Eskoba jatorri italiarra duen karta-jokoa da. Italierazko izena scopa (eskoba, erratza) da eta jokoaren izen hori dator jokaldi garrantzitsuenean eskuko karta batekin mahaiko karta guztiak “eskobatzen” direlako.
Beste karta-jokoekin gertatzen den bezala, scoparen jatorria zalantzazkoa da, bilakaera, berriz, argiagoa da. Scopa oso antzinako jokotzat hartzen da, denboran urrun dagoena, eta uste da, hipotesi batean, Italian gaur egun jokatzen den scoparen araudiaren antz handia duen araudia mantentzen duen espainiar joko batetik, escoba izeneko joko batetik dator.
Beste hipotesi bat ere espainiar jatorrikoa da; horren arabera, scopak 1400. urteetan oso ezagunak ziren primiera eta scarabucion izeneko bi joko iberiarren jatorria du.
Italiako tradizioak, ordea, XV. mendean Napolin jokatzen zen joko liluragarri hau aipatzen du, eta hain zuzen ere Napoliko portuan, non arrantzaleek eta piratek nobleen etxeetan sartuta edo merkataritza-ontzien erasoan lortutako harrapakinarekin jokatzen zuten.
Karta italiarrez osatutako karta-sorta batek 40 karta ditu, lau serietan banatuak. Karta napoliarrak, piacenzarrak, triestetarrak eta siziliarrak, karta espainolak eta portugesak bezala, honela banatzen dira: coppe (kopak), ori edo denari (urreak), spada (ezpatak) eta bastoni (bastoiak) edo mazzi (Sizilian). Piemontetarrek, milandarrek eta toskanarrek serie frantsesak erabiltzen dituzte hau da, cuori (bihotzak), quadri (diamanteak, literalki “laukiak”), fiori (hirustak, literalki “loreak”) eta picche (pikak). Serie bakoitzak zazpi karta 1etik 7ra zenbakiturik dauzka, baita hiru beltz ere: fante (txanka), cavallo (zaldia) sorta napoliarretan eta donna (dama) sorta milandarretan, eta re (erregea).
Urreak puntu batzuk irabazteko garrantzitsuak direnez, serie horretako kartei bello (eder) ezizena ere ematen zaie: horrela, il settebello (zazpi ederra) zazpiko urrea da.
Scopa jokoa
Osagaiak eta hasiera
Berrogei kartako karta-sorta italiarra.
Banaka joka daiteke, bi edo hiru jokalarirekin; eta taldeka, bi bikote lau jokalarirekin edo bi hirukote sei jokalarirekin. Taldeka (binaka edo hirunaka) jokatzen bada, jokalariek lekuak txandakatzen dituzte, talde bateko jokalari batek jokatu ondoren, besteko jokalari batek joka dezan.
Karten balioak: karta zenbakidunek zenbakiak adierazten duen balioa dute; txankak 8, zaldiak 9 eta erregeak 10 balio dute.
Arauak
Lehen eskuko banatzailea elkarren arteko adostasunez aukeratzen da, zozketa bidez edo kartak aurpegiz gora banatuz matta (errege urrea) atera arte, eta hori jasotzen duen jokalaria da banatzailea. Kartak banatu aurretik, banatzailearen eskuinaldean dagoen jokalariak “moztu” egingo du sorta. Banatzailea esku bakoitzarekin aldatzen da, beti erlojuaren orratzen noranzkoari jarraituz.
Banatzaileak banan-banan hiru karta ematen dizkio ahoz behera jokalari bakoitzari, eta gero lau karta jartzen ditu ahoz gora mahaian. Jokalari guztiek beren karta guztiak jokatu dituztenean, banatzaileak hiru kartako esku berri bat ematen dio ahoz behera jokalari bakoitzari; hori errepikatzen da sorta osoa agortu arte. Bi jokalari direnean, sei banaketa egingo dira; hiru jokalarirekin lau banaketa daude; lau jokalarirekin hiru banaketa daude; eta sei jokalarirekin bi banaketa egiten dira.
