punttua
Karta-joko honen berri izan dut arestian, Oiartzungo eta Zarauzko lagunek eman didate. Beste lagunekin hitz egin eta gero, gaztaroko jokoa zela esan didate. Historiari buruz ez dut daturik aurkitu, ezta arauei buruzkorik ere. Hainbat aipamen aurkitu ditut testu, aldizkarietan eta hiztegietan.
Datu hauek aurkitu ditut:
- Juan Martin Elexpuruk Bergara aldeko lexikoa landu zuen, 1985ean, baina ez zuen argitaratu. Geroago, zuzenduta eta zabalduta, tesi gisa argitaratu zuen 1996an, Gasteizen.
1 PUNTÚAN. (b). PUNTTUAN ere bai . Karta-joku ezaguna.• Al punto. Etxokon Antoniri eztotsa iñok irabazten puntuan! Punttuan jokatukou? Azentua bietara: puntúan edo púntuan.
- Agustin Zinkunegi (1914-2002). Bizi naiak lege zorrotzak. Auspoa 232. Oiartzun, 1995.
Ez giñan oso urrutian ibiliko. Gu, geu baiño zarragoak ziran neska-mutillen tartean sartuta, zazpi t'erdian edo ogei ta amaikan, puntto edo orrelako zerbait.
- Agurtzane Azpeitia. Zestoarren erretolika. Zestoa, 2003.
Ni karta-jokuan punttuan bakarrik ibiltze nitzan.
- Xabier Etxabe. Lurtarra da begiratua. 120. orr. Elkar, 2004.
Txikitan, etxean maiz aritzen ginen kartetan Jexuxekin; punttuan, jakina.
Aurkitu ditudan aldizkarien eta webguneen datuetatik ondoriozta daiteke punttu karta-jokoa oso zabalduta dagoela Gipuzkoan. Ez dut, aldiz, beste herrialdeetako daturik aurkitu. Aldizkari eta webgune hauetan aurkitu ditut aipamenak: Debagoieneko Goienkaria, Tolosako Ataria, Zestoako Danbolin, GUKA Zestoa eta Beizama, Urola kostako Hitza, GITB Ormaiztegi, Azpeitiko jubilatuen Baigera webgunea, Oiartzungo udalaren webgunea, Orioko udalaren Orio, marea bizian webgunea. Aipamen guztiak punttu-txapelketak dira. Txapelketa batzuen emaitzen arabera, badirudi bikoteka jokatu zutela.
Hauek dira hiztegietan aurkitu ditudan sarrerak:
- Resurrección M. de Azkuek (1864-1951) Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegian jaso zuen, 1905-1906:
Punt̄u : 3º (AN-b), cierto juego de naipes, certain jeu de cartes.
- Orotariko Euskal Hiztegia
PUNTTU.
a) “(B), cierto juego de naipes” A.
Zazpi t'erdian edo ogei ta amaikan, puntto edo orrelako zerbait. AZink 41.
PUNTTUAN.
(Forma con palat. expr.).
b) Jugando al punto (juego de naipes). “Punttuan, al punto. Etxokon Antoniri eztotsa iñok irabzten punttuan.” Elexp Berg. "Ni karta-jokuan punttuan bakarrik ibiltze nitzan." ZestErret.
- Egungo Euskararen Hiztegia
punttu 4 karta-jokoa.
Osagaiak eta hasiera
Karta-sorta latindarra, 40 karta.
Karten hierarkia: beltzek (txotek, zaldiek eta erregeek) puntu bat balio dute. Beste kartek bere zenbakiak adierazten duen balioa daukate: batekoek bat balio dute (beltzen balio bera), bikoek bi balio dute... Urrea, kopa, ezpata edo bastoia izateak ez du inolako garrantzirik. Zenbakia da inporta duen gauza bakarra. Ondorioz, karten hierarkia hau da: 7koak, 6koak, 5ekoak, 4koak, 3koak, 2koak eta, batera, batekoak eta beltzak.
![]() |
Punttu karta-jokoaren karten balioen hierarkia, handienetik txikienera. |
Jokalariak bitik gora izan daitezke. Jokalari kopuruaren arabera egokituko da karta kopurua: Hiru jokalarirekin karta bat, bateko urrea, kenduko da. Sei jokalarirekin lau karta, batekoak, kenduko dira.
Helburua ahalik eta puntu gehien biltzea da.
![]() |
Hasieran lau batekoak kendu ondoren, A jokalariak hiruna karta banatzen dizkie jokalariei. |
Arauak
Hasieran, hiru karta banatzen zaizkio jokalari bakoitzari. Sobran geratu diren kartak ahozpez erdian pilo batean uzten dira, gero pilo horretatik kartak banaka hartu beharko baititu jokalari bakoitzak.
Banatzen duenaren eskuinekoa esku izango da, eta bera hasiko da bere hiru kartetako bat mahai gainera botatzen. Botatzen diren kartak bistan bota behar dira. Ondoren beste jokalariek, bakoitzak bere txanda errespetatuz, nahi duten kartarekin erantzungo diote. Jokalari guztiek karta bana bota dutenean handiena bota duenak irabazten du esku hori eta mahaira bota diren kartak bere irabazien piloan jasoko ditu (alegia beretzat jasoko ditu jokalariek bota dituzten kartak). Bi jokalarik edo gehiagok bota badute karta handiena, lehenengo bota duenak irabaziko du (eskutik egoteak garrantzia du).
