tablas
Ohar bat egingo dut hasi baino lehen: bai Europan bai ekialdean antza handia zuten jokoen familia bat zabalduta zegoen, tabula erromatarretik edo nardshir persiarretik eratorriak. Horietaz orokorrean hitz egiten dudanean taulak hitz etzanda eta pluralean erabiliko dut. Joko eremua azaltzeko, aldiz, taula-taulak-taulen… hitz arrunt jokatuak erabiliko ditut. Azkenik, joko berezi batez hitz egitean horren jatorrizko izen etzana erabiliko dut: todas tablas, tables, tavole, nard…
Isidoro Sibiliakoak VII. mendean ludus tabulae aipatzen duenetik Alfontso X.aren, Jakitunaren, liburuan Libro de las Tablas agertu arte, 1283 urtean, bostehun urte igaro dira. Inperio Erromatarraren eroaldiaren ondoren migrazio-mugimendu ugari gertatu ziren Europan eta Europatik kanpo: alanoak, bandaloak, bisigodoak, frankoak, godoak, hunoak, ostrogodoak, mongolak, musulmanak, saxoiak, sueboak, turkoak… Ez dakigu zein izan zen taulak jokoen (eta beste joko askoren) garapena urte haietan guztietan, giza-migrazio haien guztien artean; izan ere, migrazio-mugimendu haiek ez ziren batere baketsuak izan.
Willard Fiske-k hiru garatze-aldi bereizten ditu gaurko taulak jokoetara iritsi arte, eta David Parlett-ek logikoa iruditzen zaion laugarren bat erantsi dio aurrean, aldaera klasikoak eta historiaurreak biltzen dituena, eskema hau sortuz:
1. Grammai eta beste joko klasiko batzuk, tabula barne.
2. Nardshir, sortu zenetik edo o.a. IX. mendea baino lehen Asiako hego-mendebaldeko agerpenetatik.
3. Taulak, Europako jokoa bere aldaera guztietan, lehen milurtekoaren hasieratik.
4. Backgammon, trictrac eta XV. mendeko beste joko sofistikatu batzuk.
Hirugarren multzoan dago, 1283an, Alfontso X.aren, Jakitunaren, agindupean jokoei buruz argitaratu zen liburu bat, Juegos diversos de Axedrez, dados e tablas. Xakez eta dado-jokoez aritu ondoren, tablas izeneko jokoez aritu ziren. Bertan, tablas jokoen hamabost aldaera desberdin azaldu zituzten.
Ez dago argi Erdi Aroko Europako taulak jokoak tabula joko erromatarretik edo musulmanek sartu zuten nardshir joko persiarretik zetozen, edo bion konbinaziotik. Fiskek jatorria nardshirri egozten diola dirudi tabulari baino gehiago, ziur aski tabula hiru dadorekin jokatu zelako, nardshir eta taulak jokoen bi dadoen ordez, nahiz eta haren ebidentzia gehienak tabula jokoaren aldekoak izan. Nard modernoaren eta backgammonen antzak ez du laguntzen arazoa argitzen, joko irandarra mailegu berri bat izan bailiteke. Kontua zaildu egiten da, taulak xakea baino bi mende lehenago aipatzen direlako Europan. Adibidez, X. mendeko bertso anglosaxoiaren bilduma den Exeter eskuizkribuan agertzen da. Bitxia da, halaber, bizantziar baliokideari taula deitzen zitzaiola, eta horrek jokoa mendebaldetik iritsi zela iradokitzen du; aldiz, espero zitekeen jokoa arabiarrengandik zuzenean eta arabiar izenarekin eskuratu izana, xakeak egin zuen bezala.
Irving L. Finkel-ek editatutako Ancient Board Games in perspective liburuko artikulu luze eta zabal batean, Board Games and Backgammon in Ancient Indian Sculpture (Taula-jokoak eta backgammon antzinako Indiako eskulturan), Micaela Soar-ek taulak jokoen hogeita bat taula deskribatzen ditu, Indiako horrenbeste erliebetan aurkituak. Bigarrenez, horien banaketa geografikoa eta estiloak aztertzen ditu. Hirugarrenez, iturri literarioak, Indiakoak zein Persiakoak, bai eta arabiarrak ere ematen ditu. Lanaren ondorio gisa, egileak uste du argumentu sendoa dagoela backgammon jokoaren jatorria Indian egoteko.
Isidoro Sibiliako apezpikuak (c. 556-636) taulak jokoak debekatzea erabaki zuen, zoriz jokatzeagatik zigortua: "alea, id est ludus tabulae". Bi mende beranduago, Iberiar penintsularen zati handia musulmanen mende dago. Inbaditzaile musulmanek etxean ezagutzen zuten joko bat aurkitu zuten han. Badirudi nard jokoa musulmanek sartu zutela Europan Iberiar eta Italiar penintsuletatik. Hogeita hamar fitxa erabiltzen ziren hogeita lau posizioko taula batean eta mugimenduak bi dadoren jaurtiketen bidez kontrolatzen ziren. Europako taulak jokoak bi iturritatik eratortzen dira, eta jokoetan erabilitako dado kopuruaren arabera identifika daitezke; bata hiru dadorekin jokatzen zen alea edo tabula joko erromatarra da, zeinak Erromatar Inperioaren erorialdia gainditu baitzuen eta Iberiar eta Italiar penintsuletan jokatzen baitzen musulmanak iritsi zirenean. Bestea bi dadorekin jokatzen zen musulmanen nard jokoa da. Malcolm J. Watkins-ek uste du xakea ekialdean garatu eta mendebaldera etorri zen bezala, berdin gertatu zela taulak jokoekin. Europako mendebalean erabiltzen den taulan jokatzen diren jokoek eta Mediterraneoaren beste muturrean jokatzen direnek jatorri bera izan dezakete, haren ustez. Bi jokoek estatusa eta maila islatzen zuten eta bai xakea eta bai taulen taulan jokatutako jokoak XI. menderako Europako ipar-mendebaldeko aberatsen erreserba bihurtu ziren neurri handi batean; txiroak erroten multzoko jokoetan, tortolosetan edo dadoak bezain joko sinpleetan aritzen ziren.
Pirinioen beste aldean ere, taulak jokoek ez zuten bere ospea galdu. Uzès-en, 843. urtearen inguruan, Septimaniako Dhuoda karolingiarrak bere seme presoari gomendatu zizkion. Gero, mila urteko kristautasunak xakea jaso zuen Kataluniako eta Languedoceko lurretatik, mundu erromanikoaren benetako leihoak Mediterraneoko kultura islamiar eta judutarrei begira. Jokoaren bi aldaerak XI. mendean iritsiak ziren Pirinioen iparraldera eta gurutzatuek bietan jokatu zuten Lehenengo gurutzadan. Gainera, gurutzadek modan jarri zituzten joko horiek guztiak. Harold James Ruthven Murray-k aurkitu duen aipamen zaharrena, Alemanian, Neuenbergeko Sibotos kondearen testamentuan gertatzen da (c. 1180, Monumenta Boica, vii. 502), non lau scahzabel eta lau wurfzabel eta joko horietako bolizko piezak utzi baitzituen.
1475. urtearen inguruan xakea joko zabalduena zen jadanik eta XVI. mendearen bukaerarako taulak izena taula baten gainean jokatzen ziren joko guztien izen orokor gisa erabiltzen zen, eta ez zen gehiago erabiliko joko zehatz bat aipatzeko.
Testuak
Jokoaren egoera aldatuko zen XIII. mendearen amaieran, Europako hainbat lekutan, ia aldi berean, arauak laburbilduz eta irakurleei aztertzeko problemak aurkezten zituzten joko liburuak agertu baitziren. Beharbada, joko hau ez da inoiz izan Erdi Aroan bezain ezaguna. Ekialdeko Asian, Indian, mundu arabiarrean eta Europan zen ezaguna.
Erdi Aroko hainbat eskuizkribuk jorratzen dituzte taulak jokoak. Alfontso X.aren, Jakitunaren, 1283ko Juegos diversos de Axedrez, dados e tablas liburua da lehena eta El Escorial-eko Monasterioan gordetzen dago. Hau da guregana iritsi den taulak jokoen testigantzarik garrantzitsuena, baita Erdi Aroko xake, alkerke, errotak eta dado jokoena ere. Bertan jasotzen du Libro de las Tablas atala, non tablas jokoen hamabost aldaera desberdin deskribatzen baititu: las quinze tablas, los doze canes o doze hermanos, doblet, fallas, el seys, dos e as, emperador, medio emperador, pareia de entrada, cab e quinal (I), cab e quinal (II), todas tablas, laquet o laquete, la buffa cortesa, la buffa de baldrac eta reencontrat. Horrez gain, hiru aldaera bitxi daude: iuego delas tablas del acedrex delas diez casas, zazpi posiziorekin laurden bakoitzean; tablero delas tablas delos quatro tiempos del anno, lau jokalarirentzako jokoa hogeita lau posizioko taula zirkular batean eta sei fitxa jokalari bakoitzeko; eta tablero delas tablas segund la natura delos escaques, zazpi jokalarirentzako taula heptagonal batean, zazpina fitxarekin.
Bigarrena, XIV. mendearen lehen erdiko British Library-ko Royal 13 A XVIII eskuizkribua da. Ingalaterran jokatzen ziren taulen zortzi joko deskribatu zituen, hiru baino ez ziren Alfontso X.aren liburuan agertzen: fails (fallas), ludus anglicorum (emperador) eta ludus lombardorum (medio emperador).
