t’shu-p’u
Indiatik Txinara igaro zen partxis-txaupar moduko lasterketa-jokoa da. O.a. lehenengo milurtekoaren hasieran Indiako jokoak Txinara iristen hasi ziren, Kaxmirretik zihoazen merkataritza-bideetan zehar.
Karl Himly-k, Txinako jokoen historian asko ikertu zuenak, Sung garaiko (o.a. 960-1279) Hun Tsun Sü laneko t'shu-p'u jokoaren gaineko pasarte bat aipatzen du esanez Indiako mendebaldean asmatu zutela eta Txinara zabaldu zela Wei dinastiaren garaian (o.a. 220-265). Berez, t'shu-p'u sanskritoko txatush-pada (egungo txaupar) izenaren egokitzapen txinatarra da. Pasarteak dio jokoak beste lau izen izan zituela Txinan, wu-sho (lantza hartuz), thshan-han (ilara luzea), po-lo-sai-hi eta shwan-liu (sei bikoitzak). Izen horietako azkena, ordea, txaupar ez den joko ezberdin bati dagokio; persiar eta arabiar nard da, tabli joko grekoaren motakoa, zeina tradizio persiarraren arabera, Indiako ipar-mendebaldean sartu zen o.a. VI. mendearen amaieran.
T’shu-p’u jokoaren taulak partxisaren taularen antza du.
Osagaiak eta hasiera
Gurutze itxurako taula da; gurutzearen besoak 3 × 3 laukikoak dira. Beso bakoitzean bi babesleku daude, bi diagonalak dituzten laukiak.
Lau jokalarik jokatuko dute bi taldetan. Talde bereko jokalariak aurrez aurre jarriko dira.
Jokalariek launa fitxa dituzte.
Lau aurpegiko bi dado erabiltzen dituzte, aurpegietan 1, 6, 3 eta 4 puntuak izanik.
Hasieran fitxak jokalari bakoitzaren aldeko erdiko laukian kokatuko dira.
Helburua fitxak taulatik ateratzea da. Bere zortzi fitxak lehena ateratzen dituen taldeak irabaziko du.
Arauak
Fitxak, eskuin aldera mugituz, bira osoa eman behar diote taulari, eta jokalariaren aldeko erdiko lerrotik taularen zentro aldera eraman behar dira.
Dadoen jaurtiketaren arabera mugituko dira fitxak. Bi aukera daude: fitxa bat bi dadoen puntuen batura adina lauki mugitzea edo dado bakoitzaren puntuekin fitxa bana mugitu.
Fitxa batek besteak aurrera ditzake.
Fitxa bat aurkako fitxa bat dagoen laukira iristen bada, azkena taulatik kanpora aterako da eta berriro sartuko da hasierako laukietatik.
Diagonalak dituzten laukiak babeslekuak dira.
Erdialdeko laukira iristeko puntuazio zehatza behar da.
Partida irabaziko du helburua lortzen duen lehen taldeak.
Iturriak
Jack Botermans et al.: El Libro de los Juegos. Plaza & Janes editores S. A., Esplugues de Llobregat, 1989.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
Eskuko arauak: Margot Cembreros, Juegos del mundo.