hiruko xakea
![]() |
| Hiru jokalarirentzako xiàngqí. H.J.R. Murray. |
Hiru jokalariko xakearen historia ohiko xakearen historia bezain zaharra da. 1876an, O. von Moellendorff-ek Mittheilungen der Deutschen Gesellschaft fur Natur- und Volkerkunde Ostasiens aldizkarian Das Schachspiel Der Chinesen (Txinatarren xake jokoa) artikulua argitaratu zuen. Artikuluak hiru erresumen jokoa deskribatzen du, eta taularen ilustrazio bat ematen du. Artikulu hura erabili zuen H.J.R. Murrayk iturri gisa bere liburuan. Txinako xakeen aldaeren artean, San-kwo-k'i (Hiru erresumen jokoa) dago. Ustez, Hiru Erresumen gerra irudikatzen du, Wei (urdina), Shu (gorria) eta Wu (berdea), o.a. 221-64 urteetan. Kontuan hartu behar da Taularen lerroak ez direla zuzenak taula osoan zehar, eta erresuma bakoitzak beste biei begira dagoela. Piezak ohiko hamaseiak dira, gehi 2 pieza berri [F] hiru armadetako bakoitzean. Honela deitzen dira: gorria, txuo (sua); urdina, tx'i (bandera); berdea, feng (haizea). Haien mugimendua zaldiaren jauzi hedatua da, hau da, bi urrats bertikalki edo horizontalki eta gero bat diagonalean. Jokoa oso konplikatua eta zaila dela esaten dute, baina ez da xake arrunta bezain interesgarritzat jotzen. Hiru erresumen izenen arabera izendatutako Wei, Shu eta Wu jeneraletako bati xake-mate ematen zaionean, matea eman duen jokalariak jenerala taulatik kendu eta horren gainerako indarrak bere armadari gehitzen dizkio.
Yu Ren Dong-en arabera, joko hura Hegoaldeko Song Dinastiaren garaian asmatu zen (1127-1279), baina, zoritxarrez, asmatzailearen izena, arau-liburuak eta arau zehatzak galdu egin ziren.
Europan, Filippo Marinelli-k, 1722an, Il Giuoco degli Scacchi fra tre (Hirurentzako xake jokoa) argitaratu zuen Napolin. Taulako antolaketa ez da simetrikoa hiru jokalarirentzat. Ohiko 8×8 taula arrunt baten hiru aldetan 3×8 hegalak eransten dira. Txanda eskuineko jokalariari pasatzen zaio eta denek denen kontra jokatzen dute. Peoi horiak n zutabean goratzen dira; gorriak a zutabean; eta beltzak 11. errenkadan. Peoi gorriak eta horiak beltzen azken errenkadara edo peoi beltzak gorrien eta horien azken zutabeetara sartzen badira, indargabetzen dira eta ezin dira mugitu, baina harrapa daitezke. Jokalari bati beste jokalari batek mate ematen dionean, haren piezak indargabeturik geratzen dira eta harrapatuak izan daitezke. Marinellik xake honetan jokatu zuen 1722an.
Horren ondoren, beste adibide goiztiar batzuk triangelu-formako joko bat (Ratisbona, 1765), Lallemont-en 1802ko jokoa eta Wildt-en 1803ko Burgspiel izan ziren. Ondoren, hiru jokalariko jokoak nahiko maiz agertu dira, eta horien artean ezagunak edo nolabaiteko ospea izan dutenak daude. Hala ere, argi dago joko horiek direla jokalari anitzeko xake-jokorik ezegokienak, bi jokalarik batengana jotzen dutenean desberdintasuna handiena delako.
Proposamen bat, adibidez, S. Waidder-ek egin zuen 1837an. Waidderren proposamenean taulak 126 lauki ditu, 8×8 laukiko hiru taulari tratamendu bera aplikatuz lortua, ez dago triangelu zentralik, sei lauki irregular elkartzen diren puntu bat baizik. Taularen koloreak ohiko moduan banaturik daude; kometa itxurako sei lauki zuritzat edo beltzat har daitezke edo alde batera utzi. Bestalde, ohiko antolamendua erabiltzen da, damak beti erregeen ezkerrean daude hasierako konfigurazioan. Piezek norabidea alda dezakete taularen hiru 'atalen' arteko muga-lerroak zeharkatzen dituztenean. Jokalari bati mate ematean edo itota dagoenean, bere piezak indargabetzen dira: ezin dira mugitu, ezta harrapatu ere. Xakea askatzen denean [ez dago argi], jokalariak jokatzen jarrai dezake, eta bere piezak berriro harrapa daitezke. Jokalari batek beste biei xake-mate emanez irabazten du.