Mahai gaineko hasierako lau kartetatik 3 edo 4 karta erregeak badira, eskua ez da jokatzen eta kartak berriro banatzen dira, inork ezin baitzuen inola ere eskobarik egin.
Jokalari bakoitzak, banatzailearen eskuinean dagoenetik hasi eta erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan jarraituz, karta bat botatzen du kartak agortu arte. Jokatutako kartak mahaiko karta baten balioa edo mahaiko hainbat kartaren balioen baturaren balio berdina badu, jokalariak jokatutako karta eta dagokion balioa duten karta edo kartak hartzen ditu eta ahoz behera jartzen ditu bere aurrean pila batean; bestela, karta mahai gainean uzten du.
Jokalariak bere karta jokatuz har ditzakeen hainbat karta-konbinazio badaude eta horien artean balio bereko karta bakarra badago, jokalariak jokatutako balio bereko karta bakarrik hartzera behartuta dago. Hala ere, karta kopuru ezberdinez osaturiko konbinazio anitz badaude eta mahai gainean jarritako kartaren balioa duen kartarik ez badago, jokalariak nahi duen konbinazioa aukeratu dezake. Adibidez, mahai gainean hiruko bat, bosteko bat eta txanka bat baldin badaude, txanka bat jokatzen duen jokalariak mahaiko txanka bakarrik har dezake; mahai gainean bateko, hiruko, lauko eta bosteko bana baldin badago, jokalariak, zaldi bat (9 balioa) jokatuz, batekoa, hirukoa eta bostekoa edo laukoa eta bostekoa, nahi duen konbinazioa, har dezake.
Azken eskuaren amaieran, mahai gainean geratzen diren kartak azken kartak hartu dituen jokalariak hartuko ditu.
Jokalari batek, jokaldi bakar batean, une horretan mahai gainean dauden karta guztiak hartzea lortzen badu, eskoba bat egiten du, eta puntu bat lortzen du, eskuan jokatutako azken kartarekin egiten ez bada, kasu horretan ez du ezer balio. Egindako eskoba markatzeko, jokalariak karta bat ahoz gora jartzen du bere pilan (normalean eskoba egiteko erabili duena).
Puntuazioa
Esku bakoitzaren amaieran, jokalari bakoitzak edo, binaka jokatuz gero, bikote bakoitzak lortutako puntuazioa kalkulatzen da. Zenbait herrialdetan alboko taula erabiltzen da karten banaketa eta puntu guztien kalkulua errazteko. (kalkulu-taula ?)
Eskoba: egindako eskoba bakoitzak puntu bat balio du (jokatutako azken kartarekin egiten ez bada eta esku amaieran ahoz gorako karta batekin markatuta badago).
Kartak (edo “luzea”): pilatik karta gehien batu dituen jokalariak edo taldeak puntu bat lortzen du (horrela, gutxienez, 21 karta lortu behar dira hiru jokatzen ari ez badira, eta kasu horretan, gutxienez 14 karta izan behar dira).
Urreak: urreen karta gehien hartu dituen jokalariak edo taldeak (gutxienez 6) puntu bat lortzen du.
Settebello (edo “Piricchio”, zazpi ederra): zazpiko urrea hartu duen jokalariak edo taldeak puntu bat lortzen du (zazpiko urrea urreen artean ere zenbatzen da urreen puntua esleitzeko eta bere balioa zazpi bezala mantentzen du ere primiera-ren kalkuluan).
