errepideko kanasta
1954an, Edmond Dujardin autoeskoletarako materialaren editoreak Mille Bornes (Mila mugarri) jokoa asmatu zuen. Joseph Le Callennec diseinatzaile grafikoak ilustratu zuen, eta gaur egun TF1 Games-en jabegoa da. Jokoaren lehen kutxetan La canasta de la route (Errepideko kanasta) azpititulua zuen. Frantziako errepide-sarearen kilometro-mugarrietatik dator jokoaren izena, baita Frantziako Ibilbide Nazional 7 mitikoaren luzeratik ere, 1.000 km inguru zituena (zehazki, 996 km).
Historikoki, 1906an sortutako touring karta-joko estatubatuarrean oinarritu zen jokoa. Berritasun giltzarri bat coup fourré sartzea izan zen. Horren bidez, puntu gehigarriak irabazten dira segurtasun-karta bat (adibidez, zulatu-kontrako pneumatikoa) helduz, aurkari batek dagokion arrisku-karta jokatu arte (kasu honetan, pneumatiko zulatua).
Dujardin Arcachonera joan zen bizitzera 1947an. Han hasi zen jokoa egiten bere familiarekin. 1954ko jatorrizko edizioaren kutxak Canasta de la Route (Errepideko kanasta) leloa zeraman, kanasta karta jokoarekiko antza nabarmenduz. Joseph Le Callennece diseinatzaile grafikoak ilustratu eta idatzi zituen kartak. 1960an, Le Callennec-en eguneratutako artelanekin berrikusitako bertsio bat argitaratu zen; gainera. edizio berezia argitaratu zen Pierre Praquin-en arte-lan abstraktuekin. Kanasta jokoaren beherakadarekin, 1960ko edizio erregularrak bridge jokoarekin zuen lotura iragartzen zuen: arauen liburuxkak Pierre Albarranek idatzitako sarrera bat zuen, eta jokoa Pierre Jaïs eta Roger Trézel munduko txapeldunen gustukotzat saldu zen. Dujardinek karta elebidunekin zabaldu zuen jokoa nazioartean.
Parker Brothers konpainiak lizentzia erosi zuen 1962an eta Estatu Batuetan zabaltzen hasi zen, kutxaren azal berriarekin eta karten edizio elebiduna erabiliz. 1971n, berriro eguneratu zuen kutxaren azala, eta 1982an, karten irudiak nabarmen sinplifikatu eta berrikuspen osoa egin zuen.
Hamaika edizio egin dira mundu osoan. Mille Bornes jokoaren kutxa batzuk ingelesez eta frantsesez inprimatuta daude. Heraclio Fournier-ek banatutako mil hitos (mila mugarri) bertsioa oso ezaguna izan zen Espainia aldean 1970eko hamarkadan. Herbehereetan bada joko horren stap op izeneko aldaera, gidatu beharrean bizikletaz ibiltzen da. Arriskuak eta distantziak desberdinak dira, baina jokoaren mekanika berbera da.
Les Jeux vintage et l'Automobile - La collection de Pagérolau izeneko webgunean, Dujardinen jokoaren hamar bertsio ikus daitezke.
Osagaiak eta hasiera
Guztira 106 karta daude lau ataletan banaturik.
18 eraso-karta: aurkarien aurrerapena oztopatzeko erabiliko dira. Kolore gorria nabarmentzen da. Hauek dira: 3 gasolinarik gabe, 3 zulaketa, 3 istripu, 4 abiadura-muga eta 5 semaforo gorri.
38 defentsa-karta: erasoak saihesteko erabiliko dira. Kolore berde argia nabarmentzen da. Hauek dira: 6 gasolina, 6 ordezko gurpila, 6 konponketa, 6 abiadura-mugaren amaiera eta 14 semaforo berde. Eraso mota bakoitzeko defentsa mota bat dago.
4 babes-karta: aurkako jokalarien erasoak saihesteko eta haien aurrean erasoezin bihurtzeko balio dute. Berde iluneko banda nabarmentzen da. Hauek dira: gasolina-zisterna, zulatuezina, aparteko gidaria eta lehentasunezko ibilgailua.
46 kilometro-karta: zenbaki batez aurreratzen diren kilometroak adierazten dituzte. Mugarri bat daramate. Hauek dira: 200 km-ko lau karta, 100 km-ko hamabi karta, 75 km-ko hamar karta, 50 km-ko hamar karta eta 25 km-ko hamar karta.
Joko hau 2, 3, 4 edo 6 jokalarirentzat da. Arauak 4 jokalarirentzat emango ditugu eta gero 2, 3 edo 6 jokalarirentzako aldaerak azalduko ditugu. Lau jokalariek bi bikote osatuko dituzte eta bikotekideak aurrez aurre eseriko dira.
Helburua 5.000 km egitea da beste jokalariek baino lehenago. Kilometroak bost etapatan egingo dira eta etapa bakoitzean zehazki 1.000 kilometro egin behar dira.
Arauak
Bikote bereko jokalariak aurrez aurre eseriko dira. Jokalari batek kartak nahasiko ditu eta seina banatuko ditu, banan-banan. Gainerako kartak ahoz behera jarriko dira pilo batean, mahaian.
