swish
Swish ereduak ezagutzeko karta-joko bat da. Gali Shimoni eta Zvi Shalem irakasleek sortu zuten 2011n, eta Thinkfun-ek argitaratu zuen.
2011n, Parents' Choice Silver Honor sariaren irabazlea izan zen. 2018an, MinD-Spielepreis Short Game sarietarako izendatua izan zen.
Karta-sorta 60 karta gardenek osatzen dute. Karta bakoitza hamabi espaziotan banatuta dago. Hamabi espazio horietan lau koloreko puntuak eta koroak irudikatzen dira. Puntu eta koroa berdeak erdiko zutabeko goiko eta beheko espazioetan aurkituko dira. Puntu eta koroa laranjak ezkerreko eta eskuineko zutabeetako erdiko bi espaziotan aurkituko dira. Puntu eta koroa moreak erdiko zutabeko erdiko bi espaziotan aurkituko dira. Puntu eta koroa urdinak erpinetako lau espaziotan aurkituko dira.
Karta guztiek puntu eta koroa bana dituzte. Hala ere, karten banaketa ez da simetrikoa koloreen nahasketekin. Karten banaketa, koloreen arabera, hau da:
Koloreak | Eredu kopurua | Karta kopurua |
Berdea | 1 | 2 |
Laranja | 3 | 6 |
Morea | 1 | 2 |
Urdina | 3 | 6 |
Berdea eta laranja | 4 | 6 |
Berdea eta morea | 4 | 8 |
Berdea eta urdina | 4 | 6 |
Laranja eta morea | 4 | 6 |
Laranja eta urdina | 8 | 12 |
Morea eta urdina | 4 | 6 |
Guztira | 36 | 60 |
Berde kolorea bakarrik, bi karta berdin. (1-2)
Laranja kolorea bakarrik, sei karta, hiru bikote. (3-6)
More kolorea bakarrik, bi karta berdin. (1-2)
Urdin kolorea bakarrik, sei karta, hiru bikote. (3-6)
Berde eta laranja koloreak bakarrik, sei karta, bi bikote eta bi banako. (4-6)
Berde eta more koloreak bakarrik, zortzi karta, lau bikote. (4-8)
Berde eta urdin koloreak bakarrik, sei karta, bi bikote eta bi banako. (4-6)
Laranja eta more koloreak bakarrik, sei karta, bi bikote eta bi banako. (4-6)
Laranja eta urdin koloreak bakarrik, hamabi karta, lau bikote eta lau banako. (8-12)
More eta urdin koloreak bakarrik, sei karta, bi bikote eta bi banako. (4-6)
Kartak konbinatu behar dira bata bestearen gainean, beti posizio berean, puntuak kolore bereko koroen erdian gera daitezen. Horretarako kartak biratu edota irauli daitezke.
Eskuko arauek hainbat joko-maila proposatzen ditu.
Osagaiak eta hasiera
Swish karta-jokoa 60 kartako karta-sorta da.
Nahi adina jokalarik har dezakete parte.
Partidaren hasieran, hamasei karta jartzen dira mahai gainean.
Jokoaren helburua SWISH bat azkar aurkitzea da. SWISH bat bi karta edo gehiago pilatzean lortzen da, halako moduan non kolore bateko puntuak kolore bereko koroetan jarri behar baitira.
Arauak
Karten banatzailea aukeratzen da.
Karta-sorta nahasi eta gero, hamasei karta jarri behar dira mahaian, 4×4 taula osatuz.
Ez dago txandarik.
Jokalariek ezin dituzte kartak ukitu SWISH baten bila ari diren bitartean (buruan biratu edota irauli behar dituzte).
Jokalari batek SWISH bat ikusten badu, “NIK” edo “SWISH” oihukatuko du eta jokoa etengo da, SWISH hori egiaztatu arte. Horretarako jokalariak SWISHa osatzen duten kartak hartuko ditu eta bata bestearen gainean jarriko ditu.
SWISHa egiaztatzen badu, jokalariak SWISHa osatu duten kartak hartuko ditu. Hutsik gertatzen diren posizioak karta berriekin betetzen dira.
SWISHa ez badu egiaztatzen, jokalariak kartak joko-eremura itzuliko ditu. Horrez gain, bere pilatik karta bat galduko du eta utzitako karten pilan jarriko du. Jokalariak oraindik ez badu kartarik pilatu, ez du kartarik galduko. Utzitako kartak jokotik kanpo geratuko dira.
Jokalariek mahai gainean 16 karta egon arte itxaron beharko dute berriro SWISH bat bilatzeko. Salbuespena jokoa amaieran gertatuko da, 16 karta baino gutxiago geratzen direnean.
Gerta daiteke mahai gainean dauden karten artean SWISHik ez egotea (edo ez ikustea). Kasu horretan, banatzaileak mahaiko lau karta lau karta berrirekin ordezka ditzake. Mahaitik kentzen dituen lau kartak jokatu gabekoekin nahasi beharko ditu.
Karta guztiak erabiltzen direnean eta mahaiko kartak erabiliz SWISH gehiagorik ezin denean osatu amaituko da jokoa.
Karta gehien bildu dituen jokalariak irabaziko du.
Aldaerak
SWISH hasiberrientzat
Jokalariek bi kartako SWISHak besterik ez dute bilatu behar.
Maila desberdinetako jokalarirekin
Jokoaren maila oreka daiteke eskarmentua duten jokalariei hiru kartako edo gehiagoko SWISHak bilatzeko eskatuz. Besteok SWISHak nahi adinako kartarekin bilatu ahal izango dituzte.
SWISH ikasientzat
Jokoa zaildu dezakete 3, 4 edo 5 kartako SWISHak bilatuz.
Bakar-jokoa
Jokalari bakar bat saia daiteke SWISHak ahalik eta denbora laburrenean aurkitzen. Horretarako kronometro bat erabil dezake.
Iturriak
Eskuko arauak: Thinkfun.
https://boardgamegeek.com/boardgame/99219/swish