latrunculi
Ludus latrunculorum edo latrunculi jokoan paradigma aldatu da, estrategia hutseko jokoa baita, zoriak eragin gabe; hori gertatzen da greziarren filosofia eta matematika pili-pilean zeudenean. Jokoaren indarra estrategiaren aurkikuntzan eta zaletasunean dago orain. Urrats bat ematen da garai nomadetako jazarpen- eta ehiza-jokoetatik orduan jaiotzen ari diren estrategia-jokoetara. Leroi-Gourhan-en arabera, gizataldeen arteko oldarkortasuna agertzen da nekazarien eta artzainen arteko banaketa ematen denean. Estrategia-jokoak agertzen direnean, gerra ohituren artean sartu da.
Oraingo aro aurreko VI. mendeko greziarrak hiru jokotan aritzen ziren: dadoak, petteia eta hiriaren jokoan. Petteiaren izen zaharrena Polux-en (o.a. II. mendea) testu batean agertzen da: “Fitxak damak direnean, jokalari bakoitzak bost dauzka eta bost lerroren gainean kokatzen dira, Sofokles-en arabera: damak bost lerroan. Eta bost lerroak alde bakoitzetik hasita, erdiko lerroari sakratu deritzo”. Hortik dator bere izen laburtua pente grammai, bost lerro. Murray-k uste du Poluxek aipatzen duen jokoari egokitzen zaion taula bakarra pentagrama dela.
Petteia hitza grezierazko pessos, hartxintxar, hitzetik dator, eta joko-fitxa esanahiarekin erabiltzen zen. Ohitura zabala da jokoei bertan parte hartzen duten fitxen edo piezen izena ematea. Badirudi argi dagoela Platon-ek petteia eta kubeia izenak erabiltzen zituenean, joko zehatz bi aipatzen zituela, ez joko orokorrak edo motak. Hala ere, erraza da denboraren poderioz, izen horiek zabaltzea, petteia dadorik gabeko jokoetara eta kubeia dadoak zerabiltzaten jokoetara.
Jokoaren arauak ezezagunak dira; baina, lekukotasunek arauak berregiten laguntzen dute. Petteia erroten hobekuntza bat dela dirudi; izan ere, fitxak lerroen gainetik mugitzen dira. Taulak bost lerro bertikal eta bost horizontal ditu, guztira hogeita bost erpin. Jokalari bakoitzak bost fitxa ditu; hasieran elkarren aurkako posizioetan kokatzen dira. Fitxak bertikalean edo horizontalean mugitzen dira, erpin bat aldi bakoitzean; jokalari bakoitza saiatuko da aurkariaren fitxa bat bere bi fitxen artean ixten, edo erdiko erpinaren eta bere fitxa baten artean ere. Arau horiek Becq de Fouquière-k berregin zituen.
Hiriaren jokoaren antzinatasuna Kratino-ren komedia batean oinarritzen da. Beranduago, Poluxek zioen: “Fitxa asko eskatzen duen jokoa plinthion jokoa da, lerroek osatutako laukiak dituena. Taulari poli, hiri, deritzo, eta fitxa bakoitzari skýlos, txakur. Fitxak bi zelaitan banatzen dira koloreen arabera eta trebetasuna aurkako fitxa bat bi fitxen artean inguratzean eta altxatzean datza.”. Poluxek ez du aipatzen taularen itxura, ezta tamaina ere. Azpimarratzekoa da fitxak ez direla lerroen gainetik mugitzen, laukietatik baizik, hau da, dama-taula batean. Bestalde, petteian bezala, bi jokalari dira, indar berdina dute eta harrapaketak inguratuz egiten dira. Murrayk ondorioztatzen du joko bera zirela; izan ere, Platonek eta Poluxek fitxei txakur zeritzen; Poluxek esan zuenak ez zuen Platonek esandakoaren kontra egiten; Platonek beste estatu batzuk bere estatu idealarekin erkatu zituenean, poleis aipatu zuen petteiaren ezaugarri gisa.
Bi jokoek arrakasta izan zuten Grezian o.a.a. V. mendean. Arauak ez badira ezagutzen ere, harrapaketa mota da jokoen ezaugarria. Beraz, hiriaren jokoa petteiaren ondorengoa izan liteke, eta horien jarraipena, Erroman, latrunculia. Ez dira joko bera; baina, mota bereko jokoak dira, eta bi zibilizazioen pentsamoldeen arteko aldea kontuan hartu behar da, baita ezagutzaren aurrerapenek jokoaren hobekuntzarekin bat egiten dutela ere.
