika. X, 604d.
Digital Ludeme Project Database: http://ludeme.eu (2021-03-20)
El Mundo de los Juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
Eskuko arauak: Les 7 cailloux.