plank
Plank jokoa John D. Champlin-ek eta Arthur E. Bostwick-ek 1890ean idatzi zuten The Young Folks’ Cyclopaedia of Games and Sports liburuan agertu zen, baina ez dago daturik jokoaren sortzaileaz. 1962an, Sid Sackson-ek agerira ekarri zuen berriro A Gamut of Games liburuan aipatu zuenean.
Osagaiak eta hasiera
Jokoa paper-zerrendekin jokatzen da. Zerrenda bakoitzak hiru karratu ditu, berdea, gorria eta zuria. Koloreen segidak hauek dira:
- gorria, zuria, berdea;
- gorria, berdea, zuria;
- berdea, gorria, zuria.
Eredu bakoitzak lau zerrenda ditu.
Horrez gain, zortzina fitxa berde, gorri eta zuri daude. Hogeita lau fitxa horiek sei fitxako lau multzotan banatzen dira, bakoitzean bi fitxa berde, bi fitxa gorri eta bi fitxa zuri egonik. Fitxen lau multzoak bereizteko, multzo bakoitzeko fitxa bakoitza letra batekin markatzen da: A, B, C eta D.
Jokalariak bi hiru edo lau izan daitezke. Lau jokalariren kasuan bi taldetan jokatuko dute.
Bere hiru fitxak, berdea, gorria eta zuria, horizontalki (zerrenda batean) edo bertikalki (ondoz ondoko hiru zerrendatan) lerrokatzen dituen lehen jokalaria izango da irabazlea. Koloreen ordenak ez du garrantzirik. Lerrokadura diagonalek ez dute balio.
Esku bat irabazten duten bakoitzean jokalariek puntu bat jasoko dute. Partida aurretik, zenbat esku jokatuko diren erabakiko da. Partida bukaeran, puntu gehien lortu dituen jokalariak irabaziko du.
Arauak
Bi jokalari direnean, A eta B letrako fitxak erabiliko dira. A eta B letra dituzten bi fitxa ahoz behera nahasiko dira; jokalariek fitxa bana hartuko dute. Hartu duten letrako gainerako fitxak jasoko dituzte, eta partida osoan letra bera erabiliko dute.
Lehenengo eskuan A hasiko da eta hurrengoetan txandatuko dira.
Fitxak hartu eta gero, hamabi zerrendak nahasiko dira eta bi jokalarien artean banatuko dira. Zerrendak banatutakoan, jokalariek sei zerrendak euren aurrean jarriko dituzte ahoz gora.
Lehen jokalariak bere zerrenda bat jarriko du mahai erdian, nahi duena. Ondoren, bere fitxa bat kolore bereko karratuan jarriko du.
Aurkariak bere fitxa bat mahaiko zerrendako bi karratu hutsetako batean jar dezake edo bere zerrenda bat mahaiko zerrendaren ondoan jar dezake, alde luzeak elkartuz, eta bere fitxa bat kolore bereko karratuan jarri.
Hortik aurrera berdin segituko dute jokalariek, haien fitxa bat mahaiko zerrendetako karratu hutsetako batean jarriz, koloreak bat etorriz, edo zerrenda berri bat erantsiz eta euren fitxa bat zerrenda berriko kolore bereko karratuan jarriz.
Fase horretan, jokalari batek helburua lortzen badu, partida bukatuko da. Bestela, bigarren fasea hasiko da, fitxen mugimendua.
Jokalari batek bere sei fitxak mahaiko zerrendetan jarri dituenean, hurrengo txandetan, jadanik jarri dituen fitxak lekuz aldatu ahal izango ditu, mahaiko zerrenda batera eramateko edo jarri berri duen zerrenda batera eramateko. Zerrendak agortzen direnean, jokalariak bere fitxak jada mahaian dauden zerrendetan jarri edo mugitu besterik ez du egingo.
Fitxak edozein zerrendatako edozein karratutara mugi daitezke, karratua hutsik badago eta fitxaren kolorekoa bada. Fitxen mugimenduak ez du zertan zutabeetan edo errenkadetan egin.
