garum-qüe
Jokoarekin datorren esku-liburuxkak dio erromatarrek garum-qüe joko gogokoena zutela. Dio ere erromatar gorteko garairik distiratsuenean, patrizioen damek garum-qüe-ra eramaten zituztela bitxiak. Dirudienez, liburuxkaren arabera, enperadoreek eta tribuno handiek esklaboen begiak erabiltzen zituzten, edo, are hobeto, borroka-eremuan garaitutako etsaien begiak. Kasu horretan, begiak gogortu egiten ziren, garum izeneko azido zurratzaile batekin bainatuz.
Liburuxkarekin jarraituz, Foro Erromatarrean eta Ostiako azken indusketetan aurkitutako grabatu eta eskulturen arabera, badirudi garum-qüe jokoaren bi eredu zeudela. Bat handia, hatzekin manipulatzen zena, eta bestea txikiagoa, matxardekin jokatzen zena. Herritar xumeek, eta baita esklaboek ere, kaleko lokatzez modelatutako garum-qüe ereduekin jokatzen zuten. Eguzkitan idortzen zuten lohi samurreko fitxak inprobisatzen zituzten.
Bakar-jokotzat ere asko erabili zen, eta kasu horretan kolore bateko 16 bolatxo baino ez ziren erabiltzen, eta beste koloreko 3 bolatxo, jokoak dituen 48 bolatxoen ordez. Denbora-pasa bakarti horri buruz, Pliniok esan omen zuen, liburuxkari jarraiki: “Zaharra sentitzen zarenerako aholkurik onena hau da: Ikasi bakar-jokoa egiten, ez baitu nekatzen.” Beste bakar-joko batean ere aritu daiteke, mundu osoan cha-cha-cha izenarekin ezagutua.
Jokoaren garrantzia, liburuxkak dioenez, aldi berean zoria eta kalkulua izatean datza. Kalkulatu nahi duena garum-qüe jokoaren jokaldiak xakean bezala alda ditzake. Zoriaz libratu nahi duenak bere fitxak mekanikoki mugi ditzake, eta azken emaitzaren zain egon. Joko hau atsegina egiten duen beste ezaugarri psikologiko bat partida bat bukatzeko azkartasuna eta errebantxa egiteko gogoa dira.
Egia esanda, liburuxkak dionaz aparte ez dugu inon jokoari buruzko aipamenik aurkitu. Joko hau lagun batek ekarri zidan 2003an Mexikotik. Liburuxkaren azalean SUPER-CHA azpititulua agertzen da, cha-cha-cha izeneko bakar-jokoarekin lotzeko agian.
Garum hitzari buruz hauxe irakur dezakegu Wikipedian: garum edo liquamen (grezierazko γάρον hitzetik ekarria) erromatar zibilizazioan estimu handiko arrain-saltsa bat zen, arrain tripaki hartzituaz, ardo edo ozpinaz, olioz eta uraz osatua. Antxoa, sardina eta berdela erabiltzen zituzten gehien bat.
Osagaiak eta hasiera
Joko-eremuak 7×7 zuloko taula da. Erdiko zuloa gorriz eta erpinetako lau zuloak urdinez markatuta daude; horrez gain, erpinetako 2×2 zuloko karratuak marra gorriz banatuta daude.
Hogeita launa bolatxo berde eta gorri daude, bi ontzitan.
Bi matxarda, berdea eta gorria, erabili ohi dira bolatxoak mugitzeko.
Jokalari bakoitzak bere bolatxoak jan behar ditu jokoaren bukaera bat lortzeko: zentroa, angelua edo gurutzea.
Arauak
Ontziak taula gainean husten dira bolotxoak zoriz bana daitezen taula gainean, behar izanez gero, taula astinduz.
Bere bola taularen zentroan duen jokalaria hasiko da, bola hori hutsik geratu den zuloan jarriz.
Jokoan, norberaren bolatxoak jan eta taulatik kanporatu behar dira.
Kanporatzea: bolatxo bat kanporatzeko, nahikoa da alboan dagoen bolatxo batekin gainetik jauzi egitea beste aldean dagoen zulo huts batera. Jauzia horizontalean, bertikalean edo diagonalean egin daiteke, aurrera edo atzera, gora edo behera, ezkerrera edo eskuinera.
Jokalari batek jokatzen segitu ahal izango du bere bolatxoak kanporatzen dituen bitartean. Ondoren, beste jokalaria arituko da.
Berreskuratzea: Jokaldi jarraituetan ondoz ondoan zeuden bolatxo guztiak kanporatu direnean, jokatzen segitzeko sakabanatuta dauden bolatxoak kanporatu behar dira. Horretarako, kanporatutako bolatxo bat berreskuratzen da eta kolore bereko bolatxo baten ondoan jartzen da.
Liburuxkak ez du argi esaten hori nola gauzatzen den. Bi aukera egon daitezke:
Bolatxoa berreskuratzen den txanda berean, hau da, berreskuratu eta berehala, bere koloreko bolatxoak kanporatzen hasten da eta bolatxo gehiago kanporatzerik ez dagoenean, txanda bukatzen da.
Bolatxoa berreskuratzen denean txanda bukatzen da. Hurrengo txandan hasiko da jokalaria bolatxoak kanporatzen.
Dena dela, bolatxoak berriro kanporatzen hasten denean, geratzen zen bolatxo bat edo berreskuratutako bolatxo bera kanpora daitezke.
Sakabanatutako bolatxoak jateko, edozein norabidetan eta noranzkotan egin daiteke, horizontalean, bertikalean edo diagonalean. Eta norabidea alda daiteke edozein urratsetan.
Liburuxkak berreskuratze kateatu deitzen dion mugimendu baten adibide bat ematen du; baina ez da argi geratzen zer egin behar den. Urrun dauden bi bolatxoetako bat kanporatzeko, hainbat bolatxo berreskuratzen dira, baina ez dago argi txanda berean egiten den, edo hainbat txandatan.
Bukaerak: jokoaren bukaerak zentroan, erpinetan edo gurutzean izan daitezke.
Jokalari bat irabazitakoan, bestea jokaldi bakar batekin bukaera bat lortzeko moduan geratu bada, ohorez galduko du eta apustuen erdia bakarrik sorraraziko du.
Apustuen taula:
Zentroa: apustu arrunta. Gurutzea eta zentroa: apustu hirukoitza.
Erpinak: apustu bikoitza. Karratua: 10 bider.
Gurutzea: apustu bikoitza. Gurutze txikia: 10 bider.
Erpinen ondokoak : apustu hirukoitza. Erpin bikoitzak: 50 bider.
Erpinak eta zentroa: apustu hirukoitza. Zirkulua: 100 bider.
Aldaera
Cha-cha-cha izeneko bakar-jokoan aritzeko, marra gorriz bereizitako erpinetako hamasei zuloak ez dira kontuan hartuko eta 32 bolatxo erabiliko dira.
Iturriak
Eskuko liburuxka.
Wikipedia (eu)