Patolli jokoak antzina-antzinako jatorria izan lezake. Jokoaren izena jokoan dado gisa erabiltzen zituzten patolli izeneko indabetatik omen dator. Arkeologoek jokoan erabiltzen diren patolliak aurkitu dituzte Texasen eta Mexikoko iparraldean, eta historiaurreko igartze-gurtzetarako balioko zuten. Joko-taula antzekoak ezagutzen dira o.a.a. 900 urtea baino lehenagotik Mexikon eta Maien herrian. Bestalde, adituentzat joko denak dira patolli, hitzak esanahi generikoa hartu du Erdialdeko Amerikako kolonaurreko joko guztientzat.
Jatorrian, patolliak esanahi kosmologikoa izan behar zuen. Ez da harritzekoa aztekek Eguzki jainkoak aukeratutako herritzat bazuten haien burua eta astronomia oso garatua baitzuten. Jokoa oso zabalduta zegoen. Teotihuakanoek, toltekek, maiek, aztekek eta haiek konkistatutako herriek jokatzen zuten. Joko-taulak esteren gainean margotuta zeuden, edo harrien gainean grabatuta; zeremonia zentroetan puntu kardinaletara orientatuta jartzen ziren, nahiz eta diseinua eta forma aldatu, haien esanahia egutegiarekin lotuta zegoen. Patolli-jokalariak taula eta jokoko elementuak besapean zituztela ibiltzen ziren festetan. Patolliaren jainko azteka Macuilxochitl (Bost lore) zen, eta partida hasi aurretik laguntza eske hel egiten zioten. Aztekek apustu sutsua egiten zuten: mantak, bitxiak, harriak, esklaboak, baita beren askatasuna ere. Macuilxochitl-en arabera, jokoaren emaitzak legezko balioa zuen, eta esklabutza edo heriotza esan nahi zuen.
XVI. mendean, Amerikara joan ziren Iberiar Penintsulako misiolari konkistatzaile askok aipatu zuten azteken patollia. Esate baterako, Francisco Lopez de Gomara-k, Hernan Cortes-en kapilauak, aipatu zuen Moctezumak Erret Taulen antza zuen joko honetaz zuen interesa. Bernardino de Sahagun-ek (1569) bi deskribapen eman zituen; bata, náhuatl hizkuntzan, zabalagoa eta osatuagoa da (Kodex florentziarra); bestea, gaztelaniaz, oso laburra eta eskasa da, Historia general de las cosas de la Nueva España lanean. Diego Duran-ek jokoaren deskribapen zehatzagoa egin zuen Historia de las Indias de Nueva España e islas de Tierra Firme lanean, baina oso nahasgarria da guk orain ulertzeko. Jokalari profesionalak deskribatu zituen jokoaren taula oihal batean bilduta zeramatela herrikideak desafiatzeko.
Cortesek Mexiko 1521ean konkistatu eta gero, apaiz katolikoak haien herra guztiaz saiatu ziren errotik kentzen jokatzeko ohitura eta haien eskuetatik igaro zen material guztia suntsitu zuten, bertakoak kulturizatzeko asmoarekin. Fraide katolikoek "Deabruen jokoa" iritzi zioten, eta debekatzea lortu zuten.
Patollia desagertu zen eta, gaur egun, enigma bat da. Gurutze itxurako taulak adituak astindu ditu, Indiako patxisi eta txaupar bezalako jokoekin duen antzagatik. Antropologoek horretan ikusi dute aintzinako bi eskualde hain urruneko bi kulturen arteko truke misteriotsuaren lekukotasuna.
Osagaiak eta hasiera
Taula gurutze-itxurakoa da. Beso bakoitzean zazpi lauki eta triangelu beltz bat dituzten bi lerro daude eta bidegurutzean ere tamaina bereko lau lauki daude. Tapiz batean goma likidoz margotu ohi zuten.
Bi jokalariek sei harri gorri eta sei urdin erabiltzen dituzte fitxa gisa.
Dadoak patolli izeneko bost indaba beltz handi dira, alde batean zulo zuri bat dutelarik. Puntuazioak hauek dira: ahoz gora geratzen diren zulo zurien kopurua 1, 2, 3, 4 edo 5 badira, 1, 2, 3, 5 edo 10 puntu lortzen dira, hurrenez hurren.
Arauak finkatzeko ez dago nahiko datu. Hala ere, ikerketa berriek iradokitzen dute joko hau maien puluc jokoaren familiakoa dela. Eta 1920an, Alfonso Caso etnologo mexikarrak aipatu zuen Puebla estatuko Nahua herria petol izeneko jokoan aritzen zirela, eta joko horren taula ez zela patolliren taularen oso desberdina. Ideia horretatik atera dira hemen proposatzen diren arauak.