Xake jokoa bezala, taulak jokoak ere arreta handiz aztertu da. Izan ere, Erdi Aroko eskuizkribu asko xake-problemez gain taulen problemez ere aritu ziren. Problema horiek deskribatu eta ilustratu egin dira hainbat eskuizkributan, esaterako, aipatutako Royal 13 A XVIII eskuizkribuan.
Baina lan nagusiak, arlo honetan, 1300 aurreko Bonus Socius eta 1400-50 tarteko Civis Bononiae eskuizkribuak dira. Bonus Socius bildumak 194 xake-problema ditu, taulen 34tik 48ra problemak (kopiaren arabera) eta erroten 24 problema. Civis Bononiae bildumak, aldiz, 288 xake-problema ditu, taulen 76tik 80ra problema (kopiaren arabera) eta erroten 48 problema. Taulen problemak, xakearen problemak bezala, apustuen giroan sortu ziren. Irabazteko behar ziren dadoen jaurtiketak zein ziren jakitea izango litzateke erronka, nahiz eta posizioa aldekoa ez izan. Beste kasu batzuetan, fitxen posizioa eta dadoen jaurtiketak emanda zeuden, zeregina irabazteko fitxak nola mugitu behar ziren jakitea zen, fitxa kopurua txikiagoa izan arren. Joko mota ‒gehienetan testa, barail eta minoret jokoak‒ eta dado kopurua problemaren hasieran ematen ziren. Problemak bi motatakoak dira: hautazko jokoak (ludi optativi), non jokalariek dadoen jaurtiketa aukeratzen baitute dadoak bota beharrean eta, bestalde, dadoak jaurtitzen dituzten jokoak. Azkenak, probabilitateen benetako problemak dira eta horien zailtasuna areagotzen da dadoak erabiltzeko baldintzen arabera. Kasu batzuetan, akatsean (ad fallum) galtzen zela gehitzen zen, hau da, dadoen emaitza erabiltzeko ezintasuna zegoenean. Jokoen arauak ez dira deskribatzen eta kontzeptu tekniko horiek ere ez dira azaltzen; ulertzen zen hori dena ezagutzen zutela irakurleek.
Erdi Aroko lehen tratatuetatik, beraz, joko eta arau ugari ageri dira. Hala ere, aldaera horiek guztiak ez dira egun bakar batean agertu. Garai hartako taulak jokoen indarrak ere Europa feudalaren homogeneotasun nabarmena erakusten du. Dozenaka hizkuntza eta ehunka erresuma eta printzerriak ez ziren inoiz oztopo izan jokatzeko era askotako trafikoarentzat. Herrialde guztietan ia joko-zerrenda berberak daude, arau berberak.
Debekuak
Homogeneotasuna ere erakusten dute jokoen debekua ezartzen saiatzen diren estamentu guztiek. Honelako jokoak debekatu dituzte mota guztietako erlijioek eta agintariek. Japonian, ban-sugoroku jokoaz dagoen lehen aipamena Jitō enperatrizaren (686-697) debekua izan zen; Mahomak musulmanek saihestu beharreko zorizko eta loteriako jokoen artean kontatzen zuen nard jokoa. Isidoro Sibiliako apezpikuak taulak jokoak debekatzea erabaki zuen, zoriz jokatzeagatik zigortua: "alea, id est ludus tabulae".
Elizak guda luze bat egin zuen jokoaren zabaltzearen kontra eta gaitzespenak ugaritzen ditu; baina ahalegin moralizatzaile horiek guztiak ez ziren gai izan taulak jokoen arrakasta geldiarazteko; aitzitik, zabalpen handia izaten jarraitu zuen. Taulak jokoek jendeak jokoarekiko zuten grina bideratzen zuen, eta tabernariek laster joko-taulak eta fitxak utziko zizkieten bezeroei. Proventzako kleroaren aurkako salaketa bat izan zen tabernak bilatzen zituztela tauletan eta zorian jokatzeko.
1190. urtean, Filipe II.a Frantziakoa eta Rikardo I.a Ingalaterrakoa hirugarren gurutzadako errege aliatuek ediktu komun bat atera zuten: "Debekatuta dago zaldun azpiko mailako edozein pertsona diru-jokoetan aritzea; zaldunek eta elizgizonek diruaren truke jokatu ahal izango dute, baina ezin izango dute egun eta gau osoan hogei libera baino gehiago galdu, ehun liberako isunarekin, armadako artzapezpikuei ordaintzeko; bi monarkak hogei liberaren batura mugatuko dira eta hori gainditzen badute, armadaren erdian biluzik azotatuko dituzte hiru egunez”.
1254an frankoen Louis IX.ak bere gorteko ofizialei tauletan jokatzea debekatzeaz gain, debekua bere menpeko guztiei zabaldu zien. Zazpigarren gurutzadatik itzultzean, Luisek bere anaia, Anjouko duke Karlos, bilatu zuen itsasontziaren zubian. Harrituta geratu zen tauletan jokatzen aurkitu zuenean. Bat-bateko haserreak harturik, “hara joan zen bere gaixotasunaren ahultasunagatik kolokan, eta dadoak eta taulak hartu eta itsasoan bota zituen, eta Anjouko anaiari oso gogor egin zion aurre, dadoen jokoan harrapatuta zegoelako”.
Ehun eta berrogeita hamar urte beranduago, Tournai-ko artzapezpikua taulen jokalariak jazartzen zebilen. Boloniako eskolek erabaki zutenean eliza-kanonak ez zirela xakean erabiltzen, taulak oraindik inhonesti ludi izenarekin sailkatuta zeuden, eta XV. mendearen amaiera arte ez ziren bertan behera utzi jokoa debekatzeko saio haiek. Ordurako, Europako hiri askotako alkateak taulak zehazki salbuesten ari ziren udal-zentsuratik, baldin eta apustuak txikiak baziren, eta unibertsitateek eta ikastunentzako araudiek baino ez zuten posizio zorrotzena zaintzen.
Taulak Erdi Aroan oso ezagunak zirelako froga da, xakearekin batera, goi-mailako klaseen joko tipiko gisa aipatzen direla, XII. mendean eta hurrengoetan. Goiko klaseetatik besteetara zabaldu zen.
Nomenklatura
Backgammon da gaur egun, kolonialismoaren indarrez, gehien zabaldu den joko multzo baten izen nagusia, taulak jokoena hain zuzen. Azken hori latineko tabula hitzetik eratortzen da. Tabula latindarraren esanahi nagusia “ohol, taula” izan zen, eta aplikazio espezifiko batzuk garatu zituen, eta horietako bat “joko-taula” modernoaren baliokidea zen, hain zuzen ere.
Termino hauek modu orokorrean erabiltzen ziren Erdi Aroko Europan joko honetan aritzeko: Erdi Aroko latinez, ludus tabularum, tabulae; italieraz, tavole; gaztelaniaz, tablas; portugesez, taboas; proventzeraz eta frantsesez, taules; Erdi Aroko frantsesez, tables; Erdi Aroko ingelesez, tavel, tables; Goi Erdi Aroko alemanez, wurfzabel; Erdi Aroko nederlanderaz, worptafel, werptafel; Erdi Aroko danieraz, wartable; Erdi Aroko suedieraz, vartafvel; alemanez, brettspiel; suedieraz, brädspil; txekieraz, vrhcaby; polonieraz, warcaby.
Bi izan daitezke pluralaren erabileraren arrazoiak: bata da tabula hitzak joko-taularen laurden bakoitza izendatzen zuela, eta ez taula osoa, laurden bakoitzak bere garrantzia zuelako jokoan. Bestea da, oro har, jokoaren taulak lotutako bi orri zituela, errazago egiteko eta mugitzeko. Bestalde, tabulae hitzak taulan zehar mugitzen ziren fitxak ere izendatzen zituen.
Hizkuntza erromanikoetan plurala erabiltzen zen eta, xakearen eta erroten jokoekin gertatzen zen bezala, espero genezake singularreko hitzek jokoa jokatzen zen taularen izena ematen zutela. Jokoaren fitxak, museo askotan ikus daitekeen bezala, disko biribil lauak dira eta denak berdinak, jokalariei zegozkien koloreak izan ezik. Jokoaren fitxen izena, Erdi Aroko latinez, tabula izan zela Bonus Socius (1300 aurretik) eta Civis Bononiae (1400-50) eskuizkribuetan eta Versus Acbranni de ludo tabularum (Berna, 299) poeman egiazta daiteke. Erdi Aroko frantsesez, fitxen izena beti zen table edo taule eta, norvegieraz, tabl edo tafl.
Erdi Aroko taulak jokoak fitxen izenetik hartu zuen izena. Erdi Aroko latinez, tabularium; italieraz, tavoliere; gaztelaniaz, tablero; proventzeraz, taulier; Erdi Aroko frantsesez, tablier; Erdi Aroko ingelesez, tabler. Taularen erdia casa edo quadra da Alfontso X.aren liburuan; pagina da Royal 13 A XVIII eskuizkribuan; casa da Bonus Socius eskuizkribuan; eta table Ingalaterran, non taula osoari “taulen pare” deitzeko sortzen baita. Jokalari baten taula eramangarria bere domus da Bonus Socius eskuizkribuan. Kanpo- eta barne-taulen zatiketa barra da Alfontso X.aren liburuan. Taula bakoitzak sei posizio (latinez punctus edo punctum) ditu kontrako ertzen artean, eta posizioak bateko-posizioa, etab. izendatzen dira. Dado-puntuari (le si, 6koa, Civis Bononiae eskuizkribuan) caput (italieraz capocchia) esaten zaio maiz, eta Erdi Aroko frantsesez, teste.
