Asiako hegoaldeko mankalak
![]() |
| H. Parkerren Ancient Ceylon liburuaren 588. orrialdea. |
Mankala jokoak Afrikako, Amerikako eta Asiako eskualde tropikal eta azpitropikaletan jokatzen dira. Esklabu afrikarrek eraman zituzten Amerikara. Arabiar mundu osoan zehar eta iparralderantz zabaldu zen: Siria, Turkia, Kazakhstan eta Kirgizistan. Ekialdeko hedapenak Iran, Indiako kontinentea, Pakistan eta Sri Lanka barne, Maldivak, Malaysia, Indonesia, Filipinak, Thailandia, Vietnam eta Txinako hegoaldea hartzen ditu.
Gaur egun mankala jokoen banaketa zabalak eta jokatzeko aldaera anitzek zaildu egiten dute egungo jokoen konexioen arrastoa, baina, Asian, haien zabalkundea mendebaldetik ekialdera izan zela dirudi. Mankala-taulak agertu dira oraingo aro aurreko Egiptoko tenpluetan, baina zaila da horiek lotzea Sri Lankan oraingo aroko lehen mendeetan eta Arabian Mahoma baino lehenago agertu ziren mankala-taulekin.
Indonesian, India hegoaldeko tamilen artean, Filipinetan, Malaysian eta Sri Lankan, nagusiki, emakumeen jokoa da eta gizonek jokatzen dute soilik hain zibilizatuak ez diren edo urrunago dauden eskualdeetan.
Taula asko banda batez lotutako bi piezaz eginda daude; jokatzen ez dutenean taula ixten da, kutxa bat bezala. Herri gehienetan, taula artikulatuta ez dagoenean, biltegi bana izaten dute taularen muturretan, nahiz eta ilaren artean ere jarrita egon daitezkeen, zuloen ilaren muturren parean. Filipinetan, Indonesian eta Malaysian, non biltegiak taularen muturretan dauden, jokalariek beren biltegia ere erabiltzen dute kaoriak banatzeko. Taulek, maiz, hankak dituzte lurretik altxatzeko. Indonesian, taulak benetako arte lanak dira eta ohikoa da taulek animalien itxura hartzea (krokodiloak, arrainak, herensugeak…) edo margotuak egotea.
Fitxa gisa edozer erabil daiteke, baina fitxa guztiek antzeko itxura dute. Kosta aldean, maskorrak dira erabilienak, bereziki kaoriak; barnealdean, aldiz, bihiak, baiak edo haziak izaten dira ohikoenak.
H.J.R. Murray-k hamar mankala joko jaso zituen Indian: khutka boia Punjab-en; patxgarhwa Probintzia Batuetan (gaur Uttar Pradesh eta Uttarakhand) eta Karwi eskualdean; mawkar katiya Assam-en; vai lung thlan Assameko Lushei Kuki klanetan; longbeu-a-txa Assameko Lakhar tribuan; kanj guti Odisha-n; til guti Txota-Nagpur goi-lautadan eta Birhot tribuetan; pallankuli Tamil herrian eta Indiako hegoaldean; eta sat-gol erdialdeko probintzietan.
Sri Lankan, aldiz, bost mankala joko eman zituen: puhulmuti, walak-pussa, kotu-baendum eta daramutu edo ellaewala-kanda Kandy-n; eta pallankuli edo txonku edo txonka Kolonbo-n. Jordi Climent-ek, lineako Món aualé aldizkarian, lau joko horiek jokoaren olinda keliya izen orokorraren azpian ematen ditu. Jokoaren taula olinda-poruwa da.
Gainerako herrietan mankala joko hauek eman zituen: mak khom Thailandian; main thongkak Malaysian; txato Sumatra-n; meusuëb Sumatrako Aceh-n; bajangkaq, kaloleh Sumatra erdialdean; dakon Javan; metxiwa Balin; sai Flores irlan; txonka Borneoko mendebaldeko kostan; aw-li-on-nam ot-tjin, ot-jin Borneoko erdialdean; galatjang Sulawesi irlan; dara-dara Sulawesiko Makassar penintsulan; txunkajon Filipinetan; txunkajon edo agsinnoninka Filipinetako Iloko tribuan, Luzon irlan.
