thaayam
Thaayam jokoa Indiako hegoaldean, erdialdetik hegoaldera, jokatzen da, baita Sri Lankan ere. Izen desberdinak ditu Indiako eskualdearen arabera. Emakumeek eta neskek baino ez zuten jokatzen hasieran, arrozaren uzta garaian egunak ematen zituztenean arroz-soroetan. Taula lurrean irudika daiteke eta fitxak zotzak izan daitezke; dado gisa kaoriak edo tamarindo-haziak erabil daitezke. Garai batean, jokalariek tamarindo-haziekin egiten zituzten dadoak. Marroi ilun koloreko hazi kubikoak harrien kontra hiru aurpegitan igurzten zituzten; horrela, hiru aurpegi marroi eta hiru aurpegi argi lortzen zituzten.
Osagaiak eta hasiera
5×5 laukiko taula erabiltzen da. Taularen zentroko laukia eta aldeetako erdiko laukiak markaturik daude. Aldeetako lauki markatuak jokalarien jauregiak dira. Erdiko laukia, aldiz, gaztelua da.
Jokalari baten fitxen ibilbidea honela deskriba daiteke: bira bat jokalariaren jauregitik eskuinaldera taularen ertzetako laukietatik jauregiaren aurreko laukira iritsi arte. Bira bat azken lauki horretatik taularen barnealdera, eta kontrako noranzkoan, jauregiaren ondoko laukiraino. Azkenik, azken lauki horretatik gaztelura, zentrora.
Fitxa gisa zotzak erabil daitezke. Jokalari bakoitzak lau fitxa izango ditu.
Dadoak lau tamarindo-hazi kubiko dira, eta hiru aurpegi marroi eta hiru aurpegi argi dituzte. Hauek dira puntuazioak:
aurpegi argi bat ahoz gora, puntu 1;
bi aurpegi argi ahoz gora, 2 puntu eta txanda bukatzen da;
hiru aurpegi argi ahoz gora, 3 puntu eta txanda bukatzen da;
lau aurpegi argi ahoz gora, 4 puntu;
aurpegi argirik ez ahoz gora, 8 puntu.
Kaoriak erabiliz gero, kaoriaren ahoa dadoaren aurpegi zuria izango da.
Hasieran fitxak taulatik kanpo daude.
Arauak
Jokalari guztiek jaurtiko dituzte dadoak; puntu gehien lortzen dituena hasiko da. Berdinketaren kasuan, berdindutako jokalariek berriro jaurtiko dituzte dadoak, berdinketa desegin arte.
Jokalari baten txanda bukatzen denean, dadoak haren eskuineko jokalariari pasatuko dizkio.
Jokalari batek dadoak jaurtitzen segituko du 2 edo 3ko puntuazioa lortzen ez duen bitartean; kasu horietan txanda bukatzen zaio eta dadoak hurrengoari pasatuko dizkio.
Jokalari batek fitxak lortutako jaurtiketa bakoitzaren puntuazio zehatzekin mugitu beharko ditu, ezinezkoa ez bada. Jaurtiketen puntuazioak nahi duen ordenatan erabil ditzake.
Fitxa bat taulan sartzeko 1eko puntuazioa atera behar da; orduan, jokalariak fitxa bere jauregian jarri behar du. Puntuazio hori lortu gabe, gainerako puntuazioak ezin dira erabili. Jaurtiketen segida batean 1eko bat lortzen bada, 1ekoaren aurreko puntuazioak ezin dira erabili fitxa guztiak taulatik kanpo badaude, baina ondorengoak bai; lehendabizi, fitxa bat jauregian sartu behar da eta, ondoren, hurrengo jaurtiketen puntuazioak erabil daitezke. Adibidez, jokalari batek fitxa guztiak taulatik kanpo baditu eta jaurtiketen segida batean 4, 4, 1, 8, 3 lortu baditu, lehendabizi, 1ekoa erabiliko du fitxa bat taulan sartzeko eta, ondoren, 8koa eta 3koa erabiliko ditu fitxa 11 lauki mugitzeko.
Jaurtiketen puntuazioak jokalari baten fitxen artean bana daitezke, baina puntuazio bakoitza osorik erabili behar da eta ezin da bitan, hirutan... banatu. Adibidez, jaurtiketen segida 1, 1, 4, 8, 4, 1, 2 izan bada, 1ekoak fitxak jauregian sartzeko edo taulako fitxak aurreratzeko erabil daitezke; 4, 8, 4 eta 2ko puntuazioak, aldiz, honela erabil daitezke: fitxa bat 18 lauki aurreratzeko, edo bi fitxa 12 eta 6 lauki aurreratzeko, edo bi fitxa 4 eta 14 lauki aurreratzeko, edo hiru fitxa 4, 8 eta 6 lauki aurreratzeko, eta abar.
Jokalariek nahi adina fitxa izan ditzakete lauki batean.
