gabata
Hiru lerroko mankala da, mankala bitxiena. Jokoaren aldaera hau Etiopian eta Eritrean jokatzen da.
Bere antzinatasuna ez da ezaguna, baina J. T. Bent-ek lehen aldiz erregistratu zuen mendebaldeko literaturan 1893an, Sacred City of the Ethiopians (Etiopiarren Hiri Sakratua) liburuan. 1971ra arte zaharkitutzat jo zen, Richard Pankhurst-ek Ethiopia Observer (Etiopiako Behatzailea) lanean oraindik jokatzen ari zela erregistratu zuenean.
Taula egurrez edo behi-gorotzaz eginda dago, jabearen baliabideen arabera. Sei zuloko hiru ilara ditu, bederatzi zulo jokalari bakoitzeko. Txatxtma izeneko hiruna bola daude zuloetan. Dio Stewart Culin-ek: “Jokoa zenbait urratsetan jokatzen dute, korapilatsuak iruditzen zitzaizkigunak eta ikasteko aukerarik ez genituzkeenak; zuloei beren toukoul (txabola) esaten diete, eta asko asaldatzen dira jokoan.”
Osagaiak eta hasiera
Taulak sei zuloko hiru lerro ditu.
Bi jokalarik hartzen dute parte. Jokalari bakoitza bere aldeko sei zuloen eta erdialdeko eskuineko hiru zuloen jabea da. Hazien ereitea erloju orratzen kontrako noranzkoan egiten da. Jokalariek zulo guztiak erabiliko dituzte haziek ereiteko.
Hiru hazi kokatzen dira zulo bakoitzean.
Helburua ahalik eta hazi gehien biltzea da.
Arauak
Lehenengo fasea
- Jokalari batek A-B-C-...-H-I-a-b-c-...-h-i-A-... bidea egingo du eta besteak a-b-c-...-h-i-A-B-C-...-H-I-a-... bidea, bigarren irudia.
f | e | d | c | b | a |
g | h | i | I | H | G |
A | B | C | D | E | F |
- Jokalariek batera beren aldeko zulo batetik haziak hartu eta ondoko zulotik hasiz A-a noranzkoan ereingo dituzte banan-banan, hirugarren irudiko (1) eta (2).
- Hurrengo ereintzak aurrekoa bukatu den zulotik haziak hartu eta ondoko zulotik ereiten hasiz egingo dira.
- Fase honek jokalari baten ereintza bat zulo huts batean bukatu arte iraungo du.
Bigarren fasea
- Orain, jokalariek txandaka egingo dituzte ereintzak. Lehenengo fasea bukatzen duen jokalariak hasiko du bigarrena.
- Txanda batean hainbat aldiz jarraian ereingo ditu haziak jokalari berak. Lehenengoan bere edozein zulotatik haziak hartu eta ondokotik hasiko da ereiten. Hurrengoak, aurrekoa bukatu den zulotik haziak hartu eta ondokotik ereiten hasiz egingo dira. Laugarren irudian, A-ko haziak B-tik D-raino (1), D-tik I-raino (2), I-tik e-raino (3) eta e-tik A-raino (4).
- Ereintza baten azken hazia zulo huts batean erortzen denean, zulo huts hori jokalariarena bada, zutabe berean dauden (dagoen) aurkariaren zuloetako (zuloko) haziak harrapatuko ditu eta eskuineko biltegian gorde. Hirugarren irudian, A zulo gaineko g eta f zuloetako haziak (5) bildu eta eskuinaldeko biltegira eramango ditu (5). Ondoren, zulo hutsean utzi duen hazia hurrengoan erein eta jokatzen segituko du, hirugarren irudian, (6).
- Jokalari batek bere txanda galduko du ereintza baten azkeneko hazia aurkariaren zulo huts batean uzten duenean. Jokalariak bere txanda galduko du ere, bere azken hazia bere zulo huts batean uzten duenean eta aurkariaren zutabe bereko zuloetan ez badago hazirik, hots, harrapaketarik egiten ez duenean.
Txandaka segituko dute jokatzen, harik eta jokalari batek bere zuloetan hazirik ez duen arte, bere txanda denean. Aurkariak, orduan, taulan geratzen diren hazi guztiak hartuko ditu.
Hazi gehien (27 baino gehiago) harrapatzen duenak irabaziko du.
Jokalariek erabaki dezakete partida bat baino gehiago jokatzea. Kasu horretan, honela egiten da: hazi gutxien harrapatu dituen jokalariak bere biltegiko haziak hartu eta bere zuloetan hiruna jarriko ditu, bere lerroaren ezkerreko zulotik hasita. Hazi gehien dituen jokalariak bere biltegiko hazi kopuru bera hartuko du, eta bere zuloetan hiruna jarriko ditu, bere lerroaren ezkerreko zulotik hasita; gainerako haziak biltegian geratuko. Jokoa txandaka hasten da, hazi gehien dituen jokalariarekin hasita.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell eta Michael Cornelius: Juegos con Tablero y Fichas. Labor, Bartzelona, 1990.
Stewart Culin: Mancala. The National Game of Africa. Amazon, Washington, 1896.
Claudia Zaslavsky: Africa Counts. Lawrence Hill Books, Chicago, 1990.
James J. Bond: Board and pieces, https://sites.google.com/site/boardandpieces/list-of-games/gabata (2021-01-28)