Arauak
Jokalari bakoitzak kolore bat aukeratuko du, eta bere fitxak taulatik kanpo jarriko ditu.
Zein hasiko den erabakitzeko, bost patolliak jaurtiko dituzte; puntu gehien lortzen dituena hasiko da.
Mugimenduak
Jokalariek bost patolliak jaurtiko dituzte haien txandan eta fitxa bat bakarrik mugituko dute.
Triangelu beltzak ere kontuan hartzen dira fitxak aurreratzeko orduan.
Lehenengo jokaldian, jokalariak erabaki dezake ibilbidearen noranzkoa. Behin noranzkoa erabakita, bere fitxa guztiak berdin mugituko dira. Beste jokalaria libre da bere noranzkoa hartzeko.
Fitxak taulan sartuko dira besoaren muturretik. Eskuineko lerrotik, eskuinera joanez gero eta ezkerreko lerrotik ezkerrera joanez gero.
Fitxek taularen hiru besotatik baino ez dute ibili behar, T moduko ibilbidea eginez: hasierakoa, hurrengoa, aurrekoa ez, hirugarrena eta hasierakoa.
Fitxa bat triangelu beltz batera iristen denean, jokalariak txanda bat galtzen du.
Fitxa batek ibilbide osoa bukatzen duenean, taulatik aterako da eta jokalariak beste txanda bat izango du jokatzeko.
Taulatik ateratzeko puntu kopuru zehatza behar da, falta diren laukiak gehi bat gehiago. Puntu gehiago lortuz gero, ezingo du ateratzear dagoen fitxa mugitu.
Irudian (1), patollien jaurtiketan hiru puntu lortu behar ditu urdinak bere fitxa bat taulatik ateratzeko.
Fitxek elkar aurrera dezakete ibilbidean.
Kolore bereko bi fitxa ezin dira lauki berean egon. Baina fitxa bat bere fitxa kide bat dagoen laukira iristen bada, erabili duen puntuazioa berriro erabil dezake lauki horretatik aurrera egiteko (hau da, puntuazioa bi aldiz erabil dezake, lehenengo aldian bere fitxa kide dagoen lekura iristeko eta bigarrenean hortik aurrera egiteko).
Irudian (2), patollien jaurtiketan hiru puntu lortu ditu gorriak; bere fitxa bat aurreratzen du eta beste fitxa gorri bat dagoen laukira iritsi da; beraz, beste hiru lauki aurreratzeko aukera du eta, horrela, fitxa urdina harrapatzen du.
Harrapaketak
Fitxa bat aurkariaren fitxa bat (edo gehiago) dagoen laukira iristen denean, aurkariaren fitxa (edo fitxak) taulatik aterako da eta aurkariak berriro sartu beharko du taulan.
Irudian (3), patollien jaurtiketan hiru puntu lortu ditu gorriak; bere fitxa bat aurreratzen du eta beste fitxa gorri bat dagoen laukira iritsi da; beraz, beste hiru lauki aurreratzeko aukera du eta, horrela, fitxa urdina harrapatzen du.
Triangelu beltzean dagoen fitxa ezin da harrapatu.
Partida bukaera
Bere sei fitxak taulatik ateratzen dituen lehenak irabaziko du.
Aldaerak
Apustuekin jokatzen bada, jokalari batek ontzi batean apustu bat ordaintzen du aurkariak harrapatutako fitxa bakoitzeko, bere fitxetako bat triangelu beltz batean gelditzen den bakoitzean eta aurkariak fitxetako batekin ibilbidea osatzen duen bakoitzean.
Jokalari batek ezin badu fitxarik mugitu, apustu bat ordainduko du ontzian.
Galtzaileak oraindik jokoan dituen fitxak adina apustu ordaintzen ditu ontzian.
Irabazleak ontziaren apustu guztiak hartuko ditu.
Hiru jokalarirentzat arauak ez dira aldatzen; baina jokalariek bosna fitxekin jokatuko dute, 15 fitxa guztira.
Lau jokalarirentzat arauak ez dira aldatzen eta jokalariek launa fitxekin jokatuko dute, 16 fitxa guztira. Jokalariek erabaki beharko dute, ordea, denek denen kontra jokatuko duten edo bi taldetan, elkarren aurrean daudenak talde berean egonik.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1960-69.
Jean-Louis Cazaux: Du senet au backgammon. Les jeux de parcours. Chiron editeur, Paris, 2003.
Raúl Varela: https://pueblosoriginarios.com/meso/valle/azteca/patolli.html (2021-02-21)
Eskuko arauak: Ludens Planet.