mehen
Sakkara iparraldean, Egiptoko III. dinastiaren garaiko (o.a.a. 2700-2630) Djoser erregearen goi mailako ofizial Hesy-Re-ren hilobiko irudi batean (o.a.a. 2650) hiru joko-taula eta jokoen piezak ikus daitezke. Irudiak badu berezitasun bat: jokoak goitik erakusten ditu, ez albotik ohi zen bezala; horregatik ikus daiteke nolakoak ziren taulak eta jokalari bakoitzak zituen fitxak edo piezak.
Goiko eskuinaldean, 3×10 laukiko taula bat ikus daiteke, lauki batzuetan ikur batzuk dituela. Horren ezkerrean, kutxa batean, bi jokalariren zazpina fitxa eta, tartean, lau zotz, bi aurpegiko lau dado. Hori zn.t (senet) jokoa da. Beheko eskuinaldean, joko-taula laukizuzen luze bat da, hamasei lerro mehek hamasei gunetan banaturik. Horren ezkerrean, kutxa batean, bi jokalariren bosna fitxa. Joko horren izena mn (men) da.
Bion artean, ezkerrean, taula biribil bat dago, eskuinean trapezio bat itsatsita duela. Taulak suge kiribildu bat erakusten du, burua kiribilaren zentroan eta isatsa kanpoaldean duela. Burua eta isatsa beltzez lerro horiekin margoturik daude; sugearen gorputza horiz margotu zuten, laukiak tarte berdineko lerro gorriak margotuz osatu zituzten, piezen ibilbidea erakutsiz. Lauki kopurua ez da argi ikusten, ehunka izanik. Eskuinaldean, beste bi jokoen taulen artean, kutxa batean, jokalarien piezak ikus daitezke; sei jokalari eta seina fitxa, baita lehoi bana ere, arra edo emea. Jokoaren izena Rahotep printzearen opari-zerrendan (o.a.a. 2600) eta beste irudi batzuetan agertzen da: mhn (mehen), eta kiribildu edo kiribildutakoa esan nahi du. Mehen ere bada jainko baten izena, azpimunduarekin zerikusirik duen suge kiribildu handiarena, zeinak Ra eguzkiaren jainkoa bere kiribilen artean bilduz gaizto guztiengandik babestu behar duen.
Joko honen piezak aurkitu dira Egiptoko Aro Dinastiko Goiztiarreko hilobietan (o.a.a. 3100); zoritxarrez, ez dira taulak eta piezak batera aurkitu. Baina jokoaren fitxa eta pieza asko Aro aurredinastikoaren bukaeratik II. dinastiaren bukaera arteko hilobi-testuinguruetatik ezagutu dira.
Hesy-Re-ren hilobiko irudiak iradokitzen du jokalarien fitxak eta piezak ohikoak zirela: sei puxtarri eta lehoi bat jokalari bakoitzeko eta sei jokalari; hori bera egiaztatzen dute aurkikuntza batzuek.
Hamalau taula aurkitu dira orain arte; baina, bostek baino ez dute jatorri arkeologiko ezaguna. Taulek suge kiribildu baten itxura dute, sugearen burua zentroan eta isatsa kanpoan; kiribilak erlojuaren orratzen noranzkoan eta kontrako noranzkoan doaz. Batzuetan, gorputza leuna eta ildaskatua da; beste batzuetan, hainbat gelaxkatan dago banatuta; gelaxken kopurua aldatzen da taula batetik bestera: 73, 145, 168, etab.; gelaxkak arteka edo sakonune eta erliebe landuak dira. Batzuetan, gelaxkek ez dute kiribil bat osatzen, zirkunferentzia zentrokideak baizik. Taulak harri landuez, maiolikaz edo boliz eginak dira. Piezei dagokienez, kasu batzuetan lehoi arren edo emeen ordez ehiza-txakurrak aurkitu dira, baita hipopotamoak ere. Iraun duten pieza gehienak bolizkoak dira; baina, terrakota, kareharria, alabastroa, kuartzoa… ere erabili dira piezak egiteko. Puxtarriak ere material horietakoak guztietakoak dira.