Ohar garrantzitsua: 1) fitxa bat beti bere koloreko karratu baten gainean jarri behar da. 2) Jokalari batek mahai gainean zerrenda berri bat jartzen badu, fitxetako bat gainean jarri behar du berehala. 3) Zerrendak beti lerrokatuta daude, alde luzea alde luzearen kontra. 4) Zerrendetako koloreak edozein noranzkotan jar daitezke, ezkerretik eskuinera edo eskuinetik ezkerrera.
Aldaerak
Hiru jokalarirentzako jokoa
A, B eta C letretako hiru fitxa nahasten dira, ahoz behera, eta jokalari bakoitzak bat ateratzen du ausaz. A letra ateratzen duen jokalaria hasiko da. B letra duen jokalaria Aren ezkerrean eseriko da, eta bigarrena izango da jokatzen. Horren ezkerrera C jarriko da, eta azkena izango da. Hurrengo eskuetan, jokalariek fitxa berdinak mantentzen dituzte, eta jokatzen duen lehen jokalaria erlojuaren orratzen noranzkoan biratzen da.
Zerrenda guztiak banatzen dira, jokalari bakoitzak lau izan ditzan.
Arauak bi jokalarirentzako jokoaren berdinak dira.
Hiru jokalari banaka lehiatzen diren edozein estrategia-jokotan gerta daiteke jokalari baten garaipena oztopatu behar izatea, eta beste bietako bakoitza horretarako gai izatea, baina bere jokoaren kontura. Sid Sackson-ek puntuazio-sistema berria ezarri zuen kasu horretarako. A jokalariak irabazteko aukera badu, B jokalariak bere jokoarekin aurrera egin dezake eta C jokalariari utzi diezaioke Aren garaipena oztopatzeko ardura. B jokalaria garaipena oztopatzeko jokoan sar dadin, Ak irabaziko balu, Bri bi puntu negatibo esleitzen dizkio Sacksonek, eta Cri puntu negatibo bat. Irabazleak ez du punturik jasotzen.
Puntuazio-metodo horrek, nolabait, irabaztera pasatzen den jokalariaren ondoren kokatzen den aurkaria behartzen du hura gelditzeko lan zailaz arduratzera.
Adostutako eskuen amaieran, puntu gutxien dituen jokalaria partidaren irabazlea izango da.
Lau jokalarirentzako jokoa
Oraingoan, lau fitxa hartzen dira, letra bakoitzetik bat, ahoz behera nahasi eta jokalari bakoitzak bat ateratzen du ausaz. Jokalariak A, B, C eta D segidaren arabera kokatzen dira, erlojuaren noranzkoan. A eta C taldean arituko dira Bren eta Dren kontra. A hasiko da jokoan. Hurrengo eskuetan, fitxak ez dira eskuz aldatzen, baina jokoa hasteko eskubidea hurrengo jokalariari pasatuko zaio, betiere orduen noranzkoan.
Zerrenda guztiak banatuko dira jokalari bakoitzak hiru izateko moduan.
Arauak bi jokalarirentzako jokoaren berdinak dira.
Jokalari bakoitzak bere zerrenda eta fitxak erabiliko ditu, eta ez du eskubiderik taldekidearenak ukitzeko. Talde batek irabazten du taldekide batek edo besteak bere hiru fitxak lerrokatzea lortzen duenean. Lerrokadura irabazlea ezin da izan bi kideen fitxekin osatutakoa.
Hasi aurretik, jokalariek euren artean erabaki behar dute talde bereko kideek jokoari buruzko iritziak trukatzeko baimena duten, batez ere aurkarien mehatxuen kasuan, edo ahalmen hori debekatuta dagoen. Hasiberriekin, normalean hobe izaten da jokalarien arteko kontsulta ahalbidetzea, baina, esperientzia pixka bat hartu denean, jokoa interesgarriagoa izaten da taldekide bakoitzak bere burua zaindu behar badu.
Iturriak
Sid Sackson: A Gamut of Games. Castle Books,1969.
El Mundo de los juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
https://boardgamegeek.com/boardgame/19262/plank/credits#alternatename
https://regle.escaleajeux.fr/plank_rg.pdf