qwirkle
Joko hau Susan McKinley-k diseinatu zuen 2006an eta MindWare-k argitaratu zuen.
Osagaiak eta hasiera
Jokoak 108 fitxa ditu, sei koloretan eta sei irudirekin; fitxa bakoitza hiru aldiz errepikaturik dago. Hauek dira koloreak: berdea, gorria, horia, laranja, morea eta urdina. Hauek dira irudiak: erronboa, hirusta, karratua, lauko izarra, zirkulua eta zortziko izarra.
Joko honetan bi, hiru eta lau jokalarik har dezakete parte. Bost jokalarirekin ere joka daiteke.
Helburua fitxak konbinatuz ahalik eta puntu gehiena lortzea da. Hori lortzen duen jokalaria izango da irabazlea.
Arauak
Jokalari bakoitzak sei fitxa hartuko ditu zoriz poltsatik, eta besteei erakutsi gabe.
Fitxak bi eratan konbina daitezke: kolore bereko baina irudi desberdineko fitxak ilara batean jarriz edo irudi bereko baina kolore desberdineko fitxak ilara batean jarriz. Beraz, lerro bateko konbinazio batek gehienez sei fitxa izango ditu.
Partida hasteko, jokalari bakoitzak esan behar du zenbat fitxa konbina ditzakeen hartu dituen sei fitxetatik. Fitxa gehien konbina ditzakeenak hasiko du partida, fitxa horiek mahai gainean jarriz. Berdinketa egonez gero, jokalari zaharrena hasiko da. Ondoren, erlojuaren kontrako noranzkoan jokatuko da.
Irudian, lehenengo jokalariak hiru fitxa hori jarri ditu eta 3 puntu eskuratzen ditu.
Txanda batean jokalariak hiru aukera ditu:
- Fitxa bat mahaian jartzea, dauden fitxekin konbinatuz, eta poltsatik bat hartzea, berriro sei izateko.
- Fitxa bat baino gehiago mahaian jartzea, dauden fitxekin konbinatuz, eta poltsatik adina fitxa hartzea, berriro sei izateko. Mahaian jartzen dituen fitxak lerro bakar batean jarri behar ditu, baina ez ditu zertan bata bestearen ondoan jarri.
Irudian, bigarren jokalariak lau erpineko hiru izar jarri ditu; hiru izarrek 3 puntu ematen diote eta, fitxa horien lerroa luzatu duenez, 4 puntu hartuko ditu; guztira, 7 puntu irabazi ditu.
- Bere fitxa batzuk edo guztiak poltsako beste batzuez ordeztea.
Mahaian jartzen diren fitxak daudenekin konbinatu behar dira derrigorrez.
Irudian, hirugarren jokalariak bi fitxa more jarri ditu, horien parean. Bi fitxa morek 2 puntu ematen dizkiote; bestalde, bi izarreko lerroak beste 2 puntu eta bi karratuko lerroak beste bi puntu ematen dizkiote; guztira, 6 puntu irabazi ditu.
Lerro batean eransten diren fitxek lerroko fitxek duten ezaugarri bera izan behar dute, kolorea edo irudia.
Lerro bateko konbinazioak ezin ditu bi fitxa berdin izan.
Irudian, laugarren jokalariak bi fitxa more jartzen ditu lerro berean, baina ez bata bestearen ondoan. Lerro morea luzatu duenez, 4 puntu hartzen ditu eta, bi zirkuluko lerroa osatu duenez, beste bi puntu hartzen ditu; guztira, 6 puntu irabazi ditu.
Puntuazioa:
1. Fitxak lerro batean jartzen direnean, lerro horretan geratzen diren fitxa adina puntu lortuko dira.
2. Horrez gain, jarritako fitxek norabide perpendikularrean dauden beste lerro batzuk luzatzen badituzte, lerro horiei dagozkien puntuak lortuko dira.
3. Horrez gain, jarritako fitxek sei fitxako konbinazio bat osatzen badute, sei puntu estra lortuko dira, horrelako bakoitzeko.
4. Partida bukatzen duen jokalariak sei puntu estra jasoko ditu.
Hurrengo irudietan lau jokalariek egin dituzten jokaldiak ikus daitezke. Hona hemen lortu dituzten puntuak:
Lehenengo jokalariak, bere bigarren txandan, bi karratu erantsi ditu eta 4 puntu irabazi ditu. Ondoren, bigarren jokalariak bi erronbo kokatu ditu; bi erronboek 2 puntu ematen dizkiote eta, erronbo gorriak lerro gorri bat osatu duenez, beste 3 puntu eskuratzen ditu; guztira, 5 puntu irabazi ditu. Hirugarren jokalariak hiru hirusta erantsi ditu; hirusten lerroak 4 puntu ematen dizkio eta, hirusta horiak lerro horia luzatu duenez, beste 5 puntu eskuratzen ditu; guztira 9 puntu irabazi ditu. Laugarren jokalariak hiru erronbo eransten ditu; erronboek 3 puntu ematzen dizkiote; bestalde, osatu duen lerro berdeak beste 2 puntu ematen dizkio; eta, azkenik, erronbo horiarekin sei irudiko lerro horia bukatu duenez, 6 puntu gehi 6 puntu estra, hots, 12 puntu lortzen ditu; guztira, beraz, 17 puntu irabazi ditu.
Partida bukatuko da poltsako fitxak bukatu ondoren, jokalari batek bere fitxa guztiak mahaian jartzen dituenean.
Iturriak
Eskuko arauak: www.mindware.com (2021-02-23)