romayá - hamabosta
Iparraldeko Tarahumara herriaren (Carichic, Chihuahua, Mexiko) jokoa da. Tepehuan herriak (Durango, Mexiko) ere ezagutzen du joko hau eta 46 eta 51 cm bitarteko zotzekin jokatzen dute. Errebotatzen dutenean zotzek hegan egiten dutenez, jokalariek nahikoa urrun esertzen dira.
Bere galerak ordaintzeko baliabideak baditu, tarahumar batek bi astez edo hil batez joka dezake, duen guztia, emaztea eta seme-alabak izan ezik, galdu arte. Berak joko-zor guztiak ordaintze ditu.
H. J. R. Murray-k romavoa izena ematen du joko honetarako eta horren multzoan beste hauek sartzen ditu: quinze, intuvigai zuli gairagai (jaurtiketa zuzen jokoa), Tepehuan herria (Chihuahua, Mexiko); kezute, Zuake herria, (Sinaloa, Mexiko).
Jokoaren deskribapen hau ematen du: taula hogeita hamasei zuloko karratua da, egurrean markatuak edo lurrean eginda. Aurrez aurreko bi erpinetan bost zuloko arku bana dago, zeinetan zehar fitxak taulara sartzen diren. Zirkuitu bat. Bi lagunek jokatzen dute fitxa banarekin. Jokalariek elkarren aurkako noranzkoetan mugitzen dute ibilbidean zehar. Harrapaketak ohi bezala.
Osagaiak eta hasiera
Bi jokalarik hartuko dute parte. Bion artean 23 zulo egiten dira. Hori lautada batean, 1×2 metro koadroko harri batean, egin ohi da.
Bi aurpegiko lau zotz (dadoak), romálaka, erabiliko dira, aurpegi batean koska batzuk dituztelarik: 1) hiru X banaturik (sei); 2) hiru X jarraian (hamalau); 3) zazpi X jarraian (hamabost); eta 4) lau marra (lau); 240 mm x 20 mm x 13 mm.
Arauak
Jokalariak ezkerreko eskuan helduko die zotzei, muturrak berdindu eta gero altxa eta aurreko harri lau baten kontra jaurtiko ditu, botea bere aurkariarengana emanez.
Zotzak jaurtitakoan emaitzen arabera mugituko dira damak (fitxak) taulan. Jaurtiketen balioak hauek dira:
- 10 puntu denak ahoz behera erortzen badira,
- 5 puntu denak ahoz gora erortzen badira,
- 3 puntu zotz bat ahoz behera erortzen bada eta
- 2 puntu bi zotz ahoz behera erortzen badira.
Horrez gain, zotz bat soilik ahoz gora erortzen denean, bere balioa.
Jokalariek dama bat edo gehiago erabil dezakete.
Lehenengo jaurtiketak damak taulan sartzeko dira. Gero jokalari bakoitzak, bere taktikari jarraituz, komeni zaiona mugituko du.
Irabazlea hasierako zulora bueltatzen den lehena izango da. Baina zenbait oztopo gainditu beharko ditu.
-
Amaieratik 15. zulora heldu eta gero, zenbaketa berria erabiliko du: 2 eta 3 puntuetakoek iraungo dute; 14koak 1 balioko du eta beste jaurtiketek balioa galduko dute.
-
Aurkariaren damak bere dama harrapatzen badu, dagoen zulora heltzen denean, harrapatutako damak hasiko du berriro ibilbidea.
-
Dama azkeneko zuloan dagoenean 14 botatzen badu, damak ibilbidea berriro hasiko du 14 zenbatuz.
Iturriak
Ana Zelaiak 1998an Mexikon lortu zituen arauak.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.