Ondoren, jokalariek karta bana jasoko dute hasieran soberan geratu den pilotik. Hori ere ordena jakin batean egin behar da: eskua irabazi duenak hartuko du lehenengo karta eta bere eskuinekoak jarraituko dio... Horrela denek berriz ere hiruna karta edukiko dituzte.
Orain beste esku bat jokatu behar da, aurreko eskua irabazi duena hasiko da; karta bat botako du mahai gainera (berriz ere dinamika bera) eta bere ondokoek txandan karta bana botako dute. Karta handiena bota duenak jasoko ditu bere irabazien piloan. eta berriz karta bana hartuko dute erdiko pilotik. Eskuaren irabazleak hartuko du lehenengo, eta ondoren bere eskuinekoak...
Horrela, erdiko karta-piloko karta guztiak bukatu arte, esku bakoitzean karta bana bota eta handiena bota duenak beretzat jasoko ditu. Erdiko piloko kartak bukatzen direnean, bakoitzak bina karta edukiko ditu, eta horiekin ere dinamika bera jarraituz, beste bi esku jokatuko dira. Azken eskua irabazi duena hasiko da eta bere eskuinekoak jarraituko dio... esku horren ondoren karta bana edukiko dute eta azken eskua jokatuko dute karta horrekin.
![]() |
![]() |
![]() |
F jokalariak irabazi lehenengo altxaldia lehen laukoa bota duelako; 14 puntu jaso ditu. | E jokalariak irabazi bigarren altxaldia seikoa bota duelako; 21 puntu jaso ditu. | C jokalariak irabazi hirugarren altxaldia seikoa bota duelako; 17 puntu jaso ditu. |
![]() |
![]() |
![]() |
E jokalariak irabazi laugarren altxaldia zazpikoa bota duelako; 18 puntu jaso ditu, guztira 39 puntu. | F jokalariak irabazi bosgarren altxaldia lehen zazpikoa bota duelako; 21 puntu jaso ditu, guztira 35 puntu. | A jokalariak irabazi seigarren altxaldia zazpikoa bota duelako; 29 puntu jaso ditu. E jokalaria da irabazlea 39 punturekin. |
Ondoren, bakoitzak irabazi dituen kartak kontatu behar ditu, baina kontaketan karta bakoitzaren balioa kontuan hartu behar da, balioen batuketa egin behar da! Karta guztien batura 124 da, beraz, jokalari guztien artean 124 puntu eduki behar dituzte.
Puntu gehien biltzen dituen jokalariak irabaziko du partida.
Estrategia jokoa da
Altxaldi bakoitzeko hasierako karta txikia ala handia bota erabaki behar da. Eskuak handia botatzen badu, aurkariak handiagoarekin erantzun dezake eta puntu asko bilduko ditu. Txikia botatzen badu, aurkariak beste txikitxo bat bota dezake, baina berea baino handiagoa, beraz, puntuak bilduko ditu, gutxi baina puntuak. Posible da, ordea, aurkariak eskuarena baino txikiagoa edo berdina botatzea, orduan eskuak irabaziko du, baina oso puntu gutxi.
Eskuan beti karta txikiren bat edukitzea komeni da, aurkariak norberaren txandaren aurretik karta handiena botatzen badu, jokalariak karta txiki hori bota ahal izango du, horrela aurkariak ez du hainbeste puntu jasoko.
Norbera esku denean, karta txikiena botatzea komeniko zaio kasu askotan.
Aurkariak zer karta dauzkan asmatzen saiatzea ere jokoaren parte da. Horren arabera, besteek zer kartarekin erantzungo duten kalkulatzen saiatu behar da, eta karta handia atera arazi nahi ote zaion edo norberak handiena bota eta besteari zer kenduko zaion kalkulatu behar da.
Zer karta pasa diren gogoratzea ere komeni da.
Iturriak
Informatzailea: Joseba Makazaga Odria.
Egungo Testuen Corpusa (ETC)
Ereduzko Prosa Gaur (EPG)
Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)
Orotariko Euskal Hiztegia
Juan Martin Elexpuru:
http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/Juan_Martin_Elexpuru_TESI.pdf
Agustin Zinkunegi:
https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/11174.pdf
Oiartzungo udala:
https://www.oiartzun.eus/eu/Zer_berri_/Agenda/20250905/Punttu_jokoa
GUKA: https://guka.eus/zestoa/1657565967707-punttu-txapelketaren-sariak-banatu-dituzte-zestoako-san-juan-egoitzan
GUKA: https://guka.eus/beizama/1657644814016-hasi-dira-karta-joko-txapelketa-jokatzen-beizaman
GITB: https://gitb.eus/ormaiztegi/1731413232634-ormaiztegiko-ander-deunaren-jaiak
Danbolin, Zestoa: https://danbolin.eus/mus-eta-punttu-txapelketa/
Tolosako Ataria: https://ataria.eus/altzo/1415628446379-mus-punttu-txapelketa-eta-bertso-afaria-altzoko-elordi-elkartean
Orio, marea bizian: https://orio.eus/hemeroteka/mus-tute-eta-punttu-txapelketa-zaharren-babeslekuan-2066/
Baigera Jubilatuen elkartea: https://baigera.net/category/arlo-soziala/
Urola kostako Hittza: https://ukt.tok-md.com/pdf/2022-06-17.pdf