kurier xakea
Alemanian, 1000. urte inguruan xekearen berri jadanik bazutela badakigu Alpe bavariarreko Tegernsee-ko fraide batek Ruodlieb poema idatzi baitzuen 1030 inguruan, latinez, eta 1023an frankoen errege Roberto II.a Errukitsuaren eta enperadore Henrike II.aren artean jokatu zen xake partida kontatu zuelako.
Xakearen zabalpena, Alemanian, mota guztietako idazkietan ere islatu da. Idazki haiek ez ziren xakeari buruzko lan teknikoak. Haatik, xakea aitzakia gisa erabiltzen zuten. Baina horrek erakusten du, hain zuzen, xakea ohiko jokoa zela, eta ez zela aditu gutxi batzuen kontu ezkutua.
Lan literarioek garaian ohikoak ziren istorioak kontatzen zituzten eta xakea istorioaren pasarte batean agertzen zen. Adibide pare bat ematearren, Wolfram von Eschenbach-en 1200-10 inguruko alemanezko Parzival bertsioan xake-taularen eta piezen garai hartan literaturan ohikoa zen erabilera ikus daiteke. Gauvain andre batekin aurkitzen dute horren ahizparen gazteluan; armarik eskura ez eta Gauvainek xake-taula erabiltzen du ezkutu moduan andreak etsaiak xake-piezekin urruntzen dituen bitartean. Garai berean, Herbort von Fritzlar-ek greziarren eta amazonen arteko gudua xake-partida gisa tratatu zuen Liet von Troye lanean.
Beste lan batzuetan xakearen ezaugarriren bat ematen zuten; datu apur horiek lagundu dute xakearen historia josten. XII. mendean, esaterako, Elegia de ludo scachorum idatzi zen, Codex Benedictbeuren lanaren barruan. Beranduago Carmina Burana lanean jasoko zuten. Testu nahasia da ideiak azaltzeko, eta errepikapenak ditu. Bi koloreko taula aipatzen du eta erregearen gaztelua lauki zurian kokatzen du.
1204 eta 1209 artean, Wirnt von Gravenberg-ek Wigalois izeneko arturtar erromantze alemana argitaratu zuen. Bertan, ohiko xakearen ordez kurier xakea aipatzen de lehen aldiz. Aldaera hori Alemanian jokatzen zen 12×8 xake-taula batean, 48 piezarekin. Kurier xakearen lehen aipamena baino ehun urte geroago, Heinrich von Beringen-ek mezulariak xakean hobekuntza gisa sartzea aipatu zuen.
XI., XII. eta XIII. mendeetako 254 poema jaso ziren gaur egun Carmina Burana izeneko lan ezagunean; poema gehienak lizunak, lotsagabeak eta satirikoak dira. Gehienak latinez idatziak, eta gutxi batzuk garaiko alemanez eta proventzalez. Poemen artean 40 poema edatearekin eta jokatzearekin daude lotuta. Testuan xakea eta piezak aipatzen dira:
Roch, pedes, regina, senex, eques insuper et rex.
Conflictus vocat edictus vox Martis ad ictus.
Vox sonat in Rama: trahe, tost, capra, concine, clama.
Victus ab hoste gemat qui dum fit schach roch et hie mat.
Moralitate izena ematen zaie xake jokoari buruz idatzi ziren lan moralizatzaileei. Haien helburua ez zen xakean jokatzen erakustea, bizitzaren lezioak ematea baizik. Horren adibidea da 1432-3an Ingold domingotarrak idatzi zuen Guldin Spil.
Xakea metaforen iturria ere izan da. Esate baterako, Alemaniako poetek xake-gaztelua zoritxar handia adierazteko erabiltzen zuten. Xake-gaztelua egiten zen aldi berean erregea eta gaztelua mehatxatzen zirenean, xake zaharreko eraso larriena omen zen.
Oso goiz hasi ziren Europan aldaketak egiten piezen ahalmenean zein jokoaren arauetan. Ez dago probarik aldaketa horietarako arrazoia zailtasun teorikoetan zetzanik. Arrazoi bat izan zitekeen jokoaren iraupenak sortzen zituen nekea edo aspertzea. Hortik, agian, xakea dadoekin jokatzeko proposamena agertzea, arrakastarik gabe. Beste hiru aldaketa mota saiatu ziren: mugimenduen ahalmena zabaltzea, piezen berrordenamendua eta taula handitzea; lehenak baino ez du iraun denboran.
Kunrat von Ammenhausen-ek, XIV. mendearen lehen erdian ere, kontatu zuen behin Constance-n joko bat ikusi zuela "xake zuzenean" baino hamasei pieza gehiagorekin: alde bakoitzak salatari bat, bi mezulari, kontseilari bat eta lau peoi gehiago zituen. Esan zuen behin baino ez zuela jokatzen ikusi Proventzan, Frantzian edo Grisonian.