Primiera: puntu bat ematen zaio lau kartarekin puntuaziorik handiena lortzen duen jokalariari edo taldeeari, bat serie bakoitzeko, stoppa jokotik ateratako balio hauekin:
Karta | 7 | 6 | 1 | 5 | 4 | 3 | 2 | erregea | zaldia | txantxa |
Balioa primieran | 21 | 18 | 16 | 15 | 14 | 13 | 12 | 10 | 10 | 10 |
Jokalari edo talde bakoitzak serie bakoitzeko karta “onena” hautatu eta lau karta horien balioak batu egiten ditu. Puntuazio handiena lortzen duen jokalariak edo taldeak primiera-ren puntua lortzen du; serie bakoitzeko gutxienez karta bat hartu behar da, bestela primiera deuseztzat hartuko da, ezin baita kalkulatu. Primieraren gehieneko balioa 84 da (7ko ezpata, 7ko urrea, 7ko bastoia eta 7ko kopa).
Primiera | 7 | 6 | 1 | 5 | Guztira | ||||
A-C taldea | 2 | 42 | 0 | 0 | 2 | 32 | 0 | 0 | 74 |
B-D taldea | 2 | 42 | 1 | 18 | 0 | 0 | 1 | 15 | 75 |
Berdinketa gertatuz gero kartetan, urreetan eta primieran ez da dagokion puntua esleitzen; funtsean beti esleitzen den puntu bakarra settebellorena (zazpi ederrarena) da.
Irabazlea
Esku bakoitzean lortutako puntuak aurreko eskuetan lortutakoei gehitzen zaizkie; partida aurretik ezarritako puntuazioa lortzen edo gainditzen duen jokalariak edo taldeak irabazten du (eskuarki, 11 puntu, 2 jokalarirekin jokatzen bada; 16 puntu, 3 jokalarirekin jokatzen bada; edo 21 puntu, taldeetan jokatzen bada).
Jokalariak edo taldeak partida amaierara puntuazio berdinarekin iristen badira, jokatzen jarraitu beharko dute (esku baten amaieran) jokalari edo talde batek bestea baino puntuazio handiagoa lortu arte.
Bakarkako jokalarien arteko partida batean hiru jokalarik jokatzen badute, eta irabazteko behar diren puntuak lortu direla zehazten bada, baina puntuazio berdinarekin (nahiz eta hiru jokalarietatik bik bakarrik lortu arren), hiru jokalariek jokatzen jarraituko dute (esku baten amaieran) hiru jokalarietako batek aurkariak baino puntuazio handiagoa lortu arte.
Puntuazioa | Kartak | Urreak | Settebelloa | Primiera | Eskobak | Guztira | |||
A-C taldea | 16 | 0 | 2 | 0 | 0 | 74 | 0 | 0 | 0 |
B-D taldea | 24 | 1 | 8 | 1 | 1 | 75 | 1 | 1 | 5 |
Puntuazioaren aldaerak
Aldaera ohikoenetako batean, primiera lau 7koek osatzen dute eta settanta (hirurogeita hamar) deritzo eta beste puntu gehigarri bat balio du (primieraren puntu 1 gehi 7ko guztiak edukitzeagatik puntu 1).
Veneton, primieraren puntuak kalkulatzeko, beste sistema bat erabiltzen da: karta bakoitzak bere zenbakiaren balioa du (7koak 7 balio du, 6koak 6, ...), batekoak izan ezik, 5,5 balio duelako, eta beltzek 0,5 balio dute.
Milanen, ordea, ohitura da primieraren puntua 7ko gehien dituen jokalariari ematea; bakarrik berdinketa gertatuz gero, 6koak erabiltzen dira, eta beste berdinketa bat gertatuz gero batekoak. Denak berdinduta badaude, puntua ez da ematen.
Aldaera
Hamabosteko eskoba
Scoparen zenbait aldaera daude izen horrekin. Horietan, jokalariak mahaiko karta-multzo bat har dezake jokatutako kartarekin batera 15 puntu batzen baditu guztira. Adibidez, mahaiko kartak 1ekoa, 3koa, 4koa, 7ko badira eta 4ko bat jokatzen badu, mahaiko 4koa eta 7koa edo 1ekoa, 3koa eta 7koa har ditzake, nahi bezala.
