jinx
Brax jokoa Frederic B. Denham-ek asmatu zuen 1889an, edo zerbait lehenago. Hala ere, uste da jokoaren antzeko bertsio bat dagoela, jinx izenez ezagutzen dena eta Ingalaterran XIX. mendearen erdialdean sortua.
Jinx hitzak, ingelesez, “zorte txar” esan nahi du.
Osagaiak eta hasiera
Jinx-taula 9x9 lerroen sare batez dago osatuta. Lerroen gainean jokatzen da, hau da, bidegurutzetan; horiek izango dira fitxen posizioak. Puntuen arteko zuzenkiak berdeak edo gorriak dira. Guztira, 72 zuzenki berde eta 72 zuzenki gorri daude.
Bi, hiru edo lau jokalarik har dezakete parte. Bi jokalari badira, bakoitzak zazpi fitxa ditu, berdeak eta gorriak. Fitxen alde bat lisoa da eta beste aldean izar bat dago. Izarra duen aldea hiru edo lau jokalarirekin erabiliko da.
Hasieran, fitxak jokalarien lehenengo lerroan daude, erdialdeko zazpi posizioetan.
Jokalarien helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea da.
Arauak
Jokalariek erabakitzen dute zein hasiko den; ondoren, txandaka arituko dira.
Fitxa bakar bat mugi daiteke txanda bakoitzean.
Fitxak edozein noranzkotan mugi daitezke, lerroen gainean, posizio huts batera. Fitxek ezin dute jauzi egin beste fitxen gainetik.
Kolore berdeko lerroak berdeenak dira, eta kolore gorrikoak gorrienak.
Kolore bateko fitxa bat kolore desberdineko zuzenki baten gainetik mugitzen bada, urrats bat baino ezin du eman, aldameneko posizio huts batera.
Kolore bateko fitxa bat kolore bereko zuzenkien gainetik mugitzen bada, urrats bat edo bi, nahieran, eman dezake, posizio huts batera. Bi urrats ematen baditu, norabidea alda dezake, baina kolore bereko zuzenki baten gainetik. Bigarren urratsean ezin da fitxa abiatu den posiziora itzuli.
Jokalari batek aurkariaren fitxa bat harrapa dezake bere fitxa bat aurkariaren fitxa dagoen posiziora eramanez. Harrapatutako fitxa taulatik aterako da. Baliteke jokalari baten fitxa batek aurkariaren bi fitxa harrapatu ahal izatea txanda batean. Hori jokalariaren fitxa bere koloreko lerroan bi espazio mugitzeko gai denean gertatzen da, bi espazio horietan aurkariaren bi fitxa egonik.
Harrapaketa ez da derrigorrezkoa, hau da, jokalari batek aurkariaren fitxa bat harrapa badezake ere, ez du zertan harrapatu. Hala ere, jokalari bat bere fitxa bat mugitzeko behartuta egon daiteke fitxa harrapatua izateko arriskuan badago.
Jokalari batek mugimendu bat egiten badu aurkariaren fitxa bat harrapatzeko mehatxatuz, “jinx” esan dezake; ez dago hori esatera behartuta, baina eginez gero, mugimendua egin eta berehala esan behar du. Horrela, aurkaria mehatxatutako fitxa hurrengo txandan mugitzera behartuko du. Aurkariaren bi edo fitxa gehiago aldi berean mehatxatzen badira, aurkariak erabaki dezake zer fitxa mugitu. Mehatxatutako fitxa mugitzean, aurkariak lehen jokalariaren fitxa bat ere harrapa dezake, bere fitxa mehatxatzen duen aurkariaren fitxa barne.
Jokalari batek bere fitxa mugitzen badu mehatxatutako posizio batera, beste jokalariak fitxa hori ez harrapatzea erabaki dezake, baina “jinx” esan beharko du bere txanda hartu eta beste fitxa bat mugitu ondoren. Lehen jokalariak, orduan, mehatxatutako fitxa mugitu beharko du, lehen deskribatu bezala.
“Jinx” esan duen jokalariak ezin du “jinx” esan hurrengo txandan; aldiz, gutxienez txanda bat itxaron behar du “jinx” berriro esan ahal izateko.
Jokalari batek ez du “jinx” esan behar bere aurkariaren fitxa(k) mehatxatzen d(it)uenean, harrapatu nahi ez baditu; aurkariak, hortaz, ez d(it)u bere hurrengo mugimenduan mehatxatutako fitxa(k) mugitu behar. Hori gerta daiteke fitxek elkar mehatxatzen dutenean, eta jokalariek ez dute “jinx” esan behar abantailatsua izan arte.