Joko honen lehenengo aipua Varro-k (o.a.a. 116-27) egin zuen De Lingua Latina, Latinezko hizkuntzari buruz, lanean; berak iradokitzen zuen lerroz eta espazioz osatutako taula batean jokatzen zela. Ovidiok Ars amatoria (Maitatzeko artea) eta Tristia lanetan zioen fitxak kolore desberdineko beirak edo harribitxiak zirela. Horrez gain, fitxak aurkariaren bi fitxen artean lerrotuz harrapatzen zirela eta atzera mugi zitekeela ere esaten zuen. Baina, iturri nagusia Saleius Basso-k o.a. I. mendearen erdialdean idatzi zuen Laus Pisonis poema da. Poemak seega jokoa deskribatzen du. Hasieran, fitxak taulan daudela dio; aurkariaren fitxa bat bi fitxen artean lerrotuz harrapatzen dela deskribatzen du, baita ere fitxa bat lagun daitekeela beste fitxa bat aldean kokatuz, eta harrapatutako fitxak taulatik ateratzen direla eta eskuan hartzen direla; harrapaketa gehien egiten duenak irabazten du jokoa. Jokoa Inperioaren barruan jokatzen zelako azkeneko aipuak o.a. IV.-V. mendekoak dira: Vopiscus-ek zioen latrunculi jokoaren irabazleari Imperator deitzen zitzaiola; Macrobius-ek tabula eta latrunculi jokoetan ari ziren jokalariei errieta egiten zien.
Becq de Fouquière-k eta beste batzuek fitxa batzuek ahalmen handiagoa izan zezaketela iradoki dute; agian, fitxa nagusi bat zegoen eta lauki bat baino gehiago mugi zezakeen aurkariaren fitxa baten gainetik jauzi eginez eta beste fitxa bat harrapatuz. Horrek aukera emango zion jokalari bati posizio garaiezin bat hausteko eta, horrela, ekidin partida fitxa askorekin bukatzea taula gainean. Testuetan ezerk ez du iradokizun hori babesten, ezta horren kontra egiten ere.
Jokoaren fitxei latro zeritzen. Plautoren garaian (o.a.a. III.-II. mende artean), latro hitzaren esanahia gudari zen; baina, Horazio-ren garaian (o.a.a. I. mendean), ordea, lapurraren sinonimoa zen.
Ez dago kontraesanik latrunculi jokoari buruz dakigunaren eta petteia jokoaz dakigunaren artean; are gehiago, latrunculi petteia da, Murrayren ustez. Platonen adierazpenak dio greziarren petteia eta kubeia jokoak Egiptotik etorri zirela
Latrunculi jokoa eraman zuten legionario erromatarrek Inperioaren mugetara. Esaterako, Ingalaterrako harresi erromatarraren inguruan hainbat taula eta fitxa aurkitu dira.
Taulen benetako neurria ez da inon zehazten; berez, zenbait neurritako taulak aurkitu dira: 7×8, 8×8, 8×9, 9×9, 9×10, 10×13… Badirudi, hortaz, taularen tamainak ez duela garrantzirik. Inork ez du ezer aipatzen jokalarien fitxa kopuruari buruz; baina, Juvenal-ek erabili zuen mandra terminoak iradokitzen du kopuru handia zela. Ez dago fitxen arteko bereizketarik. Kasu batzuetan fitxak aurkitu dira taulen ondoan; esate baterako, hemezortzi fitxako multzo batean, hamaikak zirkulu zentrokideak zituzten eta zazpi lisoak ziren.
Fitxen kopurua taularen laukien araberakoa bada, fitxa guztiak berdinak izango dira? Lhôte-k ezetz dio. Jokalari bakoitzak bi fitxa mota ditu; lehenengoak, lapurrak edo oinezkoak, lauki hurbiletara mugitzen dira; besteak, latrunculiak edo zalditeria, askeago mugitzen dira. Azken horiei Isidoro Sibiliakoak (o.a. ~560-636) alderrai deritze Etimologiak lanean. Datu gutxi dagoenez, kontuz ibili behar da arauak ematerakoan. Pentsa daiteke oinezkoak tipi-tapa mugitzen zirela aurrera, eta alderraiak diagonalean. Horrela izan behar zen, bestela alderraiek aurrera eginez gero, oinezkoek oztopatuko zituzketen. Lauki kopuruaren gainean eta fitxa moten gainean zalantza asko badaude ere, jokoak, zorionez, badu aipamen garrantzitsu bat Neron-en garaiko Cneius Calpurnius Pison jokalari ospetsuari egindako poema batean. Horren arabera, ideia berri bat sortzen da, piezen hierarkia; horri eransten badiogu petteia jokoan erdiko lerroa berezia dela, taulako laukiek ere hierarkia bat onar dezaketela erdiesten dugu. Lhôteren arabera, xakea bezalako joko modernoen oinarria dugu.
