quarto
Joko hau Blaise Müller-ek asmatu zuen 1985ean eta Gigamic-ek argitaratua 1991tik. Jokoak Urrezko Dadoa jaso zuen 1985ean Boulogne-Billancourt-eko Jokoen Sortzaileen Sarian, 4×4 izenarekin.
Sari hauek jaso ditu: Créateurs de Jeux-en (Joko sortzaileen) Dé d’Or (Urrezko dadoa) saria 1989an, Paris, Frantzian; Oscar du Jouet (Jostailuaren Oscarra) 1992an, Paris, Frantzian; 1992ko Urteko jostailua, Brusela, Belgikan; Festival International des Jeux-en Super As d’Or (Bateko urre handia) 1992an, Cannes, Frantzia; Benelux-eko Toy Award 1992an; Spiel des Jahres, 1993an, Alemanian; 1993ko Urteko jokoa, Italian; 1993ko Urteko jokoa, Herbehereetan; Mensa Select-en Top 5 Best Games (Lehen bost joko onenak) saria 1993an, AEBn; Parent’s Choice fundazioaren Gold Award (Urrezko saria) 1993an, AEBn; Toy Testing Council-en 1994ko Best Bet (Apustu onena), Kanadan; Consommateurs-Consumer-en Toy Award-en 1994ko Prix d’Excellence (Bikaintasun saria), Quebec-en; Games Magazine aldizkariaren Games 100 Selection (100 jokoen bilduma) saria 1995ean, 1996an eta 1997an, AEBn; 2004ko Urteko jokoa, Finlandian; Parent’s Choice fundazioaren Top 25 games in 25 years (25 urteko lehen 25 jokorik onenak) 2004an, AEBn.
Osagaiak eta hasiera
Taulak 16 zirkulu ditu, 4×4 eran kokaturik. 16 pieza desberdin daude, launa ezaugarrirekin: argia/iluna, zilindroa/prisma, altua/baxua eta hutsa/betea.
Helburua lau piezako lerro bat (lerrokadura) osatzea, non piezek gutxienez ezaugarri komun bat izango duten (lauak argiak, lauak baxuak, ...). Lerrokadurak bertikalean, horizontalean edo diagonalean egin daitezke.
Arauak
Lehenengo jokalaria zozketaz aukeratuko da.
Lehen jokalariak 16 piezetako bat aukeratuko du eta aurkariari emango dio taulan koka dezan.
Aurkariak pieza kokatu duenean, beste pieza bat hartuko du eta lehenari emango dio taulan koka dezan. Lehenak pieza kokatutakoan, beste bat hartuko du aurkariari emateko, eta horrela segituko dute.
Jokalari batek irabaziko du ematen dioten pieza kokatzean lerrokadura bat osatzen badu: 4 pieza argi, edo 4 pieza ilun, edo 4 zilindro, edo 4 prisma, edo 4 pieza altu, edo 4 pieza baxu, edo 4 pieza huts edo 4 pieza bete, , irudian ikusten den bezala. Ezaugarri bat baino gehiago ager daiteke lerrokaduran.
Jokalari bat, pieza bat kokatzean, ez bada konturatzen lerrokadura bat osatu duela eta aurkariari beste pieza bat ematen badio, aurkariak agerian utz dezake lerrokadura eta jokaldia irabazi. Hala ere, dagokien txandan ez badira konturatzen osatu berri den lerrokaduraz, jokaldiak aurrera egingo du eta lerrokadurak bere balioa galduko du.
Jokaldia bukatuko da jokalari batek lerrokadura osatzen duenean (konturatuz gero) edo pieza guztiak taulan daudenean, lerrokadurarik osatu gabe; kasu horretan, berdinketan bukatuko da.
Aldaerak
Has daiteke jokatzen ezaugarri batekin, edo birekin edo hirurekin.
Denbora muga daiteke piezak kokatzeko.
Lerrokaduraz gain, beste aukera bat eman dakieke jokalariei jokaldia irabazteko: ondoz ondoko lau zirkuluk osatzen duten laukian (2×2) ezaugarri komuna duten lau pieza kokatzea, hain zuzen. Horrela, aurreko 10 lerroei 9 karratu gehitzen zaizkie.
Iturriak
Eskuko arauak: Gigamic-en sareko gunea: https://www.gigamic.com/jeu/quarto (2021-02-24)