Jokatutako kartak bikote bakoitzeko jokalari baten aldean erakutsiko dira ahoz gora honela: pilo batean abiadura-mugako eta abiadura-mugaren amaierako kartak, beste pilo batean eraso- eta defentsa-kartak eta aparte kilometro-kartak jarriko dira.
Eraso-kartak aurkarien piloan jarriko dira eta defentsa-kartak norberaren piloan. Pilo horietako kartak ondo jarri behar dira, azkena zein den ondo bereizteko. Kilometro-kartak norberaren piloan jarriko dira beti.
Banatzailearen eskuinekoak hasiko du jokoa ahoz beherako pilotik karta bat hartuz. Gero lau aukera izango ditu:
1. Semaforo berde bat izanez gero, bere eraso- eta defentsa-karten piloan utz dezake, kilometroak egiten hasi ahal izateko. Gero txanda pasatuko du.
2. Ezkuturen bat izanez gero, erakutsi ahal izango du, pilotik beste karta bat hartu eta jokatzen segituko du. Beste ezkuturen bat badu, berriro erakuts dezake eta pilotik beste karta bat hartu, jokatzen segitzeko. Gero txanda pasatuko du.
3. Abiadura-mugako kartaren bat badu, aurkarien piloan utzi ahal izango du, nahiz eta aurkariak hasi gabe egon. Gero txanda pasatuko du.
4. Aurrekoren bat ezin badu egin, karta bat utziko du mahaian, karta hori ezin izango da berriro erabili.
Lehen jokalariak bukatutakoan, hurrengoak aurreko lau aukerak eta beste bi hauek izango ditu:
5. Aurreko jokalariak semaforo berdea jarri badu, honek eraso-karta bat jarri ahal izango du gainean.
6. Aurrekoak abiadura-muga jarri badu aurkarien piloan, bigarrenak (eraso-karta jaso duenak) abiadura-mugaren amaiera jarri ahal izango du gainean.
Hirugarrenak, lehenaren bikoteak, kartak lehenaren aldean edo aurkarien aldean utziko ditu. Bestalde, aurreko aukerak eta beste hau ere baditu:
7. bere bikotekideak semaforo berdea edota lehentasunezko ibilgailua badu agerian, kilometro-karta bat jokatu ahal izango du, beren lehen kilometroak eginez.
Laugarrenak aurreko aukera guztiak ditu. Horrela segituko dute 1.000 km-ko etapa bukatu arte.
Etapa bat ondoko egoeratan bukatuko da:
1. bikote batek 1.000 km-ak zehazki osatu dituenean;
2. mahaiko piloa eta jokalariek dituzten sei kartak jokatu direnean. Azken karta arte osa daitezke 1.000 km-ak.
Etapa bukatutakoan, bikoteek lortutako kilometroak aurrekoetan lortutakoei batuko zaizkie.
Karten erabilera
Semaforo berdeak jokoa irekitzen du eta kilometroak aurreratzen uzten du. Edozein kilometro-karta jokatzeko, norberaren piloan semaforo berdeak dagokion piloan agerian egon behar du ezinbestez. Salbuespena lehentasunezko ibilgailuak du.
Semaforo gorria aurkariei kilometro-kartak jokatzen oztopatzeko erabiltzen da. Semaforo berde baten gainean jarriko da eta semaforo berde batekin baliogabetzen da.
Abiadura-mugako karta aurkariak motelago ibil daitezen erabiltzen da, muga horrekin 50 km-ko eta 25 km-ko kartak besterik ezingo da erabili. Karta hau dagokion piloan jar daiteke nahiz eta aurkariek eraso-karta bat agerian eduki. Abiadura-mugaren amaierak aurrekoa baliogabetzen du eta, hortik aurrera, edozein kilometro-karta erabiltzen uzten du.
Gasolinarik gabea, zulaketa eta istripua aurkarien semaforo berdearen gainean jarriko dira, kilometroak aurreratzen oztopatzeko. Ezin izango dira bi eraso-karta bata bestearen gainean jarri. Eraso-karta hauek joka daitezke aurkariek abiadura-mugako karta agerian badute ere. Aurkariek erasoa gaindi dezakete, lehendabizi erasoari dagokion defentsa-karta, gasolina, ordezko gurpila edo konponketa, hurrenez hurren, erasoaren gainean utziz eta hurrengo txandan semaforo berdea jarriz, kilometroak aurreratzeko ezinbestekoa dena.
Babes-kartek erasoak gainditzen dituzte. Babesa erakusten duen jokalariak beste jokaldi bat egin dezake txanda berean, berriro karta bat pilotik hartuz eta beste bat jokatuz. Bikote batek babes bat badu agerian ezin zaio eraso egin babesari dagokion eraso-kartarekin.
Lehentasunezko ibilgailuak abiadura-muga eta semaforo gorria ekiditen ditu. Beraz, karta hori duenak kilometro-kartak jarri ahal izango ditu nahiz eta semaforo berdea ez izan beren eraso eta defentsarako piloan. Gainerako erasoen aurrean ez du eraginik.
