faraoia
Faraoi taula-jokoa Horst Alexander Renz-ek sortu zuen 1984an, Egiptoko senet jokoaren taulan oinarrituta. Senetean aritzea badago dagozkion elementuz hornitzen bada (bosna fitxa eta bi aurpegiko dadoak).
H. A. Renz-ek, ordea, osagaiak estrategia joko abstraktu desberdin eta moderno baterako erabiltzea pentsatu zuen. Jokalari bakoitzak bi dado berezi erabiltzen ditu bere piezak eta aurkariarenak mugitzeko. Jokoaren helburua da aurkarien pieza guztiak uretara (lauki berezi bat) bultzatzea, geratzen den azken piezarekin zoriaren laukia okupatzea edo aurkaria ixtea, mugitu ez dadin.
Ohar gaitezen garaipen batera, aurkaria kanporatzera, jotzeak aukera ematen diola aurkariari garaipena lortzeko.
Hasierako posizioa asimetrikoa da, taula asimetrikoa baita. Ez dirudi, hala ere, alde batek besteak baino abantaila handiagoa duenik.
Faraoia estrategia eta zoria nahasten dituen bi jokalarirentzako mahai-joko bat da. Bi jokalariek Egiptoko bi erresuma zaharrak adierazten dituzte, Egipto Garaia eta Egipto Beherea.
Osagaiak eta hasiera
3×10 laukiko taula erabiltzen da. Taularen hiru lauki hieroglifoekin margoturik daude: 2-6 posizioko laukia eta 3-6 eta 3-7 posizioetakoak. 2-6 posizioko laukian gurutze egiptoarra eta aginte-makila daude; zoriaren laukia da eta bizitza, zoriona esan nahi du. 3-6 posizioko laukian hiru bihotz aire-tutuekin daude; salbazioaren laukia da eta polita, ona esan nahi du. Eta 3-7 posizioko laukian hiru ur-lerro daude; uraren laukia da.
Jokalariek launa fitxa dituzte, Egipto Garaiko koroa argiak eta Egipto Behereko koroa gorriak.
Bina dado, argiak eta gorriak, erabiliko dituzte jokalariek.
Jokoaren helburua aurkarien pieza guztiak uretara (lauki berezi bat) bultzatzea, geratzen den azken piezarekin zoriaren laukia okupatzea edo aurkaria ixtea, mugitu ez dadin.
Arauak
Partidaren hasieran bi jokalarien zortzi fitxak taulan kokatzen dira, posizio asimetrikoetan.
Jokalariek zer fitxarekin jokatuko duten erabakiko dute.
Dadoek erabilera desberdinak dituzte, norberaren fitxak mugitzeko edo aurkariaren fitxak mugitzeko. Horregatik dadoen aurpegietako puntuak fitxen irudiak dira.
Jokalariek dadoak txandaka jaurtiko dituzte; baina txanda batean bi dadoak jaurtiko dira.
Egipto Behereko jokalariak (ilunak) jaurtiko ditu dadoak lehena.
Mugimenduak
Dadoak jaurti eta gero, eta lortutako puntuan arabera,
- lehendabizi, norbere fitxa bat mugituko da;
- eta ondoren, aurkariaren fitxa bat mugituko da.
Mugimendu bat norabide ortogonaletan egin daiteke zuzenean edo lauki batean biratuz, ez diagonaletan; beti ibili behar da lauki hutsetatik, lauki hieroglifodunetatik barne.
Mugimendu berean ezin da bi aldiz igaro lauki beretik.
Dadoen puntuazioa ezin da bi fitxaren artean banatu. Ezin da fitxa baten gainetik jauzi egin, ezta norberaren edo aurkariaren fitxa bat harrapatu.
Lauki bereziak
Uraren laukiak berebiziko balioa du partida osoan. Jokalari batek aurkariaren fitxa bat uraren laukira eramatea lortzen badu, Niloaren uretara bota du. Aurkariak ezin badu bere fitxa uretatik atera, fitxa galduko du eta taulatik atera beharko du. Ez da derrigorrezkoa aurkariaren fitxa bat uretara botatzea.
Ezin da norberaren fitxa bat uretara bota, ez bada jokoaren une berezi batean fitxa hori beste lauki batera eramatea ezinezkoa dela.
Lauki honek garrantzia du fitxa bat uretara botatzen badute. Bere fitxa bat uretan duen jokalariak, hurrengo txandan, beste fitxa bat salbazioaren laukira eraman badezake edo jadanik lauki horretan fitxa bat badu, uretako fitxa salba dezake hiru laukira mugituz uraren laukitik. Kasu horretan honela jokatu beharko du:
· lehendabizi, bere fitxa bat salbazioaren laukira mugituko du, dagokion dadoak horretarako ematen badu;
· ondoren, uretako fitxa aterako du; eta,
· azkenik, aurkariaren fitxa mugituko du dagokion dadoaren puntuazioaren arabera.
Jokalariak ezin badu fitxa bat salbazioaren laukira eraman,
· lehendabizi, uretako fitxa taulatik aterako du;
· ondoren, bere fitxa bat mugituko du dagokion dadoaren puntuazioaren arabera; eta,
· azkenik, aurkariaren fitxa mugituko du dagokion dadoaren puntuazioaren arabera.
Zoriaren laukiak partidaren bukaeran izango du garrantzia. Jokalari batek fitxa bakar bat badu jokoan, oraindik irabaz dezake partida azken fitxa zoriaren laukira eramatea lortzen badu, kontuan izan gabe aurkariak zenbat fitxa dituen.
Partidaren amaiera
Irabazlea eta, beraz, Egipto Garaiko eta Egipto Behereko faraoia izango da
- aurkariaren lau fitxak uretara bota dituena, edo
- bere azken fitxa zoriaren laukira eraman duena, edo
- aurkaria itxi egin duena edo aurkariak ezin duenean fitxarik mugitu, ez berea ez jokalariarena.
Estrategia garrantzitsua aurkariaren fitxak uraren laukira hurbiltzea da, eta norberaren fitxak handik urruntzea.
Kontuan hartu beharko da salbazioaren laukira hurbiltzen den fitxa uraren laukira ere hurbiltzen dela.
Jokalari bati fitxa bat geratzen zaionean, aurkariak bere fitxa bat zoriaren laukira eramaten saiatu behar du. Baina kontuan izan behar du lauki hori uraren laukiaren ondoan dagoela eta fitxa galtzeko arriskua duela.
Jokoaren taktika bat aurkaria ixtean datza. Jokalari bat itxita dago ezin dituenean ez bere fitxak ez aurkariaren fitxak mugitu.
Egoera horrek bi jokalarientzat balio du, baina erasoan dagoen jokalariak jakin behar du bera ere gera daitekeela mugitu ezinik. Esate baterako, aurkariak ez badu punturik lortzen bi dadoetan, eta ondoren, jokalariari bere fitxen dadoan 0 eta aurkariaren fitxen dadoan 1 edo 2 ateratzen bazaio, ezingo du ezer mugitu (bere fitxak 0 atera duelako eta aurkariaren fitxak ezin direlako mugitu).
Iturriak
https://www.boardgameatlas.com/game/DEhnU4qvlO/pharao (2020-11-19)
Eskuko arauak: https://original-pharao-brettspiele.de/ (2021-02-23)