Lehenengo aldaera
Aldaera honetan, scopa normalean ez bezala, jokatutako karta batekin ezin da hartu jokatutako kartaren balio bera duen kartarik edo karta-multzorik. Jokatutako kartarekin 15 puntu batzen dituzten kartak bakarrik har daitezke. Aldaera hau Espainia aldeko eskoba jokoaren oso antzekoa da.
Bigarren aldaera
Jokatutako karta batekin kartaren balio bereko karta bat edo karta-multzo bat har daitezke, edo jokatutako kartarekin 15 puntu batzen dituzten kartak. Aldaera honek, batzuetan, murrizketa hau du: kartak hartzeko aukera bat baino gehiago dagoenean, jokatutako kartarekin ahalik eta karta kopuru txikiena hartu behar da.
Hirugarren aldaera
Bigarren aldaeran bezala, baina, gainera, 1eko batek mahaiko karta guztiak hartzen ditu, eta horrek eskoba baten puntua ematen dio. Aldaera honetan ez dago murrizketarik zer karta hartu hautatzeko aukera dagoenean; adibidez, 3koa, 5ekoa, 7koa eta erregea mahaian badaude, errege batekin mahaiko 5ekoa, edo erregea edo 3koa eta 7koa har daitezke. Normalean, partidak 31 puntura jokatzen dira.
Eskoba (gure etxean jokatu dugun bezala)
Osagaiak eta hasiera
Berrogei kartako karta-sorta espainola.
Banaka joka daiteke, bi edo hiru jokalarirekin; eta taldeka, bi bikote lau jokalarirekin edo bi hirukote sei jokalarirekin. Taldeka (binaka edo hirunaka) jokatzen bada, jokalariek lekuak txandakatzen dituzte, talde bateko jokalari batek jokatu ondoren, besteko jokalari batek joka dezan.
Karten balioak: karta zenbakidunek zenbakiak adierazten duen balioa dute; txankak 8, zaldiak 9 eta erregeak 10 balio dute.
Partidak 21 puntura jokatzen dira. Baina hainbat partida joka daitezke. Aurretik zehaztuko da.
Arauak
Karten banatzailea aukeratzeko, bakoitzari karta bat ahoz gora esleitzen zaio, karta altuena (1ekotik erregera) jasotzen duenak kartak banatuko ditu. Hurrengo eskuan, banatzailea eskuin aldeko jokalaria izango da, eta horrela segituko da. Jokoaren txandak ere eskuinera joango dira, hau da, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan.
Banatzaileak banan-banan hiruna karta banatuko dizkie jokalariei, ahoz behera. Ondoren lau karta ahoz gora jarriko ditu mahaian.
Lau karta horien batura 15 bada, banatzaileak bere pilan bilduko ditu, ahoz behera, eta eskoba bat markatu du. Lau karta horiek 15 batzen duten bi bikote badira (adibidez, 5ekoa + erregea eta 7koa + txanka), banatzaileak lau kartak bere pilan bilduko ditu, ahoz behera, eta bi eskoba markatuko ditu.
Txanda bakoitzean, jokalariak bere eskuko karta bat jokatuko du. Jokatzen duen kartarekin eta mahaiko karta batekin edo batzuekin 15 puntu lortzen saiatu behar du. Lortzen badu, 15 puntu batzen dituzten kartak bere pilan gordeko ditu, ahoz behera. Ez badu lortzen, mahai gainean utziko du karta.
Gerta daiteke jokalari batek karta bat mahai gainean uztea konturatu gabe 15 puntu lor zitzakeela. Kasu horretan, beste jokalari bat konturatzen bada, 15 puntu batzen dituzten kartak jaso ditzake, hurrengo txanda duen jokalariak jokatu baino lehen.