Dado baten jaurtiketen izenak as, du edo deus, trei, quater, cinc, si edo sis dira Bonus Socius eta Civis Bononiae eskuizkribuetan. Bi dadoen emaitzak berdinak direnean, izenak ambas edo amesas, du du, tern edo ternes, quaterne edo quaternes, quine or quines, eta sine edo sines dira. Hiru dadoen jaurtiketa berdinen izenak amesas el terz, du du el terz, etab. dira Alfontso X.aren testuan, eta buf o buffe de as, du, etab. Bonus Socius eta Civis Bononiae eskuizkribuetan. Ezin zirenean hiru dado lortu, hirugarren puntuazioa bide desberdinetatik lortzen zen. Ohikoenak bi dadoen puntuaziorik altuena errepikatzea, majoret, edo bi dadoen puntuaziorik baxuena errepikatzea, minoret ziren. Eta jokalariek adosten bazuten ad fallum jokatzea, puntuazio bat ezin bazuten erabili, partida galtzen zuten.
Taulen diseinua
Taularen diseinuak ere eraldaketa izan ditu denboran zehar. Lehenengo taula greko eta erromatarretan, taula gurutzatzen duten lerroen bidez definitu ziren joko-posizioak. Badirudi jokoen posizio zehatzei buruzko eztabaidak sortuko zirela aurrerago, hurrengo eboluzio-etapan, lerroen ordez hamabi posizio markatuko hiru lerro jarri ziren. Horiek hainbat modutan marraztu ziren. Galeseko Holt-eko II. mendeko zeramikazko taulan ikus daitekeen beste ezaugarri bat ertz goratu bat sartzea izan zen, piezak kanpora ez irristatzeko eta, agian, dadoen biribilkiei eusten laguntzeko. Hurrengo garapena hiru lerroak bi lerrotara igarotzea izan zen, eta posizioak sei laukizuzeneko lau multzoz bereiztea. Multzo horiek bai luzetara bai zabaletara banaturik zeuden. Ekialdean taularen diseinua nahiko konstante mantendu zen, XIV. mendeko Indiako miniatura batek Artearen Metropoli Museoan erakusten duen bezala.
Hala ere, mendebaldean, diseinua zenbait etapatan garatu zen, ez denak argi zehaztuta, baina, azkenean, joko-posizio triangeluarren eredu modernora eramanez. Hori diseinu arrunt bihurtu zen XVI. menderako, taulak eskuarki irudiztatzen hasi zirenean, eta hortik aurrera ohikoagoak bihurtu ziren. Horrela egiaztatzen dute hainbat museotan dauden garai hartako taulek.
Alfontso X.aren liburuan taulek ez dute posiziorik; hau da, aurrez aurreko posizioen artean ez dago irudirik; baina posizio bakoitzean ertz biribil bat dute, non lehenengo fitxa zirkularra jarriko bailitzateke.
Lehenagoko taula gutxik iraun dute bizirik. Bitxiena, agian, Alemaniako Aschaffenburg-eko katedralean erlikia-ontzi gisa erabili zen taula da. Taula ederra da; alde batean xake-taula bat eta bestean taulen taula dauzka, azkena arroka-kristalez eta posizioak jaspe gorriz apainduta. 1300. urte ingurukoa da. XIV. mendeko beste bi taula daude. Friburgoko (Alemania) monasterio agustindarrean drainatze bidez hondeatu ziren. Biak egurrezkoak dira. Bat pinu-ohol solido bat da, eta gainazalean posizio triangeluar soilak ditu: pago bakuneko bederatzi fitxa daude harekin lotuta. Bigarrena, berriz, taula tolesgarria da, eta ertz altu bat eta zur gogorrez, beharbada pagoz, egindako barra bat ditu. Posizioak oholaren gainazalean txertatuta daude, eta ertz ahur estuak dituzte, punta ahur estuekin. Beraz, obelisko itxura duten Gloucesterreko taulen multzoaren bertsio kurbatua da diseinua.
Gloucesterreko taulen jokoa aurkitu den zaharrena da, eta XI. edo XII. mendekoa da. Hala ere, 1987an, Saint Denis-eko indusketa batean, XII. mendeko taula baten edo gehiagoren zatiak aurkitu ziren. Hogeita hiru posizio aurkitu ziren, ertzekoak eta barrakoak izan daitezkeen hamar xaflarekin batera. Posizioak lantza-formakoak dira (hogeita hiru), belarjale handien saihetsetan zizelkatutako geziak dira, orein-adarrezkoak izan daitezkeen bi elementu izan ezik; bi multzotan banatzen dira, dituzten apaingarrien arabera. Lehenengo seriean, hiru lerroko bandek mugatutako lau erregistrotan inskribatutako ozelo bikoitzak daude. Ertzetan bi lerro grabatuta daude. Bigarren serieak erregistroen banaketa bera du, oraingoan galoi-lerroekin. Markoari dagokionez, lau puska baino ez dira geratu. Estuak dira eta ozelo bikoitzen lerroz apainduak. Haren muturrek, 45 graduko angelua osatuz, inglete-mihiztadura adierazten dute. Bi pieza luzangak eta lau pieza trapezoidalek erdiko banaketa osatuko lukete. Guztiek dute apaindura komun bat, ozeloak banakakoak eta bikoitzak, eta lerroak muturretan. Plaka guztiak burdinazko errematxeek finkatzen zituzten zurezko taulan.
Frantziako Mayenne-n, 1996 eta 1998 artean, Oxford Archaeological Unit-ek egindako indusketan, gutxienez taula baten hondakinak eta fitxa asko aurkitu zituzten, gazteluaren ziegako soto batean. Hasieran IX. mendeko aztarnak zirela pentsatu bazuten ere gazteluaren historiagatik, Gloucesterreko eta Saint Denis-eko taulen garaikoak dira argiki.
Taula horiek erromatarren azken garaiko tabula jokoaren taulatik eta gaur egungo jokoen taulen arteko urrats gisa ikus ditzakegu. Izan ere, Gloucesterreko taulako posizioak laukizuzen erromatarren desitxuratu eta obelisko itxura hartu dute, gaur egungo triangeluen itxurara hurbilduz. Eta Saint Deniseko taulek obelisko itxura aldatu dute triangelu lerromakurrak egiteko. Friburgoko taula landuagoak, errazago lantzen den egurrean, ertz ez-kurboak ditu, baina oinarrizko obelisko itxurakoa da oraindik. Bestalde, zakarki urratutako Friburgoko taulak triangelu luzanga sinpleak ditu (akats askorekin, gainera). Hori da, agian, azken trantsizioaren gakoa.
Hasierako taulak eskuz eginak eta garestiagoak ziren, kontuan hartu gabe kostua eta denbora. Diseinua, beraz, korapilatsua eta konplexuagoa izan zitekeen, nahiz eta Aschaffenburg-eko taulak erakusten duen, 1300. urterako, triangeluekin ere kalitate handiko taulak egin zitezkeela. Jokoa zabaldu ahala, taulen produkzioa erraztu behar zen eta triangeluak ontzat hartu ziren. Horrela, Errenazimentuko taula ederren garairako triangeluak jadanik eztabaidaezinak ziren oinarrizko diseinuan posizioak markatzeko.
Ezagut daitezkeen fitxek (identifikatu ezin diren fitxen aldean) garapen kronologiko eta artistikoari jarraitzen diotela dirudi, lehen adibide identifikagarrietatik hasi (diseinuak gordinak baina adierazgarriak dira), eta XIII. mendekoak arte, non fitxak, gehienetan, dama-fitxa sinpleak edo irudikapen korapilatsu landuak baitira. Garai horren ondoren, xake-piezak eta taulen fitxak sinpleagoak, konbentzionalagoak eta, sarritan, abstraktuagoak bihurtu ziren, jokoen zabalpenarekin bat eginez.
Garapen posibleko elementu bat erdiko barra litzateke. Froga batzuen arabera, Gloucesterreko taulan pixka bat igota zegoen, barraren eta taulen arteko molde apaindua biribila delako, maila-aldaketa erakutsiz. Hala ere, badirudi batzuetan barra altxatu eta, batzuetan, berdindu egin zela, eta ez da beharrezkoa barra altxatzea jokatzeko. Alfontso X.aren liburuko tauletan ezkerreko sei posizioak eta eskuinekoak bereizirik daude, baina ez taula zeharkatzen duen berra batekin. Oro har, eraikuntzako baliabideei ematen zaien erantzuna da. Kaxa tolesgarri baten barruan eraiki den taula batek barra garai bat izango du, kaxaren horma bandadunak direla eta. Kanpoko aldean eraikitako batek, edo tolesten ez den batek, ez luke ezaugarri hori erakutsiko, nahita izan ezean; taula horietako gehienek, adibide modernoak barne, ez dute halakorik egiten.
