pentago
Jokoa Tomas Flodén-ek asmatu zuen 2003an Suedian; eta Mindtwister-ek 2005ean argitaratu zuen. 2007an plastikozko bertsioa kaleratu zuen Kosmosek.
Sari hauek jaso ditu: 2005eko Urteko jokoa Suedian; Mensa-ren 2006ko Mind Game saria AEBn; 2006ko Grand Prix du Jouet (Jostailuen Sari Nagusia) Finlandian eta Frantzian; Creative Child Magazine-ren 2007ko Urteko jokoa, AEBn; 2007ko Grand Prix du Jouet (Jostailuen Sari Nagusia) Belgikan.
Pentago XL izeneko 3-4 jokalarirentzako bertsioa ere badago. Taula 3×3 zuloko bederatzi taulaz osatua da, eta 4 kolore daude (gorria, horia, berdea eta urdina).
Jokoak, artzain-jokoaren antza du; izan ere, artzain-jokoaren lau taulekin jokatzen da. Hiru puxtarri lerrokatu beharrean, honetan bost puxtarri lerrokatu behar dira.
Osagaiak eta hasiera
Jokoa 3×3 zuloko lau taulatan, 6×6 zuloko taula batean elkarturik, jokatzen da. Hau da, taulak 3×3 zuloko lau pieza ditu.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Jokalari bakoitzak 18 puxtarri ditu. Partidaren hasieran bolak taulatik kanpo daude, jokalarien gordelekuan.
Jokalariek 5 puxtarriko lerro bat osatu behar dute.
Arauak
Zozketaz erabakiko da zein hasiko den, eta gero, txandaka arituko dira.
Hasten den jokalariak bere puxtarri bat jarriko du taulan, nahi duen zuloan. Puxtarria jarri eta gero, taularen lau piezetako bat aukeratu eta buelta laurden bat biratu egingo du, nahi duen noranzkoan, erlojuaren orratzen arabera edo kontra.
Ondoren, beste jokalariak berdin jokatuko du, beti ere zulo hutsetan.
Behin puxtarri bat taulan jarriz gero, ezingo da lekuz aldatu.
Puxtarririk ez duten taularen piezak ere bira daitezke.
Bere bost puxtarri lerroan kokatzen duen lehen jokalaria izango da irabazlea.
Irudian, beltzen txandan, puxtarri bat kokatzen dute goiko ezkerreko piezan (1); ondoren, goiko eskuineko pieaza bira laurden bat biratzen dute (2); eta sei puxtarriko lerroa lortzen dute (3).
Bost puxtarrien lerroa ortogonala edo diagonala izan daiteke eta taularen pieza batean baino gehiagotan egon daiteke.
Jokalari batek bost puxtarriko lerroa lortzen badu bere puxtarri bat taulan jartzean, ez du zertan taularen pieza bat mugitu.
Bi jokalariek bost puxtarriren lerrokadura lortzen badute jokaldi baten ondoren, berdinketa izango da.
Puxtarri guztiak jarri eta gero, inork ez badu bost puxtarriko lerroa lortu, berdinketa da.
Pentagoren 6×6 bertsioa ebatzi da NERSC-eko Cray superordenagailu baten laguntzarekin. Simetriak kenduta, 3.009.081.623.421.558 posizio posible daude. Bi aldeek ondo jokatzen badute, mugitzen duen lehen jokalariak beti irabaziko du partida.
Iturriak
Wikipedia
Eskuko arauak: Mindtwister.