mikado
Milaka urte lehenago iragarpena zen mundu osoko gizakiek unibertsoa ulertzeko zituzten baliabideetako bat. Iragarpenak egiteko lurrak eskaintzen zizkien objektu guztiak erabiltzen zituzten: oskolak, zotzak, hezurrak, lumak, gorotzak…, eskura zuten guztia hain zuzen. Eskuen artean hartu eta airera jaurtitzen ziren, gero lurrean erortzen uzteko, erabakia hartuta zegoen! Denborarekin lan hori berezitzen hasi zen eta adituen esku geratu zen, horiek ikasi baitzuten objektuak irakurtzen, aztiek. Aldi berean, objektu horiek beraiek garrantzia mistikoa hartu zuten eta objektuak lantzen hasi ziren, ikurrak, koloreak, koskak erabiltzen ziren objektuei duintasun bat emateko asmoz. Hortik garatuko ziren kartak, dadoak eta dominoak. Baina, kartak, dadoak eta dominoak etorri ziren bezala, baliteke zotzen jokoa, mikadoa, ere etortzea. Izan ere, objektu guztiak artez irakurtzeko, luma bat kendu, harri piloa desegin, hezurra biratu… hainbat ekintza egingo ziren. Ez da zaila haurrak imajinatzea aztiak imitatzen.
Baina irudika dezakegun garapen horretatik nola gauzatzen da jokoa? nola iristen zaigu mikado izenarekin bildu dezakegun joko mota hau? Jokoa lasto-puska batzuk, lumak edo adaxkak bezalako objektu txikiak botatzean eta banan-banan bereizten saiatzean datza, besteetako bat mugitu gabe. Baso ekuatorialean, pigmeoek praktikatzen dute. Txinan, haurrek intsentsu-hagatxo erreak erabiltzen zituzten.
Bi hipotesi nagusi daude joko honen jatorriaz. Egile batzuek uste dute jokoa Europan sortu zela. XIX. mendearen erdialdetik ekialdea modan dago, aurkikuntza arkeologikoek bultzatuta. Ohiko zen, orduan, Europan asmatzen ziren jokoei ekialdeko izenak jartzea. Hortik etor liteke mikado izena, Japoniako enperadorea. Jean-Marie Lhôte-k, ordea, dio, bitxia bada ere, Becq de Fouquières bezain irakurle arretatsu eta xeheak ez zuela joko hori grekoen eta erromatarren artean antzeman.
Beste egile batzuek diote joko hau oso zaharra dela eta Indiatik edo Txinatik datorrela diote. Lasto, luma, kanabera, zotzak edo antzekoak erabiltzen ziren, antzinarotik dator matazak (arazoak) askatzeko beharra. Bere antzinatasuna frogaturik dago Budaren Elkarrizketak liburuaren jokoen seriean agertzen omen baita, o.a.a. V. mendean.
Europan jonchets izeneko jokoa dago Erdi Aroan, Montaigne-k eta Rabelais-ek aipatua. XVII. mendearen hasieratik, lasto-pusketatik soberako boli- edo hezur-zatietatik ebakitako zotz txikietara igarotzen da. Horrela deskribatzen da jokoa 1606an: “zabalduta, bolizko orratzen eskukada, non neskak jolasean ari baitira, jonchetz jokoa esaten baita”. Luis XIII. haurra umezainarekin jolasten zen eta haserretu egiten zen hark irabazten zuenean. Joko hura zen gaur egungo mikadoa? Ez dakigu, baina XIX. mendean jonchets jokoak ugaltzen dira eta arreta handia hartzen dute.
