quoridor
Mirko Marchesi-k 1997an sortutako jokoa da, eta Gigamic-ek argitaratua. Mirko Marchesik 1970eko hamarkadan argitaratutako Blockade joko batean oinarritzen da Quoridor. Marchesik joko honen beste bertsio bat, Pinko Pallino, ere sortu zuen 1995ean, Epta-k argitaratua. Pinko Pallino bi jokalarirentzat bakarrik diseinatu zuen, 11×11 laukiko taula batean jokatzen zen, guztira 42 hesirekin eta beste arau batzuekin.
Sari hauek jaso ditu: Mensa-ren 1997ko Mind Game saria jaso zuen AEBn; Games Magazine aldizkariaren Urteko Jokoaren saria 1997an, AEBn; Parent’s Choice fundazioaren Gold Award (Urrezko saria) 1997an, AEBn; Alemaniako 1997ko Spelgut-a; Belgikako Toy Award 1997an; 1997ko Grand Prix du Jouet (Jostailuaren sari handia) Frantzia aldean; Toy Testing Council-en 1997ko Best Bet (Apustu onena), Kanadan; Consommateurs-Consumer-en Toy Award-en 1997ko Prix d’Excellence (Bikaintasun saria), Quebec-en; Games Magazine aldizkariaren Games 100 Selection (100 jokoen bilduma) saria 1998an, AEBn; Games Magazine aldizkariaren Best Game (Jokorik onena) saria 1998an, AEBn; Kid Game Of The Year (Urteko haurren jokoa) 2009an, Finlandian.
Horrez gain, urteko jokoa izan zen Frantzia aldean, Estatu Batuetan, Kanadan eta Belgikan
Osagaiak eta hasiera
Jokoa 9×9 lauki eta 8×8 korridore dituen taula batean jokatzen da.
Bi edo lau jokalarirentzako jokoa da. Jokalari bakoitzak 10 (edo 5) hesi eta peoi bat ditu. Partidaren hasieran hesiak taulatik kanpo daude, gordelekuan. Jokalariek beren peoia irteera-lerroaren zentroan kokatuko dute.
Jokalariek peoia aurkariaren lerrora eraman behar dute.
Arauak
Zozketaz erabakiko da zein hasiko den, eta gero, txandaka arituko dira.
Hasteko, bere txandan jokalari bakoitzak bere peoia mugitzea edo hesi bat jartzea aukera dezake. Bere hesi guztiak jadanik jarri baditu, peoia mugitu baino ezingo du egin.
Peoiak laukiz lauki mugi daitezke, ezker-eskuin edo aurrera-atzera. Peoiek ezin dute hesi baten gainetik jauzi egin.
Hesiak korridoreetan bi lauki hartuz kokatzen dira. Aurkaria motelago aurreratzeko erabiliko dira, eta ezingo da aurkariaren peoiaren bidea zeharo itxi, beti utzi beharko zaio irtenbide bat.
Peoiak aurrez aurre daudenean ondoz ondoko bi laukitan, eta hesirik gabe bion artean, txanda duen peoiak bestearen gainetik egin dezake jauzi. Jauzi nahi den peoiaren atzean hesi bat badago, jauzi nahi duen peoia beste peoia saihets dezake alboko laukietara aurrera eginez diagonalean.
Partida bukatuko da jokalari bat bederatzigarren lerroaren lauki batera iristen denean.
Aldaerak
Jokoan lau jokalari ari direnean, peoia taularen lehen lerroen erdiko laukian jarriko dituzte eta bosna hesi hartuko dituzte.
Gainerako arauek berdin diraute, baina ezin da jauzi egin bi edo peoi gehiagoren gainetik.
Iturriak
Wikipedia
Eskuko artauak: Gigamic, www.gigamic.com (2021-02-23)