linja
Steffen Mühlhäuser-ek 2003an bi jokalarirentzako sortutako jokoa da, eta Steffen-Spiele-k argitaratua.
Osagaiak eta hasiera
Banbuzko zazpi makilak joko eremua mugatzen dute, tartean sei hutsarte eta muturretan hutsarte bana uzten dute.
Hamabina fitxa beltz eta gorri. Seina fitxa muturretako hutsarteetan eta fitxa bana tarteko hutsarte bakoitzean uzten dira.
Jokalariak saiatuko dira bere fitxekin lehenago iristea taularen beste muturrera.
Arauak
Hasten dena zoriz aukeratuko da.
Mugimendu guztiak aurrera egiten dira, ezin da atzera mugitu.
Mugimendu batek bi urrats ditu:
- hasierako urratsa
- bigarren urratsa
Hasierako urratsean, jokalari batek bere fitxa bat banbuzko makila baten gaienetik mugituko du aurrera.
Aurreko fitxa erori den hutsarteko fitxen kopuruak zehaztuko du bigarren urratsa. Bigarren urratsa edozein fitxarekin, hasierako urratsa eman duen fitxa barne, egin daiteke eta fitxa kopuru hori adina banbuzko makila jauztean datza. Hutsarteko fitxa guztiak kontatzen dira, norberarenak eta aurkariarenak, iritsi berri den fitxa izan ezik. Bigarren urratsa fitxa bakar batekin baino ezin da egin.
Fitxa bat muturreko hutsartera iristen bada eta puntuak sobera geratzen bazaizkio, galduko dira.
Bigarren urratsaren ondoren, beste jokalariaren txanda izango da.
Adibidea: jokalari gorriak X fitxa mugitzen du tarteko bigarren hutsartetik hirugarrenera. Hirugarren hutsartean lau fitxa zeudenez, hurrengo urratsean fitxa batek banbuzko lau makilaren gainetik jauzi egin dezake.
Hiru egoera berezi:
- Fitxa bat helmugara iristen bada hasierako urratsean, bigarren urratsean, banbuzko makila bat baino ezingo da jauzi egin, muturreko hutsartean zeuden fitxak ez baitira kontuan hartzen.
- Fitxa bat hutsik dagoen hutsarte batera mugitzen bada, jokalariak ez du bigarren urratsik izango.
- Fitxa bat bigarren urratsean hutsarte huts batera iristen bada, jokalariak mugimendu estra oso bat izango du, hasierako eta bigarren urratsekin. Mugimendu estra horren bigarren urratsean berriro hutsarte huts batera iritsiko balitz, jokalariak ez luke izango mugimendu estra gehiagorik.
Ezin da egon inoiz sei baino fitxa gehiago hutsarte batean. Muturretako hutsarteetan, aldiz, nahi adina fitxa egon daitezke.
Hutsarte bete batek, ordea, ez du oztopatzen fitxak bertatik igarotzea. Baina, fitxak aurreratzeko zenbatu behar da.
Partida bukaera
Partida jokalari baten fitxek aurkariaren fitxak atzean uzten duten unean. Hau da, fitxa gorriek, adibidez, fitxa beltz guztiak aurreratu dituztenean.
Une horretan egingo da zenbaketa: 5 puntu muturreko hutsartean dagoen fitxa bakoitzeko; 3 puntu aurreko hutsartean dagoen fitxa bakoitzeko; 2 puntu aurreko hutsartean dagoen fitxa bakoitzeko; eta puntu 1 aurreko hutsartean dagoen fitxa bakoitzeko.
Adibidean:
Jokalari beltzak 5×5 + 3×4 + 2×3 + 1×0 = 43 puntu lortu ditu.
Jokalari gorriak 5×6 + 3×2 + 2×2 + 1×2 = 42 puntu lortu ditu.
Puntu gehien lortu duen jokalaria da irabazlea. Galtzaileak hasiko du hurrengo partida.
Iturriak
Eskuko arauak: Steffen-Spiele.