Txanda batean, jokalari batek jokatzen duen kartarekin eta mahai gainean dauden karta guztiekin 15 puntu lortzen baditu, eskoba egiten du eta, bere pilan biltzean, karta bat ahoz gora utziko du eskoba markatzeko. Hurrengo jokalariak ez du kartarik izango mahai gainean.
Jokalari guztiek lehenengo banaketako hiru kartak jokatu dituztenean, banatzaileak beste hiru karta banatuko dizkio jokalari bakoitzari. Eta horrela karta guztiak banatu arte.
Partidaren bukaeran, karta batzuk mahai gainean geratuko dira. Karta horiek azken kartak bildu dituen jokalariarentzat izango dira.
Puntuazioa
Esku batean puntu hauek lor daitezke:
Eskobak: eskoba bakoitzeko puntu bat lortuko da; horregatik da garrantzitsua egiten den eskoba markatzea.
Kartak: karta gehien duen jokalariak puntu bat jasoko du.
Urreak: urre gehien duen jokalariak puntu bat jasoko du. Jokalari batek urre guztiak lortu baditu, bost puntu jasoko ditu.
Zazpi ederra (belloa): zazpiko urrea duen jokalariak puntu bat jasoko du.
Zazpiak: zazpi gehien duen jokalariak puntu bat jasoko du. Jokalari batek zazpi guztiak lortu baditu, bi puntu jasoko ditu. Zazpi ederraren puntua aparte zenbatzen da.
Puntuazioa | Kartak | Urreak | Belloa | Zazpiak | Eskobak | Guztira | |||
A-C taldea | 21 | 1 | 5 | 0 | 1 | 2 | 0 | 1 | 3 |
B-D taldea | 19 | 0 | 5 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 | 2 |
Zehapena
Partida ondo joan bada, bukaeran mahai gainean geratzen diren karten batura 10, 25, 40 edo 55 puntukoa izan daiteke. Datu hori garrantzitsua da egiaztatzeko altxaldi guztiak ondo egin direla.
Gerta daiteke jokalari batek 15 puntu batzen ez dituzten kartak konturatu gabe biltzea txanda batean. Orduan, bukaeran geratzen diren karten batura ez da bat etorriko aurreko kopuruekin. Kasu honetan, aurkariak eskuko 4 puntu (kartak, urreak, belloa eta zazpiak) gehi egin dituen eskoben puntuak jasoko ditu.
Bestelakoak
Eskobaren jokoan, partidaren amaieran geratu behar diren puntuak zehazteko, kalkulu batzuk egingo ditugu.
Serie bakoitzak hamar karta ditu eta 1etik 10era balio dute; beraz, serie bakoitzaren puntuen batura da.
Lau serie direnez, guztira 220 puntu daude.
Altxaldi bakoitzean 15 puntu biltzen direnez, gehienez altxaldi daude. Hau da, 14 altxaldi egin daitezke gehienez.
Eta, 14 altxaldi, bakoitzean 15 puntu, puntu dira. Hortaz, 10 puntu geratuko dira bildu gabe.
Baina, gerta daiteke hasieran jokatzen diren karten konbinazioek galaraztea, bukaeran, altxaldi guztiak egin ahal izatea. Bestela esanda, 14 altxaldi egin beharrean, 13 altxaldi egiten badira, puntu lortzen dira eta 25 puntu bildu gabe geratuko dira. Hurrengo kasuan, 12 altxaldirekin puntu lortzen dira eta 40 puntu bildu gabe geratuko dira.
Iturriak
Naipes (4). Altaya, Bartzelona, 1998.
Eskuko arauak: Modiano.
John McLeod: CARD GAME RULES, https://www.pagat.com/fishing/scopa.html#quindici
Snai: Storia Della Scopa. https://www.snai.it/giochi/scopa/storia
Wikipedia (en)
Wikipedia (eu)
Wikipedia (it)