Beste adibide bat dugu Three-Way Chess (Hiru bideko xakea), Richard Harshmanek 2003 inguruan sortua. Hiru jokalarik jokatzen dute, hexagono irregularreko taula batean. Bi aldaera daude; batak 140 lauki ditu, 8 eta 7 hexagonoko aldeak, txandaka; besteak 200 lauki ditu, 8 eta 9 hexagonoko aldeak, txandaka. Bi aldaeretan, jokalari guztien hasierako errenkadak 8 lauki zabal dira. Piezak xake estandarreko berberak dira, salbu eta alfil gehigarri bat dagoela eta 8 peoi gehigarri daudela. Hirugarren alfil bat behar da, alfil bakoitza kolore jakin bateko laukietan mugitzera mugatuta dagoelako. Eta bi peoi ilara behar dira bi norabidetatiko erasoetatik defendatzeko, norabide bakarretik beharrean. Damak beren koloretan daude, erregeen ezkerrean.
Hiru jokalarirentzako xakeen taulak askotarikoak dira. Alde batetik, taula hexagonalak, zirkularrak edo bestelako itxurakoak proposatu dira. Taulako laukietarako triangeluak, laukiak eta hexagonoak proposatu dira.
Hona George R. Dekle-k 1984an proposatu zituen hiru jokalariko xakearen arauak ekarriko ditugu.
Osagaiak eta hasiera
Taulak 96 laukiko hexagono bat da. Taula zuri-beltza da.
Jokalari bakoitzak ohiko hamasei pieza ditu: erregea, dama, bi dorre, bi alfil, bi zaldi eta zortzi peoi. Jokalarien piezak beltzak, gorriak eta zuriak dira.
Partida hasieran, dama erregearen ezkerraldean kokatzen da, lauki zurian.
Jokoaren helburua aurkari bati xake-mate egiten lehena izatea da.
Arauak
Zuriak egiten du lehenengo mugimendua eta jokoa erlojuaren orratzen noranzkoan jarraitzen du taularen inguruan.
Piezak xake estandarrean bezala mugitzen dira, ezaugarri berezi batzuekin.
Konbentzio estandarrak aplikatzen dira, besteak beste, endrokea, peoien hasierako bi urratseko aukera, pasean harrapatzea eta goratzea.
Mugimendu bereziak
Alfila, dama edo erregea diagonal batean zehar mugitzen direnean, taularen erdigunea zeharkatzean laukiaren kolorea aldatuko dute.
Zaldia "L" eredu ezagunean jauzi egiten du, xakeko zaldiaren antzera: bi urrats ortogonalki norabide berean, eta ondoren urrats bat ortogonalki albo batera. (2,1) jauzi batez ez den beste modu batean jauzi egitea ez dago baimenduta.
Bosgarren lerrora iristen den peoi batek (gezi-peoi izena du)edozein norabidetan ortogonalki mugitzeko eta edozein norabidetan diagonalean harrapatzeko gaitasuna lortzen du. Hala ere, ezin du bere jatorrizko hereneko zatira itzuli.
Harrapaketak
Harrapaketak ordezpenez egiten dira; hau da, pieza guztiek aurkariaren beste pieza bat dagoen laukia betetzen dutenean harrapatuko dute pieza hori.
Laugarren lerroan dagoen errege-peoi bat edo dama-peoi bat hiru modu ditu diagonalean aurrera harrapatzeko. Peoi batek beti harrapatzen du kolore bereko lauki batera.
Goratzeak
Peoi batek hiru gorapen-lerro posible ditu: aurkarien atzeko lerroak eta jokalariaren zuzenean aurrez aurre dagoen urruneneko lerroa.
Itotzea
Itota dagoen jokalari batek bere txandak galtzen ditu, aurkariak itotze-egoera askatzen duen mugimendu bat egiten duen arte. Itota dagoen bitartean, bere erregea xake-matearen mende dago oraindik, eta bere beste piezak harrapatzeko moduan daude.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Zaldiaren jokoak. Xakeen historia bat. Donostia, 2019.
Harold James Ruthven Murray: A History of Chess. Skyhorse Publishing, NewYork, 2012.
David Pritchard: The Chess Variant:
https://www.chessvariants.com/books.dir/cecv/index.html
https://www.chessvariants.com/xiangqivariants.dir/chin3pl.html (2026 – 08 – 22)
https://www.chesscity.nz/files/Three_handed_chess_instructions.pdf (2026 – 08 – 22)
https://web.archive.org/web/20160316153912/http://threewaychessorg.datajug.com/Rules_for_Three-way_Chess_v2p1p2.pdf (2026 – 08 – 22)
Wikipedia (en)
