Oroimen-jokoak karta-sorta arruntekin jokatu izan dira aspalditik. Karta-sortatik hainbat bikote aukeratzen ziren eta, orraztu ondoren, ahoz behera jartzen ziren laukizuzen bat osatuz. Bi karta altxatuz, bikoteak aurkitu behar ziren. Ez bazen asmatzen, kartak berriro jartzen ziren ahoz behera.
![]() |
| Ohiko karta-sortaren hogei bikote hartu eta ahoz behera jarrita. |
Denborarekin, karta-jokoen ekoizleek kopuru desberdineko karta-sorta bereziak ekoizten hasi ziren, irudi desberdinekin, hala nola, irudi geometrikoak, pertsonaien argazkiak, animaliak… Orain, memorama, oroimen-joko edo memory izeneko jokoak, karta-jokoen kategorian sailkatutako mahai-jokoa da, eta kartak parekatzean datza.
Bikoteen jokoak hainbat izenez ezagutzen dira munduan zehar:
Kai-Awase, XII. mendea, Japonia;
Pairs eta Pelmanism, XIX. mendea, Ingalaterra eta Estatu Batuak;
Zwillingsspiel, 1940ko hamarkada, Bertha von Schroeder, Suitza;
Punta, 1950eko hamarkada, Carlit argitaletxea;
Memory, 1959, Ravensburger, Alemaniako Errepublika Federala;
Pexeso, 1965, Txekoslovakia;
Merkfix, 1970eko hamarkada, VEB Plasticart, Alemaniako Errepublika Demokratikoa.
Memorama jokoaren asmatzailea Heinrich Hurter suitzarra da. Kartoizko karta karratuetatik abiatuta sortu zuen jokoa, aldizkari eta erosketa-katalogoetako ebakinak itsatsiz, beti irudi bera erabiliz bi kartatarako. Jokoa Londresen zituen bilobei eramateko sortu zuen. Bere seme William, jokoarekin liluratuta, Otto Maier argitaletxeari eskaini zion 1958ko urtarrilean. Handik gutxira onartu zuten, eta 1959ko otsailaren amaieran aurkeztu zen lehen aldiz Nurembergeko Jostailuen Azokan.
Ravensburger argitaletxeak aurkeztu zuen lehen oroimen-jokoa 1959ko apirilaren 15ean agertu zen, memory izenburupean. Jokoa 5 cm × 5 cm-ko 108 kartaz osatuta zegoen. Irudi guztiak argitaletxearen beraren liburu, joko eta katalogoetatik atera ziren.
Denborarekin, bi kartaren irudiak berdin berdinak izan beharrean, erlazio bat erakusten duten irudiak agertu dira joko mota honetan.
Denetan aipatzen da joko mota hau ona dela haurrek, baita helduek ere, oroimena lan dezaten. Badira, hala ere, oroimena beste mekanismo batzuen bidez lantzen dituzten bestelako jokoak. Berez, karta-joko klasikoek, nolabait, oroimena lantzen dute, jokoan zehar agertu diren kartak eta agertzeke dauden kartak kontuan hartu behar direlako.
![]() |
| Jokoaren 32 kartak ahoz behera jarrita. |
Oroimen-kartak
Osagaiak eta hasiera
Jokoa 32 kartako karta-sorta bat da, 16 kirol dituena. Karta bakoitzak bere bikotea du.
Bi eta lau arteko jokalarik har dezakete parte.
Karta-joko honen helburua partida amaieran ahalik eta bikote gehien biltzea da.
![]() |
| Lehenengo jokalariak bi karta erakutsi ditu, baina ez du bikoterik osatu. |
Arauak
Kartak orraztu ondoren, mahai gainean jarriko dira ahoz behera, 4×8 taula osatuz.
Jokalaririk gazteena hasiko da eta, txandaka, jokatuko dute, ezkerretik eskuinera.
Lehenengo jokalariak bi kartari buelta emango die, jokalari guztiek ikusteko moduan.
Bi kartek bikote bat osatzen badute, bere piloan gordeko ditu eta berriro jokatuko du. Horrela bikoterik osatzen ez duen arte.
Bi kartek bikoterik ez badute osatzen, zeuden lekuan utziko ditu, ahoz behera, eta txanda hurrengo jokalariari pasatuko dio.
![]() |
| Bigarren jokalariak beste karta bat erakutsi du. Gogoratuko al du non dagoen horren bikotekidea? |
Hurrengo jokalariak berdin egingo du, baina aurreko jokalariek erakutsi dituzten karten posizioen jakituna izanik.
Partida kartak bukatzen direnean bukatuko da.
Bikote gehien pilatu dituen jokalaria izango da irabazlea.
Oroimena
Osagaiak eta hasiera
Hogeita lau peoi sei koloretan margotuta daude oinetan: berde, gorri, hori, laranja, more eta urdin. Kolore bakoitzeko lau peoi daude. Peoiak taula betako 24 zulotan sartzen dira koloreak ezkutatzeko moduan. Aurpegietan sei koloreak dituen dadoa.
Nahi adina jokalarik har dezakete parte.
Arauak
Jokalariek txandaka jokatuko dute. Zozketaz, edo adostasunez, aukeratuko da lehenengo jokalaria.
Aldaera: dadorik gabe
Lehenengo jokalariak peoia bat altxatuko du eta oinaren kolorea erakutsi. Ondoren, bigarren peoi bat altxatuko du eta oinaren kolorea ere erakutsi.
Bi peoien oinen koloreak bat badatoz, jokalariak bi peoiak jasoko ditu eta berriro jokatuko du, kolore bereko bi peoi altxatzen dituen bitartean.
Bi peoien oinen koloreak ez badatoz bat, zeuden zuloetan utziko ditu eta txanda eskuineko jokalariari pasatuko dio
Peoi guztiak atera eta gero, peoi gehien dituen jokalariak irabaziko du partida.
Aldaera: dadoarekin
Jokalariak dadoa airera jaurti eta gora begira geratzen den koloreko ziri bat aurkitu behar du.
Asmatzen badu, berriro jaurtiko du dadoa; horrela, koloreko ziria asmatzen ez duen arte.
Ez badu asmatzen, txanda eskuineko jokalariari pasatuko dio.
Gerta daiteke, kolore bateko peoi guztiak aurkitzea eta, dado jaurtitzean, kolore hori bera gora begira geratzea; orduan, jokalariak txanda galduko du.
Partida peoi guztiak asmatzen direnean bukatuko da.
Hiru forma daude irabazteko:
Kolore bateko lau peoiak lortzen lehena izatea, edo
kolore bakoitzeko peoi bat lortzen lehena izatea, edo
peoi gehien lortzea.
Iturriak
Eskuko arauak
Wikipedia (cat)
Wikipedia (es)
Wikipedia (fr)



