havannah
Christian Freeling holandarrak 1979an bi jokalarirentzako sortutako jokoa da.
Osagaiak eta hasiera
Joko-taula hexagono bat da. Hexagono hori triangelu aldekide askoz osaturik dago, zortzi alde bakoitzeko (ikus irudia).
Bi jokalari daude eta bakoitzak kolore edo mota bateko fitxak izango ditu; adibidez, batak 109 babarrun beltz eta besteak 109 babarrun zuri. Jokalariek fitxa ugariz hornitu behar dute joko-taula.
Jokalarien helburua bideak osatzea da.
Arauak
Fitxak triangeluen erpinetan kokatu behar dira txandaka.
Jokaldia hiru era desberdinetara irabaz daiteke:
– Hexagono handiaren bi erpin lotuz. A eta B puntuak norberaren fitxaz bakarrik lerro batez lotzea adibidez.
– Hexagono handiaren hiru alde lotuz. Lerro batez G, H eta I puntuak lotuz adibidez (edo G, H, E edo I, F; izan ere, E edo F erpinek bi alde ordezkatzen dituzte).
– Barruan gutxienez erpin bat duen lerro poligonal itxia lortzen denean. Adibidez J-K-L-M-N-Ñ-O-P-R lerro itxia osatutakoan. Kasu horretan hiru erpin daude lerro itxiaren barruan, eta bertan fitxak egon daitezke.
Berdinketa ere bi eratara lor daiteke: edo bi jokalariak ados jartzen direnean edo erpin guztiak betetzen direnean.
Ohar bat egin behar dugu orain. Lotu hitza erabiltzen dugunean zera esan nahi dugu: lotutako hexagonoko erpin batetik bestera, edo loturiko alde batetik besteetara iragateko fitxek ondoz ondoko erpinetan jarrita egon behar dutela eta bideko erpinotan kolore edo mota bereko fitxak bakarrik aurkitu behar ditugula. Bide hori behar den bezain luzea izan daiteke. Irudiko 1-2-3-4-5 bidea ona da 1 eta 5 puntuak lotzeko, baina 1-2'-3'-4'-5 bidea ez.
Piet Hein-en Hex jokoaren familiakoa da.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Zenbait joko. Elhuyar. Zientzia eta Teknologia, 17, Usurbil, 1988.
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Michel Boutin: Le livre des jeux de pions. Éditions Bornemann, Paris, 1999.