Poprad-en, Eslovakian, erromatarren legioetan mertzenario gisa zebilen foederatus izeneko buruzagi germaniko baten hilobian zurezko joko-taula bat eta beirazko hainbat fitxa beltz eta zuri aurkitu ziren 2006an; joko-taula 375. urtekoa da. Jokoa erromatarren ludus latrunculorum jokoa izan daiteke; baina taulak badu berezitasun bat eta bere tamaina da, 17×18 laukiko taula da; eta ludus latrunculorum jokoaren aurkitutako taulak txikiagoak izan dira orain arte.
Osagaiak eta hasiera
Hemen emango ditugun arauak 8×8 laukiko taula batean jokatzeko dira. Laukiek ez dute berezitasunik, denak irudi gabeak izan daitezke; baina, aldaera baterako, laukien erdiek bi marra dituzte, bi diagonalak edo diagonal bat eta erdibitzaile bat. Marra horiek mugimenduak gidatuko dituzte.
Jokalariek hamaseina fitxa dituzte. Aldaera batzuetan jokalariek fitxa berezi bat gehiago izaten dute, Dux-a. Aldaera batzuetan fitxek bi aurpegi desberdin izan behar dute.
Helburua aurkariaren fitxak harrapatzea da.
Arauak
Arau hauek Bell-en liburutik ekarri ditugu eta bat datoz Irungo Oiasso erromatar museoan erositako jokoaren arauekin, bi puntutan izan ezik.
1. Taula 8×7 laukikoa da.
2. Jokalari bakoitzak 16 fitxa eta fitxa berezi bat ditu.
3. Lehenengo fasean, jokalariek fitxak taulan sartzen dituzte txandaka, aldi berean fitxa bana kokatuz taulako edozein laukitan. Lehenengo fase honetan ez dago harrapatzerik.
4. Hogeita hamabi fitxak taulan daudenean, jokalari bakoitzak fitxa urdin bat, Dux-a, buruzagia, kokatzen du taulan. Orduan hasten da bigarren fasea.
5. Fitxak lauki bat mugi daitezke edozein noranzkotan, baina ez diagonalean.
6. Aurkariaren fitxa bat harrapatuko da norberaren bi fitxen artean lerrotuz.
7. Fitxa bat harrapatzen denean, berriro jokatzeko aukera dago. Beraz, fitxa isolatu bat arriskuan dago eta arriskuan jar ditzake beste fitxa batzuk, harrapaketa-segida bat eragin dezakeelako.
8. Fitxa urdina besteak bezala mugi daiteke edo aurkariaren fitxa baten gainetik jauzi motza egin dezake lauki huts batera; ez du harrapaketarik egiten, ez bada beste fitxa batekin beste fitxa bat artean hartzen duela. Horrek aukera ematen dio defentsa-posizio bat hausteko eta harrapaketa-segida bat hasteko. Fitxa urdina besteak bezala harrapatzen da.
9. Fitxa bat aurkariaren bi fitxaren artean mugi daiteke, harrapatua izan gabe.
10. Jokoak dirau jokalari batek fitxarik gabe geratu arte, edo jokalariek hautsi ezin duten blokeo bat gertatu arte. Orduan, taula gainean fitxa gehien duen jokalariak irabaziko du.
11. Hogeita hamar mugimendutan ez bada harrapaketarik egin, jokoa bukatzen da.
Bi aldaera:
1. Nagusiak aurkariaren fitxa baten gainetik jauzi egiten duenean, aurkariaren fitxa hori ere harrapatzen du eta taulatik aterako da.
2. Jokalariek ezin dute txanda galdu, derrigorrez mugitu behar dute fitxa bat edo nagusia.
Arau hauek Les 7 cailloux dendaren jokoarekin datoz.
Lehenengo aldaera
1. Jokalari bakoitzak 16 fitxa ditu.
2. Fitxak taularen lehenengo bi errenkadetan kokatzen dira partida hasieran.
3. Jokalariek beren fitxak mugituko dituzte, txandaka. Fitxa marrarik gabeko lauki batean badago, lauki bat mugi daiteke edozein noranzkotan, baita diagonalean ere.
4. Fitxa marrak dituen lauki batean badago, laukiko marrek esango dute nora mugi daitekeen lauki bat.
5. Aurkariaren fitxa bat harrapatzen da norberaren bi fitxa artean ixten bada, horizontalean edo bertikalean; orduan, taulatik aterako da.
6. Jokalari baten 2, 3, 4… fitxa ondoz ondoan badaude lerro batean eta beste jokalariak lerro horren bi muturretan bi fitxa jartzen baditu, guztiak harrapatuko ditu.
7. Fitxa bat taularen erpin batean ere harrapa daiteke bi fitxa aurkari ondoan jarriz, bat bertikalean eta bestea horizontalean.