Pallankhuzi (pallanguzhi, pallanguli, pallankuli) mankala izeneko jokoen familiako jokoa da eta Indiako hegoaldean eta Sri Lankan dago zabalduta tamilen artean. Pallankhuzin emakumeek baino ez dute jokatzen, baina batzuetan gizonek apustu-joko gisa erabiltzen dute.
![]() |
| Pallankhuzi-taula. |
Taula zaharrak egurrez edo boliz eginak zeuden eta, oro har, lauak ziren, nahiz eta batzuk ederki landuak eta apainduak izan. Hainbat lekukotasun oso zahar aurkitu dira; batzuek sei zuloko bi ilara edo zazpi zuloko bi ilara erakusten dituzte Erdialdeko Sri Lankan. Uhartearen hegoaldean, bederatzi zuloko bi ilarakoak ere badaude.
Lekukotasun horiek lotuta dauden eraikinen garai berekoak badira, antzinakoena o.a.a. II. mendekoa izango litzateke. Zoritxarrez, ezerk ez du hori baieztatzen uzten. Hala ere, mankalak Indian sartzea oso goiz izan zen. Jokoaren forma hori berez sortu ez bazen, beste mankala joko batzuekin inolako loturarik izan gabe, eta hori oso zaila dirudi, oso litekeena da tamilengana iristea, bai inbaditzaile musulmanen bidez, bai Indiaren eta Afrikaren arteko merkataritza-loturen bidez.
Sri Lankako Kolonbo hirian pallankuli edo txonku edo txonka izeneko jokoa dago. Taulak 2×7 zulo eta bi biltegi ditu. Zulo bakoitzean zazpi kaori daude. Hasten den jokalariak erabakiko du kaorien ereintzaren noranzkoa. Ereinaldian norberaren biltegian ere ereiten dute. Azken kaoria zulo huts batean ereiten denean, hori eta aurkariaren aurreko zuloko kaoriak biltzen dira eta txanda bukatzen da. Azken kaoria jokalariaren biltegian ereiten bada, txanda ere galtzen da. Azken kaoria zulo bete batean ereiten bada, zulo horretako kaoriak hartuko dira ereiten segitzeko.
Mankala jokoa olinda keliya (olinda jokoa) izenarekin da ezaguna Kandy hirian eta Sri Lanka-ko barnealdean. Izena olinda (abrus precatorius) igokariaren hazien izenetik datorkio, jokoan olinda-haziak erabiltzen direlako. Haziak gorriak dira eta begi beltz bat dute alde batean. Ia emakumeek baino ez dute jokatzen eta urte berriaren garaian jokatzen dute. H. Parker-ek, 1909ko Ancient Ceylon liburuan, jokoaren lau aldaera eman zituen, guztiak 2×7 ilarako taulan jokatuak, beste zulo kopuruarekin jokatzen zelako frogak baziren ere.
Joko honetarako haitzetan moztutako zuloen multzo bat, dirudienez, ez da o.a. IV. mendekoak baino beranduagokoak, eta kasu batean oraindik zaharragoak izan daitezke. Dakigunez, Indiatik etorritako arabiar kolonoen lehen etorreraren garaia baino mende batzuk zaharragoak dira. Jokoa, beraz, Indiako lehen merkatariek uhartean sartu zuten.
Bere antzinatasuna, Sri Lankan, berarentzat ebakitako zuloen kopuruen aldakuntzek frogatzen dute. Pallebedda-n 2×9 zuloko taula dago, zulo bakoitza 3,8 cm-ko diametrokoa da, eta beste bat handiagoa mutur batean, harrapatutako haziak biltzeko. Gaimediyagala izeneko haitz maldatsu handian zuloak 2×6 eta 2×7 dira; orain 2,54 cm-ko zabalera eta 3,18 cm-ko sakonera baino ez dute, baina arrokaren higadurak agian lehen ebaketan baino sakonera txikiagokoak bihurtu ditu. Gune honetan ez daude bost zulo-multzo baino gutxiago elkarren ondoan. Horrela, agerian geratzen da, lehen garaietan, zulo kopurua aldakorra zela Sri Lankan, baina, Parkerren garaian, han eta Indiako hegoaldean erabiltzen ziren taulek 14 zulo zituzten beti.
