sz'kwa
Txinako bi jokalariren estrategia abstraktuko jokoa da sz'kwa. Wéiqí (baduk edo go) jokoen multzoan sartzen da. Wéiqíren bertsio sinplifikatua da eta batzuetan wéiqíren arbasoa dela pentsatu edo esan da. Nahiz eta sz'kwa ere ziurrenik oso joko zaharra izan, ez dago horren frogarik, sz'kwa wéiqíren bertsio sinpleagoa dela baino ez. Horrek, ordea, ekar lezake wéiqítik umeentzat eratorritako jokoa zela pentsatzea. Dena dela, wéiqíren helburua ahalik eta eremu zabalena menperatzea da, fitxak jatea baino. Bestalde, sz'kwa jokoaren taula zirkularra da.
Joko hau batez ere haurrek jokatzen dute Txinan. Jokoaren izenak “lau norabideen jokoa” esan nahi du. Jokoa, sarritan, hondarretan eta legarrean urratutako taula batekin jokatzen da, eta oskolak, intxaurrak edo harri-koskorrak erabiltzen dituzte fitxa gisa.
Clifford A. Pickover egileak, 1997ko The Alien IQ Test lanean, sz'kwa hiperdimentsionala erronka "oso zaila" zela adierazi zuen. Pickoverrek hainbat azterketa eta erronka proposatzen ditu:
Fitxen zenbat antolamendu desberdin daude joko-taulan? Lehen jokalaria izatea hobea al da? Idatz dezakezu programa informatiko bat estrategiak ikasten ehunka partida jokatuz eta haien akatsei erreparatuz? Garatu sz'kwa joko multidimentsional bat, non sz'kwa taularen erdiko posizioak alboko tauletako erdiko posizioekin lotzen diren. Lehenbizi, saiatu joko bat konektatutako bi taula bakarrik erabiliz, eta, gero, hiru taula erabiliz. Orokortu zure aurkikuntzak konektatutako taula anitzetara.
Osagaiak eta hasiera
Taula biribila da, bi diametrorekin ipar-hegoko eta mendebalde-ekialdeko norabideetan. Zentro aldean, zirkunferentzia bat du, eta lau posizio lau puntu kardinaletan eta beste bat zentroan. Diametroen muturretan, lau zirkunferentzierdi daude, launa posiziorekin. Guztira, 21 posizio daude. Lerroek mugitzeko baimena ematen dute.
Jokalariek 20na fitxa izango dituzte, urdinak eta zuriak.
Hasieran, taula hutsik dago.
Helburua aurkariaren fitxak harrapatzea da.
Arauak
Jokalariek beren fitxen kolorea aukeratuko dute eta zein hasten den erabakiko dute.
Bi jokalariek, txandaka, fitxa bat jarriko dute hutsik dagoen edozein posiziotan.
Bere fitxekin aurkako fitxa bat edo batzuk inguratzea lortzen duen jokalariak fitxa horiek harrapatu eta taulatik kenduko ditu. Txanda bakoitzean harrapaketa bat baino ezin da egin.
Debekatuta dago fitxa bat aurkariaren fitxa multzo baten artean jartzea, baldin eta fitxa bat edo batzuk harrapatzeko ez bada.
Partida amaitzen da jokalari bat jartzeko fitxarik gabe geratzen denean, edo fitxak jartzeko posizio librerik geratzen ez denean, harrapatuak izan gabe.
Aldaerak
Fitxa guztiak taulan jarri ondoren, jokalariek fitxa bat mugi dezakete txanda bakoitzean, baimendutako mugimenduak adierazten dituzten lerroei jarraituz. Arau honek sz’kwa eta wéiqí jokoak urrunduko lituzke, wéiqí jokoan fitxak ezin baitira mugitu.
Harrapaketak fitxa harrapatuak baino fitxa gehiagorekin egin behar dira. Baldintza hori ez bada betetzen, fitxa inguratzailea jar daiteke posizio hutsean, baina ez ditu aurkariaren fitxak harrapatzen.
Iturriak
Robert Charles Bell eta Michael Cornelius: Juegos con Tablero y Fichas. Labor, Bartzelona, 1990.
Eskuko arauak.
Grupo Alquerque: http://www.grupoalquerque.es/ferias/2006/asia/szkwa.htm
Bead game: https://www.bead.game/games/traditional/sz-kwa
James J. Bond: Board and Pieces, Sz’kwa: https://sites.google.com/site/boardandpieces/list-of-games/szkwa
Escale à jeux: https://regle.escaleajeux.fr/lxszk_rg.pdf
Internet Archive: https://archive.org/details/alieniqtest00pick/page/20/mode/2up
Wikipedia (en)