itxi kutxa
Zabaldu diren kontakizunek itxi kutxa (shut the box ingelesez, trac frantsesez) jokoaren jatorri desberdinak iradokitzen dituzte, besteak beste, XII. mendeko Normandia (Frantziako iparraldea) eta XX. mendearen erdialdeko anglo-normandiar uharteak edo Kanaleko uharteak (Jersey eta Guernsey). Brewing Trade Review aldizkariaren 1967ko edizio batek jokoa Kanaleko uharteetako jatorrizkotzat deskribatzen du, eta Manchesterreko pubetan 1960aren erdialdean jokatzen zela jasotzen du.
Joko hau duela berrehun urte ezaguna zen Normandiako kostaldean. Marinelek itsasaldietan eramaten zuten bai itsasontzian bai kaietan jokatzeko; horrela zabaldu omen zen jokoa herrialde askotan. Ingalaterran arrakasta handia lortu zuen eta giro guztietan jokatzen zen, familietan, gazteen artean, zaharren artean, baita diligentziako bidaietan ere.
Jean-Marie Lhôte-k XVIII. mendeko Ingalaterran kokatzen du jatorria eta jokoaren arbasoa loptinh jokoa dela dio.
Arthur R. Taylorrek 1976ko Pub Games liburuan dio jokoa Napoleonen garaitik datorrela gutxienez. Erresuma Batuan "azken hamabost urteotan gutxi gorabehera", hau da, 1960ko hamarkadan, izandako susperraldia kontatzen du. Canada Dry freskagarrien enpresak taberna askotara banatu zituen, 1976 baino lehen, publizitate-berritasun gisa.
Itxi kutxa jokoa NBCn, 1974tik 1976ra eta 1978tik 1980ra, egin zen High Roller telebistako lehiaketa-programa estatubatuarraren oinarria izan zen, Alex Trebek aurkezlea izanik. Ikuskizuna 1987tik 1988ra berpiztu zen, orduan Wink Martindale-ren eskutik.
Jokoaren aldaerak ere jokatu dira Barotseland-en (Zambia, Erdialdeko Afrika).
Pub ingelesetan, itxi kutxa apustu-joko bat izan ohi da. Jokalari bakoitzak diru kantitate adostu bat jartzen du potean partidaren hasieran, eta partidaren irabazleak poteko dirua jasotzen du partidaren amaieran, eta, kasu batzuetan, baita kutxa ere.
Itxi kutxa joko tradizionala da, eta arauen aldaera asko daude, tokikoak eta tradizionalak. Horrez gain, jokoaren ospea gero eta handiagoa dela-eta, jokoaren aldaera asko garatu dira azken urteotan: canoga, lo-roll, double shutter, snake eyes, down&out, lo-man, wake up, giants!, shut-a-dice, low score I, kudot, blitz, fecha a caixa (4 jokalari), …
Osagaiak eta hasiera
Joko-taulak bi alde ditu: goiko aldean, 1etik 9rako zenbakiak dituzten bederatzi oholtxo daude, ardatz batez zeharkatuta albo batean edo banda batez lotuta daude. Beste aldean, tapiza dago dadoak jaurtitzeko.
Sei aurpegiko bi dado erabiltzen dira.
Hainbat jokalarik har dezakete parte.
Partida hasieran, oholtxoak gora altxatuta daude, zenbakiak erakusten.
Arauak
Jokalariek txandaka jokatuko dute. Joko honetan jokatzeko ordenak ez du eraginik, jokalari bakoitzak bere jokoa egiten duelako.
Bere txandan, jokalariak bi dadoak jaurtiko ditu eta emaitzaren arabera kutxako zenbakiak itxiko ditu. Horretarako, bi bide nagusi desberdin daude testuetan:
a) Bi dadoen puntuazioak batu egiten dira. Ondoren, kutxan agerian dauden zenbakiekin batura bera lortzen saiatu behar da. Horietako bat aukeratu behar du jokalariak eta erabiltzen diren zenbakiak itxi behar ditu.
Adibidez, dadoen puntuazioak 3 eta 5 badira, 8 puntu lortu dira. Demagun zenbaki guztiak daudela agerian; 8 batzen duten zenbakien konbinazioak hauek dira: 8, 7+1, 6+2, 5+3, 5+2+1 eta 4+3+1 (ezkerreko irudian). Jokalariak konbinazio horietako bat aukeratuko du eta bertan dauden zenbakiak itxiko ditu; esaterako, 5, 2 eta 1 zenbakiak.
b) Bi dadoen puntuazioak banaka hartu daitezke edo bi puntuazioen batura hartu daiteke. Orduan, jokalariak horietako bat aukeratuko du eta dagozkion zenbakiak itxiko ditu.