Tauletako lau Émile Amélineau-k aurkitu zituen 1899an Abidos-en, II. dinastiako faraoi Peribsen-en hilobian. Guztiak lauak ziren, hareharri beiraztatuzko lauza biribilak, arteka-pistekin edo katilu karratuekin zizelkatuak. Denak puskatuta egonik, hiru baino ezin izan dira osatu. Batek zazpi zirkunferentzia zentrokide ditu eta ez da antzematen nola igaro daitekeen batetik bestera; beste batek (Musée Royal, Mariemont) bost zirkunferentzia zentrokide ditu, baina ikus daiteke arteka batzuetan eraztun batetik bestera igaro daitekeela; eta beste batek (Musée d’Art et d’Histoire, Brusela) lau bide kiribildu paralelo ditu, jokalariek fitxak bide desberdinetatik mugitzen zituztela iradokiz. Badago taula horien antza duen datarik gabeko beste taula bat (British Museum, Londres), baina azken honek suge kiribildua du.
Jatorririk gabeko beste hiru taulak antz handia dute; bat Kairoko Egiptoar Museoan, beste bat Berlineko Bode museoan eta, hirugarrena, Petrie Museum of Egyptian Archaeology, Londresen. Kareharriz eginda daude, azala zizelkaturik dute suge kiribildu baten gorputz zatikatua irudikatzeko; arteka gutxiago dituzte aurreko taulekin erkatuz gero (Kairokoak 105, Berlinekoak 92 eta Petrie-koak 73); eta eraztunen artean zirrikitu sakonak dituzte sugearen gorputza nabarmentzeko. Hiru taulek helduleku edo luzapen txiki bat dute alde batean, dortoka baten buruaren antzera; bi taulek, gainera, zulo bat dute alde horretan.
Horien antza duen beste taula bat dago Oxfordeko Ashmolean Museum-ean; Taula hori pote baten estalkia da eta oso txikia da, 10,5 cm-ko diametroa. Pote baten estalkia zen beste taula txikiago bat –4,5 cm-ko diametroa– ere badago, bilduma pribatu batean. Txikia baina sugearen gorputzean 300 baino lauki gehiago du.
New Yorkeko Metropolitan Museum-ean taula desberdin bat dago. Taula arbel berdexkako lauza biribila da, eta mutur batean luzapen karratua du. Badirudi luzapenak, hemen zulatu gabe, orain plataforma gisa funtzionatzen duela, non aurkariak piezak lerrokatu baititzake jokatzen hasi aurretik. Taula ere laua da eta zizelkatua baino ebakia da; hala ere, onartu behar da haren xehetasunetan taulen serie garatuenaren nahiko antzekoa dela.
Azken mehen taulak Hesy-Re-ren hilobiko irudikoaren antzekoak dira, baina luzapenik gabe. Lauak dira eta botoi itxurako fitxa lauekin jokatzeko diseinatuak izan ziren. III. dinastiakoak baino beranduagokoak direla dirudi. Taula bat Louvren dago, Parisen; beste bat Chicagoko Oriental Institute Museum-ean eta, hirugarrena, Cambridgeko Fitzwilliam Museum-ean. Louvrekoak 137 lauki ditu sugean, buruaren begiak harri beltz txertatuak dira eta mingaina pasta gorrikoa da. Isatsa ahate baten burua da. Chicagokoa antzekoa da, 127 lauki ditu eta isatsa ere ahatearen burua da. Cambridgekoak ez du horrelako isatsik, baina berdintsua da eta 126 lauki ditu. Azken horrek berezitasun bat dauka, estalki txikienak bezala: lauki batzuk markaturik daude eta iradokitzen dute kiribil batetik beste batera igarotzeko laukiak direla.