Afrikan gertatzen den bezala, Sri Lankan ere herri bakoitzak jokoaren izen bat erabiltzen du. Zingalesen artean ez daude bost aldaera desberdin baino gutxiago, horietatik lau barnealdean daude kandiarren artean, eta bat mendebaldeko kostaldean. Kandyko zingalesen joko kutunak puhulmutu du izena; besteak walak-pussa, kotu-baendumak eta daramutu dira. Bakoitzak bi jokalari behar ditu; beti lurrean edo alfonbra baten gainean jartzen den taularen kontrako aldeetan esertzen dira alfonbretan; eta partida bakoitzean hazi guztiak harrapatzen dituen jokalaria da garailea.
![]() |
| Congklak-taula. |
Partidak neguko solstizioko sasoian jokatzen dira bereziki, eta badirudi harekin loturaren bat badutela. Garai horretan, aurreko hamabi hilabeteetan gordeta egon diren olinda-taulak ateratzen dira, guk partxisarekin egiten genuen bezala, eta, orduz ordu, hainbat gau elkarren segidan ematen dira jokoan. Ia emakumeen monopolioa da jokoa. Beraiek dioten bezala, "itsuak izan arte" jokatzen dute. Oholak, orduan, kontu handiz kentzen dira, eta, askotan, ez dira berriro erabiltzen beste urte batez, nahiz eta beste une batzuetan jokatzeko ez dagoen inolako debekurik, eta batzuetan noizbehinkako partidak onartzen dira.
Indonesian jokatzen da congklak jokoa. Inguruko beste mankala jokoen antzekoa da: Malaysiako eta Filipinetako sunka eta Java irlako dakon jokoak. Congklak hitza kaori maskorraren izena da indonesieraz. Congklak 2×5 ilarako jokoa bada ere, zulo kopurua bost eta bederatzi artean aldatzen da; eta kaori kopuru desberdinak dituzte.
Pallankhuzi
Osagaiak eta hasiera
Pallankhuzi-taulak zazpi zuloko bi ilara dauzka. Muturretan biltegi bana dago, harrapatutako kaoriak gordetzeko.
Fitxak kaoriak (edo tamarindo-haziak edo hartxintxarrak) dira; 84 guztira. Hasteko hamalau zuloetan seina kaori ipiniko dira.
Bi jokalariak taularen aldamenetan kokatzen dira, aurrez aurre. Bakoitza bere aldeko zazpi zuloen eta bere eskuineko biltegiaren jabea da.
Helburua aurkariak baino kaori gehiago hartzea haren joko-eremua murriztuz.
Arauak
Jokatzen hasiko den lehena zoriz edo adostuta aukeratuko da.
Jokoa biratan antolatuta dago. Bira bakoitzean bi jokalariek jarraian jokatzen dute txanda pasatzeko baldintza bete arte.
Ereintza hasten den jokalariak bere aldeko edozein zulotatik kaori guztiak hartu eta, erloju-orratzen kontrako noranzkoan, ondoko zuloetan, banan-banan, ereiten ditu. Bere aldeko azken zulora iristen bada, aurkariaren aldean ereingo du. Ereinaldi batean, zulo batetik hartutako kaoriak bira oso bat emateko adina badira, ez da kaoririk ereingo kaoriak hartu diren zuloan.
Azken kaoria zulo batean ereindakoan, bere aldean edo aurkariaren aldean, hurrengo zuloko kaoriak hartuko ditu eta ereiten segituko du, lehen bezala.
Bukatutakoan, A2 zuloko kaoriak hartu eta ereiten segitu du,
ezkerreko bigarren zuloan bukatuz.
biltegira eraman ditu, eta A4 zuloko 7 kaoriak ereiten segitu du.
Harrapaketak
Ereinaldi baten azken kaoria atzean zulo huts bat duen zulo batean erortzen bada, zulo hutsetik harantzago dagoen zuloko kaori guztiak harrapatu, zulo hori edonorena dela ere, eta jokalariaren biltegian jartzen dira.
Gero, kaoriak dituen hurrengo zulotik (azken kaoria erein den zulotik hirugarrenetik aurrera) jarraitzen du jokatzen.
Txanda pasa
Baina ereinaldi baten azken kaoria zulo batean erortzen bada, eta hurrengo bi zuloak hutsik badaude, ez du ezer irabazten eta bere txanda galduko du.