Adibidez, dadoen puntuazioak 3 eta 5 badira, Jokalariak bi aukera ditu: edo 3 eta 5 zenbakiak ixten ditu edo 8 zenbakia, batura, ixten du (eskuineko irudia).
Hemen zehaztu behar da, bi kasuetan, zenbakiak ixteko aukeratzen den konbinazioko zenbaki guztiek agerian egon behar dutela. Adibidez, 3 eta 5 zenbakiak erabiltzen dituen konbinazioa aukeratzen bada, 3 eta 5 zenbakiek agerian egon behar dute; esaterako, 5a itxita balego, ezingo litzateke konbinazioa aukeratu eta 3 zenbakia bakarrik itxi.
Jokalari baten txanda ez da bukatzen zenbakiak ixten dituen bitartean, eta dadoak jaurtitzen segituko du. Hau da, dadoen jaurtiketa bat ezin badu erabili, jokalariaren txanda bukatu da. Une horretan, jokalariari dagokion puntuazioa kalkulatuko da. Hemen ere aukera asko daude testuetan. Hona hemen batzuk:
a) Jokalariak itxi gabe geratu zaizkion zenbakien batura jasoko du.
Adibidez, ezkerreko irudian, 3, 4, 6 eta 7 zenbakiak agerian geratu badira, jokalariak 3+4+6+7=20 puntu jasoko ditu eta, eskuineko irudian, 2+3+5+9=19 puntu.
b) Jokalariak itxi gabe geratu zaizkion zenbakiekin osa daitekeen zenbakirik txikiena adina puntu jasoko ditu.
Adibidez, ezkerreko irudian, 3, 4, 6 eta 7 zenbakiak agerian geratu badira, jokalariak 3467 puntu jasoko ditu eta, eskuineko irudian, 2359 puntu.
c) Jokalariak itxi gabe geratu zaizkion zenbakien kopurua jasoko du.
Adibidez, ezkerreko irudian, 3, 4, 6 eta 7 zenbakiak agerian geratu direnez, 4 puntu jasoko ditu eta, eskuineko irudian, 2, 3, 5 eta 9 zenbakiak agerian geratu direnez, 4 puntu.
Jokalari batek 7, 8 eta 9 zenbakiak ixtea lortzen duenean, dado bakar bat edo bi dadoak jaurtitzea aukeratu ahal izango du, dadoak jaurti behar dituen bakoitzean.
Irabazlea zein den zehazteko, bide desberdinak ematen dituzte testuek. Bi hauek dira nagusiak:
a) Partida txanda bakarrean jokatzen da. Hau da, jokalariek behin bakarrik jokatzen dute. Orduan, jokalariek lortutako puntuak konparatzen dira eta puntu gutxien dituen jokalariak irabaziko du. Berdinketa gerta daiteke.
b) Partida hainbat txandatan jokatzen da. Jokalariek txandetan lortzen dituzten puntuak batuko dituzte. Hemen bi bide aukera daitezke irabazlea zehazteko:
i) Adostutako txanda guztiak jokatu direnean, puntu gutxien dituen jokalariak irabaziko du. Berdinketa gerta daiteke.
ii) Txanda kopurua adostu gabe, jokalariak aurretik zehaztutako puntu kopuru batera iritsi edo gainditzen dutenean, partidatik kanporatzen dira. Geratzen den azken jokalariak irabaziko du. Hemen zehaztu beharko da jokalari guztiek txanda kopuru bera jokatu behar dutela. Bestela gerta liteke, jokalari guztiak, bat izan ezik, kanporaturik geratzea, azken jokalariak bere txanda jokatu gabe. Orduan, jokatzeko ordenak eragina izango luke.
Iturriak
Niké Arts: Los mejores juegos de mesa. Dados y dominó. Magna, Barberà del Vallès, 2006.
Frederic V. Grunfeld: Juegos de todo el Mundo. UNICEF Edilan, Madril, 1978.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 1999.
David Pritchard: The family book of games. Brockhampton press, Leicester, 1994.
El Mundo de los Juegos (2). Altaya, Bartzelona, 1999.
Wikipedia (en)