Kontraerasoa (coup fourré): jokalari batek eraso-karta bat jokatu badu eta aurkariak dagokion babesa badu eskuan, coup fourré! (kontraeraso!) esango du eta babesa zeharka utziko du bere aldean. Jokaldi hau berehala egin daiteke nahiz eta ez izan babesa duenaren txanda, baina hurrengo jokalariak pilotik karta bat hartu baino lehen egin behar du. Kontraerasoan, eraso-karta eraso eta defentsarako pilotik kenduko da berehala eta utzitako karten piloan jarriko da. Babesa erakutsi duenak txanda hartuko du, pilotik bi karta hartuz bata babesa ordezkatzeko eta bestea jokatzen segitzeko. Erasotzailea eta babesa duenaren arteko jokalariek beren txandak galduko dituzte.
Kilometro-kartak norberaren piloan semaforo berdea dagoenean soilik erabil daitezke, edo lehentasunezko ibilgailua agerian badago. Etapa batean ezin dira 200 km-ko bi karta baino gehiago erabili 1.000 km-ak osatzeko. 1.000 km-ak zehazki osatu behar dira.
Puntuazioa
Puntuak etaparen amaieran zenbatuko dira, 1.000 km-ak osatu ez badira ere.
Bikote guztiek puntu hauek hartuko dituzte:
1. lortutako kilometroen batura;
2. babes bakoitzeko 100 km;
3. sari gehigarria lau babesak erakusteagatik, 300 km;
4. coup fourré (kontraeraso) bakoitzeko 300 km-ko gehigarria (babesen 100 km-ez gain).
Etaparen irabazleak puntu hauek ere lor ditzake:
1. 1.000 km-ak zehazki osatzeagatik 400 km;
2. 1.000 km-ak piloko kartak bukatutakoan osatzeagatik 300 km;
3. 1.000 km-ak 200 km-ko kartarik gabe osatzeagatik 300 km;
4. 1.000 km-ak aurkariek kilometro bat ere egin gabe osatzeagatik 500 km-ko sari gehigarria.
Partida 5.000 km-ra jokatzen da zenbait etapatan. Hori edo gehiago lortzen dutenak dira irabazleak. Bi bikoteek lortzen badituzte 5.000 km baino gehiago, kilometro gehien egin duena izango da irabazlea.
Arauak 2 edo 3 jokalarirentzat
Jokalariek bakarka jokatuko dute. Hauek dira aurreko arauekin dauden aldeak:
1. Kartak nahasi baino lehen, karta bana kenduko da eraso-kartetatik: semaforo gorria, abiadura-muga, gasolina gabea, zulaketa eta istripua.
2. Etapak 700 km-koak izango dira.
3. 700 km-ak osatu dituen jokalariak luzapena eska dezake 1.000 km-ra arte. Horretarako 700 km-ak zehazki osatzen dituenean, “segituko dut” esan beharko du. Luzapena eskatzen denean, 1.000 km-ak osatzen dituen lehenak irabaziko ditu 400 km-ko sari berezia ibilbidea osatzeagatik, nahiz eta bera ez izan luzapena eskatu duena. Bestalde, luzapena eskatu duenak ez baditu 1.000 km-ak betetzen, ez ditu 700 km-ak osatzeagatik 400 km-ko saria irabaziko. Luzapena eskatu duen jokalariak irabazten badu, 200 km-ko sari berezia lortuko du, bestela aurkariei emango zaie.
4. Puntuazioa berbera da, luzapenari dagokiona izan ezik.
Arauak 6 jokalarirentzat
Lau jokalarirekin bezala jokatuko da, ondoko aldaketekin:
1. Hiru bikote daude, txandaka eserita mahaira.
2. Etapak 700 km-koak izango dira.
3. Luzapena eska daiteke, 2 eta 3 jokalarirekin bezala.
4. Puntuazioa 2 edo 3 jokalarirentzako jokoarena bera da, baina bikoteka.
Etapa baten hasieran, norberaren piloetan semaforo berdea jartzea komenigarriagoa izaten da aurkarien piloetan eraso-karta bat jokatzea baino.
Babesak aurkarien erasoen aurrean erakustea komeniko da, baina eskuan luze utzi gabe, partida laster bukatzeko arriskuaren arabera.
Lehentasunezko ibilgailua lehenbailehen erakustea komeni da, haren eragin positiboa handiagoa izan daitekeelako coup fourré-rena baino.
Ez geratu eskuan erabilgarriak ez diren kartekin: aurkariek babes bat agerian utzi badute, dagozkion eraso-kartak; edo 200 km-ko bi karta erabiliz gero, hirugarren bat.
Jokatu diren erasoen kopuruak gogoratzea komeni da, dagozkien defentsak baztertu ahal izateko.
Babesek sari asko ematen dituzte: babes bakoitzak 100 km; lau babesek 300 km-ko sari estra; coup fourré bakoitzak 300 km.
Iturriak
Pagérolau: https://jeux-autos.fr/category/france/dujardin/
Wikipedia
Eskuko arauak: Heraclio Fournier.