ringo
Ringo jokoa Robert Charles Bell-ek deskribatu zuen Discovering Old Board Games (Taula-joko zaharrak ezagutzen) lanean, 1973an, eta alemanezko testu baten itzulpena da. Haatik, Bellek ez du ezer esaten ez testuaz ez jokoaren jatorriaz. XIX. mendearen amaieran edo XX. mendearen hasieran asmatu zuten, baina jatorria ezezaguna du.
Ringo jokoaren egitura asimetrikoak, talde bat erdialdean eta bestea kanpoaldean, Erdi Aroko jatorria izan lezakeela eta hnefatafl jokoekin lotura izan lezakeela pentsarazten digu, baina inongo ziurtasunik gabe. Beraz, erasotzaile eta defendatzailez hitz egin dezakegu.
Jean-Marie Lhôte-ren ustez, jokoaren meritua taula zirkularra izatean datza; taula zortzi sektoretan eta sei koroatan zatiturik dago, berrogeita zortzi lauki eratuz. Erdialdeko zirkulua zitadela da eta sektore bat neutrala da.
Azpimarratzekoa da joko honetan harrapaketak bi eratara egiten direla, jauziekin eta ordezpenekin. James J. Bond-ek, ordea, jauzia ematen du harrapatzeko modu bakartzat, ordezpena aldaera gisa emanez.
Joko asimetriko askotan bezala, bi aldeek ez dute irabazteko aukera bera, baina ringon desoreka hori hain da handia, ezen iritsi zaizkigun arauen zehaztasunaz galde diezaiokegun geure buruari.
Bonden ustez, jokoa erasotzaileen aldekoa denez, arau hauetako edozein konbinazio ezar daiteke erasotzaileen abantailari aurre egiteko:
- Erasotzaileak ezin dira gazteluan sartu sektore neutraletik.
- Erasotzaileak bospasei fitxekin has daitezke jokatzen, zazpi fitxen ordez.
- Defendatzaileek txanda bat pasa dezakete mugitu gabe. Erasotzaileek fitxa bakarra izan dezakete aldi berean sektore neutroan.
Osagaiak eta hasiera
Ringo jokoaren taulak sei koroa eta zortzi sektore ditu, 48 lauki eratuz. Erdialdeko zirkulua zitadela da eta sektore bat neutrala da.
Bi jokalarik bakarrik har dezakete parte. Jokalari batek lau fitxa ditu eta barneko koroan txandaka jarriko ditu, sektore neutrala erabili gabe. Beste jokalariak zazpi fitxa ditu eta kanpoko koroan jarriko ditu, sektore neutrala erabili gabe
Erasotzailearen helburua bere bi fitxa erdialdeko zitadelan sartzea da eta defendatzailearena bestearen sei fitxa harrapatzea.
Arauak
Fitxa bat baino ezin da egon lauki batean, zitadelan izan ezik.
Erasotzailea hasten da mugitzen.
Mugimenduak
Erasotzaileak fitxa bat lauki huts batera mugi dezake, erdialderantz soilik, koroa batetik beste batera. Horrez gain, fitxa bat dagoen koroan bertan ere mugi dezake ondoko lauki huts batera.
Defendatzaileak ere fitxa bat lauki huts batera mugi dezake, erdialderantz edo kanpoalderantz, koroa batetik beste batera. Horrez gain, fitxa bat dagoen koroan bertan ere mugi dezake edozein lauki hutsetara, bidea libre badago eta sektore neutralera iristen bada, bertan geratu beharko da, ezingo du aurrera egin.
Defendatzaileak ezin du fitxarik sartu zitadelan. Erasotzaileak fitxa bat sartzen badu zitadelan, ezingo du hortik atera.
Fitxak sektore neutralera mugi daitezke, baina ateratzeko hurrengo txandara itxaron beharko dute. Horrek eragozten die defendatzailearen fitxei bira oso bat egitea koroa berean.
Erasotzaileak, sektore neutralean, defendatzaileak taulan dituen adina fitxa izan ditzake.
Harrapaketak
Txanda batean fitxa bat baino ezin da harrapatu. Baina fitxak harrapatzea ez da derrigorrezkoa.
Fitxek jauzi egin dezakete ondoan dagoen aurkako fitxa baten gainetik atzeko laukira, huts badago. Jauzi den fitxa harrapatzen da eta jokotik aterako da.
Defendatzailearen fitxek jauzi luzea ere egin dezakete koroa berean honela: jauzia egin behar duen fitxaren eta aurkako fitxaren artean hainbat lauki huts badaude, defendatzailearen fitxak jauzi luzea egin dezake aurkako fitxaren atzeko laukira, hutsik badago.
Fitxek aurkako fitxak harrapa ditzakete azkenak dauden laukian sartuz. Horiek ere taulatik kanporatzen dira.
Erasotzailearen fitxek aurkako fitxa jauzi batez harrapa dezakete zitadelan sartuz.
Fitxek harrapaketa bat egin dezakete sektore neutralera sartzen direnean. Ordea, sektore neutrala uzten dutenean ezin dute harrapaketarik egin.
Sektore neutralean dauden fitxak ezin dira harrapatu.
Jokalariek ezin diote aurkako fitxa bati eraso egin sektore neutralean dagoen fitxa batekin.
Erasotzaileak irabaziko du bere bi fitxa sartzen baditu zitadelan, erasorik ezin badute jasan. Kanpoko fitxa bat zitadelan badago, defendatzailearen fitxa baten jauzi baten bidezko mehatxupean egon daiteke.
Defendatzaileak irabaziko du aurkako fitxa guztiak harrapatzen baditu edo haien mugimenduak blokeatzen baditu.
(1) ezin da egin, jauzi luzeko harrapaketak koroan zehar egin behar direlako.
(2) ezin da egin, sektore neutrala ezin delako gurutzatu.
(3) ezin da egin, sektore neutraletik ateratzean ezin delako harrapaketarik egin.
(4) eta (5) ezin dira egin, sektore neutralean dauden fitxak ezin direlako harrapatu.
(6) ezin da egin, erasotzaileek ezin dutelako atzera (kanpoaldera) mugitu.
Aldaerak
Géoludiek, jokoa orekatzeko, defendatzaileari zitadelako fitxak harrapatzea debekatzea proposatzen du.
Horrez gain, defendatzaileari fitxak harrapatzera behartzea jokoa orekatzeko aukera bat dela uste dute.
Ez dago argi sektore neutralaren beste aldean dagoen aurkako fitxa bat harrapa daitekeen, mugimendua sektore neutraleraino mugatuta badago. Hemengo arauetan, horrelako harrapaketa ez dugu onartu.
Erasotzaileak sektore neutrala erabili beharko luke zitadela segurtasunez erasotzeko.
Defendatzaileak saiatu beharko luke bere fitxa bat barneko koroan uzten zitadela babesteko.
Iturriak
Robert Charles Bell: Discovering Old Board Games. Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
H. L. Fourie: Board Games of the World. Amazon, 2021.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
James J. Bond: Board and Pieces, Ringo: https://sites.google.com/site/boardandpieces/list-of-games/ringo (2021-12-21)
Wikipedia
Eskuko arauak: Géoludie.