Alemania aldean iturriak berandukoak dira, XV. mendeko Krakoviako poema eta XVI. mendeko eranskinak. Lehenengo aldaketa erregearen jauzia zen, Lombardiako Jacopo da Cessole-ren 1300 inguruko lanean bezala edo luzeagoa. Bigarrena, damak eta oinezko goratuak, beren lehen mugimenduan, jauzi egiteko ahalmena zuten, Gaztelako errege Alfontso X.a Jakitunak agindutako 1283ko eta Cessoleren lanetan bezala. Hirugarrena, oinezkoak hasieran bi urrats aurreratzeko ahalmena zuen. Laugarrena, Krakoviako poeman errege itotzea berdinketa zen. Bosgarrena, Krakoviako poemak errege biluzia garaipentzat ematen zuen.
XV. mendean ez da antzematen inongo aldaketarik ez beheko mailetara zabaltzean, ez jokatzeko metodoan. Bestalde, herrialdeetan arauek gutxienez mende bat zeramaten finkatuta. Baina mendearen bukaeran xakearen aldaera berriak borrokan ikusten dira zaharrarekin, bai Iberiar eta Italiar Penintsuletan bai Frantzia aldean; horrekin batera bi aldaerak bereizteko izendapenak agertu ziren, xake zaharra eta damaren xakea. Bi aldaketa baino ez zegoen xake zaharretik xake berrira. Damak eta alfilak beren mugimenduak aldatu zituzten eta orain dutenak hartu zituzten: dama nahi adina lauki mugi daiteke diagonalean, horizontalean eta bertikalean, bidea libre dagoen bitartean; alfila nahi adina lauki mugi daiteke diagonalean, bidea libre dagoen bitartean. Joko hori Erdi Aroko xakea baino askoz zirraragarriagoa izan zen, laster jokorik zaharrena baztertu baitzuen. Beste hobekuntza batzuk probatu ziren. Bat aukerako lehen urrats bikoitza zen peoientzat. Hori, hasieran, erregearen, erreginaren eta dorrearen peoiei mugatu zitzaien, eta gero, pixkanaka, besteei ere zabaldu zitzaien.
Dama haserrearena zeritzon joko berria oso azkar onartu eta zabaldu zen, mende batean nagusituko zen Europan. Alemaniara beranduago iritsi zen, Italiatik ziur asko; 1536an, Christian Egenolff-ek Jakob Mennel-en Schachzabel lanaren Köbel-en edizioa berrinprimatu zuenean, joko berriari buruzko kapitulu bat erantsi zuen; garai hartan berritasun bat izan zen. Interesgarria da joko berria deskribatzeko, welsches schachspiel, welsch adjektiboa erabili izana, italiar esan nahi du Murray-ren arabera eta frankofono WordReference.com-en. Herrialde guztietan joko berriak belaunaldi batean, gutxi gorabehera, ordeztu zuen joko zaharra.
Alemaniatik joko berriaren lehenengo garaiko informazio gutxi iritsi da. Badakigu goiko eta erdiko mailako klaseen artean jokatzen zela. Merkatariak ere aritzen ziren azoketan (bukatu gabeko partidak notario aurrean idazten ziren hurrengo azokara arte gordetzeko). Garai hartako xake-taula dotore daude museoetan. Lehen testua, Egenolffenaren ondoren, 1577ko Cartel des Schach-Spieles am Kaiserlichen Hofe esku-orria da; bederatzi arau ematen ditu jokatzeko: 1, peoiak bi lauki aurrera daitezke haien lehen mugimenduan; 2, pasean harrapa daitezke; 3, erregea endroka daiteke, xakea ez badu jaso; 4, xake jaso ondoren, erregea ezin da endrokatu; 5, peoia dama bihurtzen da azken errenkadan; 6, nahi adina dama eduki daitezke; 7, errege biluzia ez da xake-matea, robado baizik; 8, errege itoa tavola da; 9, bi bukaera horiek berdinketak dira. Kartela jokalari batzuen aldarrikapen gisa ikus daiteke bertako arauen kontra. Geroago, Lucas Wielius-en Schachzabel, 1606, dugu. Marcus Hieronymus Vida-ren 1532ko poemaren itzulpena da, xakearen azalpen labur batekin osatua. Arau berezi hauek ditu: lau peoi baino ezin dute bi lauki batera aurreratu, gazteluenak eta erregearena eta damarena; erregea lauki bat mugi daiteke norabide guztietan; peoia dama bihurtuko da, beste damarik ez dagoen artean; pieza bat baino ezin da mugitu mugimendu batean; bi mate daude xake-matearekin batera, errege biluzia eta errege itoa. Wieliusek ez zuen endrokea ezagutzen. 1616an, Brunswick-Lüneburg-eko duke Augustus-ek, Gustavus Selenus goitizenarekin, Das Schach-oder König-Spiel (Xake- edo Errege-Jokoa) lana idatzi zuen, Leipzig-en. Lan hori Giovanni Domenico Tarsia-k 1584an egin zuen Lopezen liburuaren italierazko itzulpenaren itzulpena da, Selenusen beraren eranskin historiko batzuekin. Bertan eman zuen Saxonia-Anhalt-eko Ströbeck-eko herritarrek hiru xake mota desberdinetan jokatzeko zuten ohituraren berri: xake zaharra, kurier xakea eta welsch xakea. Xehetasunez deskribatu zuen kurier xakea, eta piezen marrazkiak eman zituen. Piezei emandako izenak ez datoz beti bat marrazkietako irudiekin: schleich (salatari) izeneko pieza gorteko bufoi gisa irudikatzen da. Kurier xakea 12×8 laukiko taula batean jokatzen zen. Erdi Arotik jokatzen zen Alemanian. Lau pieza berriak bi kurier (mezulari), mann (kontseilari) bat eta schleich (salatari) bat ziren. Welsch xakea damaren xakea edo xake berria zen, baina berezitasun batzuekin.