Aurkariak, orduan, bere aldeko edozein zulotako kaoriak hartu eta, erloju-orratzen kontrako noranzkoan, ondoko zuloetan, banan-banan, ereingo ditu. Bere txanda ere azken kaoria aurrerago bi zulo huts dituen zulo batean ereiten duenean bukatuko da.
hurrengo bi zuloak hutsik daude; beraz, txanda B jokalariari pasa dio.
A16 zuloan behi bat osatu du; lau kaori horiek B jokalariarenak dira.
Ereintza bukatutakoan, B19 zulotik jarraitzen du.
B18 zuloan behi bat osatu du; lau kaori horiek A jokalariarenak dira.
Ereinaldi batean, zulo batean lau kaori geratzen badira (ereindako azken kaoria ez bada ere), behi esaten zaio, eta, ereile edozein dela ere, zuloaren jabeak berehala hartuko ditu eta biltegian jarriko ditu, ereintzak aurrera egiten duen bitartean.
Jokalari baten zulo guztiak hutsik daudenean bere txandan, lehenengo bira bukatzen da, eta beste jokalariak bere zuloetako kaori guztiak harrapatu eta bere biltegian jarriko ditu.
Lehenengo biraren amaieran, jokalari bakoitzak bere biltegiko kaoriak altxa eta seina jarriko ditu ahal duen zulo guztietan, taulako bere aldean, eskuinetik ezkerrera. Lehen birako galtzailea ez da gai izango bere zulo guztiak betetzeko. Zulo bat ezin badu zeharo bete, hutsik utziko du eta geratzen diren kaoriak biltegian gordeko ditu. Zulo huts horiek zotz txiki batez markatuko dira, eta zabor-zulo deitzen zaie. Biraren irabazleak bere zazpi zuloak kargatuko ditu seina kaorirekin, eta soberakoak bere biltegian geratuko dira.
Jokalariek biltegietako kaoriak beren zuloetan erein dituzte.
A jokalariariak ezin du azken zuloa bete; beraz, 5 kaori utzi ditu biltegian
eta azken zuloa zabor-zulo izango da hurrengo biran eta ezingo da erabili.
B jokalariak bere zuloak bete ditu eta kaori bat sobera du; biltegian utzi du.
Zabor-zuloa baliatu du lehenengo 6 kaoriak biltegiratzeko.
Lehenengo biran lehena jokatu duen jokalaria bigarrena izango da bigarren biran, eta lehena hirugarrenean, eta abar. Bira bakoitza lehena bezala jokatzen da, zabor-zuloak jokoz kanpo daudela izan ezik.
Jokoa bukatuko da jokalari batek sei kaori baino gutxiago dituenean eta ezgaia denean zulo bat ere kargatzeko hurrengo bira hasteko.
Bira batean, jokalari galtzaileak zabor-zulo bat edo gehiago irekitzeko behar adina kaori irabaz ditzake, gero berriro jokoan sar daitezen; eta batzuetan, aurkaria porrotera behartu dezake.
Ondo parekatutako jokalarien arteko jokoek denbora asko iraun dezakete.
Jokalariei ez zaie uzten beren kaoriak kontatzen ereinaldi bat egin aurretik, baina jokalari iaio batek begi hutsez erabaki ditzake taulako ereinaldirik onenak.
Olinda keliya
Hemen puhulmutu (kuia zuriko perlak) jokoaren arauak emango ditugu. Horietako batzuk olinda keliya motako beste jokoetan ere erabiltzen dira.
Jokoan erabiltzen diren esamolde autoktonoak bereziak dira, eta, gainera, datil-hezurrekin jokatzen zen herrialde batetik Sri Lankan hedatu izanaren froga batzuk ere ematen dituzte. Sri Lankan, hutsune bakoitzari wala (zulo) edo kotuwa (esparru) deritzo; alde bakoitzeko zazpi zuloen multzoa pila (ilara) da; eta haziei, nahiz eta benetako izena olinda izan, beti indiya, pl. indi (datil) esaten zaie, jokoan erabiltzen ari direnean. Zuloetan zehar duten banaketa adierazten duen aditza ihinawā (erein) da, eta harrapatzen direnean, “jan” egiten direla esaten da. Zuloetan duten presentzia adierazteko erabiltzen den innawā aditza beste egoera batzuetan baino ez zaie aplikatzen izaki bizidunei, eta badirudi arabierazko eta egiptoerazko izenekin lotuta dagoela hazien ordez erabiltzen diren oskoletarako, alegia. “txakurrak”. Haziak erein ezin diren zuloak “itsuak” direla diote. Tamilen eta Behe-herrialdeko zingalesen artean, erabiltzen diren kaori maskorrei "txakurrak" deitzen zaie; zuloetan "ereiten" dira, eta horiek harrapatzea "jatea" da.