Mehen jokoaren pieza guztiak ikus daitezke Hesy-Re-ren hilobiko irudian. Sei jokalarirentzako seina puxtarri eta lehoi bana. Piezen kutxan ez da dadorik agertzen, ezta joko-eszenetan irudikatzen. Zotzak, bi aurpegiko dadoak, aurkitu dira hilobietan, baina senet edota men jokoak agertu direnetan. Mehen jokoaren piezak soilik aurkitu direnean, ez da zotzik aurkitu. Horrek iradokitzen du mehen lasterketa-jokoa baino estrategia-jokoa zela. Inoiz ez da aurkitu piezen multzo oso bat. Pieza gehien Sakkara-ko 3504 hilobian aurkitu dira, senet jokoaren pieza guztiak aurkitu diren biltegi berean; lehoiak bolizkoak dira eta hogeita hemeretzi puxtarriak kareharrizkoak dira.
Ludeme proiektu digitalaren datu-baseak 32 datu ematen ditu: lau arte-irudi, testu bat eta 27 objektu. Jocari web-orriak aztarna arkeologikoen informazioa ematen du.
Orain arte aurkitu diren piezak edo taulak ezin dira datatu III. dinastian baino beranduago. Baina taula garatuenak Inperio Zaharraren bukaerakoak izan daitezke. Jokoan arituko ziren Inperio Zaharraren zehar, V. eta VI. dinastien hilobietako erliebeetan agertzen direlako.
Hilobiko ondasunen zerrendetan edo irudietan agertzea benetako gauzen ordezko magiko gisa ikusten zen aurreko garaietan. IV. dinastian ere berdin pentsatzen zuten ohiko bizitzaren eszenekin eta V. eta VI. dinastietako irudietan eguneroko bizitzaren xehetasun txikiena ere aurki daiteke hilobietako irudietan. Jokoen eszenak gertaera sozialak erakusten dituzten irudien artean agertzen dira. Irudiekin batera jokoei buruzko testu motzak agertzen dira.
Mehen jokoa agertzen denean senet jokoarekin agertzen da beti, baina azkena Inperio Zaharreko hamabi hilobitan agertzen da, eta mehen jokoa lau aldiz baino ez.
Desagertu baino lehen, Egiptotik beste herrialdeetara zabaldu zen mehen. Nubiako Qustul-eko Erret Hilerrian Egipton aurkitutakoen antza duten lehoi emeak eta arrak, baita hipopotamoak eta puxtarriak ere, aurkitu dira. Ekialde Hurbilean, mehenen antza duten o.a.a. III. milurteko hiru joko daude. Joko-taula horiek kareharrian kiribil batean egindako sakonuneak dira. Bat baino ez dago testuinguru arkeologikoan dataturik, o.a.a. 3300-2500 artean, Bâb edh-Dhrâ’-koa da eta herriko hormen barruan aurkitu zuten suntsitze-hondakinetan. Mehen jokoa dela uste da senet jokoarekin batera agertu zelako. Beste bi taulak Lachish-eko leizeetako bizigunetan aurkitu dira. Azken bat, Tell Brak-en (Siria) aurkitutako kareharri handi batean kiribil itxurarekin egindako sakonuneak dira. Azken hirurak zalantzan jarri behar dira, ez baitira senet jokoarekin batera agertu eta, beraz, datu hori ezin da erabili ziurtasuna emateko. Txipren ere Ekialde Hurbileko taulen antzekoak aurkitu dira, sakonuneak kiribil itxuran eginda kareharrian. Kasu honetan, mehen jokoaren hainbat taula senet jokoarenak diruditen taulen atzealdean agertu dira, hogeita hemeretzi. Datu horrek iradokitzen du jokoa oso onartua izan zela irlan. Egipton desagertu eta gero, irlan erabiltzen segitu zutela dirudi; izan ere, bertan aurkitu den azken taula I. milurtekoaren amaierako da, Egipton jokoa utzi eta ia mila urtera. Lemba Lakkous-ekoa, o.a.a. 2700-2500 artekoa, irlan inoiz aurkitu den jokorik zaharrena da.