Interpretazioa
Joko honen arrakasta ez zaio soilik estrategiaren eta zoriaren arteko oreka sinesgarriari zor, baita beste alderdi batzuei ere, hala nola esanahi sinbolikoari. Denbora funtsezkoa zen Isidoro apezpikuarentzat, hark zioenez (Origines, 18 liburua, 64), hiru dadoek eta alearen laukien hiru lerroek iragana, oraina eta geroa sinbolizatuko lituzkete, eta laukien sei taldeek, berriz, giza bizitzaren sei adinak. Ovidio, seguru asko, ez zen lehena izan lerroko 12 laukien kopurua urteko hilabeteekin eta, beraz, zeinu astrologikoekin lotzen. Izan ere, 12 zenbakia (errenkada baten karratuak, zeinu astrologikoak), 7 zenbakia (dado baten aurrez aurreko aldeen batura, planetak) eta 30 zenbakiak (erabilitako fitxen kopuru osoa, hileko egunak) funtsezkoak dira astrologia zaharrean. Txatrang-namak lanaren egile ezezagunak egin zuen interpretazio astrologiko garatuena. Jokoa kosmologia zoroastroarraren arabera deskribatu zuen. Taula Spandarmad lurraldea da; fitxa zuri ete beltzek eguna eta gaua; eta dadoa konstelazioen iraultza; dadoaren aurpegiko puntuen batura zazpi planetak dira eta ilara bakoitzeko hamabi laukiak zodiakoaren zeinuak dira; fitxen mugimendua planeten mugimendua da; jokoan fitxa bat atera eta birsartzea bizia, heriotza eta berpizkundea da. Interpretazio hori ez da berria Persiako jokoetan, 2500 urte lehenago, joko batzuen taulak denborari, betikotasunari eta berpizkundeari lotuta zeuden. Horrela, jokoa munduaren irudi perfektua zen Txatrang-namak lanaren egilearen begietan. kosmologia horrek Indiako artistak ere eraman zitzakeen Xiva eta Parvati joko horretan antzezteko, munduaren bilakaeraren ikur gisa. Zentzu berean, Bhartrihari poeta indiarraren poema dugu, non metafora bera agertzen baita: Etxe bakoitzean, asko dira, gero bakarra geratzen da, eta bakarra denean, jarraian asko dira eta azkenean bat ere ez. Horrela, denborak jokoan parte hartzen du, non gaua eta eguna bi dado bezala jaurtitzen baititu, izaki bizidunekin lurreko joko-taula gaineko peoi gisa.
Alfontso X.ak tablas jokoak estimatzen zituen. Jokoei buruz berak agindutako liburuan, tablas jokoek garrantzi handia dute patuari eta askatasunari buruzko eztabaida filosofiko eta teologikoan ‒garaian eztabaidan zegoen arazoa, fortuna eta sapientia. Sarreran, errege indiar baten istorioa kontatzen du, zeinak bere aholkulariei galdetzen dien ea mundua zoriak bakarrik edo gehiago arrazoiak zuzentzen duen, gizakiaren etorkizuna ezinbestean finkoa ote den edo gizakiak bere bizitza alda ote dezakeen bere borondate askearen arabera. Lehen jakintsuaren arabera, mundua arrazoimen hutsak zuzentzen du; xake-jokoaren laguntzaz irudiztatzen du tesi hori, non estrategia onenak baizik ez baitu arrakasta lortzen. Bigarren filosofoak kontrako iritzia du, zori puruak gidatzen du mundua, eta hori erakusten du dadoen jokoekin. Baina hirugarrenak tablas jokoa dakar, eta ondorioztatzen du benetako jakinduria bien konbinazioa dela, hots, pentsamendu arrazionala eta ausazkoa; izan ere, ezusteko gertaerei aurre egin diezaiekeenak bakarrik eraman dezake bere bizitza arrakastaz.
Sailkapena
Bi dira diferentzia nagusiak lasterketa-joko multzo honen eta gainerako lasterketa-joko askoren artean. Bata, jokalariek fitxa asko dauzkate, hamabost fitxa gehienetan; bestea, funtsean bi jokalariko jokoak dira eta, beraz, bi aldeetatik simetrikoak. Horrez gain, lasterketa-joko gehienak simetria erradialeko ibilbideetan jokatzen dira, hala nola lauki batean, zirkulu batean, gurutze batean. Taulak jokoak, aldiz, taula angeluzuzen batean jokatzen dira, jokalari bakoitza bere alde luzeetako batean eserita dagoela.
Joko erromatarrak mendebaldean iraun bazuen, litekeena da luze irautea aldaketarik gabe: lasterketa-joko bat, hiru dadoren erabilera, fitxen sarrera graduala eta noranzko berean mugituz, Alfontso X.aren pareia de entrada jokoan bezala. Hala ere, ez dago jarraitutasun horren froga zuzenik erromatarren garaiaren eta XI. mendearen artean. Alfontso X.aren liburuan fitxen hasierako posizioa duten joko kopurua ikusita, alea jokoak biziraun bazuen Erdi Aroko taulak bihurtzeko, hori bera izan zitekeen aldaketa esanguratsua. Zaila da esatea Alfontso X.aren liburuan agertzen diren jokoak musulmanak penintsulara iritsi baino lehen existitzen ziren ala ez. Arrazoi sendoa dago argudiatzeko taula horretan jokatutako jokoen aldaketa esanguratsuena Europaren eta ekialdeko munduaren arteko gurutzadek sortutako kontaktu handiago horren ondorioz sortu zela.
Arauen aldaerak askotarikoak dira. Joko batzuek 12 fitxa besterik ez dute erabiltzen, baina gehienek 15 fitxa darabiltzate. Joko batzuetan bi dado erabiltzen dira, beste batzuetan hiru dado. Ezin zirenean hiru dado lortu, hirugarren puntuazioa bide desberdinetatik lortzen zen: hirugarren puntuazioa beti zen 6; jokalariak berak edo aurkariak aukeratzen zuen puntuazioa. Ohikoenak, ordea, majoret, bi dadoen puntuaziorik altuena errepikatzea, eta minoret, bi dadoen puntuaziorik baxuena errepikatzea, ziren. Joko zaharretan puntuazio bikoitzak besteak bezala erabiltzen ziren, bi aldiz erabili gabe. Zenbait jokotan, jokalari batek ezin bazuen dado baten puntuazioa erabili, puntuazio hori galtzen zuen; beste batzuetan aurkariak erabiltzen zuen puntuazio hori. Eta jokalariek adosten bazuten ad fallum jokatzea, puntuazio bat ezin bazuten erabili, partida galtzen zuten. Hainbat jokotan bi jokalariek noranzko berean mugitzen dituzte fitxak, eta besteetan aurkako noranzkoetan. Joko batzuetan fitxak kanpotik sartu behar dira taulan, besteetan fitxak taulan daude kokaturik hasieratik. Eta batzuetan, bi jokalarien fitxen posizioak ez dira simetrikoak. Joko batzuetan aurkariaren fitxak harrapa daitezke, besteetan ez dago harrapatzerik.
Murrayk garai hartako 52 joko ematen ditu, hainbat taldetan sailkatuak:
1. Sarrera, pilaketa, pila desegin eta lasterketa hutseko jokoak.
2. Mugimendu-jokoak, jokalari bakoitzak hamabost fitxa baino gutxiagorekin.
3. Mugimendu-jokoak, hamabost fitxarekin era ezberdinetan antolatuta taula gainean.
4. Mugimendu-jokoak.
5. Hasierako posiziorik gabeko jokoak (a, b, c, d).
6. Izenak bakarrik ezagutzen diren jokoak.
Parlettek hiru multzotan sailkatzen ditu jokoak:
1. Mugimendurik gabeko jokoak.
2. Noranzko bereko mugimendu-jokoak.
3. Elkarren aurkako noranzkoetako mugimendu-jokoak.
Libro de las Tablas (Taulen liburua)
Alfontso X.aren, Jakitunaren, Libro de las Tablas atalak 72.-80. orri tartea hartzen du jarraian eta, aurrerago, 85. orria, 89. orria eta 97. orria. Guztira, taulen hamazortzi joko deskribatzen ditu. Eta deskribapenak hemeretzi miniaturarekin laguntzen ditu.
Liburuak tablas jokoei eskaintzen dion lehenengo miniaturan, ezkerrean, erregea bera agertzen da testua diktatzen; ondoan, kopistaren laguntzailea erregeari begira eta kopista agertzen dira; eskuinean, bi jokalari izan daitezkeenak ikus daitezke. Bigarren miniaturan, jokoaren taula nola egin behar den ikusten da. Hurrengo miniaturetan bezala, markoak alde luzeetan hamabi gurpil moduko sarguneak ditu, fitxak kokatuko diren espazioetan. Aldi berean, taula lau zatitan banatuko duten bi barra daude aurrez aurre, taula osoa zeharkatu gabe. Lehenengo bi miniaturen ondoan dagoen testua taulaz eta fitxez (tablas deitzen ditu) aritzen da. Zati bakoitzak sei etxe ditu eta fitxek biribilak izan behar dute. Horrez gain, testuak dio hobe dela taularen inguruan zurezko barrak (markoa) egitea.
Jokoen deskribapena laguntzen duten miniaturetan ikusten da bi jokalarik edo bi taldek jokatzen dutela. Horregatik dio testuak fitxen erdiak kolore batekoa eta beste erdiak beste kolore batekoa izan behar dutela. Horri eransten dio kolore bakoitzeko hamabost fitxa izan behar direla. Hala ere, joko batzuetan hamabina fitxa erabiliko dira.
