nyout = yut = yute
Adituak bat datoz esatean joko hau Korean sortu zela; baina, garaiari buruz ez dira ados jartzen; egile batzuek uste dute jokoan aritzen zirela Korea sortu aurretik, o.a.a. 1122an. Orain arte ezagutzen diren datuak XIX. mendekoak dira. Hala ere, Culin-ek uste du jokoa III. mendekoa izan daitekeela, joko honek garai hartako iragarpen-joko txinatar batekin duen antza dela-eta. Nyout-en antzeko joko bat, pentagramekin jokatua, o.a. III. mendean Txinan existitu zela dirudi. Joko atzerritar eta ez-txinatar gisa hartu zuten, eta hori bat dator nyouten erabilitako terminoek emandako hizkuntza-ebidentziarekin. Halaber, taula batzuetan Han, o.a.a. 206 – o.a. 220, dinastiaren istorioak kontatzen dituzten ikurrak daude.
Nyoutak ez du aldaketarik jasan ez Txinatik, Siberiatik edo Japoniatik iritsi diren eraso militarren eraginez ez erlijioa budismotik konfuzianismora aldatu dutenean. Nyout-taulek, maiz, alfabeto korearra asmatu baino lehenagoko karaktere txinatarrak eramaten dituzte.
Nyoutaren eskemak Txinako iparraldeko hirien duela mende batzuetako antolaketa iradokitzen du. Hirurogei eta ehun familia artean putzu baten inguruan biltzen ziren, aurretik egiaztatuz kokapena egokia zela.
Izenari dagokionez, Culini jarraituz, nyout izena ikusten da testu askotan. Dena dela, yut edo yutnori (nori = joko) izena ere erabiltzen da. Are gehiago, Korean bertan erositako joko batean yute izena dago.
Amerikako hainbat jokok nyoutaren antza dute: adibide bat da Palenke-ko tenplu batean A. Ruiz arkeologoak aurkitu zuen taula, o.a. 800 urte ingurukoa; beste adibide bat da Yucatan-eko Chichen Itza aurrietako azoka plazan dagoen taula. Biak maien hiriak ziren. Beste adibide bat dugu kiowa herriak jokatzen duen zohn ahl jokoa.
Osagaiak eta hasiera
Taula, nyout-hpan, 29 laukiz osaturik dago. Hogei laukik lerro itxi bat eta bederatzi laukik barneko lau erradio irudikatzen dituzte; gurutzearen muturrak eta zentroa handiagoak dira. Goiko muturrekoaren gainean txinerazko ch´ut (atera) karakterea jarriko da (koreeran nal-tchyoul). Gainerako hiru laukitan ere txinerazko karaktereak idatzi ohi dira: ezkerrean, yap (koreeran toul-ip) (sartu); behean, kung (koreeran kot-tjil-kong) (inguratu); eta eskuinean, lit (koreeran tji-tjil-yel) (ebaki). Hemen, muturretan puntu kardinalen dagokien letra idatziko da: I, M, H, E, eta zentroan Z letra. Culinen lanaren ondoren, Nyout-taula biribilak irudikatzen dira lan gehienetan; baina, taula karratuak ere erabiltzen dira.
Lau dado labur (pam-nyout izenekoak) erabiliko dira. Dadoak zotzak dira, lauak eta zuriak alde batetik eta konbexuak eta beltzak beste aldetik. Dado laburrak, pam-nyout, haurrek eta hirietako apustuzaleek erabiltzen dituzte; herrietan, berriz, tjyang-tjak-nyout (ebaki luzeko nyout) izeneko dado luzeak darabiltzate.
Fitxek (harrizkoak edo egurrezkoak dira) mal izena dute eta zaldiak adierazten dituzte. Jokalariek launa zaldi dituzte.
Jokoaren helburua aurretik adostutako zaldi kopurua, batetik laura, biribilean ibiltzea eta I laukitik gainerako jokalarienak baino lehen ateratzea da; horretarako I laukira iristeko behar den puntuazioa eta bat gehiago, gutxienez, atera beharko da.
