seega
Seega antzinateko jokoekin antzik ez duen jokoa da. Eskuarki, 5×5 laukiko taula erabiltzen du, Egiptoko beste jokoetan ez bezala. Ezin da aurkitu Egipto faraonikoko dokumentuetan, eta joko hori monumentu zaharretan agertzea ez da bere ustezko historia luzearen ebidentzia. Are gehiago, ez dago ez Egipton ez inguruko herrietan joko horretan ari zirelako ebidentziarik arabiarren inbasioa (639-643) baino lehen, eta kasu batzuetan otomandarren inbasioa (1516–17) baino lehen.
Asko dira monumentu zaharretan edo harkaitzetan aurki daitezkeen jokoen taulak. Oro har, harrietan egindako zuloen egiturak edo lerro urratuen sareak dira. Lirudike eraikin batean egindako horrelako egiturek eraikinaren adina izan beharko luketela; horrek lehen data emango lioke, baina ez luke frogatuko joko horretan ari zirela eraikina egin zenean.
Harrietan egindako jokoen artean, hiru dira arabiarrekin eta otomandarrekin erlazionatu dituzten jokoak: seega jokoa, tâb jokoa eta mankala jokoa.
Seega egiptoar pobreen eta nomaden jokoa zenez, ez du taularik eta piezarik utzi, senet, aseb, mehen eta txakurrak eta txakalak jokoek bezala; horiek guztiak faraoien eta aberatsen jokoak ziren. Felah-ek (laborariek, nekazariek) eta beduinoek harean zuloak egiten dituzte eta harrietan lerroak zizelkatzen dituzte aldi baterako joko-taula bat egiteko. Jokoa harean jokatzen denean, bi koloretako zotzak edo zotzak eta harritxintxarrak erabiltzen dira, zotzak zuloetan sartzen dira. Harrian jokatzen denean, edozein harritxintxar, hazi edo zerbait txikia erabil daiteke, beti ere bi jokalarien fitxak bereiziz. Jokoan ez da dadorik erabiltzen.
Edward William Lane-k Manners and Customs of the Modern Egyptians liburuan deskribatu zuen jokoa 1836an eta Ekialde Hurbilean aurkitutakoen antzeko arauak eman zituen. Taularen ohiko neurriak 5×5, 7×7 edo 9×9 ziren; taularen tamaina aldatzen bazen ere, arauek berdin zirauten. Lanek eyn (begi) deitu zien zuloei eta kelb (txakur) fitxei. Taula 5×5 zulokoa bazen, jokalariek hamabina fitxa zituzten. Jokalari bakoitzaren lehenengo bi fitxak aurrez aurre jarri zituen taularen lehen lerroetako erdiko zuloetan.
Ondoren, jokalariak txandaka aritzen ziren txanda bakoitzean beren bi fitxa taulan jartzen, edozein zulotan zentroko zuloan izan ezik. Fitxa guztiak kokatu eta gero, jokalari bat hasten zen fitxak mugitzen, bere fitxa bat zentroko zulo hutsera eramanez. Aurkariak ezin bazuen bere fitxaren bat zulo huts berrira eraman, lehen jokalariak fitxa bat galduko zuen, zulo huts irisgarri bat uzteko eskatzen baitzitzaion. Eta horrela egingo zen horrelako egoera ematen zen bakoitzean. Lanek zioen jokalarien helburua beren edozein kelb halako egoeran jartzea zela, non horren eta beren beste kelb baten artean aurkariaren kelb bat baitzegoen. Hori, hala eginez gero, harrapatzen zuen; eta bide horretatik beste harrapaketa bat berehala egin zezakeen bitartean, hala egiten zuen, aurkariari mugitzen utzi gabe.
Harold James Ruthven Murray-k antzeko joko hauek jaso zituen: seega Egipton, xantarad eta dub Somalian eta sija Sudanen. Gerra-jokoen artean, aurkariaren fitxa baten harrapaketa norberaren bi fitxa tartean hartuz egiten diren jokoen multzoan sartu zituen.