![]() |
| Hasierako posizioa. |
Osagaiak eta hasiera
Taulak zazpi zuloko bi ilara dauzka, ilaren artean eta muturretan, zulo karratu handiago bana, biltegia, duelarik jokalarien irabaziak metatzeko. Zulo bakoitzean jokalariek lau hazi dauzkate, guztira 56 hazi daude (irudia).
Bi jokalarik hartzen dute parte. Bakoitzak launa hazi ditu bere aldeko zuloetan.
Jokoa amaitzen da «berdinketa» batean amaitzen bada, edo jokalari batek aurkariaren hazi guztiak harrapatu dituenean.
Jokalari batek, bere txanda iristen denean, bere aldean hazirik ez duen arte egindako jokoari “fase” deituko diogu. (594)
Jokalari batek taularen bere aldean hazirik ez duen arte izendatuko dut jokaldia bere txanda iristen denean, txanda bat.
Jokalari baten txandak taularen bere aldean hazirik ez duen arte irauten du.
Arauak
Lau jokoetan lau hazi jartzen dira lehenik 14 zuloetako bakoitzean.
Jokaldia eskuinerantz edo ezkerrerantz doa, lehen jokalariak hasieran hartutako noranzkoa, eta bi jokalariek partida osoan zehar atxikitzen dute.
Lehenengo jokalariak taularen bere aldeko zulo batetik lau haziak ateraz hasten da, eta banan-banan hurrengo zuloetan jarraian banatu edo “erein” egiten ditu.
Orain, azken hazia erori den zulotik jokalariak bost haziak ateratzen ditu, eta lehen bezala hurrengo zuloetan eta hurrengoetan banan-banan ereiten ditu, taularen inguruan horrela joanez, azken hazia zulo huts batera erori arte, puhuwala edo passa izenekoa, zeinaren gainean jokalaria gelditzen den, edo “esertzen” den.
![]() |
![]() |
| A jokalariaren lehenengo mugimendua: A1 zuloko 4 haziak hartu eta erein ditu; ondoren, A2ko 5 haziak hartu eta erein ditu; azkenik, A3ko 5 haziak hartu eta erein ditu; azken hazia zulo huts batean erein duenez, txanda bukatu du. | B jokalariaren lehenengo mugimendua: B4 zuloko 4 haziak hartu eta erein ditu; ondoren, B5eko 6 haziak hartu eta erein ditu; ondoren, B6ko 6 haziak hartu eta erein beharko ditu, eta horrela segitu txanda bukatu arte. |
Aurkaria, orduan, bere aldeko edozein zulotan hasten da, eta berdin-berdin jokatzen du, ereiten ari den horien azken hazia ere zulo huts batean erortzen den arte. Ondoren, lehen jokalaria berriro hasten da taularen bere aldeko edozein zulotan, eta ereintza errepikatzen du.
Zulo batek hiru hazi dituenean, gainetik pasa behar da inolako hazirik erein gabe, jokalari batek ereiten duen multzoaren azken hazia, dagokion ordenan, salbu. Hori halako zuloan erortzen denean, orain zulo horretan dauden lau haziak harrapatzen ditu (tun-indin kanawā, jaten ditu (hiru daten ondorioz)), eta albo batera uzten ditu taularen mutur edo alde batean haientzat aurreikusitako biltegian. Jokalariak, orduan, hurrengo zuloko haziak hartu eta erein egiten ditu, lehen bezala, eta bere txandarekin jarraitzen du taularen inguruan; baina hurrengo zuloa hutsik izanez gero, bere txanda amaitzen da, eta bera "eseri" egiten da.
