patol
Ipar Amerikako jokoak
Ipar Amerikako Herri gehienek jatorria iragarpenetan zituzten jokoak praktikatzen zituzten. Zaila da esatea joko haiek europarrak iritsi baino lehenagokoak ziren edo ondorengoak. Edward Burnett Tylor-ek, 1879an, iradoki zuen Amerika eta Asia artean komunikazio bat egon zela. Hori horrela balitz, gerta liteke joko hauek ez izatea europarrek eramanak, zaharragoak baizik. Joko haiek herrien arabera aldatzen ziren, baina, oro har, taulara zenbait fitxa (zaldi) sartu, ibilbide bat korritu eta gero ateratzean zeutzan. Zotzak jaurtita erabakitzen ziren mugimenduak eta harrapaketak. Eskuarki, zotzek aurpegi lau bat eta aurpegi biribil bat zeukaten. Batzuetan koskak ere bazeuzkaten.
Taula lurrean eraikitzen zen harri txikiekin zirkunferentzia bat osatuz. Batzuetan oihal edo larruetan ere irudikatzen zen taula. Zirkunferentziaren laurdenetan ateak (ibaiak, errekak, ...) zeuden. Batzuetan, jokalari bat bertara erortzen bazen, zigortu egiten zen. Harrapaketak egiten ziren, edo ez ziren egiten, aldaera batzuetan.
Ibilbidearen zentroan ahl izeneko harri handi bat jartzen zen zotzak haren kontra jaurtitzeko.
Ludeme datu baseak antza handia duten bederatzi joko jasotzen ditu. Joko horiek bi multzotan banatu daitezke. Zazpi jokoren kasuan, taula berrogei harrik osatzen duten zirkunferentzia da, hamar harriko lau multzotan banaturik; harrien arteko tarteak berdintsuak dira, eta lau multzoen arteko tarteak handixeagoak; azken horiei ate, ibai, erreka… deitzen zaie. Kasuren batean, lau ate horiek lau harri handiagoekin ordezkatzen dira. Oro har, lau ateak lau noranzko nagusiekin bat etorrita kokatzen dira. Jokoaren posizioak harrien arteko hutsuneak dira.
Horien adibide gisa patol izeneko jokoa azalduko dugu.
Patol (edo cuwee)
Joko honen berri Stewart Culin-ek eman zuen Charles F. Lummis-en txostena jasoz. Lummisek, 1891n, Mexiko Berriko Isleta herrian Tigua herria aritzen zen patol jokoa deskribatu zuen.
Osagaiak eta hasiera
Taula egiteko, 40 harri txiki kokatuko dira zirkunferentzia osatuz. Hamarnaka banatzeko, hutsune handiago bat utziko da; horiek p’áy-hlah (ibaiak) dira. Harrien arteko hutsuneak dira jokoaren posizioak. Pa-tol náht-heh (patol etxea) zirkuluaren zentroan hyee-oh-tee-áy izeneko harri handi bat jarriko da, horren kontra jaurtiko dira zotzak.
Nahi adina jokalarik hartuko du parte, patol etxearen inguruan eseri daitezkeenak. Jokalari bakoitzak kah-níd-deh (zaldi) bat, adaxka edo makila bat, izango du.
Hiru pa-tol zotz erabiliko dira dado gisa, 10 cm × 2,5 cm neurrikoak. Aurpegi bat gorriz margotuko da. Horietako batek margotu gabeko aurpegian 15 koska izango ditu, 10 ertz luze batean eta 5 bestean.
Puntuazioa ahoz gora geratuko diren aurpegien araberakoa izango da:
Bi aurpegi gorri eta koskadun aurpegia: 15 puntu, eta beste jaurtiketa bat;
Hiru aurpegi margotu gabeak: 10 puntu, eta beste jaurtiketa bat;
Bi aurpegi gorri eta koskadun aurpegia ez: 3 puntu;
Aurpegi gorri bat eta margotu gabeko bi aurpegi: 2 puntu;
Hiru aurpegi margotu: 5 puntu.
