latxa
Karta-joko honen sortzailea TOKI Kultur Elkartea da. Toki elkartea Jon Novillok, Iulen Asurmendik, Jon Fernandezek Luis Olaizolak eta Ander Isusik osatzen dute. Haien hitzetan:
Toki elkartea pasioz eta konpromisoz sortu genuen guraso talde bat gara. Hainbat ikastolatako bideak gurutzatu ondoren, jolaserako zaletasunak elkartu gintuen hasieran. Jolasa gure arteko hizkuntza bihurtu zen, eta denborarekin, gure seme-alabentzako jolasak sortzeari ekin genion.
Hona hemen elkartearen helburuak:
- Sormena eta Zabalkundea: Mahai-jolasak sortu eta garatzea, hezkuntza eta gizarte-hausnarketa bultzatzeko.
- Euskara Sustatzea: Euskara elkartearen jarduera eta eduki guztien hizkuntza nagusi gisa indartzea.
- Inklusio Soziala: Desgaitasuna duten pertsonekin eta bazterketa arriskuan daudenekin lan egitea.
- Ondare Kulturala: Euskal Herriko historia, kultura eta ohiturak ezagutaraztea belaunaldi berriei.
- Deskonexio Digitala: Pantaila digitalen erabilera murriztea, aurrez aurreko harremanak sustatuz.
- Lankidetza: Erakunde publiko, pribatu eta hezkuntza-zentroekin elkarlanean aritzea.
Latxa euskal artzaintzan oinarrituriko karta-joko arina, dinamikoa eta lagunartean gozatzeko aproposa da. Mendia ardientzat paradisua izan daiteke bere belardi amaigabeekin. Baina horrek ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik. Artzain baten paperean sartu zaitez eta osatu zure artaldea, inguruko arriskuetatik babesten duzun bitartean.
Osagaiak eta hasiera
Karta-sortak 40 karta ditu, honela banatuta: karta batzuek ardi 1 (8), 3 ardi (10), 5 ardi (9) eta 7 ardi (7) dituzte. Beste kartek otsoa (12), artzain txakurra (3), zintzarria (3), arranoa (3), ekaitza (3) eta borda (2) dituzte.
![]() |
![]() |
| Ardi-kartak. | Ekintza-kartak. |
Jokalariak bitik gora izan daitezke.
Helburua 15 ardiko artaldea osatzen lehenengoa izatea da.
![]() |
| Joko-eremua: karten piloa zentroan, mendia eta jokalarien eremua. |
Arauak
Jokalari bakoitzari ez zaio kartarik banatu behar. 60 kartak, orraztu eta gero, mahai erdian jarriko dira buruz behera, multzo bakarrean.
Jokalariek beraien txanda banan-banan jokatuko dute erlojuaren kontrako noranzkoan.
Jokalari bakoitzak, bere txandan, karta-piloaren goiko karta hartu eta
- mendira eramango du.
- Kartak eraginik balu, aplikatuko du.
- Ateratako kartak txanda amaitutzat emango ez balu, jokalariak bi aukera ditu:
a) Jarraitu eta beste karta bat hartu eta mendira eraman.
b) Gorde eta txanda horretako ardiak bere eremura eraman eta gorde (lehenagotik zituenei gehituz). Gainera, txanda amaierako ekintza-karten eraginak aplikatuko ditu.
Txanda behartuta bukatzen da otsoa atera denean edo 15 ardi baino gehiago biltzen direnean. Kasu horretan, ekintza-karten eraginak aplikatu gabe geratzen dira.
Ondoren, hurrengo jokalariaren txanda hasiko da.
![]() |
![]() |
![]() |
| A jokalariak karta bat hartu du, 7ko ardia, eta bere txanda bukatzea erabaki du. 7ko artaldea du. | B jokalariak karta bat hartu du, 3ko ardia; ondoren, beste karta bat hartu du, otsoa; bi kartak baztertu behar ditu eta txanda bukatu zaio. Ez du artalderik osatu. | C jokalariak hiru karta hartu ditu, banan-banan, 5eko ardia, artzain-txakurra eta beste 5eko ardia; bere txanda bukatzea erabaki du. 10eko artaldea du. |
Ekintza-kartak
1. Mendian aplikatzen diren kartak.
OTSOA ateratzen bada:
- Txandako ardi guztiak galtzen dira (mendian daudenak) eta txanda bukatutzat ematen da.
- Lehenagotik gordetako ardiak ez dira galtzen.
ARTZAIN-TXAKURRA ateratzen bada:
- Txanda honetan mendian dauden ardiak otsoaren aurrean babesten ditu.
- Artzain-txakurraren karta bi kasutan baztertzen da:
- Otso bat ateratzen bada. Kasu honetan otsoa eta txakurra baztertzen dira eta jokalariak bere txandarekin jarraitu dezake dauzkan ardiak gordez edo beste karta bat hartuz.
- Jokalariak bere ardiak gordetzea erabakitzen duenean, artzain-txakurraren karta baztertuko du.