Jokalari batek fitxa bat eta besteak bi fitxa dituenean, ezingo dute elkar mehatxatu (jinx).
Aurkariaren fitxa guztiak harrapatzen dituenak irabaziko du.
Jinx-partida bat berdinketan buka daiteke, bi jokalariei fitxa bana geratzen zaienean eta uste dutenean ezingo dutela aurkariaren fitxa harrapatu.
Aldaerak
Lau jokalarirentzako jokoa
Lau jokalarik hartzen badute parte, bi multzo osatuko dira; multzo batek sei fitxa berde hartuko ditu, eta bestak sei fitxa gorri. Multzoetan, jokalari batek alde lisoarekin jokatuko du, eta besteak izardun aldearekin. Jokalari bakoitzak hiru fitxarekin jokatuko du. Multzoak osatzen direnean, multzoko kideak ezin dira ados jarri jokoan; hau da, multzoak dira baina jokalari bakoitzak bere aldetik jokatuko du.
Hasierako posizioa desberdina da: fitxak taularen alde bakoitzeko lehenengo lerroaren eskuinetik hasita, 2., 3. eta 4. posizioetan jarriko dira.
1 eta 2 jokalariak aurrez aurre jarriko dira taulan eta fitxen alde lisoarekin arituko dira; 3 eta 4 jokalariak ere aurrez aurre jarriko dira taularen beste bi aldeetan eta fitxen alde izardunarekin arituko dira.
Zozketaz erabakiko da zer multzo hasten den. Ondoren, honela txandakatuko dira:
- fitxa lisoak dituen lehenengo multzoko jokalaria hasiko da;
- fitxa lisoak dituen bigarren multzoko jokalaria arituko da;
- fitxa izardunak dituen lehenengo multzoko jokalariak mugituko du;
- eta fitxa izardunak dituen bigarren multzoko jokalaria bukatuko du txanda.
Jokalari batek ondoren jokatuko duen jokalariari baino ezin dio mehatxu egin (jinx).
Bere hiru fitxak galtzen dituen jokalariak joko utziko du eta gainerako hiru jokalarik jarraituko dute.
Irabazlea taula gainean fitxak geratzen zaizkion azken jokalaria da.
Hiru jokalarirentzako jokoa
Hiru jokalarik hartzen badute parte, bi jokalarik multzo bat osatuko dute eta beste jokalariak bakarrik jokatuko du. Bakarrik jokatzen duen jokalariak bost fitxa liso izango ditu, eta beste biek hiruna fitxa liso eta izardun. Multzoko kideak ezin dira ados jarri jokoan.
Hasierako posizioa hau izango da: bost fitxak dituen jokalariak taularen alde bateko lehenengo lerroaren eskuinetik hasita, 2., 3., 4., 5. eta 6. posizioetan jarriko ditu. Bigarren jokalariak taularen aurreko aldeko lehenengo lerroaren eskuinetik hasita, 2., 3. eta 4. posizioetan jarriko ditu fitxa lisoak. Eta hirugarren jokalariak lehenengoaren eskuineko aldeko lehenengo lerroaren eskuinetik hasita, 2., 3. eta 4. posizioetan jarriko ditu fitxa izardunak.
Bost fitxak dituen jokalaria hasiko da. Ondoren, fitxa lisoak dituen jokalariak eta fitxa izardunak dituen jokalariek jokatuko dute, ordena horretan.
Lehenengo txandaren ondoren, jokalari bakartiak bi fitxa mugitu ahal izango ditu txanda berean, baina ez fitxa bera bi aldiz.
Multzoko jokalariek jokalari bakartiaren bi fitxa mehatxatzen badituzte (jinx), jokalari bakartiak biak mugitu beharko ditu hurrengo txandan.
Irabazlea taula gainean piezak geratzen zaizkion azken jokalaria da.
Oharrak
Arauetan hainbat kontu ez daude argi:
1) Jokalari batek ez badu "jinx" esaten, baina aurkariaren fitxa bat mehetzatzen badu, bere hurrengo txanda harrapatu ahal izango du?
2) Bi aldaeretan, multzo bereko jokalariek elkarri eraso diezaioketen ez dago argi.
Bestalde, taulak baditu posizio indartsu batzuk jokalarientzat. Posizio horietan, hiru lerro kolore batekoak dira, eta bestea desberdina. Hortaz, fitxek zazpi posiziotara iristeko aukera dute.
Iturriak
H. L. Fourie: Board Games of the World. Amazon, 2009.
El Mundo de los juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
Wikipedia (en)