![]() |
![]() |
| B jokalariak B15 zuloko hazia hartu eta erein du; ondoren, B16ko 4 haziak hartu eta erein ditu; ondoren, B17ko 2 haziak hartu eta erein ditu. Azken hazia erein duen zuloan 3 hazi zeuden eta azken hazia erein du, lau eginez eta lauak harrapatuz. Ondoren, B18ko 2 haziak hartuz eta ereinez segitu beharko du. | A jokalariak A20 zuloko 6 haziak hartu eta erein ditu. Azken hazia erein duen zuloan 3 hazi zeuden eta azken hazia erein du, lau eginez eta lauak harrapatuz. Ondoren, A21eko 5 haziak hartuz eta ereinez segitu beharko du. |
Aurkariak, orain, bere jokoari berrekiten dio, bere aldeko edozein zulotan hasita, eta berdin jokatzen du.
Fasearen azken aldera, jokalari baten aldeko azken zuloan dagoen hazi bakar bat ezin da abiapuntutzat hartu, baldin eta jokalariaren aldeko beste edozein zulok hazi bat edo bat baino gehiago badu.
Jokalari baten aldeko hazi guztiak harrapatu direnean, edo zuzenago, jokalari bat bere zuloen ilara hazirik gabe uzten denean bere txanda jokatzera iristen denean, fasea amaitu egiten da.
![]() |
![]() |
| A jokalariak A30 zuloko 3 haziak hartu eta erein ditu, hiru hazi dituzten zuloetan hazirik erein gabe; ondoren, A31ko 2 haziak hartu eta erein ditu. Azken hazia erein duen zuloan 3 hazi zeuden eta azken hazia erein du, lau eginez eta lauak harrapatuz. Ondoren, A32ko 3 haziak hartu eta erein ditu, hiru hazi dituzten zuloetan hazirik erein gabe. Txanda bukatu zaio. | B jokalariak A68 zuloko hazia hartu eta erein du, zulo hori hazirik gabe utziz. Ondoren, A jokalariak A69ko 2 haziak hartu eta erein ditu, ezin duelako hazi bakarra duen azken zuloa erabili. Ondoren, B jokalariak B70 zuloko hazia hartu eta erein du, zulo hori hutsik utziz. Ondoren, A jokalariak A71ko 2 haziak hartu eta erein ditu, azken hazia hutsik geratu berri den B jokalariaren zuloan utziz. A jokalaria hazirik gabe geratu da bere aldean. Azkenik, B jokalariak B72 zuloko hazia hartu eta erein du, A jokalariari hazirik eman gabe. Lehenengo fasea bukatu da, A jokalariaren txandan hazirik gabe dagoelako. A jokalariak 16 hazi harrapatu ditu, eta B jokalariak 32 hazi gehi zuloetako 8 haziak, guztira 40 hazi. |
Ondoren, fase berrian, jokalari bakoitzak bere haziak zuloetan launaka antolatzen ditu berriro, taularen bere aldeko zuloetan utzitako haziak eta berak harrapatutako haziak hartuz. Edozein soberakin dagokion biltegian uzten da. Ia beti aurkituko da jokalari batek besteak baino hazi gutxiago dituela. Kopuru berdinak badituzte (hari mutu, perla berdinak), aukerakoa da berdinketan amaitzea partida. Baina jokalari batek besteak baino gutxiago badu partidak jarraitu egin behar du.
Haziak zuloetan jarri ondoren, jokalari bat zulo bakarrean hazirik gabe egonez gero ekas kanā (begi bateko itsua) dela esaten da; bi zulotan hazirik gabe, dāēs kanā (bi begiko itsua); hiru zulotan hazirik gabe, izen berezirik ez du, baina taularen bere aldea “lau begikoa” bezala deskribatzen da, haziak bakarrik dituzten lau zuloei erreferentzia eginez; hiru zulotarako haziak bakarrik badaude, “hiru begikoa” da; bi zulotarako bada, “bi begikoa”; zulo baterako bada, “begi bakarrekoa”. Haziak eskas dituen jokalaria kana welā (itsu geratu) omen da. Nomenklatura hau lau jokoetan aplikatzen da.
Zulo hutsak bere ilararen mutur batean uzten dira eta haien gainean, “itsuak” direla adierazteko, adartxo edo lasto zatiak jartzen dira. Jokalari “itsuak”, orain, jokaldia hasi behar du, haziak bere zulo hutsen noranzkoan ereinez. Faseak irauten duen bitartean, jokalari batek ere ezin izango du hazirik jarri zulo “itsuetan”. Bestalde, fase honetan eta hurrengoetan prozedura lehenengoan bezalakoa da, hurrengo salbuespenekin.