Arauak
Jokalariak bi, hiru edo lau izan daitezke. Bi direnean, zaldi bana edo launa zaldi dituzte, aurretik adostuta. Hiru jokalari direnean, hiruna zaldi dituzte. Lau jokalari direnean, aurrez aurreko jokalariek talde bat osatuko dute eta bina zaldirekin jokatuko dute.
Zein jokalari hasiko den dadoen jaurtiketaz erabakitzen da; puntuazio altuena atera duena hasiko da, eta gainerakoek puntuazioen arabera jokatuko dute.
Partida hasieran, zaldiak edo taulatik kanpo daude edo iparrean kokatuko dira; eta erloju-orratzen kontrako noranzkoan mugituko dira eta iparretik aterako dira.
Lau dadoen jaurtiketen puntuazioak hauek izango dira:
lau aurpegi lau (zuri) ahoz gora (nyout, yut, yute - behia) 4 puntu;
lau aurpegi konbexu (beltz) ahoz gora (mo - zaldia) 5 puntu;
hiru aurpegi lau (zuri) ahoz gora (kel - elefantea) 3 puntu;
bi aurpegi lau (zuri) ahoz gora (kai - txakurra) 2 puntu;
aurpegi lau (zuri) bat ahoz gora (to - txerria) puntu 1.
Jokalari batek nyout edo mo (4 edo 5 puntu) ateraz gero, beste jaurtiketa bat egiteko aukera dago, zaldia mugitu baino lehen. Lortutako puntuazioak batu eta zaldi bat edo gehiago mugitu ahal izango da. Esaterako, 5, 4 eta 2 puntu ateraz gero, zaldi bat 11 puntu; bi zaldi, 9 eta 2, edo 7 eta 4, edo 6 eta 5; azkenik, hiru zaldi 5, 4 eta 2 puntu. Ezin da ateratako 5 puntu horiek bitan banatu.
Zaldi bat mugitu ahal izateko, ez da derrigorrezkoa gainerako zaldiak taulan egotea.
Jokalari batek bere kidearen zaldiak mugi ditzake.
Zirkuluaren erradioetatik ibili ahal izateko, zaldiak lehenago erradioen muturretara iritsi behar du, hots, M eta H laukietara. Horrela, zaldi batek ibilbide hauek egin ditzake: I-M-H-E-I (1); I-M-Z-I (2); I-M-E-I (3) eta I-M-H-Z-I (4). Ez da beharrezkoa Z laukian gelditu behar I laukira iristeko.
Zaldi bat bere taldeko beste zaldi bat dagoen laukira heltzen bada, biak batera mugitu ahal izango dira fitxa bakarra balira bezala. Berdin egin daiteke hiru edo lau zaldirekin. Horrek arrisku bat darama, aurkarien zaldi batek harrapatzen baditu, guztiek hasi beharko dute berriro.
Zaldiak multzoan doazenean, zaldi multzo bat ezingo da aurkarien beste zaldi multzo bat dagoen laukian sartu iristen den multzoak zaldi gutxiago baditu.
Zaldi bat aurkarien zaldi bat dagoen laukira erortzen bada, bigarren hori iparrera bidaliko da, berriz has dadin, eta iritsi berri den zaldiak berriro jokatuko du. Jokalaria batek zaldi (multzo) bat harrapatzen duenean, beste jaurtiketa bat izango du.
Irabazlea ibilbidea lehenbizi egiten duen jokalaria izango da.
Aldaerak
E laukira iristen denean, zentro aldera joateko aukera ireki daiteke; I laukirako bidea luzeagoa bada ere, seguruagoa baita.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1960.
Jean-Louis Cazaux: Du senet au backgammon. Les jeux de parcours. Chiron editeur, Paris, 2003.
Stewart Culin: Korean games : with notes on the corresponding games of China and Japan. University of Pennsylvania, Filadelfia, 1895.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
El Mundo de los Juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.