pylos
Jokoaren lehenengo ideia 1964an izan zuen David G. Royffe-k; baina 1994ra arte ez zuen aurkeztu Alemaniako Essen-eko Internationale Spieltage (Jokoen nazioarteko azoka) azokan. Hasieran Elevation (Goratze) izena izan zuen; baina, Gigamic-ek argitaratu zuenean Pyraos izena hartu zuen eta, beranduago, Pylos.
Sari hauek jaso ditu: Games Magazine aldizkariaren Games 100 Selection (100 jokoen bilduma) saria 1994, 1995 eta 1996an, AEBn; Mensa Select-en Top 5 Best Games (Lehen bost joko onenak) saria 1994an, AEBn; Parent’s Choice fundazioaren Gold Award (Urrezko saria) 1994an, AEBn; eta Giocco Dell’anno, 1994. urteko jokoa, Italian.
Jokoaren ideiak, 30 bolarekin piramide bat osatzeak, zenbaki piramidal karratuak ekartzen ditu burura. Izan ere, aspaldi aztertu zituzten matematikariek eta matematika zaleek irudi bat osatzeko behar ziren kopuruak. Horrela sortu ziren zenbaki triangeluarrak (1, 3, 6, 10…), zenbaki karratuak (1, 4, 9, 16…) eta, besteen artean, zenbaki piramidalak, piramidearen oinarriaren araberakoak. Horrela, beraz, zenbaki piramidal karratuek oinarri karratua duen piramide bat osatzen dute. Maila bat duen oinarri karratuko piramidea osatzeko nahikoa da bola bat; beraz, 1 da lehen zenbaki piramidal karratua. Bi mailako piramidea osatzeko, 2×2 oinarria behar dugu; beraz, 1 + 4 = 5 bola behar ditugu, bigarren zenbaki piramidal karratua. Hiru mailako piramidearekin 3×3 oinarria behar dugu; eta 1 + 4 + 9 = 14 zenbakia lortzen dugu. Pylos jokoak lau mailako piramidea erabiltzen duenez, 1 + 4 + 9 + 16 = 30 zenbaki piramidala dugu...
Osagaiak eta hasiera
Jokoa 4 × 4 zulo dituen taula batean jokatzen da.
Jokalari bakoitzak 15 bola, argiak edo ilunak. Partidaren hasieran bolak taulatik kanpo daude, jokalarien gordekinak.
Jokalariek 30 bolako piramide bat osatu behar dute. Jokalarien helburua norberaren bola piramidearen goiko erpinean jartzea da.
Arauak
Zozketaz erabakiko da zein hasiko den, eta gero, txandaka arituko dira.
Hasteko, bere txandan jokalari bakoitzak gordekineko bola bat jarriko du taulan.
Partidan zehar, jokalari batek ez badu bolarik gordekinean taulan jartzeko eta beste aukerarik ez badu, partida galduko du.
Bolen pilaketa
Piramidearen maila batean bolen karratu bat edo gehiago osatzen direnean, jokalariek bola bat jar dezakete horien gainean (pilaketa); orduan, bere txandan jokalari batek aukera hauek ditu:
- Gordekineko bola bat taulan jartzea.
- Gordekineko bola bat karratu baten gainean jartzea.
- Taulan dagoen beste bola bat karratu baten gainera ekartzea, mugimendu horrekin maila bat edo gehiago igotzen bada baino ez.
Taulan dagoen bola bat ezin da mugitu beste bola bati eusten badio.
Kolore bereko karratuak
Bere koloreko karratu bat osatzen duen jokalariak taulako bola bat edo bi berreskuratuko ditu, berehala, gordekinean jartzeko. Edozein bola edozein mailatan berreskura dezake, bola jarri berria barne, eta beste bola bati eusten dioten bolak izan ezik. Bere koloreko karratu bat baino gehiago osatzen badu ere, bola bat edo bi baino ezin ditu berreskuratu.
Pilaketa eta karratua
Txanda berean, jokalari batek hau egiteko aukera du:
- taulan dagoen bere bola bat igotzea;
- horrela bere koloreko karratu bat osatzea; eta
- bola bat edo bi berehala berreskuratzea gordekinera eramateko.
Partida bat bukatzen da piramidea osatzen denean, eta bere azken bola tontorrean jartzen duenak irabaziko du.
Aldaerak
Jokoan trebatzea errazteko, kolore bereko karratua osatzearen araua bazter daiteke. Orduan, pilaketarekin baino zin dira bolak aurreratu.
Jokalari batek bola bat edo bi berreskuratuko ditu bere koloreko karratu edo lerro bat osatzen duenean. Lerro horrek maila berean, lehena edo bigarrena, egon behar du. Baliozko lerro bat osatuko dute:
- Lehen mailan, kolore bereko lau bolek.
- Bigarren mailan, kolore bereko hiru bolek.
Diagonalak ez dira baliozko lerroak. Ezin dira bi bola baino gehiago berreskuratu jokaldi batean.
Iturriak
Eskuko artauak: Gigamic, www.gigamic.com (2021-02-23)