Testu honek deskribatzen du nola ekoitzi behar zen jokoa 1850 inguruan: “Zotzak hagaxka txiki biribilduak dira, pospolo-itxurakoak, baina horiek baino luzeagoak. Hezurrarekin egiten dira, eta oso gutxitan bolizko hondakinekin, lehengaiaren prezio altua dela eta. Joko honetan, bost zentimetroko luzerako hogeita hamar hezur-zotz txiki, luzera bereko eta lodiera bereko bi kako txiki eta lau pieza nagusi daude: erregea, erregina, txanka, zalduna, zeinen luzera hamabost eta hogei zentimetro bitartekoa den, joko osoaren prezioaren arabera. Lau pieza hauek buru bat, gorputz bat eta isats bat dituzte. Buruek gizon koroatuaren burua irudikatzen dute, erregea; emakume koroatuaren burua, erregina; gizonezko burua txano batekin, txanka; zaldi-burua, zalduna. Gorputzak irudikatutako subjektuaren arabera zizelkatzen dira; isatsek piezaren luzeraren bi herenak betetzen dituzte, gorputzari jarraitzen diote eta puntan amaitzen dira, sagarroi-arantza baten antzera. Lau pieza horiek zakarki zizelkatuta daude, joko osoak normalean izaten duen prezio apalak lan artistiko oro baztertzen du; bizkarra laua da eta, oro har, aurpegiaren aldean okertzen dira, etzanda lauak gera ez daitezen, eta mutur bat airean izaten dute beti, zeinetatik jokalariek heldu diezaieketen eta kakoen laguntzaz altxatu. Pieza horiek guztiak, joko oso bat osatuz, kartoizko kaxa txikitan eramaten dira dendara jokoa merkeagoa bada, eta egurrezkoetan, garestiagoa bada; zotzik dotoreenak kaoba-kaxa bernizatuetan saltzen dira, xakea eta dominoa bezala” (Roret eskuliburua).
Xehetasun horiek guztiek artisauei zuzendutako eskuliburuen kalitatearen berri ematen dute, bai eta jokoen fabrikazioaren arretarena ere, zotzen joko apaletatik xake, tric-trac edo billar jokoetara. Lantegietako mekanizazioaren garaia zen.
XIX. mendearen amaieran, bolizko, hezurrezko, bai eta zurezko zotzak ere aurki daitezke. Bolizkoetan, ohikoa zen zotzen mutur batean irudi desberdinak landuta egotea erreminten, arma txikien eta abarren itxurarekin: zerrak, txoriak, sardeskak, zaldi-buruak... Horrek zailtasun berezia ematen zion jokoari. Hori dela eta, zotz-buruak zenbat eta zailtasun handiagoa eman, zotzek balio handiagoa dute.
Gaur egun Europan erabiltzen diren zotzak bi puntetan bukatzen dira, eta kolore edo marka desberdinak daramatzate. Kolore edo marka bakoitzak balio desberdina du.
Zotzen kopurua eta luzera aldatzen dira bilduma batetik bestera, baina ez du axola. Joko honek izen asko izan ditu: lastoak, zotz txinatarrak, mikado... Ingelesez jackstraws edo spellicans / spilikins izenekin ere ezaguna da.
Jokoan, mikadoa puntuaziorik altuena duen zotza da, Japoniako enperadorearen izenean.
Osagaiak eta hasiera
Koloretako 41 zotz:
Jokalari askorentzako jokoa da.
Zotzak esku batean hartzen dira eta zutik eusten dira, azao bat bezala. Gero mahai gainean posatu eta askatu egiten dira, zorizko posizioan eroriko direlarik. Oso sakabanaturik geratu badira, bota daitezke berriro.
Arauak
Jokoa zotzak hartzean datza, baina bat hartzen denean ezin dira besteak mugitu.
Jokalari batek zotz bat ukitzen duenean ezin izango du beste bat hartzen saiatu.
Jokalari batek zotz bat hartzen duenean, besteak mugitu gabe, jokalariak segi dezake jokatzen.
Jokalari batek bat hartzerakoan beste bat mugitutzen badu, txanda galduko du eta ukitutakoa bertan dagoen bezala utziko du.
Hasieran zotzak eskuz hartuko dira, baina mikadoa edo mandarinen bat hartzen duen jokalariak mikadoa edo mandarina erabili ahal izango ditu besteak hartzeko.
Puntuak zotzen itxura edo kolorearen arabera lortuko dira. Zotz guztiak hartzen direnean puntuak zenbatu egingo dira eta puntu gehien lortu dituena izango da garailea.
Iturriak
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
Wikipedia
Eskuko arauak.