XVI. mendearen hasieran, Lucas van Leyden-ek, Herbeheretan, Xake-jokalariak izeneko irudia margotu zuen. Irudi horretan, emakume batek pieza bat hartu du kurier xakean. Lucas van Leyden-en pinturan oinarritutako kurier-jokoak daude merkatuan gaur egun.
Badago, ordea, kurier xakea erakusten duen eta horren ezaguna ez den beste koadro bat. 1661ean Jan de Bray margolari herbeheretarrak kurier-piezen multzo sakabanatuta jarri zuen bere autoerretraturako atrezzo gisa. Bi koadroetako kurier-piezek antza dute.
1651n, Brandenburgeko hautesle eta Prusiako duke Frederick Williamek xake-taula bat eman zion Ströbeck herriari, alde batean, xakea eta bestean, kurier xakea, eta zilarrezko piezak. Pieza horiek, XVIII. mendean, maileguz eman ziren eta ez ziren inoiz itzuli, baina zurezko piezen multzo bat dago. Ströbeck herriaren armarrian xake-taula bat agertzen da.
1821ean, H. G. Albers-ek jakinarazi zuen kurier xakea oraindik jokatzen zela Ströbeck-en, eta pieza batzuek mugimendu indartsuagoak irabazi zituztela, baina urte batzuk geroago beste bisitari batzuek ikusi zuten bertan behera utzi zutela. 1883an, bertako xake-klubak berpiztu egin zuen.
Ez dago argi nola edo zergatik zabaldu zen kurier xakea ia Alemanian bakarrik. Kontrakoa esaten duten datuak agertzen ez diren bitartean, badirudi kurier xakea dela musulmanen eraginpetik kanpo sortutako xakearen lehen luzapena.
Osagaiak eta hasiera
Kurier xakearen taula 8×12 laukikoa da. Laukiak bi koloretan margoturik daude. Lehen errenkadako ezkerreko lehen laukia iluna da.
Jokalari bakoitzak hogeita lau pieza ditu: könig bat (errege), königin bat (Erdi Aroko dama), mann bat (kontseilaria), schleich bat (salataria, bufoia), bi kurier (mezulariak), bi schütze (Erdi Aroko alfilak), bi reutter (zaldiak), bi roche (gazteluak) eta hamabi soldat (peoiak).
Piezen hurrenkera, ezkerretik eskuinera, hau zen: rochea, reutterra, schützea, kurierra, manna, königa, königina, schleicha, kurierra, schützea, reutterra eta rochea. Horien aurrean, bigarren errenkadan, hamabi soldatak.
Errenkadaren erdialdean dauden manna, königa, königina eta schleicha aurkariaren manna, königa, königina eta schleicharen aurrez aurre jartzen dira taulan, hurrenez hurren. Königak beren koloreko laukian kokatzen dira.
Arauak
Helburua:
Jokoaren helburua aurkariaren erregea harrapatzea da.
Mugimenduak:
Piezen mugimenduak hauek dira:
königa noranzko guztietan aldameneko lauki batera mugi daiteke. Ezin da mugitu xakepean dagoen posizio batera. Ezin da endrokatu.
Königina aldameneko lauki batera mugi daiteke diagonalean, aurrera eta atzera.
Manna königa bezala mugitzen da, baina mehatxupean egon daiteke eta harrapatua izan daiteke.
Schleich a aldameneko lauki batera mugi daiteke ortogonalean, aldeetara, aurrera eta atzera.
Kurierra diagonalean ahal duten guztian mugi daitezke, aurrera eta atzera, baina ezin dute jauzirik egin.