Jokoan aritzeko dadoen erabileraren beharraz idazten du: dadoek zortea erakusten dute, baina zentzuz jokatu behar dira. Dadoen erabilera errazteko asmoz, etxeak zenbakitzea proposatzen du: sei etxeak kanpotik barrura 1etik 6ra. Testuak ez digu esaten zer egin bi dado edo gehiago botatzean ateratzen diren puntuekin. Hori miniaturetatik ondorioztatu beharko da.
Ordea, testuak esaten du nola harrapatu behar den fitxa bat, baita nola babestu norberaren fitxak ere. Etxe batean isolaturik dagoen aurkariaren fitxa bat harrapa daiteke fitxa bat etxe horretara eraman badaiteke dado baten puntuazioarekin. Jokalari batek bi fitxa edo gehiago baditu etxe batean, aurkariak gainetik igaro ahal du, baina ezingo du fitxarik sartu etxe horretan.
Bi bukaera mota ematen ditu testuak. Barata (merkea): jokalari batek aurkariaren hainbat fitxa taulatik atera dituenean eta horiek sartu behar diren etxeetan bi fitxa dituenean. Aurkariak ezin dituenez fitxak sartu, galdu egingo du. Manera (), jokalariek ezin dituzte haien fitxak mugitu; beraz, berdinketa (mannar) dago.
Hauek dira Libro de las Tablas atalean agertzen diren hamabost jokoak, eskuizkribuak ematen duen ordena berean. Joko bakoitzaren miniatura haren arauen bukaeran dago, eta gehienetan beste orrialde batean.
Jokoaren izena | Taularen orria | Miniaturaren orria |
Las quinze tablas | 73au | 73at |
Los doze canes o doze hermanos | 73at | 74au |
Doblet | 74au | 74at |
Fallas | 74at | 75au |
El seys, dos e as | 75au | 75at |
Emperador | 75at-76au | 76au |
Medio emperador | 76au | 76at |
Pareia de entrada | 76at | 77au |
Cab e quinal (I) | 77au | 77at |
Cab e quinal (II) | 77au | 77at |
Todas tablas | 77at | 78au |
Laquet o Laquete | 78au | 78at |
La buffa cortesa | 78at | 79au |
La buffa de baldrac | 79au | 79at |
Reencontrat | 79at | 80au |
Arau hauek taulen joko gehienak agintzen dituzte; jakina, joko bakoitzak bere berezitasunak ditu.
Osagaiak eta hasiera
Taulak 24 posizio (etxe, triangelu) dauzka; 12 triangelu jokalari bakoitzaren aldean. Alde bakoitzeko 12 triangeluak barra batek banatzen ditu, 6 ezkerrean eta 6 eskuinean utziz eta bi alde sortuz (kanpoko aldea eta etxea).
Jokalariek 15na fitxa erabiliko dituzte, batak gorriak eta besteak zuriak.
Bi edo hiru dado erabiliko dira.
Helburua 15 fitxak etxean sartu, taulan zehar mugitu eta, guztiak aurkariaren etxera iritsi ondoren, hortik taulatik lehena ateratzea da.
Arauak
Jokoak hiru fase ditu. Lehenengoan, fitxak taulan sartu behar dira (taulan ez badaude); bigarrenean, fitxak irteera-posizioetara eraman behar dira; eta hirugarrenean, fitxak taulatik atera behar dira.
Bi edo hiru dadorekin jokatzen da. Dadoen puntuazio batzuk fitxa bakar batekin erabili behar badira, derrigorrezkoa da puntuazio bakoitza aplikatzean arauak betetzea.
Fitxak ezin dira eraman aurkariaren bi fitxa edo gehiago dituen posizio batera.
Posizio batean bakarrik dagoen fitxa bat zaurgarria da eta harrapa daiteke aurkariak fitxa bat eramaten badu posizio horretara.
Harrapatutako fitxak kanporatzen dira eta horien jabeak ezingo du gainerako fitxak mugitu harrapatutakoak taulan birsartu arte; dadoen puntuazioekin ezin badu hori egin, txanda galduko du.
Ezin da fitxak taulatik ateratzen hasi fitxa guztiak taularen azken laurdenera eraman arte. Prozesu horretan, fitxaren bat harrapatua bada, harrapatua birsartu eta ibilbide osoa egin behar du; bitartean, gainerakoak ezin dira taulatik atera, harrapatua taularen azken laurdenera iritsi arte.
Fitxa bat taulatik ateratzeko puntuazio zehatza beharko da, dagoen posiziotik kanpora iristeko puntuazioarekin.
1. Las quinze tablas (Hamabost fitxak)
Testuak biltzen duen informazio bakarra da jokalari bakoitzak joko honetan parte har dezakeela hamabost eta bat arteko fitxekin. Jokoari dagokion miniaturan ikus daiteke hiru dado erabiltzen direla eta fitxen hasierako posizioa.
Murrayk dio fitxa ilunak I. etxadiko 1-6 etxeetan sartzen direla, I – II – III – IV noranzkoan mugitzen direla eta IV. etxadiko 6-1 etxeetatik ateratzen direla. Aldiz, fitxa argiak IV. etxadiko 1-6 etxeetan sartzen dira, IV – III – II – I noranzkoan mugitzen dira eta I. etxadiko 6-1 etxeetatik ateratzen direla. Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak, hamabost fitxarekin era ezberdinetan antolatuta taula gainean.
Parlettek multzo honetan sartu du: Elkarren aurkako noranzkoetako mugimendu-jokoak.
2. Los doze canes o doze hermanos (Hamabi txakurrak edo anaiak)
Testuak dio joko hau hamabi fitxarekin jokatzen dela eta jokatu behar duen lehen jokalariak aukeratzen duen taulako lau etxadietako batean kokatzen direla. Etxe bakoitzean bi fitxa kokatzen dituen lehen jokalariak irabaziko du. Jokalariek fitxak eskuan izango dituzte, miniaturan ikusten den bezala, eta dadoen jaurtiketaren arabera sartu behar dituzte etxeetan. Bi fitxa berdin dauden etxeetan ezin da fitxa gehiagorik sartu. Ordea, etxe batean fitxa bakarra badago, aurkariak harrapa dezake. Miniaturak erakusten digu bi dadorekin jokatzen dela eta iradokitzen du haurrek jokatzen zutela joko honetan.
Murrayk dio erabili ezin den puntuazioa galtzen dela. Fitxak ilunak I. etxadiko 1-6 etxeetan sartzen dira. Eta fitxa isolatuak harrapa daitezke eta birsartu behar dira beste fitxa berri bat sartu aurretik. Murrayk talde honetan sartu zuen: Sarrera, pilaketa, pila desegin eta lasterketa hutseko jokoak. David Parlettek dio harrapatutako fitxak zeuden posizio berean sartu behar direla. Parlettek multzo honetan sailkatu du: Mugimendurik gabeko jokoak.
Joko hau hurrengoaren, dobletaren, alderantzizkoa da.
3. Doblet (Bina)
Joko honetan hamabi fitxak I. eta IV. etxadietan dauzkate kokaturik jokalariek, bi fitxa etxe bakoitzean eta bata bestearen gainean. Jokalariek goiko fitxak jaitsi eta, gero, guztiak taulatik atera behar dituzte. Jokalariek borrokatu behar dute, hau da, zotz egin behar dute, jakiteko zein hasiko den. Jokalari batek ezin badu dado baten puntuazioa erabili bere fitxa bat ateratzeko, aurkariak erabili ahal izango du puntuazio hori.
Miniaturak erakusten du jokalariek hiru dado erabiltzen dituztela. Miniaturan ikusten da fitxa ilun bat jadanik jaitsi dutela.
Gaur egungo taulen bukaerarako ariketa gisa uler daiteke joko hau. Izan ere, taulen jokoetan fitxa guztiak ibilbidearen azken laurdenera eraman behar dira eta han denak pilatu eta gero hasi behar da ateratzen. Murrayk talde honetan sartu zuen: Sarrera, pilaketa, pila desegin eta lasterketa hutseko jokoak.
Joko hau aurrekoaren, los doze canes jokoaren, alderantzizkoa da. Parlettek multzo honetan sailkatu du: Mugimendurik gabeko jokoak.
4. Fallas (Hiltzea)
Joko honetan, bi fitxa argi III. etxadiko lehenengo etxean eta gainerako hamahiru fitxa argiak II. etxadiko seigarren etxean daude; eta bi fitxa ilun II. etxadiko lehenengo etxean eta gainerako hamahiru fitxa ilunak III. etxadiko seigarren etxean daude.
Jokalari bakoitzak lehenengo etxean dituen bi fitxak taulan zehar eraman behar ditu gainerako hamahiru fitxak dituen etxadira, IV. eta I. etxadietatik igaroz. Bidean fitxaren bat harrapatzen badute, haren hasierako posiziora eraman behar da. Baina, jokalari batek harrapatu dioten fitxa ezin badu hasierako etxadira sartu aurkariak etxadi horretako etxe guztiak bina fitxarekin bete dituelako, partida galduko luke. Horrez gain, jokalari batek ezingo balu bere fitxarik mugitu, aurkariak beteta dituen etxera baizik, jokoa galduko luke, hilko zelako. Horregatik deitzen diote jokoari fallas (hiltzea).
Bi jokalariek eramaten badituzte beren fitxak dagokien etxadietara, fitxak taulatik ateratzen dituen lehenak irabaziko du.
Miniaturak erakusten digu hiru dado erabiltzen direla.
