dòu shòu qí, oihana
Ez dago daturik joko honen historiaz. Txineraz dòu shòu qí izena du eta animalien borroka joko esanahia du. Jokoa oihanaren jokoa, animalien xakea, piztien xakea, haurren xakea eta ekialdeko xakea izenez ere ezagutzen da.
Ezin da esan xake mota bat denik, baina pieza desberdinak eta ordezkapenez harrapatzeko modua erabiltzen direnez, xiangqi-tik etor daitekeela uste dute aditu batzuek.
Osagaiak eta hasiera
Jokoan 9×7 laukiko taula bat erabiltzen da. Erdialdean, 3×2 laukiko bi laku daude, hiru laukiz inguraturik. Jokalari bakoitzaren aldeko lehenengo errenkadako erdiko laukia gordelekua da eta hiru artez dago inguraturik. Arteek gordelekurako sarrera oztopatzen diote aurkariari.
Jokalariek 8na pieza dituzte, gorriak eta urdinak; piezak animaliak dira eta beren balioa dute: elefantea (8), lehoia (7), tigrea (6), pantera (5), zakurra (4), otsoa (3), katua (2) eta sagua (1).
dou shou qi jokoaren piezak |
|||
indarra |
|
txineraz |
euskaraz |
8 |
xiang |
elefantea |
|
7 |
shi |
lehoia |
|
6 |
hu |
tigrea |
|
5 |
bao |
pantera |
|
4 |
gou |
txakurra |
|
3 |
lang |
otsoa |
|
2 |
mao |
katua |
|
1 |
shu |
sagua |
Piezen hasierako kokapena taulan agertzen da irudikaturik.
Jokoaren helburua animaliaren bat aurkariaren gordelekura sartzea da.
Arauak
Hasi baino lehen koloreak zozketatuko dira.
Urdinak hasten dira beti.
Pieza bat baino ezin da sartu lauki batean.
Piezak atzera-aurrera eta ezker-eskuin mugituko dira, inoiz ez diagonalean. Piezak, sagua izan ezik, ezin dira uretan sartu.
Ordezkapen-harrapaketa erabiltzen da. Hau da, aurkariaren pieza bat harrapatzen da pieza dagoen laukian norberaren pieza bat sartuz. Ez da derrigorrezkoa harrapaketa egitea.
Pieza batek berea edo balio gutxiagoa duen beste pieza bat baino ezin du harrapatu. Esaterako zakurrak ezin du pantera hil. Salbuespen bakarra sagua da. Izan ere, saguak elefantea harrapa dezake (Ekialdeko filosofian saguak elefantearen garunari eraso egin diezaioke belarritik sarturik).
Hiru piezek dute mugitzeko askatasun berezia, sagua, lehoia eta tigrea.
Sagua uretan sar daiteke. Lakuan berdin mugituko da, eta ezingo da harrapatu, beste saguaz ez bada. Saguak ezingo du harrapaketarik egin lakura sartzen den edo lakutik ateratzen den mugimenduan.
Lehoia eta tigrea lakuen ertzean daudenean, uraren beste aldera jauzi egin dezakete, lerro zuzenean luzeran zein zabaleran, uretatik gertuen dagoen laukira. Jauzi horretan bertan balio txikiagoko pieza bat harrapa dezakete. Ezin dute balio handiagoa duen pieza bat dagoen laukira jauzi egin, ez eta jauziaren lerroan edozein sagu (uretan) dagoenean ere.
Jokalariek nahi adina aldiz koka ditzakete beren piezak beren arteetan zein aurkariaren arteetan. Baina, azken kasuan, beren balioa (indarra) galduko dute; beraz, aurkariaren edozein piezak harrapa ditzake. Pieza bat aurkariaren artetik ateratzen denean, bere balioa berreskuratuko du.
Jokalariek ezin dute piezarik sartu beren gordelekuan.
Estrategia
Jokoa lau pieza nagusietan oinarritzen da: elefantea, lehoia, tigrea eta sagua. Gainerakoak defentsarako erabiltzen dira, eta gutxitan sartzen dira aurkariaren eremuan.
Katuak balio txikia duenez, arteen inguruan jar daiteke, aurkariaren piezaren bat arte batean sartzen denean bere balioa galtzen duelako.
Lehoia eta tigrea bi lakuen arteko ertzean sartzea interesgarria da, bi lakuen gainetik jauzi egin dezaketelako. Bi pieza horien indarra oztopatzeko, sagua uretan sartzea komeni da.
Iturriak
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1960.
Robert Charles Bell: The Boardgame book. Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
Jean-Louis Cazaux eta Rick Knowlton: A World of Chess. McFarland & Company, Jefferson, 2017.
El Mundo de los Juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
Wikipedia