Schützeak zehazki bi lauki mugituko dira diagonalean eta piezen gainetik jauzi egin dezakete.
Reutterrak hirugarren laukira jauziko dira, bi zuzenean eta hirugarrena albora, nahi denera. Gainerako piezek ezin dute haren bidea oztopatu.
Rocheak zuzenean ahal duten guztian mugi daitezke, aurrera, atzera, ezkerrera edo eskuinera, baina ezin dute jauzirik egin.
Soldatak lauki bat aurrera mugi daitezke, jokalarien aldi bereko lehen mugimenduan izan ezik.
Bi jokalarien lehenengo mugimendua lau piezaren mugimenduek osatzen dute eta aldi berean egiten da: rocheen eta königinaren aurreko hiru soldatak bina lauki aurreratzen dira eta königina ere bi lauki aurrera mugitzen da. Hortik aurrera, jokalariek txandaka mugituko dute.
Harrapaketak:
Harrapaketak ordezpenez egiten dira; hau da, pieza guztiek aurkariaren beste pieza bat dagoen laukia betetzen dutenean harrapatuko dute pieza hori. Pieza guztiek, soldatek izan ezik, ohiko mugimenduarekin gauzatzen dute harrapaketa.
Soldatek diagonalean aurrera harrapatzen dute.
Jokalari baten königa mehatxatzen denean xake! esan behar da eta bere txandan jokalariak hala edo nola mugitu beharko du königa xakepetik ateratzeko. Ezin badu, xake mate! da eta partida bukatu da.
Jokalari baten kóniga zuzenean mehatxupean ez badago, baina edozein mugimendu eginez gero, königa harrapatzeko moduan geratuko balitz, jokalariak partida galduko luke.
Goratzeak:
Soldatak zortzigarren errenkadara iristen direnean königin bihurtuko dira.
Robert Charles Bell-ek iradokitzen du Ströbeck-en jokatzen ziren beste xake motetan bezala egingo zela. Eta hori honela egiten zen: soldata zortzigarren errenkadara iritsi eta gero, hiru bozkario-jauzi egin behar zituen zutabe bereko seigarren, laugarren eta bigarren errenkadetara. Orduan, königin bihurtzen zen. Bozkario-jauzietan ezin piezen gainetik jauzi egin, ezta piezarik harrapatu. Zortzigarren errenkada erasoetatik salbu zegoen, baina ez hiru jauzietan. Hiru jauzi horiek txanda desberdinetan egin zitezkeen.
Berdinketa gertatuko da jokalariek nahiko indarrik ez dutenean partida irabazteko.
Albers jokoa arau eguneratuekin zabaltzen saiatu zen Alemanian, 1821ean.
Hasierako konfigurazioa Erdi Aroko kurier xakearen bera da.
Königak, königinak, kurierrek (alfilak), reutterrek eta rocheek gaurko mugimenduak dituzte. Schützeak lauki bat diagonalean mugi dezake, edo diagonalean bigarren plazara jauzi egin. Schleichak, erreginaren ondoan, lauki bat mugitzen du edozein norabidetan. Mannak, erregearen ondoan, schleicharen eta reutterren mugimenduak konbinatzen ditu. Soldata peoi modernoaren antzera mugitzen da.
Soladaten goratzean, soldata azken errenkadara iritsi ondoren, bi txanda egon beharko du han, pieza berria bihurtu aurretik.
Endrokea baimentzen da, königaren eta rochearen arteko lauki guztiak hutsik badaude, erregea ez bada xakepean egon, rochea ez badago mehatxupean, ez bada mugitu, eta haien arteko laukiak ez badaude erasoan. Königa schützaren laukira mugitzen da, eta rochea kurierraren laukira, alde bakoitzean.
Itotzeari buruzko araua ez da gorde. Izan ere, itotzearen auzia ez zen egonkortu Alemanian XIX. mendera arte.
Kurier xakea modernizatzeko ondorengo saioen artean FIDE (Nazioarteko Xake Federazioa) Maisu Paul Byway-ren Modern Courier Chess (Kurier xake modernoa) lana sartzen da, 1971tik aurrera. Bestalde, 2011n, Clément Begnis saiatu da joko hau FIDEren konbentzio modernoekin guztiz bateragarria izan dadin: Reformed Courier-Spiel (Kurier-joko eraldatua).
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Zaldiaren jokoak. Xakeen historia bat. Autoedizioa, Donostia, 2019.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations 1. Dover Publications, Inc., New York, 1960.
Jean-Louis Cazaux eta Rick Knowlton: A world of Chess. McFarland & Company, Inc., Publishers, Jefferson, 2017.
Harold James Ruthven Murray: A History of Chess. Skyhorse Publishing, New York, 2012.
Wikipedia
Eskuko arauak: Rick Knowlton.