Saitarren garaiko (o.a.a. 672-525) irudian agertzen den mehen taula salbu, mehen jokoaren azken agerpena Tarteko Lehen Aroko (o.a.a. 2181–2055) Moalla-ko Ankhtifi-ren hilobiko irudian agertzen dena da. Kendall-ek iradokitzen du mehen jokoaren irudien desagerpenak zerikusirik duela arazo erlijiosoekin. Gerta zitekeen, apaizen iritziz, sugea laukietan zatitzeak mehen jainkoaren heriotza irudikatzea; esate baterako, Tarteko Lehen Aroaren bukaerako hieroglifikoetan sugearen burua gorputzetik banaturik dago. Horrela, sugearen gorputzaren zatiketa hori halako magia arriskutsu gisa ikus zitekeen. Kendallek eransten du jokoa, nonbait, debekatuta izan zela. Dena dela, mehen jokoaren desagerpena bat dator denboran senet jokoaren gero eta ospe handiagoarekin. Badirudi Aro aurredinastikoan eta Aro Dinastiko Goiztiarrean mehen jokoak ospe handiago izan zuela mehen jokoaren taula eta pieza oso gehiago aurkitu direlako senet jokoarenak baino. Senet jokoa, ordea, ospe handiago zuen Inperio Zaharraren bukaeran, gehiagotan agertzen delako mehen baino. Are gehiago, mehen desagertu zenean, senet jokoak oso azkar handitu zuen ospea Inperio Ertainean eta Berrian zehar. Baliteke mehen jokoa uztea, goitik ezarritako debekua baino, jokoetan gustu herrikoiak aldatzearen isla izatea. Mehen jokoaren patua II. milurtekoaren ondoren ezezaguna da. Egipton erabilia izan bazen Tarteko Lehen Aroaren ondoren, bi datu baino ez dago.
1921ean, R. Davies-ek Sudaneko Kababish nomaden li’b el merafib (Hienaren jokoa) ezagutu zuen eta mehen jokoaren antza nabarmendu zuen.
Arauak ez dira ezagutzen; beraz, hipotesi desberdinak egin daitezke. Hesy-Re-ren hilobiko irudiak iradokitzen du sei jokalarik har zezaketela parte. Sugeak osatzen zuen ibilbide kiribilean jokatzen zen, bi aldeko dadoekin eta bi motako piezekin, 6 puxtarri eta harrapakari bat. Ziur aski, jokalariek beren sei puxtarriak zentrora, sugearen buruaren ondoko zulora, mugitu behar zituzten; hor utzi zulotik ateratzeko behar zen jaurtiketa zehatz zaila lortu arte eta, azkenik, isatsera itzuli; baina, partidaren bukaera taularen zentrora iristean ere izan zitekeen. Pentsa liteke, bere lehen puxtarria burura eramaten zuen jokalariak harrapakaria erabiltzeko aukera zuela, bere puxtarri guztiak taulan bazeuden. Harrapakaria isatsera atzera eramanez, jokalaria saia zitekeen oraindik taulan zeuden aurkarien puxtarriak harrapatzen. Beste hipotesi batek iradokitzen du, harrapakarien tamaina ikusita, apustuak egiteko erabiltzen zirela.
Eli Gurevich-ek Dmitriy Skiryuk-ek egokitutako Kendall-en proposamena ematen du bere web-orrian.
Osagaiak eta hasiera
Taula gorputza hainbat laukitan banaturik daukan suge kiribildu bat da.
Lehoi itxurako pieza bana eta seina puxtarri dituzte jokalariek.
Aurpegi bat markaturik duten bi aurpegiko hiru zotz erabiliko dira.
Hiru zotzak batera jaurtiko dira. Hauek dira lortuko diren puntuazioak:
Aurpegi markatu gabe bat ahoz gora eta bi aurpegi markatu ahoz behera eroriz gero, puntu bat.
Bi aurpegi markatu gabe ahoz gora eta aurpegi markatu bat ahoz behera eroriz gero, bi puntu.
Hiru aurpegi markatu gabe ahoz gora eroriz gero, hiru puntu.
Hiru aurpegi markatu ahoz gora eroriz gero, sei puntu.
Jokalari kopurua 2 eta 6 artean.
Helburua lehoia jokoan sartzea eta horrekin ahalik eta puxtarri gehien harrapatzea.
Arauak
Puxtarriak sugearen isatsetik sartu, sugearen bururaino eraman eta, atzera, sugearen isatsera eraman behar dira.
Jokalariek txandaka jokatuko dute, eta txanda ez da errepikatuko.