Arauak
Jokalari bakoitzak taulara sartzeko ibaia eta ibilbidearen noranzkoa aukeratuko ditu. Noranzkoa ezingo da gero aldatu.
Jokalariek zotzak estu-estuan hartuko dituzte eskuineko eskuan eta zentroko harriaren kontra jaurtiko dituzte bertikalean, zotzek harrian errebotatzeko moduan.
Zotzen jaurtiketaren puntuazioaren arabera mugituko dira zaldiak
Jokalari baten zaldiak beste batena atzematen badu, bigarrena taulatik atera egingo da eta ibilbidea berriro hasi beharko du.
Ibilbide osoa, ibai batetik sartu, bira osoa eman eta ibai beretik atera, lehenbizi bukatzen duenak irabaziko du.
Aldaera
Dadoak bi aurpegiko zotzak badira, koskarik gabe, jaurtiketen puntuazioa errazten da, honela:
aurpegi gorri bat ahoz gora = 3;
bi aurpegi gorri ahoz gora = 2,
hiru aurpegi gorri ahoz gora = 10;
aurpegi huts guztiak zuriz ahoz gora = 5.
Mota bereko beste jokoak
Kawasukuts (Ka-wá-su-kuts)
Kawasukuts (kolpea edo bat-bateko kolpea) Mexiko Berriko Laguna edo Kawaika herriak jokatzen duen lasterketa-jokoa da.
Desberdintasunak
Dadotzat hiru zotz erabiltzen dira, bata bi hozkaduraz markatua, beste bat hiru hozkaduraz markatua eta bestea hamar hozkaduraz markatua. Jaurtiketaren balioa ahoz gora geratzen diren hozkadura kopurua da.
Beste arau batzuk: Ate batean lurreratzeak jokalaria berriz bidaltzen du hasierara.
Owasokotz (Wasokuts)
Owasokotz Mexiko Berriko Laguna edo Kawaika herriak jokatzen duen lasterketa-jokoa da.
Desberdintasunak
Nahi adina jokalarik har dezakete parte, edo taldetan joka daiteke. Jokalari guztiak ekialdeko atean hasiko dira fitxa batekin.
Irabazteko, bi modutara joka daiteke. Abiapuntua igaro: jokalariek abiapuntua pasatu behar dute irabazteko. Abiapuntura zehazki iristen bada, beste bira oso bat egin beharko du. Abiapuntura iritsi: Jokalariek irabazten dute abiapuntura iristean, eta haietan iristean aurkariak atzera bidaltzen dituzte berriz hasteko.
Set dilth'
Set dilth' (makila-jokoa) Arizonako Mendi Zuria Apatxe herriko emakumeek jokatutako lasterketa-jokoa da.
Desberdintasunak
Ateak ipar-mendebaldean, ipar-ekialdean, hego-ekialdean eta hego-mendebaldean jartzen dira.
Bi, hiru edo lau jokalarik parte har dezakete. Jokalariak hamar harriko multzoen aurrean esertzen dira. Bi baino jokalari gehiagok jokatzen dutenean, aurrez aurreko jokalariak taldekideak dira.
Dado gisa hiru zotz erabiltzen ziren, bakoitzak aurpegi lau markatua eta aurpegi biribil bat dituela. Aurpegi lauak egur-ikatzez margotutako banda bat du. Jaurtiketak honako hauek dira:
aurpegi lau markatu bat ahoz gora = 2;
bi aurpegi lau markatu ahoz gora = 3;
aurpegi lau markatu guztiak ahoz gora = 5;
aurpegi biribil guztiak ahoz gora = 10.
10eko jaurtiketak beste jaurtiketa bat ematen dio jokalariari.
Jokalariak ipar-ekialdeko atean hasten dira.
Taldeek elkarren kontrako noranzkoetan jokatzen dute: ekialdeko jokalaria hegoalderantz mugitzen da, eta mendebaldeko jokalaria badago, noranzko berean; iparraldeko jokalaria mendebalderantz mugitzen da, eta hegoaldeko jokalaria badago, noranzko berean.
