Indonesiako joko honi Permainan (jokoa) deitzen omen zioten. Surakarta Indonesiako Java irlaren erdialdeko hiri baten egungo izena da; izen horren aurretik Solo izena zuen hiriak, herbeheretarrak XVIII. mendean iritsi ziren arte. Hortaz, jokoa data hori baino beranduagokoa dela dirudi.
1970eko hamarkadan iritsi zen Europara eta oraingo izena hartu zuen, Surakarta. Oriol Comas-ek dio 1973ra arte ez dagoela jokoaren berri. Esate baterako, R.C. Bell-ek ez zuen bere 1960ko eta 1969ko Board and Table Games (I eta II) liburuetan jaso, baina bai 1979ko The Boardgame Book liburuan.
Jokoaren taula bitxia harean edo labaren errautsetan irudikatzen da jokoan aritu nahi den bakoitzean. Jokalari batek harriak erabiltzen ditu, eta besteak maskorrak.
Bere berezitasun nagusia fitxak harrapatzeko modu ezohizkoa da.
Osagaiak eta hasiera
Taulak 6 × 6 lerroak eta zortzi begiztak ditu: taulako bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren errenkadetatik bina begizta ateratzen dira dagokien zutabearekin lotzeko. Lerroen gainean jokatzen da
Jokalari bakoitzak 12 fitxa ditu eta lehenengo bi lerroetako bidegurutzetan jarri behar dituzte.
Jokoaren helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea da, edo, harrapaketa gehiagorik ezin denean egin, taula gainean aurkariak baino fitxa gehiago izatea.
Irabazlea erabakitzeko bi modu daude. Batean, puntuazio bat finkatzen da eta horretara iristeko behar adina esku jokatzen dira; puntuazioa eskuratzen duen lehena da irabazlea. Bestean, esku kopuru bat finkatzen da eta esku horietan guztietan puntu gehien lortu duena da irabazlea.
Arauak
Zozketaz erabakiko da zein hasten den, eta gero, txandaka arituko dira.
Fitxak beti mugitzen dira lerroen bidegurutzetan.
Txanda batean, jokalari batek mugimendu arrunt bat egin dezake fitxa batekin hutsik dagoen alboko bidegurutze batera, aurrera, atzera, aldeetara edo diagonalean (hots, zortzi noranzkoetan), baina ez begiztetatik; edo surakartaren harrapaketa berezia egin dezake. Fitxa batek, beraz, ezin du beste fitxa batek okupatzen duen bidegurutzea hartu mugimendu arrunt batean.
Harrapaketak taularen lau erpinetan dauden zortzi begiztetako batean zehar, gutxienez, egiten dira, aurkariaren fitxa bat dagoen bidegurutzean bukatuz eta fitxa hori harrapatuz. Harrapatutako fitxak taulatik ateratzen dira, betiko.
Horrela, erpinetako begiztak harrapatzeko baino ez dira erabiltzen. Harrapakaria begiztan sartu eta ateratzen da begiztaren taulako lerro ukitzaile batetik. Begiztatik mugitu baino lehen, edo ondoren, nahi adina bidegurutze hutsetatik igaro daiteke. Bidegurutze huts bat behin baino gehiagotan igaro daiteke harrapaketaren mugimenduan. Bidegurutze hutsen gainetik baino ezin da igaro, ezin da fitxen gainetik jauzi egin.
Fitxak harrapatzea aukerakoa da, ez da derrigorrezkoa.
Esku bat baino gehiago jokatuz gero, irabazleak taulan geratzen zaizkion fitxa adina puntu lortuko ditu.
Aldaerak
Aurkariaren fitxa bat harrapatzeko begiztetatik joan behar da, baina fitxaren bidegurutzean bukatu beharrean, fitxaren gainetik jauzi eta hurrengo bidegurutze hutsean bukatuko da (hots, dametan jaten den bezala).
Orduan, fitxa bat baino gehiago harrapa daiteke, bakoitzaren atzean bidegurutze huts bat badago. Harrapaketa batean ezin da noranzkoa aldatu, ez eskuinera ez ezkerrera.
Iturriak
Robert Charles Bell: The Boardgame book. Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
El Mundo de los Juegos. Altaya, Bartzelona,1999.
Eskuko arauak: Taller los juegos.
Juegos de la antigüedad.