tantrix
Joko hau Mike McManaway-k sortu zuen 1987an. Hasierako bertsioak, Mind Game izenekoak, bi koloreko 56 fitxa zituen eta taula hexagonal batean jokatzen zen. 1991n, bi kolore erantsi ziren, eta oraingo jokoa sortu zen.
Munduan zehar hainbat lehiaketa antolatzen dira.
Bi eratan joka daiteke, bakar-joko bezala eta talde-joko bezala. Bietan arau nagusia bete behar da, hau da, mahaian jartzen den fitxa berriaren aldeetako koloreek bat etorri behar dute fitxa berriak ukitzen dituen mahaiko fitxen aldeetako koloreekin.
Joko askotan bezala fitxak zoriz aukeratzen dira; beraz, zoriak badu eragina jokoan.
Osagaiak eta hasiera
Jokoak 56 fitxa hexagonal ditu, lau koloretan irudikatutako lerroekin: berdea, gorria, horia eta urdina. Fitxa guztiak desberdinak dira.
Helburua fitxak konbinatuz ahalik eta lerro luzeena, itxia edo ez, lortzea da.
Arauak
-
Jokalari bakoitzak fitxa bat hartuko du zoriz poltsatik, eta zenbakia ahoz gora jarrita utziko du mahaian. Zenbaki altuena atera duena hasiko da. Ondoren, beste bosna fitxa hartu eta ahoz gora jarriko dituzte beren aurrean.
-
Lehen jokalariak fitxa bat jarriko du mahai erdian, eta beste fitxa bat hartuko du poltsatik. Hurrengo jokalariak, eskuinekoak, beste fitxa bat jarriko du mahaian aurrekoari lotuta, lotzen dituen aldeetako koloreak berdinak izanik. Horrela aurrera segituko dute.
-
Fitxa bat jartzen den bakoitzean, beste bat hartu behar da poltsatik. Jokalariek beti eduki behar dute sei fitxa.
-
Mahaian jartzen den fitxa berriaren aldeetako koloreek bat etorri behar dute fitxa berriak ukitzen dituen mahaiko fitxen aldeetako koloreekin.
-
Espazio behartuak: hiru fitxak inguratzen duten espazioak dira.
-
Espazio beharturen bat badago, txanda duen jokalariak derrigorrez bete behar d(it)u, horretarako fitxa egokiren bat badu.
-
Espazio behartuetan jokatzeko, jokalariaren txandak hiru urrats izango ditu:
- espazio behartuak betetzea; ondoren,
- mugimendu aske bat egitea; ondoren,
- espazio behartuak berriro betetzea.
-
Jokalariek mugimendu aske bakar bat dute txanda bakoitzean.
-
Murriztapenak
- Ezin da kolore bereko hiru lotura dituen espazio beharturik sortu.
- Ezin da espazio behartu batean laugarren aldea osatuko lukeen fitxa jarri.
- Ezin da jokatu espazio behartu bat duen aldean, lau aldeko espazio behartua sortuko litzatekeelako.
-
Poltsan fitxarik geratzen ez direnean, ez dira hiru murriztapenak kontuan hartuko. Esaterako, lau aldeko espazio behartuak sor daitezke, baita kolore bereko loturak dituen espazio behartua ere.
-
Partida bukatuko da fitxa guztiak mahaian jarri direnean. Jokalari bakoitzak bere lerro luzeenaren fitxa bakoitzeko puntu bat hartuko du, edo bi puntu lerro itxi luzeenaren fitxa bakoitzeko.
Bakar-jokoak
Zirkuituak osatu: zirkuituak beti dira lerro itxiak.
Hartu lehenengo 30 fitxak. 1, 2 eta 3 zenbakidun fitxekin zirkuitu horia osatu. Desegin zirkuitu hori eta 4. fitxa erantsi; orain, zirkuitu gorria osatu. Desegin zirkuitu hori eta 5. fitxa erantsi; orain, zirkuitu gorri berri bat osatu. Horrela segitu 30 fitxekin zirkuitu bat osatu arte. Fitxa berriaren zenbakiaren koloreak esango dizu zer koloretako zirkuitu osatu behar duzun. Esaterako, 30. Fitxaren zenbakia gorria denez, azken zirkuitua gorria izango da.
Ortzadar puzzleak
56 fitxak bost multzotan banatu, zenbakien koloreen arabera.
Hamar fitxa berdeekin zirkuitu berde bat osatu.
Hamabi fitxa horiekin zirkuitu hori bat osatu.
Bederatzi fitxa zuriekin zirkuitu bat osatu, baina, zer koloretakoa?
Hamar fitxa urdinekin triangelu bat osatu, eta triangeluko fitxa guztietatik igarotzen den lerro urdin bat osatu.
Hamabost fitxa gorriekin triangelu bat osatu, eta triangeluko fitxa guztietatik igarotzen den lerro gorri bat osatu.
Tantrix bakar-jokoa
Lehenengo hamalau fitxekin lerro gorri bat osatu. Hamalau fitxak nahasi, zenbakiak gora dituztela. Fitxa bat hartu eta ahoz gora jarri. Beste fitxa bat hartu eta aurrekoarekin lotu. Horrela segitu. Nahi duzun lekuan jar ditzakezu fitxak. Baina, hartzen duzun fitxak hiru fitxek osatzen duten espazio bat, espazio behartua, betetzen badu, bertan jarri behar duzu derrigorrez. Espazio behartuak derrigorrez bete behar dira, dagokien fitxa hartzen denean.
Bakar-joko hori zaildu daiteke lerroen ordez, zirkuituak osatuz.
Talde-jokoa edo Tantrix jokoa
Joko honetan bi, hiru eta lau jokalarik har dezakete parte.
Iturriak
Eskuko arauak: www.tantrix.com (2021-02-23)