Taulari hiru bira ematen dizkion lehen taldeak irabazten du.
Sétichch (Sé-tich-ch, Setichch, Tze-chis, Zse-tilth, Satill)
Sétichch (jo, harrian bote egin) Arizonako Mendi Zuria Apatxe herriak, XX. mendearen hasieran, Fort Apatxe-n jokatutako lasterketa-jokoa da.
Desberdintasunak
Lau edo sei jokalarik bi taldetan jokatzen zuten, talde bakoitzeko bi makilekin, hutsune zabaletako batean hasita.
Dado gisa hiru zotz erabiltzen zituzten, aurpegi bat biribildua eta bestea laua.
Jaurtiketak honako hauek dira:
hiru aurpegi biribilak ahoz gora = 10;
hiru aurpegi lau ahoz gora = 5;
bi aurpegi biribildu ahoz gora = 2;
aurpegi biribildu bat ahoz gora = 3.
10eko jaurtiketa batek beste jaurtiketa bat ematen dio jokalariari.
Tasholiwe
Tasholiwe (egur-kanabera) Estatu Batuetako hego-mendebaldeko Zuni herriak jokatutako lasterketa-jokoa da.
Desberdintasunak
Bi edo lau jokalarik jokatzen dute eta jokalari bakoitzak kolore bateko fitxa batekin jokatzen du: horia, urdina, gorria eta zuria.
Fitxa bakoitza ateetako batean hasten da: iparraldea/negua horia da, mendebaldea/udaberria urdina da, hegoaldea/uda gorria da, eta ekialdea/udazkena zuria.
Lau jokalarik jokatzen dutenean, iparraldea eta mendebaldea erlojuaren orratzen noranzkoan mugitzen dira zirkuluaren inguruan, hegoaldea eta ekialdea erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan mugitzen dira.
Dado gisa hiru zotz erabiltzen dira, aurpegi bat gorria eta bestea beltza izanik. Dadoen koloreek gizonen bi izaera adierazten dituzte: gorriak argia edo esna; beltzak iluntasuna edo loa. Jaurtiketak honako hauek dira:
hiru aurpegi gorri ahoz gora = 10;
hiru aurpegi beltz ahoz gora = 5;
bi gorri eta beltz bat = 3;
bi beltz eta gorri bat = 2.
10eko jaurtiketa batek beste jaurtiketa bat ematen dio jokalariari.
Taulako lau zirkuitu osatzen dituen lehen jokalariak irabazten du. Zirkuitu osatuak babarrunekin edo artoekin zenbatu ohi dituzte.
Tsaydithl
Tsaydithl (jaurti zotzak) lasterketa-jokoa da, eta Arizonako Mendi Zuria Apatxe herriko emakumeek jokatzen zuten.
Desberdintasunak
Bi, hiru edo lau jokalari, bakoitza makila batekin.
Dado gisa hiru zotz erabiltzen dira, aurpegi bat biribildua eta horiz margotua eta bestea laua eta banda berde batez margotua. Jaurtiketak honako hauek dira:
hiru aurpegi biribilak ahoz gora = 10 (yäh);
hiru aurpegi lauak ahoz gora = 5 (dágay);
aurpegi biribil bat eta bi lau = 3 (tāh geé);
bi aurpegi biribil eta lau bat = 1 edo 2 (tlay).
Iturriak
Patxi Angulo: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations 1, Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Stewart Culin: Chess and Playing-Cards. Arno Press, New York, 1976.
Stewart Culin: Games of the North American Indians 1. University of Nebraska Press, New York, 1992.
Digital Ludeme Project Database: http://ludeme.eu (2021-08-26)
Edward Burnett Tylor: On the Game of Patolli in Ancient Mexico, and its Probably Asiatic Origin. http://www.jstor.org/stable/2841019 (2021-08-26)