Joko hau British Libraryko Royal 13 A XVIII eskuizkribuan dago fails izenarekin. Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak, hamabost fitxarekin era ezberdinetan antolatuta taula gainean. Parlettek multzo honetan sartu du: Elkarren aurkako noranzkoetako mugimendu-jokoak.
Testuak esaten ez badu ere, mugimenduak elkarren kontrako noranzkoetan egiten dira. Bestalde, joko honek taulen jokoen bukaerako egoeraren antza du, non jokalariek fitxa gehienak irteera-taulara eraman dituzten eta fitxa gutxi batzuk atzean geratu baitzaizkie.
5. El seys, dos e as (Seiko, biko eta batekoa)
Joko honetan, borroka irabazten duen jokalariak III. etxadiko etxeetan kokatzen ditu bere hamabost fitxa, honela: hiru fitxa lehenengo etxean, lau fitxa bigarrenean eta zortzi fitxa seigarrenean. Hortik dator jokoaren izena. Beste jokalariak bosna fitxa kokatuko ditu hirugarren, laugarren eta bosgarren etxeetan.
Fitxak IV. eta I. etxadietatik igaro eta II. etxadira eraman behar dira. Fitxak IV. etxadian baino ezin dira harrapatu eta, orduan, taulan birsartu behar dira I. etxadian (III. etxadiaren diagonalean dagoena) eta IV. eta III. etxadietatik igaroz, II. etxadira eraman. Behin fitxa guztiak II. etxadian sartu eta gero, taulatik atera behar dira.
Ikus daiteke hasierako fitxak erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan mugitzen direla eta harrapatutako fitxak, birsartu ondoren, orratzen aldeko noranzkoan.
Jean-Louis Cazaux-ek zehazten du I. etxadian harrapatutako fitxak III. etxadiko lehenengo etxean birsartu behar direla eta II. etxadian harrapatutakoak IV. etxadiko seigarren etxean. Hortik ondorioztatzen du ez dela onuragarria fitxak III. eta IV. etxadietan harrapatzea.
Murrayk dio harrapatutako fitxak harrapatuak izan diren etxadiaren diagonalean dagoen etxadian birsartu behar direla, I eta III edo II eta IV. Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak, hamabost fitxarekin era ezberdinetan antolatuta taula gainean.
Parlettek multzo honetan sartu du: Noranzko bereko mugimendu-jokoak.
Robert Charles Bell-ek sixe-ace izeneko jokoarekin lotu zuen; baina hasierako posizioa zeharo desberdina da, jokoaren garapenak ez du zerikusirik; horrez gain, Bellen jokoan lau jokalarik har dezakete parte.
6. Emperador (Enperadorea)
Joko honetan, borroka irabazten duen jokalariak III. etxadiko lehenengo etxean kokatzen ditu bere hamabost fitxak. Beste jokalariak II. etxadiko lehenengo etxean kokatzen ditu bereak.
Fitxak taulan zehar eraman behar dira aurkariaren fitxak dauden etxadiraino eraman arte. Hortaz, fitxak elkarren aurkako noranzkoetan mugitzen dira. Bidean harrapatuak badira, hasierako etxera eraman behar dira eta bideari ekin beharko diote berriro. Behin fitxa guztiak azken etxadian sartu eta gero, taulatik atera behar dira. Guztiak ateratzen dituen lehen jokalariak irabaziko du.
Jokalari onek, dio testuak, bi gauza egiten dituzte, bata manera eta bestea barata. Manera defentsa gisa egiten da jokoa ez galtzeko, eta barata jokoa irabazteko.
Manera egiteko, jokalariek aurkariaren hainbat fitxa harrapatu dituzte eta birsartu nahi dituztenean ez dute egiteko modurik. Beraz, ez dago irabazlerik eta partida berdinketan bukatzen da. Horretarako, fitxa bat birsartu behar denean, ezingo da sartu kolore bereko fitxa isolatu bat dagoen etxean, ezta kolore bereko bi fitxak dauden etxean ere.
Barata egiteko, jokalari batek bere hamabi fitxa aurkariak fitxa harrapatuak birsartu behar dituen etxadian kokatu behar ditu.
Cazauxek dio debekatuta dagoela harrapatutako fitxa bat bere beste pieza bat dagoen etxe batera birsartzea. Era berean, dio, ezin dira pieza batzuk pilatu norberaren taula erdiko etxeetan.
Murrayk eransten du jokalariek ezin dituztela fitxak pilatu beren taularen erdian.
Joko hau Royal 13 A XVIII eskuizkribuan dago ludus anglicorum izenarekin. Bonus Socius eta Civis Bononiae eskuizkribuetan testa izenarekin agertzen da; frantsesezko Bonus Socius eskuizkribuan tieste izena du. Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak. Parlettek multzo honetan sartu du: Elkarren aurkako noranzkoetako mugimendu-jokoak.
Honen antza duen jokoa narda izenarekin jokatzen da gaur egun Uzbekistanen.
7. Medio emperador (Enperadore erdia)
Fitxen hasierako posizioa emperador jokoarena bera da. Baina mugimenduak II. eta III. etxadien artean egiten dira. Manera egitea onartzen da, baina ez barata. Bi dadorekin jokatzen da.
Joko hau Royal 13 A XVIII eskuizkribuan dago ludus lombardorum izenarekin. Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak. Parlettek multzo honetan sartu du: Elkarren aurkako noranzkoetako mugimendu-jokoak.
8. Pareia de entrada (Sarrera bera)
Fitxak hamabi dira eta taulatik kanpo daude hasieran. Fitxak taulan sartuko dira los doze canes jokoan bezala, hau da, bina fitxa etxadi bateko etxeetan. Eta hori lortzen duen lehen jokalariak taulatik mugitu behar ditu aurreko etxadiraino; orduan, fitxa guztiak han pilatu eta gero, taulatik atera behar dira.
Bidean fitxaren bat harrapatzen bada, hasierako etxadira eraman behar da eta berriro mugitu beharko da fitxak taulatik atera behar diren etxadiraino. Taulatik fitxa guztiak ateratzen dituen lehen jokalariak irabaziko du.
Miniaturak erakusten du hiru dadorekin jokatzen dela. Dadoak jaurtitzean, jokalari batek bikoitz bat ateratzen badu, berriro jaurtiko ditu. Horregatik deitzen da jokoa pareia de entrada. Horrez gain, testuak dio bi dadorekin ere joka daitekeela.
Joko hau Civis Bononiae eskuizkribuan dago eta bi dadorekin jokatzen da. Murrayk dio jokalari batek dadoetan bikoitz bat ateratzen duenean, puntuazioa bi aldiz erabili behar duela eta, horrez gain, beste jaurtiketa bat egiteko aukera duela. Hala ere, Libro de los Dados (Dadoen liburua) atalean “par” (bikoitza) aipatzen duenean triga jokoan, hiru dadoen emaitzak berdinak direla ulertzen da. Murrayk talde honetan sartu zuen: Hasierako posiziorik gabeko jokoak (a). Parlettek multzo honetan sartu du: Noranzko bereko mugimendu-jokoak.
9. Cab e quinal I (Muturra eta bost)
Joko honek bi aldaera ditu, hiru dadorekin eta bi dadorekin. Bi joko horiek erditik banaturik dagoen miniatura batean agertzen dira; edo, nahi izanez gero, bi jokoen bi miniaturak bata balira bezala agertzen dira elkarrekin.
Hiru dadorekin jokatzen den aldaeran, hamabost fitxa argiak II. etxadiko bosgarren etxean daude, eta hamabost fitxa ilunak seigarren etxean.
Fitxak I. – IV. etxadietatik igaro eta III. etxadira eraman behar dira; guztiak III. etxadian daudenean, taulatik atera behar dira.
Fitxa bat harrapatzen bada, berriro sartu behar da II. etxadira, etxe hutsetara edo kolore bereko fitxak dauden etxeetara.
Bostgarren etxean dauden fitxak hasiko dira; bestela, seigarren etxeko fitxak bi abantaila izango zituztelako, posizio bat aurrerago daudelako eta eskua.
Jokoaren izena cab e quinal (6, cab = mutur eta 5, quinal = bost) da fitxa guztiak etxe horietan jartzen direlako.
Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak, hamabost fitxarekin era ezberdinetan antolatuta taula gainean. Parlettek multzo honetan sartu du: Noranzko bereko mugimendu-jokoak.
10. Cab e quinal II (Muturra eta bost)
Bi dadorekin jokatzen den aldaeran, hamalau fitxa argi II. etxadiko bosgarren etxean daude eta fitxa argi bat laugarren etxean dago; eta hamalau fitxa ilun seigarren etxean daude eta fitxa ilun bat IV. etxadiko seigarren etxean dago.
Fitxak, aurrekoan bezala, I. – IV. etxadietatik igaro eta III. etxadira eraman behar dira; guztiak III. etxadian daudenean, taulatik atera behar dira.
Fitxa bat harrapatzen bada, berriro sartu behar da II. etxadira, etxe hutsetara edo kolore bereko fitxak dauden etxeetara.
Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak, hamabost fitxarekin era ezberdinetan antolatuta taula gainean. Parlettek multzo honetan sartu du: Noranzko bereko mugimendu-jokoak.
11. Todas tablas (Taula guztietan)
Jokalariek hamabosna fitxa dituzte, lau etxadietan sakabanaturik; hortik dator joko honen izena. Fitxen posizioen deskribapena zalantzagarria da, testuaren deskribapena eta miniaturan agertzen den fitxen banaketa ez baitatoz bat.