8. Fitxa bat aurkariaren bi fitxen artera mugitzen bada, ez da harrapatua izango.
9. Jokalari batek partida galduko du fitxarik gabe geratzen denean.
Bigarren aldaera
1. Armadek latrones, mertzenarioak, eta milites, oinezkoak, dituzte. Lehenengoek mugimendu nahiko libreak dituzte eta bigarrenak erasora joateko mugatuta daude.
2. Zortzi fitxa, aurpegi grabatua gora, marrak dituzten laukietan eta zortzi fitxa, aurpegi laua gora, marrarik gabeko laukietan kokatuko dira.
Mertzenarioen mugimenduak:
3. marrarik gabeko laukian badaude, aldameneko zortzi laukietara joan daitezke; marrak dituen lauki batean badaude, marren arabera mugituko dira.
4. Mertzenarioek jauzi egin dezakete mertzenario edo oinezko aurkari baten gainetik ondoko lauki huts batera. Ezin du jauzi egin fitxa lagun baten gainetik.
Oinezkoen mugimenduak:
5. lauki bat mugitzen da beti aurrera. Marrarik gabeko lauki batean badago, aurreko hiru laukien artean aukera dezake. Marrak dituen lauki batean badago, marren arabera mugituko da, baina beti aurrera.
6. Oinezko bat aurkariaren eremuaren bukaerara iristen denean, mertzenario bihurtzen da. Nahikoa da, orduan, grabatutako aurpegia ikusgai jartzea.
7. Fitxa bat aurkariaren bi fitxen artera mugitzen bada, ez da harrapatua izango
Arau hauek Ulrich Schädler-ek 1994an eman zituen alemanez eta 2001ean ingelesez. Schädler ari da Eslovakiako Popraden aurkitutako joko-taula aztertzen.
1. Fitxek bi aurpegi desberdin izan behar dituzte.
2. Jokalariek adostuko dute zenbat fitxa erabiliko duen bakoitzak, gutxienez 16 eta gehienez 24. Taula handiagoa balitz, fitxen kopurua ere handituko litzateke.
3. Partida hasieran, fitxak taulatik kanpo daude.
4. Lehenengo fitxa jarriko duen jokalaria zozketaz erabakiko da.
5. Jokalariek, txandaka, fitxak banan-banan jarriko dituzte taulako lauki huts batean. Fitxa horiei Isidoro Sibiliakoak vagi, iheslariak, deitu zien. Fase honetan ez dago harrapatzerik.
6. Fitxa guztiak jarritakoan, jokalariek txandak hartzen dituzte beren fitxak mugitzeko. Fitxak modu ortogonalean mugi daitezke (hau da, horizontalean eta bertikalean, baina ez diagonalean) ondoko lauki huts batera. Fase honetan mugitutako fitxei Isidorok ordinarii, arruntak, deitzen zien.
7. Fitxa batek aurkariaren fitxa baten gainetik jauzi egin dezake atzeko lauki huts batera. Hainbat jauzi kateatu daitezke txanda berean.
8. Jokalari batek bere bi fitxa artean aurkariaren fitxa bat harrapa dezake. Harrapatutako fitxa bat ezin da mugitu, baina taulan geratzen da. Harrapatutako fitxari alligatus, lotua, deitzen zaio edo Isidororen arabera, incitus. Argi uzteko fitxa bat alligatus bihurtu dela, ahoz behera geratzen da.
9. Aurkariaren fitxa bat lotuta dagoenean, hurrengo txandan, jokalariak harrapatu eta taulatik ken dezake, baldin eta oraindik harrapatzen ari diren bi fitxak askeak badira eta ez badira lotuta geratu aurkariaren mugimenduan. Fitxa bat taulatik kentzen denean, ez da jokora itzultzen.
10. Jokalari batek bere fitxa lotu bat inguratzen duen fitxetako bat inguratzen badu, bere fitxa lotua aske geratuko da berehala eta ahoz gora jarriko da, eta harrapatuta geratu den aurkariaren fitxa lotuta eta ahoz behera geratuko da.
11. Jokalari batek bere fitxa bat bi fitxa aurkariren artean mugi dezake, baldin eta mugimendu hori eginez aurkariaren fitxa horietako bat harrapatzen badu.
12. Taulan fitxa bakar batekin geratzen den jokalariak jokoa galdu du.
Iturriak
Robert Charles Bell : Board and Table Games from Many Civilizations, Dover Publications, Inc., New York, 1979
Eli Gurevich: Ancient Games, https://www.ancientgames.org/ludus-latrunculorum-latrunculi/
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société, Flammarion, Paris, 1994.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess, Oxford University Press, 1951.
Ulrich Schädler: http://history.chess.free.fr/papers/Schadler%202001.pdf
Eskuko arauak: Emporte pièce.
Les 7 cailloux