![]() |
| A jokalariak harrapatutako 16 haziak lau zulotan sartu ditu; beraz, “lau begiko” aldea du. Ezker aldeko hiru zulo “itsuak” adartxo banaz estali ditu. B jokalariak bere zulo guztiak bete ditu eta 12 haziko soberakina utzi du biltegian. Bigarren fasearen hasierako posizioa da. |
Olinda jokoaren kandiarren lau formetan, fase berri batean, haziak eskasak dituen jokalariak zuloetan ohiko lau haziak jartzean, azken zulorako hazi bakarrarekin amaitzen badu, hazi horri bere putā (semea) deitzen zaio; horretarako bi hazi baditu, nagā (ahizpa gazteagoa) deitzen zaie; hiru hazi badira wālā (esklaboak) dira. Bi jokalariek haziak ohi bezala ereiten badituzte ere, lehenengo bi zuloetan dauden haziak, putā edo nagā, ezin dira atera eta erein, eta, gainera, harrapaketatik salbu daude fase horretan zehar, eta haziak pilatzen jarraitzen dute jabearen mesedetan. Baina wālā zuloan dauden haziek ez dute pribilegio hori, eta ohi bezala erein eta harrapatzen dira. Bere kasuan izena adierazpen deskriptiboa baino ez da, eta ez dio jokoari eragiten.
Zulo pribilegiatu horiek orekatzeko, aurkariak hazi bat, bi, edo hiru kentzen ditu, hurrenez hurren, bere azken zulotik, jokaldia berriro hasi aurretik; hala, zuloan utzitakoek jokalari “itsuaren” azken zuloko haziei gehitzen zaizkienean, lauko batura osatzen dute. Horrela, azken jokalari horrek putā bat badu, aurkariak wālā batekin amaitu behar du, edo alderantziz; eta nagā bat badu, besteak ere nagā bat izan behar du. Taularen bi aldeetako zulo horiei izen eta pribilegio berberak aplikatzen zaizkie. Putā eta nagā zuloak gainerakoetatik bereizten dira markaren bat dutelako, hala nola paper edo lasto pixka bat, bertan jarrita. Zulo horietako haziak atera eta erein ezin direnez, jokalari baten txanda amaituko da bere azken hazia zulo horietako batean ereiten bada.
Jokalari bat fase baten hasieran hamabi hazi baino gutxiagorekin geratzen denean, haziak bere ilarako zuloen artean beste era batera antolatzeko aukera du. Zulo bakoitzean bi hazi, edo hazi bakarra, jar ditzake, zuloen ilararen mutur batetik hasita, bere aldeko azken zuloak, kasu horretan, edozein hazi soberakin jasoz, lau gainditu gabe. Adibidez, jokalari batek bederatzi hazi baditu, eta, normalean gertatzen den bezala, eskuinerantz jokatzen ari badira, ezkerreko lau zuloetako bakoitzean bi jarriko ditu; hurrengo bi zuloak hutsik geratuko dira, “itsuak” dira eta ezin da bertan jokatu; eta bederatzigarren hazia eskuineko azken zuloan jarriko du. Horrek ez du aurkariaren banaketan eraginik, eta ohiko lau haziak bere ilarako zuloetan kokatzen ditu.
Orain, jokoa nahiko korapilatsu bihurtzen da, bi jokalariek modu ezberdinetan jokatzen baitute. Aurkariak ohiko moduan jokatu eta harrapatu egiten du; baina jokalari “itsuak” bere azken hazia bi hazi dituen zulo batean ereiten duenean bakarrik egiten du harrapaketa, taularen bere aldean edo kontrako aldean, eta kasu horretan hirurak hartzen ditu. Fasearen hasieran, zulo bakoitzean hazi bat jarri badu, harrapaketak egingo ditu bere azken hazia hazi bakarra duen zulo batean ereiten duenean. Bestela, bere azken hazia jokatzerakoan izan ezik, taularen bi aldeetan bi hazi edo hazi bat duten zulo guztien gainetik pasatuko da, eta, beraz, ereintzan ez dute haren hazirik jasotzen, nahiz eta aurkariak bertan ereiten duen. Bestalde, jokalari “itsua” ez da hiru hazi dituzten zuloen gainetik pasatzen, baizik eta horietako bakoitzean bere haziak ereiten ditu. Jokatzeko modu horren emaitza orokor gisa, jokalari “itsuak” galdutako haziak berreskuratu ohi ditu, baita fase baten hasieran hazi bakarrarekin geratu denean ere, eta partida ia amaigabea bihurtzen da, eta orduak iraun ditzake.