Jokoak bi fase ditu:
- Lehoia lortzea
Puxtarri guztiak taulatik kanpo daude.
Puxtarriak banan-banan mugituko dira taularen zentrorantz.
Jokalari baten puxtarri guztiak taularen zentrora iritsi eta bidearen hasierara, isatsera, bueltatzen direnean, jokalariak lehoi bat lortuko du.
- Lehoiak puxtarriak jaten ditu
Lehoia, bere puxtarri guztiekin, zentrora eta atzera, isatsera, mugituko da.
Bidean, lehoia ahalik eta aurkarien puxtarri gehien harrapatzen saiatuko da.
Lehoiak puxtarriak baino bi aldiz azkarrago mugituko dira. Zotzen edozein puntuazio bikoiztuko da lehoientzat.
Puxtarri bat taulan sartzeko 1eko jaurtiketa lortu behar da.
Puxtarriak aurrera mugituko dira 2, 3 edo 6ko puntuazioekin; 1eko puntuazioa gerorako gordeko da.
Zentrora iristeko puntuazio zehatza beharko da. Behar dena baino gehiago lortzen badu, jokalariak gordetako 1ekoak erabil ditzake lortutako puntuazioari kentzeko zentrora iristeko behar duen puntuazioa lortzeko asmoz.
Zentrora iritsitakoan, handik ateratzeko atzerako bidea egiteko, jokalariak gordetako lau 1eko kendu beharko ditu. Nahikorik ez badauka, itxaron beharko du horiek hurrengo jaurtiketetan lortu arte.
Lehenengo puxtarria bidearen hasierara, sugearen isatsera, itzultzen denean, lehoia lortzen du.
Lehoia zentro aldera mugituko da eta zentrora sartuko da puxtarrien baldintza beretan. Zentrotik ateratzeko hamar 1eko kendu beharko ditu, baldintza berekin.
Atzerako bidean, lehoiak aurkarien puxtarriak harrapa ditzake.
Puxtarri bat puxtarri aurkari bat dagoen laukira iristen denean, puxtarri aurkaria bera zegoen laukira atzeratuko du. Puxtarriak ez dira taulatik kanporatzen.
Lehoi bat puxtarri aurkari bat dagoen laukira iristen denean, doan noranzkoaren arabera jokatuko du. Lehoia zentrora badoa, lehoiak eta puxtarri aurkariak posizioak trukatuko dituzte, puxtarriekin bezala. Lehoia isatsera badoa, puxtarria harrapatuko du eta betiko aterako du taulatik.
Lehoi batek lehoi aurkari bat dagoen laukira iristen bada, posizioak trukatuko dituzte, puxtarriek bezala.
Lehoiak taularen hasierara, isatsera, iristen direnean, jokoa ez da eteten. Jokalariek geratzen zaizkien puxtarriak ibilbidearen hasierara, isatsera, eraman beharko dituzte, aurkarien lehoiek harrapa ez ditzaten.
Partida bukatuko da lehoi guztiak bidearen hasierara, isatsera, iristen direnean, nahiz eta puxtarri batzuk taulan egon.
Irabazlea puxtarri gehien harrapatu duen lehoiaren jabea izango da, bidearen hasierara, isatsera, iritsi den azkena bada ere. Hala ere, puxtarri guztiak lehoi guztiak sugearen isatsera iritsi baino lehen harrapatu badira, isatsera lehena iristen den lehoiak irabazten du.
Iturriak
Walter Crist, Anne-Elizabeth Dunn-Vaturi eta Alex de Voogt: Ancient Egyptians at Play. Board Games Across Borders. Bloomsbury, Londres, 2016.
Timothy Kendall: The Ancient Egyptian Game of the Serpent. (Ancient Board Games in perspective). The British Museum Press, Londres, 2007.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994
Eli Gurevich: Ancient Games, https://www.ancientgames.org/royal-game-ur-game-20-squares/ (2021-02-20)
Jocari web-orria: http://www.jocari.be/search.php?scat=297&sman=1&pg=1&nobox=true (2021-05-30)
Digital Ludeme Project Database: https://ludii.games/details.php?keyword=Mehen (2021-05-30)