Testuak dio jokalari batek bost fitxa jarri behar dituela II. etxadiko seigarren etxean eta beste bi aurreko (III.) etxadiko lehenengo etxean. Beste jokalariak simetriarekin kokatu behar ditu bere zazpi fitxa. Baina, miniaturan ikusten denez, kolore bereko zazpi fitxak etxadi berean daude, fitxa argiak II. etxadian eta fitxa ilunak III. etxadian.
Beste etxadiei dagokienez, testuak dio lehen jokalariak bost fitxa jarri behar dituela I. etxadiko lehenengo etxean eta hiru fitxa bosgarren etxean. Bigarren jokalariak simetriaz kokatu behar ditu bere fitxak IV. etxadian. Fitxen banaketa hori bat dator miniaturan ikusten denarekin.
Testuak hasieran esaten du fitxak lau etxadietan sakabanaturik daudela; beraz, pentsa dezakegu lau etxadietan egon behar direla bi koloreetako fitxak. Miniaturak eta testuaren bigarren zatiak ez dute hori betetzen.
Hasierako ideia betearazi nahi badugu, bi aukera ditugu I. eta IV. etxadietako fitxen lau multzoak trukatuz, hau da, hiru fitxako bi multzoak edo bost fitxako multzoak etxadiz aldatuz. Honela geratuko ziren bi aukerak:
Mugimenduei dagokienez, testuak dio eskua denak lehenengo etxean dituen bi fitxak bost fitxa dituen seigarren etxe aldera eraman behar dituela, hots, jokalari batek II – I – IV – III ibilbidea egin behar du eta besteak III – IV – I – II ibilbidea. Fitxa guztiak irteera-etxadian daudenean, taulatik atera beharko dira.
Fitxaren bat harrapatua bada, kolore bereko bi fitxak zeuden hasierako etxadira eraman behar dira eta ibilbideari berriro ekin behar dio.
Cazauxek zehazten du puntuazio bikoitzek ez dutela ematen beste behin jokatzeko aukerarik.
Murrayk todas tablas joko hau frantsesez toutes tables izena duenarekin, italieraz tavole reale izeneko jokoarekin eta C. Cotton-ek ingelesez aipatzen duen irish izenekoarekin ematen du. Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak, hamabost fitxarekin era ezberdinetan antolatuta taula gainean.
Parlettek multzo honetan sartu du: Elkarren aurkako noranzkoetako mugimendu-jokoak.
Cardanok 1563ko De ludo aleae lanaren XXX. kapituluan taulen joko bat deskribatu zuen, non fitxen hasierako posizioa bat datorren todas tablas jokoari dagokion miniaturako posizioekin. Cardanoren etxeen zenbaketa ez da hemengoaren berdina, baina fitxen hasierako posizioa miniaturan bezala geratzen da, jokalari baten fitxak alde batean eta bestearenak aurrean.
12. Laquet o laquete ()
Fitxak honela banatzen dira taula: jokalari batek fitxa bat II. etxadiko lehenengo etxean kokatuko du, bi fitxa IV. etxadiko seigarren etxean eta hiruna fitxa IV. etxadiko bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren etxeetan. Beste jokalariak fitxa bat jarriko du I. etxadiko lehenengo etxean eta gainerako hamalau fitxak IV. etxadiko lehenengo etxean.
Joko honetan bi dado erabiltzen dira.
Fitxak etxadi batera eraman behar dira, eta handik taulatik atera.
Fitxak ez dira harrapatzen eta jokalari batek erabili ezin duen puntuazioa besteak erabili ahal du.
Testuak ez du zehazten zein den bukaerako etxadia, ezta nola eraman behar diren fitxak hara.
Bukaeran, testuak, hauxe dio: E este iuego es agora fallado nueuamientre, e non se acuerda con el nombre segundo los otros antigos. Badirudi, beraz, joko berria zela eta horrela baieztatzen du Parlettek.
Murrayk bakarrik dauden bi fitxak IV. etxadira eramatea proposatzen du, ondoren, handik taulatik ateratzeko. Murrayk talde honetan sartu zuen: Mugimendu-jokoak, hamabost fitxarekin era ezberdinetan antolatuta taula gainean.
Parlettek multzo honetan sartu du: Noranzko bereko mugimendu-jokoak.
Horrela ikusita, joko hau ariketa gisa uler daiteke; izan ere, maiz gertatzen da jokalariek fitxa bakar bat atzean uztea (harrapatua izan delako edo beste arrazoirengatik) eta hori bakarrik mugitu behar izatea azken etxadiraino.
13. La buffa cortesa ()
Fitxak taulatik kanpo daude, eta pareia de entrada izeneko jokoan bezala, taulan sartu eta eraman behar dira. Miniaturan ikus daiteke joko honetan bi dado erabiltzen direla.
Joko hau Civis Bononiae eskuizkribuan dago buf edo buffa izenekin eta bi dadorekin jokatzen da. Bestalde, pareia de entrada jokoaren antz handia du. Azken horrekin duen alde bakarra da jokalari batek dadoen puntuazioren bat ezin badu erabili, beste jokalariak erabili ahal duela. Murrayk talde honetan sartu zuen: Hasierako posiziorik gabeko jokoak (a).
Parlettek dio hiru dado erabil daitezkeela eta jaurtiketa bikoitz batek beste jaurtiketa bat ematen duela. Multzo honetan sartu du: Noranzko bereko mugimendu-jokoak.
Joko hau italiarra da jatorriz eta buf izena du. Ingalaterran paumecary izena du, eta Alemanian lange puff. Azkenak, Ingalaterran backgammon alemana edo errusiarra ere deituak, puntuazio bikoitzen arau konplexuagoak erabiltzen zituen. Esate baterako: 4ko bikoitzarekin 4-4-4-4 jokatzen zen eta, gero, horren osagarria, 3koa, (n-ren osagarria 7 – n da) ere 3-3-3-3 jokatzen zen. Horrez gain, puntuazio bikoitzak berriro jokatzeko aukera ematen zuen. Jaurtiketan 2-1 lortuz gero, aukeratutako bikoitza jokatzeko aukera zuen jokalariak.
Parlettek dio bigarren aldiz bikoitz bat ateratzen bada, lehenengoarekin bezala jokatzen dela; baina hirugarren batekin ez.
14. La buffa de baldrac ()
Testuak dio hiru dadorekin jokatzen dela. Jokalariak borrokatzen dira eta irabazten duena hasiko da. Jokalariek fitxak taularen alde bateko etxadietara sartu behar dituzte dadoen zoriaren arabera. Miniaturan ikus daiteke bi jokalarien fitxak III. etxadian daudela. Hori ez dator bat testuarekin.
Fitxa guztiak dagokien etxadira sartu ondoren, dadoen arabera ekartzen dituzte, bata bestearen kontra, taulako etxadietatik beste jokalariaren hasierako etxadiraino: jokalari batek III – IV – I – II ibilbidea eta besteak IV – III – II – I ibilbidea.
Bidean fitxaren bat harrapatua bada, hasierako etxadira sartu behar da berriro bideari ekiteko.
Jokalariek dadoen ahalik eta puntuazio gehien erabili behar dituzte.
Joko hau Civis Bononiae eskuizkribuan dago buf de baldriac izenarekin eta hiru dadorekin jokatzen da. Murrayk talde honetan sartu zuen: Hasierako posiziorik gabeko jokoak (b). Parlettek multzo honetan sartu du: Elkarren aurkako noranzkoetako mugimendu-jokoak.
15. Reencontrat ()
Jokoaren izenburuan, testuak dio erromatarrek jokoari reencontrat deitzen ziotela.
Fitxak taulatik at daude. Testuak dio hiru dadorekin jokatzen dela eta jokalariak borrokatzen direla erabakitzeko zein hasiko den. Miniaturan ez dira fitxak ikusten, ez taulan ez jokalarien eskuetan.
Jokalariek fitxak taularen aurreko aldeko (ez beren aldeko) eskuineko etxadietara sartu behar dituzte. Hau da, jokalari batek I. etxadian sartuko ditu fitxak eta besteak III. etxadian.
Ondoren, fitxak taulan zehar eraman behar dituzte jokalarien aldeko eskuineko etxadira. Hau da, lehen jokalariak I – II – III – IV ibilbidea eta besteak III – IV – I – II ibilbidea egin behar dute. Bukatzeko, fitxak ibilbideko azken etxadian pilatu eta gero, taulatik atera behar dituzte.
Harrapaketaz, testuak dio fitxa bat harrapatua izanez gero, hasierako etxadian birsartu behar dela.
Testuak eransten du fitxak ezin direla bikoiztu (babestu) taularen erdia igarotakoan, emperador jokoan bezala.
Testuan ez dago argi zein den igarotzen den taularen erdia. Esate baterako, I. etxadian hasten den jokalaria II. etxadira joango da; horiek taularen erdia osatzen dute; pentsa liteke, beraz, III. eta IV. etxadietan ezin dituela fitxak bikoiztu (hots, babestu). Azterketen liburuaren egileek, aldiz, interpretatu dute taulako barra igarotzean baino ezin direla bikoiztu, lehen jokalariak II. eta III. etxadietan baino ezin dituela fitxak bikoiztu, eta beste jokalariak IV. eta I. etxadietan. Murrayk, honela dio ordea, “ezin da fitxa bikoiztu jokalariaren taularen lehen erdian”. Cazauxek Murrayri jarraitzen dio esanez “fitxak ezin direla pilatu fitxen ibilbidearen lehenengo erdian”. Talde honetan sartu zuen: Hasierako posiziorik gabeko jokoak (c). Parlettek multzo honetan sartu du: Noranzko bereko mugimendu-jokoak.