ZINTZARRIA ateratzen bada:
- Zintzarriak ardi-karta bat otsoaren kartatik babesteko aukera ematen du.
- Zintzarria mendian dauden ardi-kartetako bati jarri behar zaio atera bezain laster.
- Mendian ardi-kartarik egongo ez balitz, ondoren ateratako lehen ardi-kartari jarri behar zaio.
- Otsoa ateratzean, zintzarriak babestutako ardi-karta jokalariaren eremura eraman eta beste karta guztiak baztertu behar dira (zintzarria barne).
2. Jokalariaren eremuan aplikatzen diren kartak.
ARRANOA ateratzen bada:
- Arranoaren eragina, jokalariak erabakita, txanda amaitutzat ematen denean bakarrik aplikatzen da.
- Orduan, arranoa beste jokalari bati eman, eta gordeta dituen ardi-karten artean bat lapurtuko zaio (bere eremuan borda edukiko ez balu) eta arranoa jokatu duen jokalariaren eremura ekarri. Behin arranoa jokatuta, karta baztertu egingo da.
- Arranoaren karta mendian egongo balitz eta txanda behartuta bukatutzat emango balitz, eragina aplikatu gabe baztertuko da.
EKAITZA ateratzen bada:
- Ekaitzaren eragina, jokalariak erabakita, txanda amaitutzat ematen denean bakarrik aplikatzen da.
- Orduan, ekaitza beste jokalari bati eman, eta gordeta dituen ardi guztiak galduko ditu (bere eremuan borda edukiko ez balu behintzat). Behin ekaitza jokatuta, karta baztertu egingo da.
- Ekaitzaren karta mendian egongo balitz eta txanda behartuta bukatutzat emango balitz, eragina aplikatu gabe baztertuko da.
BORDA ateratzen bada:
- Bordaren eragina, jokalariak erabakita, txanda amaitutzat ematen denean bakarrik aplikatzen da.
- Orduan, jokalariaren eremuan gordetako ardi-karta guztiak babestuta egongo dira ekaitz eta arranoen aurrean.
- Bordaren kontra norbaitek ekaitz edo arranoren bat jokatuko balu, ardi-kartak kendu ordez, borda galdu eta baztertutakoen pilara bota beharko da.
- Bordaren karta mendian egongo balitz eta txanda behartuta bukatutzat emango balitz, eragina aplikatu gabe baztertuko da.
![]() |
![]() |
![]() |
| A jokalariak karta bat hartu du, 7ko ardia, eta bere txanda bukatzea erabaki du. 14ko artaldea du. | B jokalariak bost karta hartu ditu, banan-banan, ekaitza, 3ko ardia, artzain-txakurra, 3ko ardia, 1eko ardia eta 7ko ardia; ondoren, txanda bukatzea erabaki du. Artzain-txakurra baztertu du eta ekaitzaren eragina C jokalariari aplikatu dio. C jokalaria artalderik gabe geratu da. B jokalariak 11ko artaldea du. | C jokalariak karta bat hartu du, 1eko ardia; ondoren, beste karta bat hartu du, otsoa; bi kartak baztertu behar ditu eta txanda bukatu zaio. Ez du artalderik osatu. |
![]() |
![]() |
![]() |
| A jokalariak karta bat hartu du, 5eko ardia, 15 baino ardi gehiago bildu duenez, 5eko ardia baztertu eta txanda bukatu zaio. 14ko artaldea du. | B jokalariak karta bat hartu du, 5eko ardia, 15 baino ardi gehiago bildu duenez, 5eko ardia baztertu eta txanda bukatu zaio. 11ko artaldea du. | C jokalariak bost karta hartu ditu, banan-banan, arranoa, ekaitza, 3ko ardia, 5eko ardia eta ekaitza; bere txanda bukatzea erabaki du. Arranoa B jokalariari aplikatu dio, eta 7ko ardia lapurtu. Bi arranoak eta ekaitza baztertu ditu. B jokalaria 4ko artaldearekin geratu da. C jokalariak15eko artaldea bildu du. C jokalariak irabazi du. |
15 Baino Gehiago
Txandan zehar jokalari batek 15 ardi baino gehiago biltzen baditu, bere eremu eta mendiaren artean, bere txanda bukatutzat emango da eta mendiko ardi guztiak galduko ditu. Eremuan gordetakoak bakarrik mantenduko ditu.
Adibidez, norbaitek 9 ardi dauzka gordeta eta bere txandan 3 ardiko karta bat eta 5 ardiko beste bat atera ditu mendira. Momentu hortan 17 ardi edukiko lituzke guztira, beraz bere eremuko 9 ardiak mantendu eta mendiko 8 ardiak (3+5) baztertu beharko lituzke, txanda amaitutzat emanez.
Partidaren Amaiera
Bere txandan jokalari batek 15 ardi justu lortzen dituenean partida amaitu egingo da eta jokalari hori izango da garailea.
Iturriak
Eskuko arauak: Latxa, TOKI.