Lau jauregiak babeslekuak dira jokalari guztien fitxetarako. Nahi adina fitxa, edozein koloretakoak, beraz, egon daitezke jauregietan aldi berean, eta erasoen salbu daude. Zentroko gaztelua ere fitxen babeslekua da.
Jokalari batek bere bi fitxa baditu bere jauregiaren aurreko jauregian, aukera du bi fitxa horiek biki izendatzeko edo ohiko moduan jokatzeko. Biki bat puntuazio baten erdia aurreratuko da; puntuazioa bakoitia bada, bat kenduko zaio bikoitia egiteko. Adibidez, jaurtiketen segida batean 4, 1, 8, 4, 2 ateratzen bada, puntuazio guztien batura 19 denez, 1 kentzen zaio eta 18 puntuen erdia, 9, erabil daiteke biki bat mugitzeko. Puntuazioak bikiaren eta fitxen artean ere bana daitezke; esaterako, bikia 4 lauki aurrera daiteke, 8koaren erdia, eta beste fitxa bat gainerako 11 puntuekin mugi daiteke.
Jokalari baten fitxa aurkari baten fitxa bat dagoen laukira iristen bada, azkena taulatik aterako da eta berriro hasi beharko du ibilbidea, ohiko baldintzetan. Hori horrela da ere fitxa bat mugitzeko jaurtiketa bat baino gehiago erabiltzen bada; adibidez, fitxa bat lehenago 3 lauki eta gero 4 lauki aurreratzen bada, lehenengo urratsean aurkari baten fitxa baten laukira iristen bada, azken fitxa kanporatuko du; eta, ondoren, 4 lauki aurreratzen dituenean, aurkari baten beste fitxa bat harrapatzen badu, hazken fitxa ere taulatik kanporatuko du. Gerta daiteke, beraz, 3-4 ordenan bi fitxa harrapatzea, baina 4-3 ordenan bat bakarrik.
Jokalari baten fitxa aurkari baten fitxa bi edo gehiago, baina ez biki bat, dauden laukira iristen bada, azkenak taulatik aterako dira eta, fitxa baten kasuan bezala, berriro hasi beharko dute ibilbidea, ohiko baldintzetan.
Lauki arrunt batean dagoen biki bat beste biki batekin baino ezin da eraso. Aurkariren baten fitxa bat biki bat dagoen laukira sar daiteke, baita bikia aurkariaren fitxa bat dagoen laukira ere; baina ez dute elkar erasotzen.
Jokalari batek aurkari baten fitxa bat harrapatzen badu, beste txanda bat izango du.
Irudiko adibidearen azalpena: urdinak hiru fitxa ditu taulan, bi aurreko jauregian baina bikia osatu gabe; berdeek bi fitxa dituzte taulan, babeslekuetan; marroiak lau fitxak taulatik kanpo ditu; laranjak hiru fitxa bere jauregian eta laugarrena aurreratuago dauzka. Laranjaren txanda da: laranjak 1,1,1,1,1,8,8,4,1,1,3 jaurtiketa-segida egin du. Jauregian dagoen fitxa batekin hiru 1eko erabiltzen baditu, fitxa urdina harrapatuko du; bi 8koak jauregiko beste bi fitxa aurreko jauregira eramateko erabil ditzake eta biki bat osatu; 3koarekin laugarren fitxa aurreko jauregira, babeslekura, eraman dezake; azkenik, geratzen zaizkio lau 1ekoekin eta 4koarekin, guztira 8 puntu, bikia 4 lauki aurrera dezake.
Biki batek beste biki bat taulatik kanporatzen duenean, bi modu daude jokatzeko eta partida hasi baino lehen adostu behar da zein erabiliko den:
1. Kanporatutako bikia bi fitxa arruntetan banatzen da eta horiek ohiko moduan sartuko dira berriro taulan.
2. Kanporatutako bikiak biki gisa sartu behar da berriro taulan eta hori bakarrik egin daiteke txanda batean bi 1eko lortuz gero. Adibidez, jaurtiketen segida 4, 1, 4, 1, 8, 2 izan bada, 4koak taulako fitxaren bat aurreratzeko erabil daitezke, bi 1ekoak biki bat taulan sartzeko erabil daitezke eta 8koa eta 2koa bikia bost lauki aurreratzeko edo fitxa bat hamar lauki aurreratzeko.
Biki bat zentroko gaztelura iristen denean, bi fitxatan banatzen da eta ez da beharrezkoa izango jaurtiketetan bi 1eko lortzea fitxak taulatik ateratzeko.
Jokalari baten fitxa guztiak gaztelura iritsi direnean, fitxen kanporaketa hasten da; jaurtitako 1eko bakoitzarekin fitxa bat kentzen da taulatik.
Bere fitxa guztiak taulatik ateratzen dituen lehen jokalariak irabaziko du partida.
Iturriak
El mundo de los juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations 1. Dover Publications, Inc., New York, 1979.