Taulen joko bereziak Alfontso X.aren, Jakitunaren, liburuan.
Aurreko hamabost jokoez gain, taulen beste hiru joko berezi agertzen dira aurrerago Alfontso X.aren liburuan, 85., 89. eta 97. orrietan, beste joko bereziekin nahasirik. Hauek dira hiru jokoen testuen eta miniaturen banaketa:
Jokoaren izena | Testuaren orria | Miniaturaren orria |
Iuego delas diez casas | 85au | 85at |
Iuego delos quatro tiempos | 89au | 89at |
Iuego por astronomia | 97au | 97at |
16. Iuego delas tablas del Acedrex delas diez casas, e iuegasse con los dados delas siete llanas (Hamar etxeko xakearen taulen jokoa, eta zazpi aurpegiko dadoarekin jokatzen da)
Badirudi “delas diez casas” (hamar etxekoa) adierazpena ez dela zuzena, miniaturan ikusten den bezala etxadiek zazpi etxe dituztelako, eta ez hamar.
Miniaturan ikusten da taulen joko bat dela eta, etxadi bakoitzean zazpi etxe daudela. Horrez gain, jokalari bakoitzak bina fitxa ditu etxadi bateko zazpi etxeetan eta ondoko etxadiko lehen etxean eta fitxa bat azken etxearen ondoan. Hortaz, jokalariek hamazazpi fitxa erabiltzen dituzte.
Etxadiek zazpi etxe badituzte zazpi aurpegiko dadoak (dados delas siete llanas) erabiltzen direlako da. Berez, dadoak prisma pentagonalak dira, hots, bi aurpegi pentagonoak dira eta gainerako bost aurpegiak laukizuzenak dira. Horrek esan nahi du puntuazio guztiek ez dutela ateratzeko probabilitate bera.
Liburuaren lehen jokoaren, hamabost fitxen, berdina dela. Bion arteko aldeak etxadietako zazpi etxeak, jokalarien hamazazpi fitxak eta dadoen itxura dira.
Testuak bukatzen du esanez taula honekin aurreko taularekin adina jokotan aritu daitekeela.
17. Tablero delas tablas delos quatro tiempos del anno, a que dizen el mundo que comiença assi (Urteko lau urtaroetako taulen taula, eta horrela hasten den mundua esaten diote)
Joko hau izen bereko xakearekin batera agertzen da liburuan.
Lau etxadiak lotuta daude urtaroekin, elementuekin, koloreekin eta humoreekin, taula honetan adierazten den bezala:
Urtaroa | Elementua | Kolorea | Humorea | |
verano | udaberria | airea | berdea | odol-humorea |
estio | uda | sua | gorria | haserrekorra |
otonno | udazkena | lurra | beltza | malenkoniatsua |
yuierno | negua | ura | zuria | patxadatsua |
Miniaturan, fitxa gorriak dituen jokalaria, goiko ezkerrean, uda da, haserrekorra da eta sua dagokio. Goiko ezkerrean, fitxa berdeak dituen jokalaria, udaberria da, odolean hazten da eta airea dagokio. Beheko ezkerrean, fitxa beltzak dituen jokalaria, udazkena da, malenkonia da udazkenean eta lurra dagokio. Azkenik, fitxa zuriak dituen jokalaria, beheko eskuinean, negua da, patxadatsua da neguan eta ura dagokio.
Testuak dio taula karratua dela eta barrak biribilean jartzen direla, eta biribiltasuna lau zatitan banatzen dela. Eta zati bakoitzean sei etxe daude, gurpil erdiko itxurarekin eginak tablas (fitxak) sar daitezen.
Testuak jarraitzen du esanez lau jokalarik jokatzen dutela beren koloreko fitxekin, berdeak, gorriak, zuriak eta beltzak. Jokalari bakoitzak hamabi fitxa dauzka. Eta izen bereko xakearen dadoekin jokatzen dela dio, hiru dado kubiko.
Jokoan hasteko jokalariek “borrokatu” behar dute. Borroka irabazten duena da lehena jokatzen, eta ondoren bere eskuinekoa, eta horrela besteekin.
Hasten dena fitxak etxeratu behar ditu dadoen zoriaren arabera, los doze canes jokoan bezala; eta horrela besteok ere. Beraz, fitxak taulatik kanpo daude hasieran.
Fitxa guztiak taularatu eta gero, hirugarren jokalariaren fitxak dauden etxadira eraman behar dira, eskuinerantz (erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan), dadoen puntuazioen arabera. Hau da, gorriak zurien etxadira, berdeak beltzen etxadira, beltzak berdeen etxadira eta zuriak gorrien etxadira.
Jokalari batek ezin badu dadoen puntuazioren bat erabili, bere eskuinekoak erabili ahal izango du; eta horrek ezin badu, hirugarrenak edo, bestela, laugarrenak.
Dadoen puntuazioekin jokalariaren eskuineko bi jokalarien fitxaren bat harrapa badezake, isolaturik daudelako, harrapatu egingo ditu. Harrapatutako fitxa hasierako etxadira sartu beharko du bere jabeak.
Fitxak ezin dira taulatik atera fitxa guztiak irteera-etxadira eraman arte.
Hori egiten duen lehen jokalariak bere eskuineko jokalariari irabaziko dio. Badirudi, orduan, geratzen diren hiru jokalariek beste partida bat jokatu behar dutela batek irabazi arte. Eta, azkenik, bi jokalarik jokatuko dute azken partida irabazle bakarra izan arte.
18. Tablero delas tablas segund la natura delos Escaques, que iuegan por Astronomia (Taulen taula laukitxoen izaeraren arabera, Astronomiaren arabera jokatzen dutenak)
Joko honen taula astronomia-joko baten taulan oinarritzen da.
Fitxen taulak zazpi aldekoa izan behar du, (astronomia-jokoaren) laukitxoen taulak bezala. Alde bakoitzak zazpi etxe izan behar ditu, barrura begira. Bi alderen artean lerro bat taularen zentroraino joango da.
Aldeetako fitxa bakoitzak planeten kolorekoa izan behar du eta etxe adina fitxa daude. Alde bakoitzean planeta irudikatu behar da dagokion kolorean: Saturno beltzez, Jupiter berdez, Marte gorriz, Eguzkia horiz, Artizarra morez, Merkurio kolore anitzez, Ilargia zuriz. Eta planetaren fitxek kolore berekoak izan behar dute.
Miniaturak erakusten digu fitxa guztiak alde bakoitzeko ezkerreko lehen etxean kokatu behar direla eta zazpi aurpegiko hiru dadorekin jokatzen dela.
Fitxak erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan mugitu behar dira.
Fitxa batek ibiltzen dituen etxeen kopurua hiru dadoen zoriak ematen du.
Jokalari batek beste baten fitxa bat harrapatzen duenean, taulatik ateratzen du eta horren jabeak ezingo du taulan berriro sartu (aurreko jokoetan bezala). Hori gertatzen denean, lehen jokalariak zazpi jokalariek apustutako harri bat hartuko du. Jokalariak bi edo hiru fitxa harrapatzen baditu, bi edo hiru harri hartuko ditu; eta horrela beti.
Partida-hasieran fitxak dauden etxean ezin dira beste koloreetako fitxak sartu, fitxa bakarra (fitxa isolatua) geratzen denean edo hutsik dagoenean izan ezik.
Partida-hasieran jokalariek zazpina harri jarriko dituzte, eta harrien balioa zazpi jokalariek adostuko dute.
Fitxa guztiak taularen inguruan mugituko dira kolore bereko fitxak bakarrik geratu arte, fitxa horien jabea izango da partidaren irabazlea.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Zaldiaren jokoak. Xakeen historia bat. Donostia, 2019.
Jesús Basulto Santos eta José Antonio Camúñez Ruiz: El Libro de las Tablas. Alfonso X El Sabio. Libro de los Juegos de Ajedrez, Dados y Tablas (Azterketen liburua), 385. orr. Scriptorium - Patrimonio Nacional, Godella - Valentzia, 2009.
Jesús Basulto Santos eta José Antonio Camúñez Ruiz: Cuatro Juegos de Tablas. Alfonso X El Sabio. Libro de los Juegos de Ajedrez, Dados y Tablas (Azterketen liburua), 417. orr. Scriptorium - Patrimonio Nacional, Godella - Valentzia, 2009.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations, 1. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Jean-Louis Cazaux: Du senet au backgammon. Les jeux de parcours. Chiron editeur, Paris, 2003.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 1999.
Ulrich Schädler: Équilibre parfait et émotions fortes. Une esquisse historique du backgammon. Jeux de l'humanité, 31. orr. Ulrich Schädler (ed.), Slatkine, Genève, 2007.
Micaela Soar: Board Games and Backgammon in Ancient Indian Sculpture. Ancient Board Games in perspective, 177. orr. Irving L. Finkel (ed.), The British Museum Press, Londres, 2008.
Malcolm J. Watkins: A Brief History of Backgammon and the Design of the Board. Ancient Board Games in perspective, 238. orr. Irving L. Finkel (ed.), The British Museum Press, Londres, 2008.
Le trictrac. Art du jeu. Jeu dans l'art, 68. orr. Réunion des musées nationaux, Paris, 2012.