Seega oraindik jokatzen da eta arau multzo desberdinak daude.
Osagaiak eta hasiera
Jokoan 5×5 laukiko taula erabiliko da.
Jokalariek 12na fitxa izango dituzte.
Hasieran, taula hutsik dago.
Helburua aurkariaren fitxak harrapatzea da.
Arauak
Lehen fasea: kokapen-fasea
Zein jokalari hasiko den zozketan erabakiko da.
Jokalariek fitxak binaka eta txandaka kokatuko dituzte taulan.
Erdiko laukia hutsik geratuko da fase honetan.
Azken bi fitxak kokatu dituenak hasiko du bigarren fasea.
Bigarren fasea: mugimendu-fasea
Fase hau jokalariek beren fitxa guztiak taulan jarri dituztenean hasiko da.
Fitxa bat aldameneko lauki hutsera mugi daiteke; ortogonalean, bertikalean edo horizontalean, baina ez diagonalean.
Harrapaketak fitxak tartean hartuz egiten dira, aurkariaren fitxa bat norberaren bi fitxen artean itxiz (bertikalean edo horizontalean). Harrapatutako fitxa taulatik aterako da.
Jokalari batek (fitxa berarekin) mugitzen segitu ahal izango du aurkariaren fitxak harrapatzen dituen bitartean.
Fitxa batek aurkariaren fitxa bat baino gehiago harrapa ditzake aldi berean.
Aukera izanez gero, fitxak derrigorrez harrapatuko dira.
Fitxa bat aurkariaren bi fitxaren artean kokatuz gero, ez da harrapatua izango, aurkariak fitxa horietako bat aldatu eta bere lekura bueltatu egiten ez badu.
Zentroko laukian dagoen fitxa harrapaezina da.
Jokalari baten fitxa guztiak blokeaturik badaude, aurkariak jokatuko du eta mugitzeko aukera
eman beharko dio.
Aurkariaren fitxa guztiak harrapatzen direnean, garaipen osoa lortuko da.
Jokalari batek lerro bateko posizioak bete ditzake bere fitxekin bere gainerako fitxa guztiak lerroaren alde batean utziz. Orduan, fitxek barrera osatzen dute, eta ezin da erasorik egin. Kasu horretan, taulan fitxa gehien duenak garaipen partziala izango du.
Partida nulua izango da, jokalariek erasorik egin ezin badute eta fitxa kopuru bera badute.
Aldaerak
Laneren jokoaren deskribapenean bi arau hauek eman zituen:
Partida hasteko, Laneren hasierako posizioa erabil daiteke. Jokalari bakoitzaren lehen bi fitxak taularen lau aldeetako erdiko posizioan kokatu, aurrez aurre.
Hemen ere Laneren lanetik atera dugu aukera hau. Jokalari batek ezin dituenean bere fitxak mugitu, aurkariak bere fitxa bat taulatik kendu beharko du, lehenengo jokalariari mugitzeko aukera emanez.
Ondoz ondoko harrapaketen kasuan, ez dago zehaztasunik. Behin fitxa bat harrapatu eta gero, jokalariak beste mugimendu batzuk kateatzeko aukera izango du, bakoitzean beste fitxa bat harrapatzeko baldintzarekin. Ez dago argi, ordea, mugimendu kateatu horietan fitxa bera mugitu behar den beti.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations 1. Dover Publications, Inc., New York, 1960.
Walter Crist, Anne-Elizabeth Dunn-Vaturi eta Alex de Voogt: Ancient Egyptians at Play. Board Games Across Borders. Bloomsbury, Londres, 2016.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
Eli Gurevich: Ancient Games, https://www.ancientgames.org/royal-game-ur-game-20-squares/ (2021-06-17)
Edward William Lane : https://archive.org/details/accountofthemann031193mbp/page/n377/mode/2up (2021-06-17)