Partidaren bukaera azkartzeko, puhul kapanawā (kuia zuria laburtzea) izeneko metodoa erabiltzen da. Horren arabera, eskas dabilen jokalariak hazi bana maileguan hartzen du aurkariaren aldeko azken bi zuloetatik, eta bere aldeko aurreko zuloetan kokatzen ditu horiek. Jokalariak hurrengo, edo hirugarren, zuloan has dezake jokaldia; eta mailegatutako haziak itzuli egiten zaizkio aurkaria ereiten hastera doanean. Bada beste metodo bat partida laburtzeko, jokalari batek hazi bat, edo bi, mugituz aurkariaren aldera, eta gero bere aldeko lehen hirurak ez diren beste zulo batzuetatik ereiten hasteko.
![]() |
| Congklak jokoaren hasierako posizioa. |
Congklak
Osagaiak eta hasiera
Taulak bost zuloko bi ilara dauzka, muturretan zulo handiago bana, biltegia, duelarik jokalariek irabazten dituzten maskorrak metatzeko. Zulo bakoitzean jokalariek bost maskor dauzkate, guztira 50 maskor .
Bi jokalarik hartzen dute parte. Bakoitzak bosna maskor ditu bere aldeko zuloetan.
Irabazlea partidaren amaieran bere biltegian maskor gehien duen jokalaria izango da.
Arauak
Jokalariak txandaka arituko dira.
![]() |
| Kaorien mugimenduen noranzkoa. |
Maskorren mugimenduak erloju-orratzen aldeko noranzkoan egin behar dira.
Bere txandan jokalariak bere aldeko zulo bateko (ez biltegiko) maskorrak hartu eta hurrengo zuloetan banan-banan ipiniko ditu; ibilbidean bere gordelekua, ezkerrekoa, (baina ez aurkariarena) ere hartuko du kontuan.
Bere azken maskorra zulo bete batean erortzen bada, zulo horretako maskor guztiak hartu eta banatzen segituko du.
Azken maskorra bere biltegian erortzen bada, txanda galtzen du. Bere aldeko nahi duen zulotik banatzen jarraituko du.
Azken maskorra aurkariaren aldeko zulo huts batean erortzen bada edo bere aldeko zulo huts batean, zeinaren aurrekoa hutsik dagoen, txanda bukatuko zaio maskorrik bildu gabe.
Azken maskorra bere aldeko zulo hutsean erortzen bada, maskor hori eta zulo horren aurkariaren aurreko zuloko maskorrak (baldin badaude) bere gordelekura eramango ditu, eta txanda aurkariari pasatuko dio.
Jokalari batek ezin badu jokatu, txanda pasatuko dio aurkariari.
Hona hemen congklak-partida baten hasiera:
![]() |
![]() |
| A jokalariak erdiko zuloko kaoriak hartu eta hurrengo zuloetan, ezkerrera eta bere biltegia barne, banatu ditu. | Ondoren, azken kaoria utzi duen zuloko sei kaoriak hartu ditu eta hurrengo zuloetan banatu ditu, aurkariaren biltegian salbu. Azken kaoria bere aldeko zulo huts batean utzi du. Ondorioz, aurkariaren aurreko zuloko 6 kaoriak harrapatu ditu. |
Partida jokalari bat bere zuloetan, biltokia salbu, maskorrik gabe geratzen denean bukatuko da. Orduan aurkariak taulan geratzen diren maskor guztiak bildu eta bere gordelekura eramango ditu.
Iturriak
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations, 1. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Robert Charles Bell: The Boardgame book. Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
Robert Charles Bell: Discovering old board games. Shire Publications Ltd, Botley, Oxford, 2008.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
El Mundo de los Juegos (2). Altaya, Bartzelona, 1999.
Eskuko arauak: Londgi.
Wikipedia.














